Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako laguntza-deialdiak 64 kultura-proiektu babestea ahalbidetu zuen iaz, eta guztira 445.000 euro bideratu zituen proiektu horietara

2020.eko urtarrilak 13

  • Deialdiaren hiru modalitateen bitartez, obra plastiko eta bisualen ekoizpena, argitalpena eta zabalkundea babestu zituen.
  • Era berean, Sorgune eta Bitartez deialdien bidez, kultura-espazio independenteetara eta kultura-berrikuntzako proiektuetara zuzendutakoak, hurrenez hurren, beste 30 ekimen babestea ahalbidetu zen.

 

Gasteiz, 2020/01/13       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzera bideratutako dirulaguntza deialdiak kultura-sektore horrekin lotutako 64 proiektu babestea ahalbidetu zuen iaz. Deialdi horrek dituen hiru modalitateen bitartez, guztira 445.000 euro eman ziren, hainbat artista eta kolektiboren lana babestera zuzenduta. Era berean, Gure Artea sarien bidez hiru sari eman ziren, bakoitza 18.000 eurokoa, arte plastiko eta bisualen esparruko erreferentziazko artistei.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko dirulaguntza deialdi bateratua du. Deialdi horrek hiru modalitate batzen ditu. Lehenengoak artista plastiko eta ikusizkoei beren proiektuak sortzen eta ekoizten laguntzea du helburu. Modalitate horrek 260.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz, eta 5.000 eta 12.000 euro arteko 40 laguntza eman zituen. Nora Aurrekoetxea, Tana Garrido, Amaia Molinet eta Ixone Sadaba artistek, besteak beste, jaso zituzten laguntzak modalitate horren bidez.

Bigarren modalitatearen helburua da arte plastiko eta ikusizkoen esparruko lanak argitaratzeko dirulaguntza ematea. Iaz, 2.370 eta 13.990 euro arteko 16 dirulaguntza eman ziren euskal sortzaileen lana laguntzeko (guztira, 121.000 euro). Roberto Aguirrezabalaren 'Antimanifiesto' proiektua; Zaloa Ipiñaren 'Gorreri Bisuala'; edo Sra. Polaroiskaren azken lana izan ziren partzialki diruz lagundutako proiektuetako batzuk.

Azkenik, laguntza horien bitartez, arte plastikoen arloan zabalkundea ere bultzatzen da, hirugarren modalitate baten bidez. Laguntza modalitate horren bitartez, guztira, 54.994 euro eman ziren iaz, 3.000 eta 10.000 euro arteko dirulaguntzekin. Mem Artesalia jaialdia, Zarata Fest edo Inmersiones 2019 izan ziren iaz diruz lagundutako proiektuetako batzuk.

Halaber, arte plastiko eta ikusizkoen arloko sortzaileei eta eragileei emandako babesaren barruan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Gure Artea Sariak sustatzen ditu urtero (iaz, Miren Arenzanarentzat, Sahatsa Jauregirentzat eta Mikel Arakisentzat izan ziren), baita Eremuak programa ere, iaz 240.000 euroko aurrekontua izan zuena euskal arte garaikidearen testuingurua sustatzeko. Bestalde, sortzaileak ardatz daukaten ekimen horiez gain, Eusko Jaurlaritzak arte plastiko eta ikusizkoei emandako babesa ere badago, euskal galeriei eta museoei zuzendutako dirulaguntzen bidez.

Sorgune eta Bitartez deialdiak

Arte plastiko eta ikusizkoekin soilik lotuta ez dauden arren, Eusko Jaurlaritzak bi laguntza-deialdi ditu, kultura-sektore gehienak hartzen dituztenak, eta arte plastiko eta bisualek pisu handia dute horietan. Sorgune eta Bitartez deialdiak dira. Lehenengoa sormen-praktikak babesten dituzten kultura-espazio independenteei zuzenduta dago. Iaz, deialdi horren bidez 6 kultura-espazio babestu ziren, guztira 560.000 euroko aurrekontuarekin. Laguntzak 51.983 eta 120.000 euro artekoak izan ziren, eta honako kultura-espazio hauek jaso zituzten laguntzak: Wikitoki elkartearen laborategia, Bulegoa z/b, Arropaineko Arragua, Baratza, Fab Lab Bilbao eta Haztegia.

Azkenik, Bitartez izenez ezagutzen den laguntzen deialdiaren bidez, kultura- eta gizarte-arloko bitartekaritza eta berrikuntzako 24 proiektu diruz lagundu ziren. Guztira 500.000 euro bideratu ziren deialdi horretara, 2.267 eta 40.000 euro bitarteko dirulaguntzekin. Lagundutako proiektuetako batzuk Gau Irekia 2019, Urbanbat (8. bol.), Plazan edo Gorputzaldiak izan ziren.

Kultura sustatzera bideratutako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza-deialdi guztien ebazpenei buruzko informazioa esteka honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/web01-a1kulsus/eu/