Osasunaren prebentzioa eta sustapena, berrikuntza, segurtasun klinikoa eta laguntza-kalitatea, euskal osasun publikoaren apustuaren oinarriak

2019.eko abenduak 11

Nekane Murgaren iritziz, Euskadin osasun-arloan lortu diren emaitzak hamarkadetan zehar euskal osasun-politikekin jarraitu izanak eta Osakidetzako profesionalen konpromisoak eragin dituzte

 

Osasunaren prebentzioa eta sustapena, berrikuntza, segurtasun klinikoa eta laguntza-kalitatea zentro guztietan. Horiek dira euskal osasun publikoaren etorkizuneko apustuaren oinarriak, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur Madrilen Executive Forumean eman duen hitzaldian azaldu duenez.

Sailburuaren iritziz,  Euskadin osasun-arloan lortu diren emaitzak bi faktore nagusik eragin dituzte: ia lau hamarkadaz osasun-arloan inbertsio-politikekin jarraitzea eta haietan egonkortasuna bermatzea, eta Osakidetzako profesionalen konpromisoa eta kalitateko prestakuntza.

Nekane Murgak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aurreikusten duela aurten ere bere aurrekontu osoaren herena osasunera bideratzea; biztanleko gastua 1.801 eurokoa izango da, Estatu osoan osasunean egiten den inbertsio altuena.

Osasun sailburuak nabarmendu du bere Sailak osasunaren prebentzioan eta sustapenean egiten duen lana; horretarako, elikadura osasungarria sustatzen du, txertaketa estaldura handia eskaintzen du edo zenbait gaixotasunen baheketa egiten du, besteak beste, bularreko, koloneko edo umetoki-lepoko minbiziena; 2020an, horiez gainera, C hepatitiserako programa berezia ere sustatuko du.

Era berean, sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arretaren alde egiten duen apustuaren balioa; laguntza-maila horretara datorren urterako aurrekontuan jasotako inbertsio arruntaren % 30 bideratuko du, eta, bertan, hirukoiztu egingo da azpiegituretako inbertsioa.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erronkak direla eta, Nekane Murgak nagusiki hiru nabarmendu ditu. Lehenengo eta behin, kalitateko enplegua finkatzen eta lan-eskaintza publiko berriak antolatzen jarraitzeko konpromisoa, plantillak egonkortasuna eduki ahal izateko. Bigarren erronkak biztanleen zahartzearekin eta sistema soziosanitario kohesionatuan eta koordinatuan aurrera egiteko beharrarekin du zerikusia. Eta, azkenik, pazienteak eta herritarrek osasun-sisteman parte har dezaten sustatzea.

                             

Madril, 2019ko abenduaren 11