Hizkuntza gutxituen aktibazio esperientzien erdigune bihurtu da Donostia, NPLD-Coppieters Campusa hartuta

NPLD_2.jpg

2019.eko urriak 17

  • Gaur eta bihar bitartean, hainbat hizkuntza-komunitateko ordezkarien bilgune da Miramar Jauregia: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.
  • Aktibazio esperientzien artean Euskaraldia da Campusaren protagonistetako bat, Kataluniako negozioen arloko eta Galeseko familia barneko transmisio proiektu banarekin batera.

 Aurkezpen guztiak zuzenean jarraitu daitezke streaming bitartez https://npldtv.nirestream.com/

2019ko NPLD-Coppieters Campusak gaur ekin dio Donostian, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak, Coppieters Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatuta, eta Kataluniako Generalitatearen, Galesko Gobernuaren eta Frisiako probintziaren babesarekin. “Activating the social use of minority languages” (Hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatuz) izenburupean, gaur eta bihar bitartean hainbat hizkuntza-komunitateko ordezkarien bilgune izango da Miramar Jauregia: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.

Campus-aren irekiera ekitaldia gaur goizean izan da eta bertan parte hartu dute Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bethan Webb Network to Promote Linguistic Diversity-ko lehendakariordeak eta Iñaki Irazabalbeitia Coppieters Fundazioko kideak.

Campusean, hizkuntza-politiken plangintzan ardura duten ordezkariak bilduko dira, baita hizkuntza gutxituen arloan lan egiten duten askotariko erakundeetako kideak ere (elkarteak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak etab.). Bere helburua da, leku ezberdinetan hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatzeko egiten ari diren esperientziak aurkeztea eta eztabaidatzea. Era berean, parte-hartzaileentzat elkargune bat izateaz gain, Campusa, hizkuntza-politiken planifikazioaren eta ebaluazioaren inguruan praktika onak partekatzeko espazioa ere izango da.

Bi egunetako saio monografikoa izango da Campusa, esperientzia euskaldun, katalan eta galestar ezberdinekin. Campusaren hasierako zatian, parte hartzaileek Euskaraldia aurkeztu eta aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik: proiektuaren oinarri teorikoa, diseinua eta metodologia, komunikazioa, koordinazioa, etab. Bigarren zatian, katalana izango da aztergaia, batez ere, negozioen munduan duen erabilera. Amaitzeko, hirugarren zatian, galesa izango da hizkuntza protagonista, izan ere, familia barnean ematen diren aktibazio esperientziak aurkeztuko dituzte, belaunaldi ezberdinen artean hizkuntza transmititzeko orduan.

Eguerdian prentsaurreko bat egin dute Miramar Jauregian bertan, programa osoaren berri emateko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Europa mailan hizkuntza ez-hegemonikoen arteko elkarlana bultzatzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du: "Euskararen inguruko elkarlana funtsezkoa izan da euskararen biziberritze prozesuan. Azken urteotan, lankidetza hori bereziki bizia eta sakona izaten ari da, eta erakusten ari zaigu beste erakunde batzuekin eta euskalgintzarekin lan eginez indartsuagoak garela. Dena den, gaur egungoa bezalako testuinguru globalizatu batean, uste dugu beharrezkoa dela elkarlan hori gure mugetatik haratago eramatea, eta uste dugu Europak lehentasuna izan behar duela estrategia horren barruan. Beste hizkuntza eta kultura askorekin partekatzen ditugu kezkak eta asmoak. Azken hamarkadetan euskararen inguruan bultzatu dugun lana beste hizkuntzentzat erreferentzia izan daitekeen modu berean, beste esperientzia batzuetatik asko ikas dezakegula uste dugu. Horregatik, hain zuzen ere, oso garrantzitsuak dira egunotan Donostian dugun foroaren modukoak".

Bethan Webb NPLDko lehendakari ordeak ere, Campus honen gisako hitzordu partekatuek duten garrantzia izan du hizpide: “Donostian ospatu den bezalako Campusek balioa handia dute guretzat. Batak-bestearengandik asko dugu ikasteko”. Testuinguru horretan euskararen eredugarritasuna ere aipatu du Webb-ek. Azkenik, Iñaki Irazabalbetia Coppierters Fundazioko kideak elkarlanaren balioa azpimarratu du: “Elkarlanetik fruitu oparoak atera daitezke, horrela izan zen, iaz, lehenengoz egin genuen Campusean eta horrelakoa izatea espero dugu aurtengoa ere”.

Honakoa, Campusaren bigarren edizioa da, lehenengoa, Udinen, Friulin (Italia iparraldea), egin zen iaz, eta hizkuntza-politiken planifikazioa eta ebaluazioa izan zituen gai nagusi moduan. Bertan 17 hizkuntza-komunitateko 54 ordezkari bildu ziren (irlandera, galesera, friulera, mochenoa, zinbriera, ladinoa, sardiniera, euskara, katalana, suediera, finlandiera, frisiera, korsikera, okzitaniera, galiziera, breotiera, italiera). ARLeF (Friulerarako Eskualde Agentziak) , NPLD sareak eta Coppieters Fundazioak antolatu zuten lehengo edizio hura, Udineko Unibertsitatearen babesarekin.

Sobre Network to Promode the Linguistic Diversity (NPLD)-ri buruz

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra, NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity), 2007. urtearen bukaeran sortu zen. Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea du helburu nagusi, eta estatu nahiz autonomia erkidegoetako gobernuak, GKEak eta hizkuntza plangintzaren alorrean lanean diharduten erakundeak biltzen ditu. Bere helburua zera da: agintari politikoek hizkuntza aniztasuna zehar-balio eta Europar Batasunaren politikaren helburu gisa sustatzea. Ahots bakarrez diharduen oinarrizko plataforma da, Europako agintari politikoen eta Europar Batasuneko erakundeen aurrean hausnarketak, ekimenak eta ekintzak proposatzen ditu. Bere azken urteetako lanetako bat izan da Hizkuntza Aniztasunerako Ibilbide Orria, Euskadik NPLD sarearen baitan izan zuen presidentzian sustatua.

Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ordezkatuta, NLPD sarearen eskubide osoko kide da 2009tik. Webgunea: www.npld.eu

Maurits Coppieters Fundazioari buruz

Fundazio politikoa da, Europako Batasunak aitortua 2007. urtetik. Europako Batasunaren fundazio printzipioak behatuz garatzen ditu bere ekintzak. Europa mailako eta nazioarte mailako politiken ikerketa sustatzen du, batez ere, honako gaiak landuz: gizarte konplexuetan kultur eta hizkuntza aniztasuna, maila anitzeko gobernamendua, deszentralizazioa, konstituzio eta estatu erreformak, estatuen sezesioa eta autodeterminazioa, gobernu azpizentralen zuzendaritza politikoa eta ekonomikoa, gatazken konponbidea, giza eskubideak eta bakearen sustapena. Webgunea: https://ideasforeurope.eu/

 

Hizlariak eta hitzaldiak

 

 

Hizlari kopurua

Hitzaldi kopurua

17 hizlari

11

  • Hiztun berriak: paradigma post-nazional linguistiko baten sorrera: Joan Pujolar Kataluniako Universitat Oberta.
  • Euskaraldia proiektuaren oinarri teorikoak: Pello Jauregi Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Euskaraldiaren diseinua, metodologia eta koordinazioa: Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernua, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoa.
  • Euskaraldiaren komunikazio-plana: Iñigo Fernandez Ostolaza Komunikazio-aditua
  • Hiztunen aktibazioa komunitate-sareen bidez: Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria.
  • EAEko bi udalerrien esperientziak: Edurne Otamendi Donostiako Udala, Idoia Trenor Bagera Elkartea, Asier Lafuente | Yanire Caro Arabako Lautada.
  • Euskaraldia proiektuaren emaitzen ebaluazioa: Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterra
  • Emmarca’t: Katalana, marketineko hizkuntza: Anton Ferret Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia. Kataluniako Gobernua.
  • Merkataritzaren alorrean katalanaren presentzia eta erabilera neurtu. OfferCat-eko adierazle- sistema: Carles de Rosselló Hizkuntza Normalizaziorako Kontsortzioa. Katalunia.
  • Katalana denda txikietan erabiltzeko laguntza-planak: Carles de Rosselló Hizkuntza Normalizaziorako Kontsortzioa. Katalunia.
  • Nola bermatu galesa aktiboki belaunalditik belaunaldiari pasatzen dela. Bethan Webb | Jeremy Evas Galesko Gobernua.
  • Miren Dobaran Eusko Jaurlaritza Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Sietske Poepjes, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarearen presidentea.

NPLD Coppitiers Campus-a 2019 streaming-a:

 Campusa streaming  bidez jarraitu ahal izango da https://npldtv.nirestream.com/ helbidetik.

Aurkeztu diren proiektuen laburpena:

 

  1. Euskaraldia

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da. Bere helburua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea da, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik. Ariketa edo praktika kolektibo bat da, non maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango den.  Helburuen artean daude, hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea euskararen alde, norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragitea,  gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea, gizarte aktibazioa eta euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.

Lehen Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu zen, Euskal Herri guztiko ehunka herritako milaka parte hartzailerekin.

EUSKARALDIAren koordinazioa Euskal Herriko erakunde publikoen eta Topagunearen arteko elkarlanean gauzatzen da. Euskaltzaleen Topagunearen kudeaketa pean, Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak.

  1. Emmarc´t

Emmarca't Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko programa bat da, non katalan hizkuntza sustatzen den marketin estrategiak aplikatzen dituzten bertako marka nagusien artean.

Merkatu ikerketaren bitartez identifikatu dira zeintzuk diren katalan kontsumitzaileentzako marka ezagunenak, kontsumitzaileek hizkuntzarekin eta kontsumoarekin duten lehentasunarekin batera. Marka horien katalanaren erabilera aztertu da, besteak beste, telefono zerbitzuetan, webguneetan, sare sozialetan, publizitatean eta etiketen erabileran.

Elementu horiei esker, enpresa horien exekutiboak kontzientziatzeko eta sustapen-materialak sortzeko argudio sortak osatu dira. Gaur egun, programa, tokian tokiko marka ezagunenetara egokitzen ari da.

  1. Activating the use of Welsh in families: Intergenerational transmission of the language

Transmisioa edo dohaintza? Nola ziurtatu galesa aktiboki belaunaldiz-belaunaldi transmititzen dela?

Lantegi honetan LPLP-ren (Politika eta Hizkuntza Plangintza) esku-hartze garrantzitsuei buruz arituko dira, duela gutxi argitaratu den Galesko gobernuaren gizarte-transmisioaren portaerari buruzko ikerketaren aurkezpenarekin batera. Ikerketak argitaratzen duen bezala, hainbat faktorek eragiten diote gurasoek seme-alabekin duten galesaren erabilerari. Hala, proiektuak honako ikerketa-galderei erantzutea izan du helburu:

Zeintzuk dira familien artean gales hizkuntzaren transmisioa errazten dituzten baldintzak?

Zein dira 0-4 urte bitarteko haurrak dituzten familien artean galesaren erabileran eragina duten hizkuntza ereduak?

Aurkikuntza ugarien artean, belaunaldien arteko "dohaintza" izeneko kultura aurkitu zuten. Egoera hau, eskolan galesez ikasi zuten gurasoen artean ematen da, non gurasoek errespetu emozional sendoa eta positiboa duten galesarentzat, eta ia salbuespenik gabe, haurrentzako galeseko eskola aukeratu zuten. Hala ere, naiz eta lotura emozional sendo hori eduki, ez zuten galesa etxeko hizkuntza bezala erabiltzen. Ikerketa honi esker, Galesko Gobernuak, Galesko Belaunaldi Arteko Transmisio Plan Integrala idazteko asmoa du, horrela galesa, etxe gehiagoren hizkuntza bihurtu dadin.