René Cassin 2019 saria Federico Mayor Zaragoza-ri eman dio Eusko Jaurlaritzak

2019.eko abenduak 04

  • Datorren asteartean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean emango du saria Lehendakariak

Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2019 Saria Federico Mayor Zaragozari emango dio, Bakeari, Hezkuntzari eta Giza Eskubideei hark egindako ekarpenagatik. Saria, Eusko Jaurlaritzak urtero emana, Iñigo Urkulluk emango du datorren asteartean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Lehendakaritzan egingo den ekitaldi batean. Federico Mayor Zaragoza-ren hautagaitza UNESCO Etxeak proposatua da.

Aldi honetan, epaimahaiak nabarmendu egin ditu Mayor Zaragozaren “garrantzi handiko ekarpenak” Bakeari, Hezkuntzari eta Giza Eskubideei, baita “bere lanaren eta irakaspenaren inpaktua” ere maila globalean nahiz tokikoan. Epaimahaiaren iritziz, saridunak “grina eta dedikazio berarekin lan egin du goren mailako ekimen globaletan eta tokiko eta kaleko proiektu xumeetan”. 

Gainera, haiek balioetsi egin dute Federico Mayor Zaragozak Euskal Herriarekiko erakutsi izan duen “hurbiltasun berezia”, zeinak “momenturik latzenetan” bere izena, babesa, aholkularitza eta harremanak eman zizkien “ekimen ugariri, gure herrialdean bakea eta adiskidetzea lortu nahi zutenei”. “Bere bake-hazia izan zen erakutsi zigunetako bat bakearen, memoriaren eta adiskidetzearen bidea, bakearen kulturarena, non, estropuz egin arren, aurrera jarraitzen dugun herri gisa, eta espero dugu urte askotarako bera bidelagun dugula”, adierazi du epaimahaiak.

Federico Mayor UNESCOren Zuzendari Nagusi izan zen 1987 eta 1999 urte bitartean. NBEko Idazkari Nagusiak eskatuta, aitzindari izan da Zibilizazioen Aliantzan eta buru izan da Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordean. Sortzaile eta presidente izan da Cultura de Paz Fundazioarena eta DEMOSPAZena (Giza Eskubide, Demokrazia, Bake Kultura eta Ez Indarkeriaren Institutua).

*** René Cassin Saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jardunaren bidez gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aitortzeko. Sariak René Cassinen izena hartu zuen. René Cassin 1887an Baionan jaio zen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da. 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen.