2021eko EAE-ko aurrekontu proiektua 12.442M/"-ra helduko da, eta erabiltzeko aurrekontuan 770M/"-ko igoera izango du (Gobernu Bilera 15-12-2020)

2020-12-15

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako 12.442M/€-ko Aurrekontu Orokorren Proiektua. Horrek esan nahi du finantza-aktiboak isolatuz (gastu erreala) politika publikoetan gastatzeko dagoen aurrekontu operatiboa 770M/€ igoko dela, hau da, iaz baino % 7,1 handiagoa izango dela. Aurrekontu orokorra 668M/€ handiagoa da, hau da, % 5,7ko igoera izango du. Asmo handiko aurrekontua, Eusko Jaurlaritzak inoiz izan duen aurrekontu indartsuena, pandemiak sortutako ekonomia- eta osasun-krisiari behar den indarrarekin aurre egiteko, aurrekontuen ziurtasunean eta egonkortasunean oinarrituta oraina finkatzeko eta etorkizunari begiratzeko. 

Politika publikoetan murrizketarik izango ez duten eta austeritatetik urrun egongo diren aurrekontuak izango dira, Azpiazu sailburuak gidalerroen aurkezpenean aurreratu zuenez. “Aurrekontu hau, gure etorkizunari ematen zaion begirada ausarta da, Euskadin gizartea berreraikitzeko eta ekonomia eta enplegua suspertzeko bidea. Indarrarekin eta konfiantzarekin egingo diogu aurre”, aurreratu du Azpiazuk. 

Proiektuak nabarmendu beharreko 3 alderdi jasotzen ditu, sail bakoitzean sakondu aurretik: 

  1. HAZKUNDE HANDIA OSASUNEAN ETA HEZKUNTZAN. 236,6M/€-ko hazkundea osasunean eta 169M/€-koa Hezkuntzan.
  2. 542M/€-KO COVID PROGRAMA: sail guztien artean banatuta pandemiari aurre egiteko.
  3. INBERTSIO PUBLIKO HANDIAGOA (+% 6,4) ETA GASTU GEHIAGO I+G-N (+% 9,7): 2021ean, inbertsio publikoa –Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea kontuan hartu barik– 955M/€-tik gorakoa izango da, eta I+Gra bideratutako gastuak, berriz, 47 milioitik gorako hazkundea izango du, 535,8M/€-ra iritsi arte. 

Abenduaren 17an erregistratuko da aurrekontu-proiektua Eusko Legebiltzarrean. 

  1. Palanka-efektu ahalmena duen gastu publikoa

XII. legegintzaldiko lehen aurrekontuak Covid " 19aren pandemiak eragindako osasun-krisiak eta haren ondorio ekonomikoek markatu dituzte. Gastu publikoaren estrategiak, palanka-efektuko ahalmen handiagoa eta epe laburrean eta ertainean ekonomia osoan eragin biderkatzaile handiagoa duten politika publikoak hedatzearen aldeko apustua egingo du. “2021erako kontuen helburua, euskal ekonomia suspertzea eta pandemiaren aurretik herrialde gisa genituen erronkei eta aurrean ditugun erronka berriei aurre egitea da”, adierazi du Sailburuak.

Ekonomia Itunaren BatzordeMistoak irailean hartutako akordioak % 2,2ko defizita ezarri zuen 2021erako, eta, ekarpenetan espero zen hazkundearekin batera, aurrekontu sendoa gauzatzeko adina diru-sarrera bermatzen du. Hori guztia, Next Generation EU Funtsaren Berreskuratze eta ErresilientziaMekanismotik ustez iritsiko diren diru-sarrera gehigarriak kontuan izan barik. Funts horretarako programa propioa ari da jada diseinatzen, Euskadi Next 2021-2026 izenekoa, hain zuzen ere. 

Ekonomia eta Ogasun Sailak Euskadirako egindako aurreikuspen ekonomikoen arabera, 2021erako BPGa % 8,9 haziko da. Barne-eskariaren agregatuak gehiago jasango ditu pandemiaren ondorio ekonomikoak, baina, astiro bada ere, 2021ean jardueraren dinamismoa handitu egingo dela eta hazkunde-tasa positiboak agertuko direla aurreikusten da. Familien kontsumoa % 8,9ra arte berreskuratuko da 2021ean, metatuta geratu den eskaria 2021ean zehar azaleratuko baita, ziurrenik. Hala ere, ziurgabetasunak mesfidantza handia dakar familietan eta haien finantza-plangintzetan. Bestalde, gastuaren osagai publikoa % 1,5 haziko da 2021ean, eta administrazio publikoen gastua aurreikusitako kolpe ekonomikoa nolabait orekatzera egongo da bideratuta. 

Kanpo-eskariari dagokionez, mundu mailako ekoizpen-jardueraren narriadurak, euskal esportazioen eta inportazioen beherakada ekarriko du epe laburrean.Munduko ekonomia suspertzen doan heinean, euskal produktuen kanpoko salmentek ere gora egingo dute, eta Euskadiko kanpo-saldoak ekarpen positiboa egingo dio BPGaren hazkundeari. Zehatzago esanez, 2021ean, kanpoko saldoaren urteko batez besteko ekarpen positiboa 0,7 puntukoa izango dela kalkulatu da. Eskaintzaren ikuspuntutik, sektore guztiak, salbuespenik gabe, hazkunde-tasa positiboetan egongo dira 2021ean. 

Deskribatutako egoerak eragin handia izango du enpleguan. Lana izango duten pertsonei dagokienez, PRA izenekoan jasotzen den bezala, datorren urtean 15.100 lanpostu sortuko dira, eta 2020an galdutako enpleguaren erdia inguru berreskuratuko da, eta aurreikuspenen arabera langabezia-tasa % 10,7koa izango da. 

  1. 2021eko Aurrekontuen ekonomia-finantza testuingurua

Oso garrantzitsua da hain atipikoa den urte honetan ondo ulertzea diru-sarreren testuingurua. Horrela, Foru Aldundien ekarpenek 854M/€ inguruko beherakada erakusten dute 2020ko aurrekontuarekin alderatuta, eta 2021ean guztira 9.619M/€-koa izango da. Hori aurrekontu osoaren % 77 da. 

Aurrekontu-egonkortasunaren helburuek ezartzen dutenez, IEBM-CMCEren iraileko akordioaren ondoren 2021ean EAEko defizita % 2,2koa izango da. 2021eko aurrekontuetan 1.784M/€-ko zorpetze garbia eta 767.8M/€-ko amortizazioak sartu dira, eta, beraz, zorpetze gordina –zorpetze garbia + amortizazioak– 2.552,4M/€-tan planteatzen da. Bestalde, 2021eko zor publikoak ez du BPGaren % 16,9 baino handiagoa izan behar. 

Inbertsioetak % 6,4 igo dira, hain zuzen ere, Euskal Y-a eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea kontuan hartu barik; izan ere, euskal trenbide sare berriaren kudeaketarako kredituen gauzatzea 63M/€-koa da 2021ean. 

  1. Covid 2021 programa

Zalantzarik gabe, pandemiak markatutako aurrekontua da, eta, ondorioz, 542M/€-tik gora jasotzen ditu pandemiak gure errealitatean izan duen eragina arintzeko. Laburpen-taula hau da:

 

COVID 2021 PROGRAMA

SAILAK

M/€

 

Osasuna

185,4

Langile-taldeak indartzea osasun-zentroetan, anbulantzietan, inbertsioetan, osasun-materialean, farmazian... (178M/€ inguru Osakidetzarako dira)

Covid erreserba-funtsa

140,0

2021eko ekitaldian gerta litezkeen ezustekoetarako, ezohiko jarduketetarako, gordetako partida.

Hezkuntza

95,6

Errefortzuko langileak, hezkuntza-itunak, irakasleak babesteko materialak…

Ekonomia eta Ogasuna

32,2

Enpresei, ETEei eta autonomoei laguntzeko finantzaketa-lerroaren kostuak.

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak

29,2

AES, osasun-materiala, irabazi-asmorik gabeko hainbat erakunderentzako bazterketa-funtsa, familia-kontziliazioa…

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa

16,2

Alokairurako, Eusko Trenbideak-en, BGParen… ustiapen-defiziterako laguntzak…

Turismoa,Merkataritza eta Kontsumoa

15,2

 Sektore horiek sustatzeko programak.

Ekonomiaren Garapena, Iraunkortasuna eta Ingurumena

14,1

 

Lana eta Enplegua

7,6

Lanbide 7,4M/€, horietatik 6,7 ERTEak osatzeko.

Segurtasuna

3,2

 

Kultura eta Hizkuntza Politika

3,1

Sektore horietarako laguntzak.

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

0,6

 

Lehendakaritza

0,4

 

 

542,8

 

 

  1. I+G gastua 2021ean

Aurrekontu-proiektuak I+G inbertsioaren aldeko apustu sendoa eta argia jasotzen du. I+G, hainbat sailetan eragina izango duen gastuaren zeharkako lerroa da.

Laburpen-taula hau da:

 

I+G GASTUA 2021EAN

 

 

SAILAK

M/€

 

Ekonomiaren Garapena, Iraunkortasuna eta Ingurumena

269,8

Nekazaritza eta arrantza arloko Berrikuntza, Teknologia eta I+G Funtsa

Hezkuntza

169,3

Unibertsitateko Berrikuntza, Ikerketa eta ikertzaile Funtsa

Osasuna

59

Osakidetzako Osasun Berrikuntza, Ikerketa eta ikertzaile Funtsa

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

21,9

Berrikuntza, eraldaketa digitala eta ekintzailetza berritzailea

Lehendakaritza

9,3

Berrikuntza Funtsa

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa

5,4

Berrikuntza Funtsa

Kultura eta Hizkuntza Politika

1,1

Berrikuntza Funtsa

 

535,8

% 9,7ko igoera (+47,2M/€ 2020. urtearekin alderatuta)

 

  1. Normaltasunaren biderako aurrekontua

Eusko Jaurlaritzak, inoiz baino gehiago, gizarte-politikak bermatzeko eta hobetzeko eta garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko konpromisoei leial izaten jarraitzen du. Horrela, proiektu honen % 77,8 gizarte-politiketara bideratuta dago. Berriro ere, 10 eurotik ia 8 Osasun, Hezkuntza, Enplegu eta Gizarte Politiketara zuzentzen dira.

 Hona hemen sailen araberako banaketa: 

Osasun Saila da, berriro ere, aurrekonturik handiena duena, 4.184M/€ inguru, hau da, 2020an baino 236,5M/€ gehiago, % 6 gehiago. Partida nagusiak Osakidetzarenak dira, 3.216M/€-koak –216M/€-ko hazkundea izango dute–, eta Osakidetzan egindako inbertsioak 70M/€-koak izango dira; Farmaziako partidak eta tratamenduei atxikitzeko laguntzak 530M/€-koak dira, eta txertoetarako partida 14M/€-tik gorakoa. 

Hezkuntza Sailak, bestalde, 3.108M/€ ditu, hau da, 2020. urtean baino 168,9M/€ gehiago. Igoera horren erdia baino gehiago (% 55,3) langile publikoen soldata-baldintzak hobetzera eta Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta LHko programetara bideratzen da. Programa horiek 94,6M/€ egingo dute gora, % 6,9, batez beste; bekek 89,5M/€ jasoko dituzte; Haurreskolak Partzuergoak 57,8M/€, % 7,4 gehiago. EHU, 2020an 324M/€ jasotzetik 2021ean 335,5M/€ jasotzera igaroko da. 

Lan eta Enplegu Saila hirugarrena da zenbatekoari dagokionez, 943,8M/€-rekin eta 37,3 milioi euroko gehikuntzarekin, Lanbidek Sailetik jasotzen dituen transferentziengatik, batez ere (32,3M/€ handitu dira). Nabarmentzekoak dira DSBEk eta EPOk duten 10M-ko igoera –459,5M/€-raino–; enplegu-zentro berezietarako 4,5M/€-ko laguntzak; Lanbideko inbertsioak; eta 7,5M/€ pandemiak sortu dituen gastuei erantzuteko. 

Segurtasun Sailak 692M/€ inguruko aurrekontua izango du, 21M/€-ko gehikuntzarekin, langileen gastuengatik, batez ere. Hala ere, aipatzekoa da Arkauteko Akademiara bideratutako zenbatekoa, 22,6M/€-ko aurrekontua baitu. Eta ez dira 24,7M/€-ko inbertsioak ahaztu behar. 

Bestalde, 654M/€-rekin aurrekontuan bosgarren postuan dagoen Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak % 9,4ko igoera izango du. Izan ere, Finkatuz Funtsera bideratutako 100M/€-ko ekarpena kendu behar izan da, Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontura igaro baita, eta BECek kredituak amortizatzeko aurrekontu-premia txikiagoa duela ere kontabilizatu behar da, -11,7M/€. Horrela, Sailak esfortzu garrantzitsua egingo du industria arloko teknologia, berrikuntza eta digitalizaziorako politiken aldeko apustuan, 240,6M/€-rekin, nekazaritzako eta arrantzako ikerketara eta garapenera zuzendutako 25,9M/€-ak ahaztu barik. Era berean, industriaren garapena dibertsifikatzeko beharrari erantzungo dio, gaitasunak garatzeko eta dibertsifikatzeko 11M/€-ko programa berriaren bitartez. Horrez gain, plangintza hidrauliko politika 45M/€-rekin indartuko du, klima-aldaketaren aurkako apustuaren barruan. 

Era berean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 507M/€ inguru izango ditu, aurreko sailaren antzeko eraginarekin; izan ere, 2021ean 37,3M/€ gutxiago izango dituzten Euskal Y-ra eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidera bideratutako partida txikiagoak zenbatu barik, aurrekontua 23M/€ inguru handituko da. Kudeaketa propioaz gain, Sailaren partida handiak hainbat sozietatera, VISESAra eta Alokabidera, bideratuko dira, edo ETSri, Eusko Trenbideak sozietateari edo Bizkaiko Garraio Partzuergoari egindako transferentzietara, eta baita Covid-19arekin erlazionatutako jarduketetara ere. 

Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak 461,4M/€ izango ditu, eta bere ekintzako ildo nagusiak hauek izango dira: Gizarte Larrialdietarako eta Energia Pobreziarako Laguntzak –42,9M/€, 2020an baino 15 milioi gehiago–; Emakundek 7M/€ izango ditu; Gizarte Zerbitzuen Funtsak 14M/€ eta Familia eta Komunitate Politikako programek, besteak beste, 72,7M/€. Lankidetzarako eta garapenerako laguntzarako aurrekontua 49,3 milioi eurokoa da. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila 289,8M/€-ra helduko da. 11,6M/€-ko hazkundea izango du COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriak hartzeko, berrikuntza-programetarako eta kultura sustatzeko programetarako (Euskadiko Orkestra eta Gazte Orkestra), nazioartekotzea sustatzeko (Etxepare Institutua), ondare historiko eta artistikoa babesteko (museoak, artxiboak eta liburutegiak), hizkuntza-politikako programetarako (HABE), kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko politiketarako (Basque Team, Euskadi Kirola Fundazioa) eta gizarte-komunikaziorako medioei laguntzeko (EITB eta EITBMedia SAU). 

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 129,4 4M/€-ko aurrekontua aurkeztu du 2021erako, 60M/€ inguruko aurrekontua duten berrikuntza informatikoarekin eta digitalizazioarekin erlazionatutako programen presentzia indartsuarekin.

 Ekonomia eta Ogasun Sailak 87,3M/€-ko aurrekontua erabiliko du, 32,4M/€-ko gehikuntzarekin, ELKARGI SGRrekin enpresa, ETE eta autonomoentzako aktibatutako finantzaketa-lerroen kostuen ondorioz. 

Azkenik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 47,2 4M/€-ko aurrekontua izango du, 2020an baino 3,5M/€ gehiago, eta Lehendakaritzak 32,4 4M/€ izango ditu, hau da, 2020. urtean baino 3,4M/€ gehiago.