Eusko Jaurlaritzak Estatuarekiko aldebiko harremana zabaldu nahi du

2019.eko abenduak 04

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka "Las mañanas de RNE" programan elkarrizketatu dute gaur, eta bertan gaurkotasun politikoaz hitz egin du, besteak beste, Autogobernuaren Lantaldeaz, 2020ko Aurrekontuez, egiteke dauden transferentziez eta Estatuaren egoera politikoaz.

Gaur goizean Radio Nacional de Españari eskainitako elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du "Euskal Agenda" geldirik dagoela eta gai asko daudela aztertzeko. "Espainiako Gobernuak Euskadirekin egiteke dituen transferentzien egutegiari heldu behar dio berriro, baita estatu ereduaren erreformari ere", adierazi du. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Estatuarekin aldebiko harremana zabaltzeko asmoa duela adierazi du Erkoreka sailburuak. Ildo honetan, esan du ukaezina dela Euskadiren kasuak lotura juridiko berezia duela aldebikotasunari dagokionez; eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan bi gobernuen artean dagoen harremana jarri du adibide gisa. "Aldebiko errealitate horrek oihartzun handiagoa izatea nahi dugu, gehiago sustraitzea, eta zerga eta finantza arloetatik haratago beste alderdi batzuetara zabaltzea", hausnartu du. 

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du premiazkoa dela inbestidura. "Kongresuan ordezkatuta dagoen klase politikoak nolabaiteko barkamena eskatu behar die herritarrei, blokeoarekin eta hauteskundeen errepikapenarekin egoerak eskatzen zuen mailan ez jarduteagatik", adierazi du. Baina, inbestidura presazkoa izan arren, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du garrantzitsuagoa dela Gobernu Zentral egonkor bat egotea, programa eta konpromisoak dituena.

Autogobernu Lantaldeari eta adituek berriki aurkeztutako testuei inguruan, Josu Erkorekak azaldu du adituen fasea hiru testurekin amaitu dela; bi alderdik albo batera utzi nahi izan dutela euren burua, eta hirugarrenak Elkarrekin-Podemosek, PSEk eta EAJren % 80ko akordioa lortu duela. Halaber, Erkorekak nabarmendu du adituek lortu duten testu bateratuan keinuak daudela etorkizunera begira espazio partekatu bat bilatzeko. "Orain talde parlamentarioak dira lan egin beharko dutenak", gaineratu du.

Bestalde, 2020ko Aurrekontuei buruz galdetuta, Josu Erkoreka sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza buru-belarri ari dela Elkarrekin-Podemosekin aurrekontuen babesa lantzen. "Sintonian gaude", zehaztu du. Ildo horretan, azpimarratu du Jaurlaritza ahalegina egiten ari dela Legebiltzar Taldeak planteatzen dituen lehentasunak aurrekontuan txertatzeko. "Bere agenda euskal kontuetan sartzen ari gara", adierazi du.