Gobernuak Euskadiko Fundazioen Legea garatzen, zehazten eta interpretatzen duen araudia onetsi du (Gobernu Bilera 2019-07-23)

fotoconsejo.jpg

2019.eko uztailak 23

  • Testuak bere bi funtzionamendu-organo nagusien funtzioak, lankidetza eta komunikazioa arautzen ditu: “Protektoratua” eta “Fundazioen erregistroa”
  • Jauzi kualitatiboa dakar administrazioko digitalizazioan, sinplifikazioan eta gardentasunean; izan ere, euskal fundazio-sektorearekiko harreman guztia erabat digitala da horrela
  • Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak erregistroa itxiko die beren kontuak sasoiz aurkezteko eskakizunak betetzen ez dituzten fundazioei 

Gobernu Kontseiluak onartu egin du, gaur, “Euskadiko Protektoratuaren Araubidea eta Fundazioen Erregistroa onesten duen Dekretua”. Testuak “9/2016 Legea, ekainaren 2koa, Euskadiko Fundazioei buruzkoa” garatzen, zehazten eta interpretatzen du, bi organo independente diren baina nahitaez lotura duten bi organoren funtzioen, lankidetzaren eta komunikazioaren inguruan; bi organo horiek Euskadiko “Protektoratua” eta “Fundazioen Erregistroa” dira. Horrela, araubide berriak jauzi kualitatiboa dakar legeriaren sinplifikazioan; izan ere, testu juridiko bakarrean jaso du fundazioei aplikagarri zaien araudi osoa eta, horrela, ulermen eta informazio globalari bide ematen dio. Modu berean, dekretu hau urrats oso handia da erabat digitala den administrazio-kudeaketa izateko; izan ere, aurrerantzean, fundazioekiko harreman guztia baliabide telematikoen bidez baino ez da izango. Aldaketa horren bidez, zerbitzu publiko gardena, arina eta teknologikoki aurreratua konfigura daiteke eta, horrela, euskal fundazio-sektorearen erregistro-informaziorako irisgarritasun osoari, fidagarriari eta kalitatekoari bide eman, baita erabateko segurtasun publikorako berme gisa ere.

Gaur onetsitako araudi-testu berriak 57 artikulu ditu, 3 kapitulutan, xedapen gehigarri batean eta iragankor batean banatuta.

PROTEKTORATUA

  1. kapituluak adierazten duen bezala, 6. artikulutik aurrera, “Protektoratua” aholkularitzako, laguntza teknikoko, fundazioen kontroleko eta ikuskaritzako administrazio-organoa da. Honako zeregin hauek ditu, besteak beste:
  • Aholkularitza eratzeko prozesuan dauden fundazioei.
  • Aholkularitza araubide juridikoan, ekonomiko-finantzarioan eta kontabilitatekoan.
  • Fundazioen alderdiei buruzko argitalpen eta azterlanak sustatzea.
  • Fundazioen izatea eta jarduerak zabaltzea.
  • Fundazioetako patronatuen konposizioak kontrolatzea, bai eta kideak izendatzeko eta ordezkatzeko arauak ere, autokontratazioak baimentzea patronatuko kideen arteko balizko interes-gatazkak ebatziz, etab.
  • Helburuak bete eta fundazioen jarduerak gauza daitezen bermatzea.
  • Urteko prebentziozko ikuskaritza arruntak egitea, fundazioen araudia betetzen dela egiaztatzeko eta fundatzaileek duten interes orokorra eta fundazioen bideragarritasun ekonomikoa babesteko (1. art.).
  • Ikuskaritzak egitea fundazioen eskakizunak eta araudia hausten den kasuetan. Fundazioek beren kontuak argi aurkeztu behar dituzte; horretarako, beren ondarearen, emaitzen, finantza-egoeraren eta ekitaldian zehar ondar garbian sortutako aldakuntzen eta garatutako jardueraren irudi zintzoa aurkeztu behar dute. Horretarako, 30 eguneko epea izango dute; epe hori igarotakoan, “Protektoratuak” erregistroa ixteko aginduko du, harik eta fundazioak kontuak antolatuta aurkeztu arte (7. art.). Era berean, fundazioek, ekitaldi bakoitzeko azken hiru hilabeteen barruan, jarduketa-plana aurkeztu beharko dute (28. art.), eta, hartan, honako hauek sartuko dituzte: gastu eta diru-sarreren aurrekontua, fundazioak datorren ekitaldirako aurreikusitako jardueren azalpen-memoria eta jasotako datu ekonomikoen xehetasunak eta “Patronatua”ren onespena egiaztatzeko agiria.
  • Fundazioen behin-behineko kudeaketa onartzea, kudeaketa ekonomikoan irregulartasun larria antzematen denean edo patronatua kide barik geratu bada, etab.

“Protektoratua”k “Aholku Batzordea” izango du (7. eta 8. art.), eta hura inskribatuko diren fundazioen helburuen interes orokorrari buruzko eta haien bideragarritasunari buruzko txostenak emateaz arduratuko da. Urtero, bere jarduerei buruzko memoria bat prestatu eta Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunean argitaratuko du. Hartan, berariaz adieraziko dira eratutako fundazio-erakundeen kopurua, izaera eta xedeen tipologia; halaber, “Aholku Batzordea”ren beraren funtzionamenduari buruzko gainerako informazio esanguratsua adieraziko du.

FUNDAZIOEN ERREGISTROA: KONTSULTATZEKO PUBLIKOA

III. kapituluak, 33. artikulutik aurrera, “Fundazioen Erregistroa” zerbitzu publiko gisa zehazten du, bertan gordetako edukia legez ezarritako segurtasun-baldintzen arabera ezagutzeko interesa dutenentzat. Horrela, edozein pertsonak kontsultatu ahalko du, 56. artikuluan zehaztutako bilakera-irizpideei jarraikiz.  

“Fundazioen Erregistroa”ren eginkizunen artean honako hauek nabarmendu behar dira (34. art.):

  • Fundazioetako egintzak kalifikatu eta inskribatzea.
  • Urteko kontuak eta patronatuaren onespena egiaztatzen duen agiria jasotzea.
  • Fundazioen derrigorrezko liburuak gaitu eta legeztatzea.
  • Informazio-ohar sinpleak eta gordailututako idazpen eta dokumentuen kopia ematea, bai eta inskribatutako egintzen eta aipatzen dituzten artxibatutako edo gordailututako dokumentuen ziurtagiriak ere; hala ere, datu pertsonalak babestu beharko dira.
  • Bere eskumeneko kontsultei erantzutea.

“Fundazioen Erregistroa” bi liburutan egituratzen da (35.2. art.): “Inskripzioen liburua eta urteko kontuen gordailua” eta “Legeztatzeen liburua”. Haietan, honako alderdi hauei buruzko informazio guztia jaso beharko da:

  • Fundazioaren eraketa eta hasierako fundazio-zuzkiduraren ondoz ondoko gastuak.
  • Pertsona fundatzaileen atxikipena, eraketa-eskrituran ezarritako epean.
  • Fundazio-zuzkiduraren gorakada edo murrizketa.
  • Patronatuko kideen izendapena, ordezkapena, etena edo kargu-uztea.
  • Batzorde Betearazleetako edo delegatuetako kideen izendapena, ordezkapena, etena edo kargu-uztea.
  • Batzorde Betearazleen edo delegatuen sorrera eta iraungipena, bai eta patronatuak egiten dituen ahalordetze orokorrak ere, auzietarako ahala eta haren errebokatzeak izan ezik.
  • Atzerriko fundazioen ordezkaritzak.
  • Euskaditik kanpora inskribatutako fundazioen ordezkaritzak eta haien aldaketak.
  • Estatutu-aldaketak.
  • Fusioa eta zatiketa.
  • Fundazioak beste erakunde batzuk eraldatzea eta alderantziz.
  • Fundazioaren iraungitzea eta likidatzea.
  • Dagokion araudiak inskribagarritzat jotzen dituen egintzak.
  • Behin-behineko kudeaketa baimentzen duen ebazpen judiziala, onartutako esleipenak, ezarritako epea eta, hala badagokio, haren luzapena adierazita.
  • Oro har, egindako idazpenen edukia aldatzen duten egintzak edo, legeen aldetik inskripzioaren aurreikuspena dutenak.

Fundazioek beren akten, egunerokoen eta inbentarioen liburuak eta urteko kontuak Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus egoitza elektronikoan legeztatu beharko dituzte, ekitaldi bakoitzeko lehen sei hilabeteak igaro aurretik. Legeztatzea modu automatizatuan egingo da, zigilu elektronikoaren bidez.