Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak erosketa eta kontratazio publiko jasangarrian jarraitzen duen jardunbide egokia aitortu du Ihobek, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak

2019.eko urriak 24

Ingurumenaren, bidezko merkataritzaren eta nutrizio osasungarriaren arloko irizpideak barne hartzen ditu janaria eta edaria saltzen duten makinak eta horietan banatzen diren janariak eta edariak hautatzean

Arkaute, 2019ko urriak 14.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, edariak eta aperitiboak saltzen dituzten makinen zerbitzua ingurumen-irizpideetara egokitzeko, erosketa eta kontratazio publiko jasangarrian jarraitzen duen jardunbide egokia aitortu du azken txostenean Ihobek, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak. Ihobek aitortzen duen ekarpen nagusia da ingurumenaren, bidezko merkataritzaren eta nutrizio osasungarriaren irizpideak sartu izana janaria eta edaria saltzen duten makinak eta horietan banatzen diren janariak eta edariak hautatzean, aldi berean garbitasuna eta higienea, laguntza teknikoa, makinak betetzeko prozesua eta prezioa ere zainduta.

 

“Azken urteotan, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programaren esparruan, eta Euskadiko beste administrazio batzuen ereduari jarraituz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak erabaki du urratsak ematea erosketa eta kontratazio publiko berdean; pixkanaka eta esperientzia bakoitza finkatuz eta urrats bakoitzean ikasitakoa partekatuz”, adierazi du Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak.

 

Arruabarrenak azaldu duenez, 2017an landu zen ingurumen-irizpideak sartzea ostalaritzako produktuen hornikuntzaren lizitazioan, eta tartean ziren sailen artean –erosketak eta kontratazioa, mantenimendua eta ostalaritza– sortu zen barneko lan-dinamikari esker asmo berarekin jardun ahal izan da ordutik egindako lizitazioetan.

 

Horrela, 2019an ekin zitzaion Akademian edariak eta aperitiboak saltzeko makina automatikoak instalatu eta kudeatzeko lizitazioari.

 

Akademiako leku ezberdinetan jarri diren 18 makina dira guztira: edari beroak saltzeko 12 makina, edari hotzak saltzeko 4 makina eta elikagai solidoak saltzeko 2 makina.

Lizitazio berrian hainbat alderditan zerbitzu hobea eman nahi izan da:

- Makinetan eskainitako produktuen tipologian –edariak eta elikagaiak–, produktu osasuntsuagoen aldeko apustua egin da, zerbitzua formakuntza-ingurune batean eskaintzen dela eta eredu izatea, koherentzia erakustea eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea garrantzizkoa dela kontuan hartuta.

- Produktuen prezioa. Administrazio-kontratu berezia da, ez baitu aurrekontu bat. Akademiak erabiltzaileen esku jartzen ditu makinak, eta horien kudeaketa gainbegiratzen du, baina ez denez inolako ustiapen-kanonik ezartzen, produktuetan prezio unitarioak merkeagoak izatea lortzen du.

- Makinen ezaugarriak, energia-efizientzia eta mantenimenduaren optimizazioa lortze aldera.

- Makinen garbiketa eta sortzen diren hondakinak erretiratzea eta behar bezala kudeatzea.

Zerbitzu teknikoa, komunikazio arina eta zerbitzuan gorabeherak eta anomaliak azkar konpontzea erraztuko duten erreminta teknologikoen laguntzaz.Gogoratu behar da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak martxoan jaso zuela Gasteizko Urak – AMVISA enpresak baliabidearen kudeaketa zuzena egiten duten erakundeen jardunbide egokiak aitortzeko bi urtez behin ematen duen ‘Oso Ondo’ bereizgarri publikoa. Izan ere, 2016 eta 2018 artean Arkauteko Akademiak 123.000 metro kubikotik 60.000ra jaitsi zuen urteko ur-kontsumoa.