Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Memoria Historikoko Legearen aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu du

Argitalpen-data: 

Memoria Historikoaren Legearen aurreproiektuaren lehenengo zirriborroa aurkeztu du gaur Lehendakariak Gobernu Kontseiluan. Hala, horrekin emango zaio hasiera bere tramitazioari lege-proiektu gisa. Momentu honetatik aurrera, Legebiltzarreko Taldeekin eta elkarte memorialistekin partekatu da dokumentua.

Aurrekariak

Legegintzaren egutegian hasiera batean aurreikusita ez zegoen aurreproiektu honen aurrekarien sorburua 2018ko otsailaren 8an onetsitako Legebiltzarraren ekimen batean dago, non PNV, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-en aldeko botoarekin, Gogorari eskatu baitzitzaion txosten bat egiteko Memoria Historikoaren Lege baten komenigarritasunari buruz.

2018ko urriaren 29an, “Memoria Historikoaren arloko EAEko politika publikoei buruzko txostena” igorri zion Gogorak Legebiltzarrari, Paco Ferrandizek eta Marije Hristovak landua. Bertan jasotzen ziren ondorioek Gogora sortzeko Legea araubidez osatzea gomendatu zuten. Horren ondorioz, Gogorak Memoria Historikoaren Lege baterako lehenengo zirriborro bat enkargatu zion Eduardo Barrera adituari.

Bikoitza izan zen enkargu horren helburua. Batetik, lege bat onesteko epeak kontuan hartuta, bere tramitazioa ez atzeratzea. Bestetik, lehenbailehen zirriborro bat jartzea Gogorako Zuzendaritza Kontseiluan zeuden Legebiltzarreko Taldeen eskueran.

Abiaburua

Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea ez da zerotik abiatzen. Amaigabeak dira Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek, eta Udalek, gizarte zibil antolatuak eta gerra zibilaren eta frankismoaren biktimen senideek sustatutako ekintzak. Azken hogei urteetan, etengabe hedatu dira ekimenak leku sinbolikoak berreskuratzeko, giza hondakinak hobietatik ateratzeko, artxiboak berrantolatzeko, gertakari historikoak ikertu eta ezagutzera emateko, datu-baseak lantzeko, testigantzak jasotzeko, eta baita aitortzak ere. Eta horren guztiaren emaitza izan zen Gogora sortzeko Legea onetsi izana.

Gogora sortzeko Legeak konfiguratu zituen zeina, subjektu instituzionala eta bere eskumenak memoriaren arloko politikak garatzeko. Lege berri honek konfiguratuko du zera, jardueren eremua. Lege honek zentzu-unitatea ematen die politika publiko horiei, eta beren segurtasun juridikoa indartzen laguntzen du.

Edukia

Zirriborro hau hamaika kapitulutan egituratzen da. I. kapituluak Egia jakiteko Eskubideari heltzen dio. Horretarako, jardun publikoaren hainbat lerro azaltzen dira, frankismoak berekin ekarri zuen injustizia argitzen lagunduko duten ikerlanen eremuan.

  1. kapitulua biktimen Justiziarako Eskubideari eskainia da, eta zehaztu egiten du Justizia Administrazioarekiko lankidetza, giza hondakinak aurkitzearen kasuan, edo ekintza prozesalei hasiera emateko xedapena. Hori guztia, Arartekoaren eta nazioarteko instituzioen gomendioei jarraituta, inpunitatea eragozteko eta justiziarako eskubidea gauzatzeko neurriak bultzatzean.

III. kapituluak biktimek aitortza jasotzeko duten eskubidea arautzen du, hainbat ekimenen bitartez: dokumentu instituzional pertsonalizatu bat, Eusko Jaurlaritzak igorria, Biktimei eskainitako Egun bat finkatzea, eta instituzioen arteko akordio bat bultzatzea Memoria Historikoa berreskuratzeko.

  1. kapituluak dibulgazioarekin eta hezkuntzarekin lotutako zereginari heltzen dio. Eremu honetan nabarmendu egiten dira Gogoraren Dokumentazio Zentroa sendotzea, erakusketa-gune bat sortzea, edo ekitaldiak sustatzea memoria historikoa hedarazteko. Gainera, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritzea aurreikusten da, Memoria Historikoa euskal curriculumean txertatzeko.
  2. kapituluan adierazitakoaren arabera, Gogorari dagokio Gerra Zibilean desagertutako pertsonen lokalizazioan eta identifikazioan jardutea, baita hobien mapa bat egitea, desagertuen senideekin komunikazioa izatea, edo desagertuen hondakinetarako kolunbarioak eraikitzea. Gainera, beste instituzio autonomiko batzuekin edo Espainiako Gobernuarekin hitzarmenak sinatzea ere aurreikusten da pertsona desagertuak berreskuratzeko eta, zehazki, Valle de los Caídos-en hobiratutako euskaldunen hondakinak berreskuratzeko.
  3. kapituluak Euskadiko Memoria Historikoari lotutako lekuei, ibilbideei eta espazioei heltzen die. Katalogo baten sorkuntza eta bere babes- eta kontserbazio-erregimena araudiaren ondorengo garapen batean biltzen dira.

Memoria Historikoaren aurkako sinbologia VII. kapituluan arautzen da. Halako sinbolo gehienak azken urteotan kendu egin badira ere, oraindik ere aztarrenak geratzen dira eta horiek kentzeko agintzen du legeak.

VIII. kapitulua Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren dokumentuei eskainia da. Zentzu horretan, fondo dokumental guztiak berreskuratzeko beharrezko jarduera guztiak bultzatzen dira, baita Euskadirentzat interesekoak diren ahozko testigantzak ere.

  1. kapituluak aitortza bat egiten dio elkarteen mugimenduari, Euskadiko Memoria Historikoa eta Demokratikoa berreskuratzen eta biktimak defendatzen egiten duten lanagatik, eta neurriak ezartzen ditu haien partaidetza sustatzeko, Memoria Historikoaren arloan diharduten entitateen erregistro baten eta Aholkularitza Batzorde baten sorkuntzaren bitartez.
  2. kapituluan Administrazioaren jardunari eta antolamenduari buruzko artikuluak garatzen dira. XI. kapituluak, azkenik, zehapen-araubidea ezartzen du. Lehen xedapen gehigarriak Gogorari ematen dio erantzukizuna azterlan bat sustatzeko biktimei zuzendutako ordain-neurri ekonomikoekin lortutako estaldura-mailari eta zuzendu daitezkeen defizitei buruz.

Bigarren xedapen gehigarriak Euskadiko Memoria Historikoaren Lekuen Katalogoa dekretuz arautzea ezartzen du. Lehenengo xedapen iragankorrak legea indarrean sartu aurretik hasiera eman zaien prozedurak ezartzen ditu. Bigarren xedapen iragankorrak Memoria Historikoarekin zerikusia duen Ondare dokumentala Euskadiko Artxibo Historikora transferitzeko gaiari heltzen dio.

Lege honen tramitazioaren hasierako une honetan, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu egin nahi du azkeneko bi hamarkadetan, frankismoaren biktimen aitortza eta itzulketa morala, eta memoria historikoaren egiaren ordaina, euskal gizarteak, bere eragile sozialek eta bere instituzioek adostasun-maila handi batekin bateratu duten misio bat izan dela. Lege hau misio horren eta modu partekatu batean berau burutzeko erabakitasunaren arau bidezko tresna bat da.

Jaits Euskal Erkidegoko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren arloko Legearen aurreproiektuaren zirriborroa (PDF, 446 KB) (leiho berri batean irekitzen da)