"Guztion ardura da gure kale eta errepideetako bide-segurtasunean laguntzea"

Argitalpen-data: 

cartel_victimas_trafico_295x175__002_.jpg

Trafikoko zuzendariak, Sonia Díaz de Corcuerak, Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela eta igandean egingo den ekitaldian parte hartuko du

2019/11/15

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendariak, Sonia Díaz de Corcuerak, trafiko-istripuetako biktimen oroimenez egingo den ekitaldian parte hartuko du. Ekitaldia datorren igandean, azaroaren 17an, egingo da Gipuzkoako hiriburuko Alderdi Ederreko lorategietan Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela-eta, Stop Accidentes elkarteak antolatuta. Ekitaldian, Trafikoko zuzendariaz gainera, izango dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Pilar Arana Donostiako Udaleko Mugikortasuneko zinegotzia, Silvia Pérez Yéboles Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako zuzendaria, Stop Accidentes elkartearen ordezkariak eta trafiko-istripuetako biktimen familiartekoak.

 

Egun hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak irrati-iragarkiak eta banner batzuk prestatu ditu, eta asteburuan zehar hedatuko ditu komunikabideetan gizartea bide-segurtasunaren arloan kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraitzeko. Bestalde, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (ETKZ) kudeatzen diren informazio-mezuen panelen eta Trafiko Zuzendaritzaren Twitter kontuaren bidez ere (@trafikoaEJGV) hedatuko dira efemeridearekin lotutako mezuak trafiko-istripuetako biktima guztien oroimenez.

Trafikoko zuzendariak, Sonia Díaz de Corcuerak, adierazi duenez, “gogoratu behar da guztion ardura dela gure kale eta errepideetako bide-segurtasunean laguntzea. Trafiko Zuzendaritzatik herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko hainbat programa eta ekintza lantzen ari gara dibulgazio-programen bidez eta kolektibo zaurgarriei zuzendutako neurri espezifikoen bidez, biktimak eragiten dituzten istripuak eta horien ondorioak murriztu ahal izateko”.

 

Azken urteotan finkatzen joan da Euskadin istripu-tasaren beheranzko joera. Aurten, orain arte, azaroaren 15era arte, 44 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripu baten ondorioz (9 Araban, 18 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan).

 

Euskadiko errepide-sarean gertatzen diren eta biktimak eragiten dituzten istripuen % 70etan aldi berean gertatzen diren hiru faktoreak gidatzean eragina duten substantzien kontsumoa (alkohola, drogak edo botikak), arreta galtzea edo arretarik gabe gidatzea, eta abiadura desegokia eta/edo gehiegizkoa dira.

 

Gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea

Arriskuak saihesteko eta arduraz gidatzea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak hainbat ekintza egiten ditu bide-segurtasunaren eta prestakuntzaren arloan (www.trafikoa.eus gunean kontsulta daitezke). Horrez gainera, nabarmentzekoak dira arriskurik handiena duten gizataldeak (motor-gidariak, txirrindulariak, oinezkoak) babesteko lantzen dituen ekintza espezifikoak eta eguraldi txarra denean, obrek trafikoan eragina duten kasuetan edo trafiko-operazio berezietan ibilgailu-dentsitate handia aurreikusten denean zabaltzen dituen mezu eta gomendioak ere. Herritarrak bide-segurtasunari buruz sentsibilizatzeko bide horretan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jardunaldi profesionalak ere antolatzen ditu trafikoarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten gaietan adituak direnekin. Aurten, azaroaren 27an, ‘Euskadin bideko elkarbizitza sustatuz, mugikortasun seguru baten alde' izenburua duen jardunaldi bat antolatu da Tabakaleran.

 

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna 2005ean sortu zen, Nazio Batuen Erakundeak gobernuei eskatu zienean azaroko hirugarren igandea, efemerideari lotuta, biktimak oroitzeko eta gizartea kontzientziatzeko eguna izendatzea