Bingen Zupiria sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak 'Berdintasuna eta Kirola Jardunaldiak, kirola ahalduntze gune bezala" topaketan parte hartu dute

20191121_105442.jpg

2019.eko azaroak 21

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak 'Berdintasuna eta Kirola Jardunaldiak, kirola ahalduntze gune bezala’ topaketa ireki dute gaur goizean Donostian. Jardunaldi horretan zenbait adituk kirolak berdintasun sustatzeko eskaini ditzakeen aukerez hitz egin dute eta, era berean, Euskadiko Kirol Eskolak berdintasuna sustatzeko programa berri bat aurkeztu du. 

Zupiria sailburuak azpimarratu du kirola esparrua garrantzitsua dela berdintasuna indartzeko: “Zalantzarik gabe, kirolak badu ahalmen berezi bat jendearengana heltzeko. Eta kirolariek, kirolarien balentriek, badute indar nabarmen bat jendea erakartzeko eta herritarrak seduzitzeko. Alde horretatik, uste dugu kirola eremu interesgarria izan daitekeela berdintasuna indartzeko, eskola kiroletik hasita eta goi-mailako kiroleraino. Eta emakume kirolariek zeregin garrantzitsua izan dezakete benetako berdintasuna sendotzeko bidean”.

Izaskun Landaidak, bere aldetik, adierazi du kirola badela emakumeak ahalduntzeko gune bat: “Posible da kirola eta ariketa fisikoa  aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko erabiltzea. Kirola egitea emakumeak ahalduntzeko jarduera bat ere bada, maila guztietan eta modu guztietan”.

Jardunaldien irekiera ekitaldiaren eta Kirolaren Euskal Eskolak berdintasunaren inguruko proiektua aurkeztu ondoren, Bartzelona Olinpikoa Fundazioko Ibone Lallanaren txanda izan da. Lallanek kirolak berdintasuna bultzatzeko tresna gisa duen garrantzia nabarmendu du, azken urteetan eman diren pausoei balioa eman die eta belaunaldi gazteak kirolean berdintasunaren inguruan kontzientziatuago daudela nabarmendu du. Era berean, Patricia Espinar pilotariak Emakume Pilotarien Elkartearen esperientzia azaldu du, emakumezkoen pilota bultzatzeari begira.

Atsedenaldiaren ostean, Valeria Corte psikologo eta coach-ak kirola eta jarduera fisikoa ingurune baztertuetan bultzatzeari buruz hitz egin du, eta, azkenik, surf, piragua eta arrauneko federazioetako ordezkariek "ahalduntzearen gakoei" buruzko mahai-inguru batean parte hartu dute. Mahai-inguru horretan Uxue Ochoa psikologoak ere parte hartu du.