Gobernuak adimen-desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikora jo dezaten sustatzeko jardun-ildoak onetsi ditu (Gobernu Bilera 2019-10-1)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 01

  • Helburua da Euskadiko Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan % 33ko edo gehiagoko adimen-desgaitasuna duten pertsonen % 2ra iristea
  • Eusko Jaurlaritzak, horrela, tratu-berdintasuneko eta bazterketarik gabeko baldintzetan lanera jotzeko duten eskubidea bermatuko du

Gaurko Gobernu Kontseiluak adimen-desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikora jo dezaten sustatzeko eta bermatzeko jardun-ildo orokorrak onetsi ditu. Helburua da Euskadiko Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan % 33ko edo gehiagoko adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako plaza publikoen % 2ko erreserba betetzea.

“2020rako Enplegu Plan Estrategikoaren” esparruan, Gobernu Kontseiluak, jardun-ildo berezi horien bidez, Euskal Administrazio Publikoan dagokien lekua eman nahi die adimen-desgaitasuna duten pertsonei, eta tratu-berdintasuneko eta bazterketarik gabeko baldintzetan lanera jotzeko duten eskubidea bermatu nahi die. 

JARDUN-ILDOAK

Gaur onetsitako neurriek prozesu osoa hartzen duen jarduketa integrala dakarte: lanpostu egokienak identifikatzea; hautaketa-prozesua egokitzea; harrera, orientazioa eta zaintza egitea, dagokien lanpostuetan daudenean. Zehazki, 8 lan-ildo berezi dira:

  • Kolektibo horiekin lanean diharduten elkarteekin lankidetzan jardutea, enplegu publikora sar daitezen eta beren erabateko lan-integrazioa sustatzeko.
  • Profilera egokitzen diren lanpostuak, egokitzapenen beharra eta postuan egin beharreko egokitzapenak aztertzea.
  • Kolektibo horrentzako adskripzio esklusiboko lanpostuak sortzea eta, horretarako, Lanpostuen Zerrenda aldatzea.
  • Kolektiboaren behar berezietara egokitutako hautaketa-prozesuak diseinatzea.
  • Lanpostuak aldi baterako betetzeko lan-poltsa deitzea.
  • Lanpostuetara jotzen duten pertsonen prestakuntzarako, laguntzarako edo tutoretzarako hasierako fasea diseinatzea.
  • Lan-poltsen araudi erregulatzailea egokitzea.
  • Haiek behin betiko betetzeko enplegu-eskaintza publikoa egitea eta hautaketa-prozesuak deitzea.