Lehendakariak produktu kirurgikoen Cardiva talde banatzailearen instalazio berriak bisitatu ditu

2019.eko azaroak 06

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera, Cardiva Espainian eta Portugalen produktu kirurgikoen lehen banaketa-konpainietako baten instalazio berrien aurkezpenean izan da. Bere banaketa-zentro berria inauguratzeaz gainera, ekitaldiaren bidez, halaber, enpresa Bilbon fundatu zeneko 30. urteurrena ospatu da.

Bisitan, Cardivako ordezkariek Lehendakariari eta gainerako agintariei konpainiaren operatiboa eta osasun-sektoreko ibilbidea azaldu dizkiete.

Konpainiak pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten du; horretarako, medikuntzako profesionalei alternatiba terapeutiko egokiak eta zerbitzu bikaina eskaintzen dizkie, profesionalen talde konprometituaren bidez. Hori horrela, Lehendakariak nabarmendu du herritarrei kalitateko osasun-zerbitzua eskaintzea eta berrikuntzan aurrera egitea Gobernuaren lehentasunezko konpromisoa dela. Hori horrela, Lehendakariak eskerrak eman ditu Cardivak berrikuntzaren alde egiten duen apustuagatik eta 30 urteotan erakutsi duen konpromisoagatik.

Era berean, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du lankidetza publiko-pribaturako beharra dagoela, pertsonen osasun-beharrei hobeto erantzuten dieten produktuak eraginkortasunez garatzeko. Hala nabarmendu du eremu horretan ezinbestean partekatu behar dela ezagutza, eta Cardivaren produktuak ezinbestean izan behar duela kontrastea Osakidetzako osasun-taldeekin eta eraginkortasun handiagoz egokitu behar zaiola paziente bakoitzari.

Lehendakariak nabarmendu du Cardivak osasun-sektorean proiektu aurreratua garatzen duela, eta hura erabat egokitzen dela Euskadiko Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren lehentasunekin.“Erreferentziazko eredu bat da 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Plan berriarenoinarriak prestatzen ari garen une honetan”, esan du.

Cardivari buruz

Cardiva Bilbon sortu zen, 1989an, eta, gaur egun, iberiar penintsulan gailu medikuak fabrikatzeko, inportatzeko eta banatzeko lehen konpainietako bat da. Gaur egun, bederatzi ordezkaritza ditu, Portugalgoa eta Italiako biak barne, eta 46 herrialdetara banatzen ditu produktuak. Zortzi dibisiotan egituratzen da:kardiakoa, baskularra eta endobaskularra, kardiologia interbentzionista; klinikoa; mina; informazio klinikoko ekipo eta sistemak; neuromodulazioa; neurorradiologia, eta erradiologia interbentzionista.