Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratu du eskola-garraioko banan banako dirulaguntzatara

2019.eko abenduak 27

  • Eskaerak aurkezteko epea: abenduaren 28tik urtarrilaren 27ra

  • Joan zen 2018-2019 ikasturtean 1.604 ikasle izan ziren laguntza hauen onuradun

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du 2019-2020 ikasturtean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Oinarrizko Lanbide Heziketan ari diren ikasleak eskolara garraiatzeko banan banako dirulaguntzak arautzen dituen Agindua.

Agindua argitaratu ondoren, bihar irekiko da –abenduak 28, larunbata- eskaerak aurkezteko epea (bide elektronikoan) baldintzak betetzen dituzten familientzat. Epea urtarrilaren 27ra arte izango da zabalik. Eskaerak bide elektronikotik ezezik (www.euskadi.eus/hezkuntza) paperean ere aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeetan (urtarrilaren 7tik aurrera).

Esteka zuzena hemen: https://www.euskadi.eus/web01-tramite/eu/contenidos/ayuda_subvencion/asignaciones_indi18_19/eu_def/index.shtml

Milioi bat euroko kopurua duen deialdi hau honako ikasle hauen kasuetarako zuzentzen da: batetik, garraio eskubidea izan bai baina Hezkuntza Sailak antolatzen dituen ibilbideetara moldatu ezin diren ikasleentzat, edo bestalde, ikasleek beste erakunde batzuek antolaturiko garraio publikoa erabiltzeari egoki irizten zaion kasuetarako. Izan ere, eskola garraiorako indarrean den araudiak garraio publikoa erabiltzea lehenesten du, batez ere DBH ikasten ari eta zerbitzu horiek dituzten hiriguneetan bizi diren ikasleentzat (autobusa, metroa, tranbia edo trena). Hezkuntza Sailak gastu hori ordaintzen dio familiari, banan banako dirulaguntzen deialdi honen bidez.

Joan zen 2018-2019 ikasturtean deialdi honen onuradun Euskadiko 1.604 ikasle izan ziren orotara: 497 ikasle Araban, 765 Gipuzkoan eta 342 Bizkaian. Hezkuntza Sailak bermatzen du, deialdi honetara bideratzen duen diru-kopuruaren bidez (milioi bat euro), baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak onartuak izango direla.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Euskadiko ikastetxe publiko baten matrikulaturik dauden ikasleak (gorago aipaturiko ikasketa etapetan), edo baita, hezkuntza-administrazioak esanda, ikastetxe pribatu batean daudenak ere.