Lehendakariak erakunde- eta politika-elkarrizketarako zubiak berreskuratzeko dei egin du

2019.eko abenduak 02

  • Urkullu Lehendakariak El Correo egunkariak eta Banco Santander-ek antolatu duen Itxaropen Ekonomikoen Foroan parte hartu du

Une bizi hauetan, Lehendakariak sentimenduak modulatu eta errealismoa eta erantzukizuna aplikatzea planteatu du, bai eta hitzak arrazoibiderik gabe utzi, zuhurtzia, seriotasun eta zorroztasun handiagoz lan egin, erakunde- eta politika-elkarrizketarako zubiak berreskuratu, posizioak errespetatu eta jarrerak hurbitzea ere. “Konfiantzaz aurrera egiteko aukera dugu, baldin eta ematen ditugun erantzunek etorkizuneko gakoei aurrea hartzen badiete eta elkarrekin egiten badugu”, esan du.

Autogobernuko Lantaldea dela eta, Lehendakariak defendatu du eginiko lana euskal autogobernuaren eguneratzea, sakontzea eta hobekuntza adosteko bide izatea. “Geuri dagokigu neurria eman eta aukera hori aprobetxatzeko gaitasuna erakustea. Bakoitza bere posiziotik, elkarrizketan jarduteko, negoziatzeko eta hitzartzeko beharra dagoela aintzat hartuta”, esan du. Hala, Iñigo Urkulluk nabarmendu du politika- eta erakunde-ekintzak bat-etortze horretarako bide eman behar duela, proposamen bideragarritik abiatuta eta elkarrenaganako aitorpenean, demokrazian, hitzarmenean eta bermedun aldebikotasunean oinarritutako harremana finkatuko duen proposamenetik abiatuta. 

Bestalde, Urkullu Lehendakariak 2020ko aurrekontuak ere aipatu ditu, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela inbertsioa eta suspertze ekonomikoa orekaz eta gizarte-kohesioz bateratuko dituzten aurrekontuak onesteko bide ematea. “Gure aldetik egin beharreko guztia egingo dugu Euskadiko historiako aurrekontu sozialenak onesteko gai izateko. Osasuneko, hezkuntzako, gizarte-babeseko eta segurtasuneko funtsezko zerbitzuak bermatuko dituzten aurrekontuak”, esan du.

Topaketan, Lehendakariak ziurtatu du Euskadi prest dagoela eraldaketa hirukoitzari aurre egiteko –demografiko-soziala; energetiko-ekologikoa, eta teknologiko-digitala–. Horretarako azpimarratu du lankidetzaren balioa nabarmentzen duen erakunde-, ekonomia- eta gizarte-eredua dagoela. “Gure ereduak hazkuntza berritzailea, hazkuntza berdea eta gizarte-hazkuntza integratzen ditu”, esan du. Era berean, Lehendakariak nabarmendu du jaiotza-tasaren, digitalizazioaren eta ekologiaren eremuetan banakako ahalegina bateratu behar dela, taldean lan egiteko gaitasunarekin. 

Lehendakariak, halaber, Estatuan hasten den etapa berria aipatu du, eta nabarmendu du baretze-aldia behar dela eta politika-, erakunde- eta gizarte-bizikidetzarako esparruari bide eman behar zaiola, Estatuan bizi diren herri eta nazioen arteko errespetuaren esparruari. “Harreman-zubiei bide emango diet. Politika horretan sinesten dut eta, jakina, politikan eta hark arazoak konpontzeko eta erkidegoko bizitza hobetzen laguntzeko duen gaitasunean sinesten dut”, esan du. Gainera, erradikaltasunak, estremismoak, populismoak eta jarrera maximalistei eta antagonikoei eusteak harreman politikoen buru izaten jarraitu ezin dutela aipatu du.

Bilboko Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian, Lehendakariarekin batera Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bilboko alkatea eta erakunde- eta enpresa-ordezkaritza handia egon dira.