Euskadiko ehun ikastetxetik gora izango dira parte hartzaile ikasturte honetan Europako eTwinning programan

2019.eko urriak 02

  • Programan parte hartzen duten ikasleek proiektu bat garatzen dute beste herrialde batzuetako ikasleekin lankidetzan, IKTak erabiliz

  • Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu du ikasleek beste kultura batzuetatik ikasten dutela, teknologia berriei eta atzerriko hizkuntzei lotutako trebetasunak ere praktikatuz

  • Euskadiko ikastetxeek iaz garatutako 22 proiektuk Kalitatezko Zigilua eskuratu dute

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eman dio hasiera Europako eTwinning programa ezagutzera emateko jardunaldiari. Hezkuntza Sailak antolatua, gaur goizean izan da ekitaldia Gasteizen. Euskadiko hezkuntza-arloko ehun profesional inguru elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian. Haietako asko Europako programan ikasturte honetan lehen aldiz parte hartuko duten ikastetxeak ordezkatzera etorri dira; beste batzuk, berriz, beteranoak izanda, beren esperientzia gainerako ikastetxeekin partekatu eta ezagutzera emateko bertaratu dira. Horregatik, jardunaldi hau foro egokia izan ohi da, batetik, Europako ekimena eta bere funtzionamendua ezagutzera emateko eta, bestetik, tailerren bitartez, programako parte-hartzaile gisa esperientzia zabala duten ikastetxeetako jarduera egokiak azaltzeko.

Joan zen 2018-2019 ikasturtean, Euskadiko 103 ikastetxek garatu zuten proiekturen bat eTwinning programaren baitan. Ikasturtez ikasturte haziz joan den datu hori, eta gaur jardunaldian parte hartzen izan diren irakasleek erakutsi duten interesa aintzat hartuz, aurreikusi daiteke ikasturte berri honetan ere ugaritu egingo dela Europako plataforma horren bidez proiekturen bat garatuko duten ikastetxeen kopurua.

Irakasleek egindako lanaren eta ahaleginaren aitortzan, 2018-2019 ikasturtean Euskadiko ikastetxeetan garatutako 22 eTwinning proiektuk Hezkuntza Ministerioak ematen duen Kalitate Zigilua eskuratu dute. Horrela bada, estatu mailan zein Europa mailan banatzen diren sariak eskuratzeko aukera izango dute orain. Proiektu horien arduradunek gaur jaso dute, Maite Alonso sailburuordearen eskutik, Kalitatezko Zigilua aitortzen dien diploma.

Beste kultura batzuetatik ikastea

Jardunaldiaren aurkezpenean, Maite Alonso sailburuordeak nabarmendu  du honelako programa batean parte hartzeak zein onura dituen ikasle eta irakasleentzat. “Ikasleek, beste kultura batzuetatik ikasten dute eta, halaber, teknologia berriei eta atzerriko hizkuntzei lotutako trebetasunak praktikatzen dituzte, edozein irakasgaitako curriculum-edukiak garatuz. Eta gainera, Europako hezkuntza komunitateko kideak sentitzen diren heinean, europar herritartasuna eta dimentsioa ere garatzen dute”. Irakasleei dagokienez, sailburuordeak azpimarratu du “talde hausnarketarako eta ikaskuntzarako aukera anitzak eskaintzen zaizkie. Irakasleek badute beste irakasle europar batzuk ezagutzeko eta ideiak trukatzeko aukera eta ahalbidetzen zaie horrela beren irakasteko metodoak hobetzea, ikuspegi desberdinak konparatuz eta aplikatuz, eremu konkretu baten ezagutza zabaltzea edo, besterik gabe, informazioa trukatzea”

Ildo horretan, Alonsok azaldu du Euskal Hezkuntza Sistemak jada pauso handiak eman dituela Europa mailan 2020rako jarritako helburuak lortzeko bidean. “Gure erronkarik handiena izan da beti ekitateaz haratago, bikaintasuna lortzea. Lan horretan, beraz, ez gara zerotik hasten, ibilbide luzea eta eskarmentu handia dugu, guztion artean egina: eleaniztasunean, informazio eta komunikaziorako teknologietan, bizikidetzan, aniztasunaren trataeran eta baita ere, gaurko gaian, europar programetan”.

eTwinning, ikastetxeen Europako komunitatea

IKT tresnei esker (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak), eTwinning programak taldean lan egiteko aukera ematen die geografikoki elkarrengandik urrun bizi diren ikasleei. Europako herrialde desberdinetako ikasleak lankidetzan aritzen dira proiektu berean, hasi eta amaitu arte, programa honi esker.

eTwinning Erasmus+ programan sartzen da, eta helburutzat du bertan parte hartzen duten Europako herrialde desberdinetako ikasleen eta irakasleen arteko harremana, ideien trukea eta lankidetza bultzatu eta erraztea, IKTen bitartez. Horretarako, programak ikastetxe parte-hartzaileen eskura jartzen du beharrezko online plataforma teknologikoa (www.etwinning.net) baliabideez hornituta egon daitezen ikasteko, komunikatzeko, elkarlanean aritzeko eta beren proiektua garatzeko.

eTwinning 2005ean sortu zen eta Europako Batzordeko eLearning ikasketa-programaren ekimen garrantzitsuena izan da. 2014az geroztik Erasmus+en parte da; Europar Batasuneko programa hezkuntzaren, prestakuntzaren, gazteriaren eta kirolaren arloetan.

Proiektu berean batera lan eginez –betiere irakasle arduradunak gainbegiratuta– ikasle parte-hartzaileek zabaldu egiten dituzte beren aukerak beste herrialde batzuetako ondare kulturala eta artistikoa ezagutzean, baina baita beren inguruneko ezagutza zientifikoaren bitartez ere. Gainera, adostu duten hizkuntzan aritzen dira elkarrekintzan (ohi denez ingelesez) eta lotura eta harreman konstruktiboak ezartzen dituzte ingurunearekin eta milaka kilometrotara bizi diren beste ikasle batzuekin. Ekimen honek, gainera, sustatu egiten du ikasleen arteko talde-lana, taldean planteatzen baitira erronkak eta soluzioen bilaketa. Eta ibilbide horretan, ikasleek ikasi egiten dute formatu digitaletan edukiak bilatzen, interpretatzen eta ekoizten. Hala, guztien ekarpenekin eta irakasteko eta ikasteko prozesuan disfrutatuz lantzen da eskuartean duten proiektua, eta ikasleei ematen zaie protagonismoa.

Autonomia Erkidego bakoitzak bere eTwinning enbaxadoreak ditu. Programan esperientzia duten irakasleak dira, eta beste irakasle batzuei lagundu eta aholkuak ematen dizkiete gai teknikoetan nahiz pedagogikoetan. Euskadin 13 eTwinning enbaxadore ditugu, ikastetxeetako irakasle nahiz Berritzeguneetako aholkulariak.