Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, 2020an, 121 milioi euroko aurrekontu kontinuista izango du

Irekia__1_.jpg

2019.eko azaroak 11

  • Nobedade nagusiak partida egonkorrak eta berezkoak sortzean zentratzen dira, ikerketa eta adimen artifizialdun proba pilotuak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren BigData plataforma garatzeko eta zibererasoetatik babesteko aplikazioen segurtasunean inbertitzeko

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, 2020an, 121 milioi euroko aurrekontu kontinuista izango du, guztira. Kopuru guzti horretatik, % 96, ia 116 milioi euro, "Gobernantza Publikoa”ren arlora bideratuko da; gainerako % 4a, 5 milioi euro inguru, aholkularitza juridikoa, autogobernuaren defentsa eta Eusko Jaurlaritzaren interesetarako epaiketako laguntza finantzatzeko baliatuko da. I. kapitulua kontuan hartu gabe, langile publikoen ordainsarien gastuei buruzkoa, sailak duen aurrekontu garbia 90 euro ingurukoa da, aurreko ekitaldiaren oso antzera.

Sailaren aurrekontua lehentasunezko ekintzako 5 arlotan banatuko da:

  1. Berrikuntza publikoa eta e-administrazioa: ia 59 milioi euro, eskuragarri dagoen aurrekontuaren guztizkoaren ia erdia.
  2. Euskal Administrazio Publikoaren azpiegituren mantentze-lana eta modernizazioa: 30,5 milioi euro, aurrekontuaren guztizkoaren % 25.
  3. Euskadiko langile funtzionarioen prestakuntza, hautaketa eta plaza betetzea: 23 milioi euro baino pixka bat gehiago, guztizkoaren % 19.
  4. Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak eta datuen babesa: ia 5,5 milioi euro, guztizkoaren % 5.
  5. Erakunde-harremanak: aurrekontuaren guztizkoaren % 2; 3 milioi euro erakunde-harremanak babesteko.

Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak hiru erakunde publiko ditu atxikita, eta haiek 167,1 milioi euroko gastu-aurrekontua izango dute:

  • EJIE SA: 128,7 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du, hainbat iturriren diru-sarrerei esker. 46,6 milioi euro Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren beraren ekarpena izango da.
  • HAEE: 19,9 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du, hainbat iturriren diru-sarrerei esker. 16,3 milioi euro Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren beraren ekarpena izango da.
  • ITELAZPI SA: 18,4 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du, hainbat iturriren diru-sarrerei esker. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak erakunde honi 1 milioi euroko ekarpena egingo dio.

BERRIKUNTZA PUBLIKOA ETA E-ADMINISTRAZIOA

Sailaren barruan aurrekontu-pisu handiena duen lan-arloa da, 59 milioi eurokoa; kopuru hori, besteak beste, honako jardun-arlo hauetara bideratuko da:

  • INFORMATIKA ETA EUSKADIKO TELEKOMUNIKAZIOAK: Nobedade gisa, 2020an, hiru partida sortu direla nabarmendu behar da:
    • 1 milioi euro, berrikuntza elektronikorako, eta, zehatzago esateko, adimen artifiziala aplikazioa izan dezaketen proiektu publikoetarako. Aurten, euskal zientzia- eta teknologia-sarearekin batera lan egiten duen Eusko Jaurlaritzako proba-bankuen lanaren bidez, lehen “Itzultzaile Automatiko Neuronala” sortu da eta herritarrei eskaini, herritar orok doan erabiltzeko. Helburua orain da partida bat bideratzea Gobernuko laborategi teknologiko horretako langileei eta, horrela, adimen artifizialaren eremu berritzailean ikerketari eta kontzeptu-probei laguntza ematea. Eusko Jaurlaritzak, horrela, aplikazio praktikoa duten eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko jauzi kualitatiboa ekarriko duten adimen artifizialeko proiektu publikoak sortzea sustatu nahi du.
    • 400.000 euro aplikazioen segurtasunerako. Erakunde publikoak, gainerako erakundeak bezala, ziberdelinkuentziaren xede izaten ari dira. Lehen aldiz, Gobernuak erabaki du partida egonkorra eta berezkoa sortzea aplikazio informatikoetarako lizentziak eta segurtasuneko softwareak finantzatzeko eta zibererasoetatik babesteko.
    • 250.000 euro BigData plataformarako. Lehen aldiz sortu du Gobernuak ere berezko aurrekontu-partida, BigData plataformaren lizentziak eta hardwarea finantzatzeko.

Gainera, atal honetan, partida bat errepikatzen da, Euskadiko gune zurietan banda zabalaren hedapena delakoa egiteko aukera ematen ari den inbertsio publikoarekin jarraitzeko. Biztanleria-nukleo txikiak, isolatuak, gehienak baserrietakoak dira; horietan, telekomunikazioen konpainia pribatuek ez lukete inbertituko, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik gabe. 2020rako, banda zabala beste 58 biztanle-nukleotara zabaltzea aurreikusten da (3 Araban, 10 Gipuzkoan eta 45 Bizkaian) eta, horrela, merkatuak alderdi horretan dituen hutsak zuzentzen jarraitzea. Datorren urterako lan honek 700.000€-ko aurrekontua izatea aurreikusten dugu.  

  • ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ETA WEB-ORRIA: 8,2 milioi euro bideratuko dira euskadi.eus web-orria eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa ezarri eta hobetzera; bertan, herritarrei, 24 orduz, urtean 365 egunez, edozein lekutatik eta edozein gailuren bidez arreta eskaintzen zaie.
  • ELKARRERAGINA HERRITARREKIN, ZUZENEANen herritarrei arreta emateko lau kanalen bitartez: aurrez aurre hiru hiriburuetan, 012 telefonoaren bidez, Telegram berehalako mezularitzaren bidez eta web-orriaren bidez. Sailak 6,9 milioi euro bideratuko ditu zerbitzu horretara, 2020an.
  • OSOTASUNAK, GARDENTASUNAK ETA GOBERNU ONAK000 euroko aurrekontua izango du; haietatik, ia milioi erdi euro datu publikoen berrerabilera sustatzeko eta irekitzeko aurrera egiten inbertituko da (OpenData).

AZPIEGITUREN MANTENTZE-LANA ETA MODERNIZAZIOA 

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak 30 milioi euro inguru bideratuko ditu 2020an, Euskal Administrazio Publikoaren azpiegiturak mantentzeko eta modernizatzeko jarduketetara. “Baliabide orokorrak” izeneko arloa sail honi atxikita dago; arlo horren ardurak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-egoitza nagusien –gehienak hiru euskal hiriburuetan daude– kudeaketa, mantentze-lana, garbiketa, energia, telefonia, segurtasuna, makinaria, instalazioa eta beste zenbait lan. 

LANGILEEN PRESTAKUNTZA ETA HAUTAKETA

Euskadiko administrazio publikoetan lan egiten duten langileen hautaketara, prestakuntzara eta euskalduntzera bideratutako aurrekontua da. 23 milioi euro baino pixka bat gehiago da, guztizkoaren % 19. Besteak beste, honako hauetan jaso dira aurrekontuan:

  • Euskal funtzionarioen hautaketa eta prestakuntza: 5,1 milioi euro
  • Hizkuntza-normalizazioa herritarrek beren administrazio publikoarekin euskaraz harremanetan jarduteko duten eskubidea bermatzeko: 10 milioi euro

EUSKO JAURLARITZAREN ZERBITZU JURIDIKOAK

Eusko Jaurlaritzak ia 5,5 milioi euro inbertituko ditu, aurrekontu osoaren % 5, aholkularitza juridikoko, Eusko Jaurlaritzaren epaiketako laguntzako eta Euskadiko autogobernuaren defentsarako zerbitzuetan. Zenbateko hori honela banatuko da, besteak beste:

  • 4 milioi euro Eusko Jaurlaritzaren “Zerbitzu Juridiko Zentrala” finantzatzeko. Giza taldea da; 54 profesionalek eratzen dute, eta aholkularitza juridikoko eta autogobernuaren defentsarako eta Eusko Jaurlaritzaren interesen defentsarako zerbitzuak betetzen dituzte epaitegien aurrean.
  • 1,1 milioi euro “Euskadiko Batzorde Juridiko Aholkularirako, goi-mailako organo elkargokidea; organo horrek kontsulta-funtzioa betetzen du Euskal Administrazio Publikorako, tokiko administraziorako eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitaterako. Zerbitzu hori, halaber, sail honi atxikita dago, baina ez dago egitura hierarkikoaren barruan objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko, eta 14 kidek osatzen duten taldea dauka.

ERAKUNDE-HARREMANAK

Eusko Jaurlaritzak, 2020an, erakunde-harremanen arlorako 3 milioi euro aurreikusi ditu aurrekontuan.

Kasu horretan, 50 pertsona daude arlo horretan; arlo horren zeregina da Eusko Jaurlaritzak udalerriekin eta EUDELekin dituen harremanak bermatzea, Arartekoarentzako, Eusko Legebiltzarrerako, Euskadiko elkarte eta fundazioetarako arreta, edo euskal erakundeek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian egiten dituzten argitalpenak kudeatzea, besteak beste.