Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saileko EMCO laguntza-programak bi milioi eta zazpiehun mila euro bideratu ditu merkataritzaren alorrean ekintzailetza sustatzera (Gobernu Bilera 2019-10-8)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 08

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak onetsi egin du Gobernu Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoko hiriguneetan merkataritzaren alorreko ekintzailetza sustatzera bideratutako laguntza-programa bat, bi laguntza-lerroren bitartez. Lehena Euskadiko udaletxeetara zuzenduta dago, eta merkataritzako ekintzailetza sustatzeko jarduerak burutzea sustatuko du. Bigarren lerroak, ekintzaileei zuzenduak, saltoki berriak irekitzeko baliabideak ematea du helburu. Aurrekontu horretatik 1.800.000 euro enpresa-ekintzailetzako ekintzetara bideratuko dira, eta 900.000 euro merkataritzaren alorrean euskal udalek sustatutako proiektuei fondoak emateko izango dira.

Programak merkataritzako ekintzailetza bultzatzea du helburu, jarduera hasten duenarentzat nahiz bere negozio-lerroak zabaltzen dituenarentzat. Bestalde, berrikuntzari eta berezitasunari lotutako testuinguru batean, ezarpen- eta posizionamendu-estrategiak garatzen dituzten jarduera-proiektuetara bideratuko dira laguntzak EAEn, hiriguneetan ez ezik inguruetan ere esku hartzen dutenean (auzo berriak, zaharkituak, degradatuak…)

Joan den ekitaldian martxan jarritako eta bere bi lerroetan partaidetza-arrakasta handia izandako programa honekin erantzun bat ematen zaio Euskadiko merkataritzaren sektoreak Gobernuari zuzendutako eskakizun historiko bati. Sektoreak merkataritzan ekintzailetza babesteko programak indartzeko eskatzen ziharduen. Laguntza-lerro honek operadore berrien sarbidearen, bikaintasun enpresarialaren eta hurbileko merkataritzaren berrikuntzaren alde egiten du apustu, eta bultzatu egin nahi ditu eremu ahulduak.