1/2020 ZIRKULARRA, MARTXOAREN 16KOA

Argitalpen-data: 

1/2020 ZIRKULARRA, MARTXOAREN 16KOA, ONDARE ETA KONTRATAZIO ZUZENDARITZARENA. GAIA: ZER ONDORIO DAKARREN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAREN KONTRATAZIOAN EPE-MUGAK INDARRIK GABE UZTEAK ETA EPEAK ETETEAK.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko Dekretuaren 5. artikuluko 8. zenbakiaren arabera (116/2016, uztailaren 27koa), Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eskumenen artean dago honako hau:

“[…]c) Kontratazio-arloko zirkularrak egitea eta gomendioak edo jarraibideak onartzea.”

Jakina denez, COVID 19a dela-eta nazioarteko pandemia dago deklaraturik. Horregatik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (aurrerantzean, errege-dekretua) alarma-egoera deklaratu du COVID 19ak eragindako larrialdi sanitarioa hobeto kudeatzeko. Egoera hain berezia izanik, zirkular hau idatzi dugu, kontratazio publikoaren epe-mugak indarrik gabe utzi izanak eta epeak eten izanak eragin dituen ulermen-zalantzak argitzearren.

 

Ikus dezagun zer jartzen duen errege-dekretu horretako hirugarren xedapen gehigarrian, administrazio-epeak eteteari buruzko horretan:

1.“Arlo publikoko erakundeetan, prozedurak izapidetzeko azken egunak indarrik gabe geratzen dira, eta epeak etenda. Errege-dekretu hau edo, luzatu egiten bada, dena delako luzapena indarrik gabe geratzen denean hasiko dira berriro zenbatzen.

2. Arlo publiko guztian aplikatuko da indargabetze hori eta etete hori; arlo publikoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean definiturik dagoen bezala (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa).

3. Edonola ere, erakunde eskudunak beste antolaketa-neurri batzuk ere har ditzake, prozeduran interesdun direnen eskubideak eta interesak larriki ez urratzearren. Justu beharrezkoak izango dira, ebazpen arrazoitua beharko da, eta interesdunak ados egon beharko du, edo epeak ez etetearekin konforme egon beharko du.

4. Lehen atalean jorratzen diren prozedurak eta ebazpenak, ordea, alarma-egoera ekarri duten arrazoiekin zerikusi zuzena duten gorabeherei buruzkoak badira, ez ditu xedapen honek ukitzen”. 

Horregatik guztiagatik, zuzentarau hauek onartu ditugu, EAEko arlo publikoaren kontratazio publikorako:

1. Kontratazio espedienteak prestatzeko egintzak normaltasun osoz izapidetu ahalko dira.

2. Argitaratzeko edo lizitatzeko fasera iritsitakoan, kontratazio-organoak erabakiko du kontratuaren deialdia edo lizitazioa argitaratu ala ez. Argitaratzea erabakiz gero, eskaintzak aurkezteko epeak automatikoki etentzat joko dira, eta, beraz, ohartarazi beharko da lizitazioko agirietan eta/edo iragarkietan adierazitako epeak ez direla hasiko alarma-egoeraren deklarazioak eragindako etenaldia amaitzen den arte.

3. Eskaintzak, proposamenak edo hautagaitzak aurkezteko fasean dauden espedienteetan, ezarritako epeak eten egingo dira, eta alarma-egoera amaitu eta hurrengo egunean hasiko dira berriro.

4. Lizitazioaren eta kontratua formalizatzearen aurretiko baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkezteko fasean dauden espedienteetan, bai eta kontratua formalizatzeko fasean daudenetan ere, jarduketa administratibo horietarako epeak etenda daudela ulertuko da. Hala ere, enpresa esleipendunek beren borondatez betetzen badituzte aurreko eskakizunak, kontratazio-espedientea izapidetzen jarraitu ahal izango dute.

5. Gogorarazten da ezen, aipatutako Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan xedatutakoaren arabera, etete-neurriak ez diela eragingo alarma-egoeraren deklarazioa eragin duten gertaerekin zerikusia duten kontratazioei.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 16a.

 

 

Iz.:  David Álvarez Martínez

ONDARE ETA KONTRATAZIOKO ZUZENDARIA