ETSk tranbiaren Salburuako luzapenaren finantzaketarako eta eraikuntzarako hitzarmena onetsi du Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin

Argitalpen-data: 

Aste honetan egin den Euskal Trenbide Sareko Administrazio Kontseiluak, Arabako Foru Aldundiarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzea erabaki du, tranbia Salburuara luzatzeko lanen finantzaketarako eta eraikuntzarako.

Euskal trenbide kudeatzailea obren lizitazioaz, kontratazioaz eta zuzendaritzaz arduratuko da eta, halaber, aurrekontuaren 24,8 milioien, BEZ aparte, %65a jarriko du. Foru Aldundiak eta Udalak, euren aldetik, %35a finantzatuko dute, %17,5 bakoitzak.

Vitoria-Gasteizko Udalak, tranbiaren luzapenaren eraikuntzarako eta ustiapenerako beharrezkoak diren udal lurren erabilgarritasuna bermatu beharko du. Udalaren lana izango da, baita ere, eraikuntzak eta ondoren egingo den metro arinaren luzapenaren ustiapenak ukitutako hiri barruko bideetan ibilgailuen eta pertsonen trafikoa antolatzea, tranbiak semaforoetan izan behar duen lehentasuna kontuan izanda.

Hiru erakundeek, lanen garapen normala bermatuko duen eta sortu daitezkeen arazoak ebatziko dituen hitzarmenaren jarraipenerako batzordea eratuko dute.

Beharrezkoak diren aurrekontu kredituak gaitu ondoren, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak, ETSk egin duena gauza bera egin eta apirilaren erdialderako hitzarmenari argi berdea eman ahal izango diotela aurreikusten da.

Luzapena Salburuara

Aurreikusitako behin betiko trazatua 2.500 metro inguru da luze, eta 24 hilabete beharko dira lanak egiteko. Floridan egongo den geralekuko maniobra gunearen ondoren hasten da, eta Florida kalearen iparraldetik jarraitzen du.

Jacinto Benavente kalearekin duen bide-gurutzearen ondoren, Iliadako Pasealekutik jarraitu eta ezkerrerantz biratzen du, Salburuako Bulebarrera heltzeko. Bide horretan, trazatuak mendebaldetik jarraituko du, Batasunaren plazara heldu arte.

Puntu horretan mendebaldetik inguratuko du biribilgunea, Brusela Etorbidea gurutzatu eta Salburuako Bulebarretik jarraituko du, Aerodromoko Pasealekutik desbideratu arte. Amaitzeko, Erromako Etorbide gainetik gurutzatu eta Juan Carlos I Etorbidean sartuko da. Salburua auzora doan luzapenaren trazatuak bost geraleku ditu: Santa Luzia, Zentro Zibikoa, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I.