Monika Hernando: "Harrerarekin eta integrazioarekin dugu konpromisoa"
2019.eko abenduak 18
- Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak Genevan antolatu den Errefuxiatuei buruzko Mundu Foroan parte hartu du; Eusko Jaurlaritza gonbidatu dute Forora
Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, gaur, errefuxiatuen harrera- eta integrazio-arloko euskal esperientzia aurkeztu du Global Refugee Forumean; Foroa egunotarako antolatu da, Genevan, eta Eusko Jaurlaritza bertara gonbidatu dute.
“Harrerarekin eta integrazioarekin dugu konpromisoa. Gure filosofia esaldi batean laburbiltzen da: ‘Konpromisoa eskatzen eta eskaintzen dugu’, esan du.
Oinarri horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadin Babes Komunitarioa sustatzeko bi urte baino gehiago daramatzala lanean azaldu du. Errefuxiatuen harrera- eta integrazio-eredu horrek aukera ematen du gizartea zuzenean inplikatzeko, autoantolaketako zenbait formularen bidez.
Eusko Jaurlaritzako arduradunak ahultasun-egoeran dauden eta Jordaniatik birkokatuta datozen bost familiaren esperientzia aurkeztu du; pasa den martxoan iritsi ziren Euskadira, eta Andoain, Arrigorriaga, Bilbao, Portugalete eta Vitoria-Gasteiz euskal udalerrietan hartu zituzten. Lehenengo egunetik –azaldu duenez–, familia horiek Babes Komunitarioen Tokiko Talde izenekoetako boluntarioen laguntza jasotzen ari dira; zalantzazko egoerak gainditzen lagundu eta beren integrazio-prozesurako bide ematen diete.
“Maitasun- eta senidetasun-istorioa da. Topagunea”, esan du Monika Hernandok, amaitzeko, eta lehen 9 hil hauetan izandako emaitza onak aintzat hartuta, esperientzia pilotu hori Euskadi barruan eta kanpoan zabalduko dela esan du.