Eusko Jaurlaritzak eskola elikaduraren inguruko Gozo Nazioarteko Jardunaldietan parte hartu du

2019.eko urriak 02

Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendik Eskola Elikadura Osasungarri eta Iraunkorraren inguruko Nazioarteko Jardunaldia irekitzeko ekitaldian hartu du parte gaur arratsaldez, Bilbon. Gaur hasi eta hilaren 4ra arte, hiru egunez, bertaratutako parte hartzaileek administrazioak zein gizarte eragileek eskola elikaduran duten rolaz hausnarketa egingo dute, baina baita pedagogiak arlo horretan duen zeresanaz ere.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortegak ere parte hartu duen irekiera ekitaldian, Olatz Garamendik hainbat gai izan ditu aztergai, besteak beste, eskola jantokietan elikadura-segurtasunerako aplikatzen diren neurri zorrotzak; bertako produktuari administraziotik ireki nahi zaion espazioa;  Osasun Sailarekin batera elikadura ohitura osasuntsuaren inguruan abian jarritako ekimenak; eskola menuetan barazki eta frutak areagotzeko ematen ari diren pausoak; edo Hezkuntza Sailaren Azpiegitura Plan berrian eskoletan bertan dauden sukaldeek osatzen duten lerro estrategikoa.

Era berean, Garamendik hizpide izan ditu zenbait ikastetxe publikotan garatzen ari diren proiektu pilotuak, edo kudeaketa eredu berrien inguruan Eskola Jantokien Jarraipen Batzordearen baitan egiten ari den gogoeta. Azkenik, Lanbide Heziketako zenbait ikastetxetan –bereziki sukaldeko ikasketei loturikoetan- ekonomia zirkularraren inguruan garatzen ari diren esperientziak ere aipatu ditu sailburuordeak, jardunaldi hauen egitarauaren barnean zabalago landuko den gaietako bat izango baita azken hau.