"Irekia Eraiki II" jardunaldiak Gobernu Irekiaren gakoak jorratzen ditu administrazioen eta gazteen arteko herritarren parte-hartzearen esparruan

2019.eko urriak 17

  • Topaketa Eusko Jaurlaritzak antolatu du, eta gazteriarengana iristearen garrantziaz eztabaidatu duten administrazioetako partaidetzaren arduradunentzako topagunea izan da.

Eusko Jaurlaritzak "Irekia Eraiki II, Gazteria eta Parte-hartzea" jardunaldia antolatu du, Gasteizko Europa Jauregian. Administrazioen eta gazteen artean herritarren parte-hartzearen arloan gobernu irekiaren gakoak ezagutu eta gazteria parte-hartzean inplikatzeko modua ezagutzeko asmoz egin dira.

Jardunaldiaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekiaren zuzendari Luis Petrikorenak egin du. Ondoren, gazteen parte-hartzean esperientzia arrakastatsuak izan dituzten hiru hizlari izan dira, eta, amaitzeko, eztabaida edo hausnarketa irekia egin da bertaratutakoen artean.

Petrikorenak "Irekia Eraiki II, Irekia birdiseinatzeko prozesua" hitzaldiarekin parte hartu du. Bertan, gobernu irekiko plataforma berritzailearen baterako sorkuntzaren lehen fasean egindako partaidetza-prozesuaren ondorioak azaldu ditu. Guztira, 16 gakotan zehaztu ziren euskal gazteriaren ekarpenak, parte-hartzea eta gobernu irekia bere esparrura hurbiltzeko.

Gainera, beste administrazio batzuek herritarren parte-hartzearen arloan izandako esperientziak ezagutzeko balio izan dute hainbat ponentziek. Jardunaldian zehar ondorioztatu da parte-hartze eraginkorra lortzea ez dela beti erraza. Erronka hori bereziki garrantzitsua da gazteen kasuan; izan ere, harremanetarako eta informazioa eskuratzeko kode propioak dituzte. Gazteak prozesu horien parte aktibo izatea lortu nahi bada bultzatzen diren parte-hartze prozesuen plangintzan sartu beharreko kodeak dira.

Horregatik, jardunaldi honen helburua izan da administrazioen eta gazteen arteko herritarren partaidetzaren arloko harreman-ereduaren gakoak zein izan behar diren modu partekatuan aurkitzea. Jardunaldiaren ondorioen fasean hausnarketa irekia egin da. Bertan Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko toki-erakundeek gazteek bizitza publikoan parte-hartze handiagoa izan dezaten erraztuko duten tresnei buruz hitz egin dute.

Informazio gehiago hemen.