Osasun Sailak eta Lan eta Justizia Sailak akordioa sinatu dute, mediku forentseen prestakuntzarako eta peritu-probak egiteko

2019.eko otsailak 04

Hitzarmenaren bidez, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren eta Osakidetzaren arteko lankidetza zabaltzen da, ikerketa-proiektuak egiteko

Osasun Sailak eta Lan eta Justizia Sailak lankidetza-hitzarmena berritu dute, mediku forentseen aditu-prestakuntzarako eta peritu-probak egiteko. Akordio berri horren bidez, mediku forentseek praktika klinikoak egin ahalko dituzte Osakidetzako ospitaleetan, eta Osakidetzako langileek, aldi berean, prestakuntza jaso ahalko dute Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko (AMEI) unitateetan. Gainera, ikerketa-arloan batera jarduteko atea zabaltzen da.

Horrela ondorioztatzen da gaur sailetako arduradun nagusiek sinatu duten hitzarmenetik: Jon Darpón Osasun sailburua eta María Jesús Carmen San José Lan eta Justiziako sailburua. Hitzarmenaren bidez, 1999tik indarrean dagoen eta, ondoren, 2014an aldatu zen dokumentua berritzen da.

Hitzarmenean, medikuntzako arlo batzuetan aditu egiteko Lan eta Justizia Sailak egonaldiak deitu ahalko dituela ezartzen da, mediku forentseek forentse, psikiatria eta traumatologia arloetako patologietako praktika klinikoak egin ahal izateko Osakidetzaren osasun-zerbitzuetan. Aditu-prestakuntza jasotzeko aldian gehienez bost mediku forentse egon ahalko dira. Akordioak aukera ematen du, gainera, Osakidetzako langileek espezializazio- edo aditu-praktikak egiteko AMEIko unitateetan.

Era berean, mediku forentseen kidegoaren hasierako prestakuntza osatzeko, modulu praktikoa sortzea aurreikusten da, eta modulu hori medikuntza forentsearen arloen ingurukoa izango da eta Osakidetzako ospitaleetan egin ahalko da.

Bestalde, hitzarmen honen bidez berritu egiten da Osakidetzak AMEIko Laborategi Forentsearen Zerbitzura dauden Euskadiko organo judizialek eska ditzaketen peritu-probak egin ahal izateko gaikuntza.

Azkenik, AMEIk eta Osakidetzak lankidetzan jardun ahalko dute, interes komuneko ikerketa-proiektuak egiteko.