Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua Panamara abiatu da gaur goizean, Euskal Selekzioaren partida babesteko asmoz

Panama_irudi.jpg

2019.eko maiatzak 28

  • Eusko Jaurlaritzak Guardia Jaén kontsul zena omenduko du, pertsonaia garrantzitsua izan baitzen Jose Antonio Agirre Lehendakariaren Gerra Zibilaren ondorengo erbestean.

 

Gasteiz, 2019/05/25          

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua Panamara abiatu da gaur goizean, futboleko gizonezkoen Euskal Selekzioak herrialde horretan jokatu behar duen partidua babesteko asmoz. Partidaz harago, Zupiria sailburua Panamako ordezkari politikoekin bilduko da eta Gerra Zibilaren osteko erbestean Agirre Lehendakaria lagundu zuen Germán Gil Guardia Jaén garaiko kontsulari egingo zaion omenaldian parte hartuko du. Sailburuarekin batera, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ere abiatu da Panamara.

Joan-etorriko bidaia laburra izango da Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egingo dutena, eta agenda aldetik antolatu diren ekimen guztiak bihar eta etzi burutuko dira. Bihar bertan, goizetik, Manuel Arias Panamako Futbol Federazioko presidentearekin bilduko dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Horren ostean, Panaman bizi den euskal komunitatearekin ere bilduko dira.

Bihar eguerdirako, bestalde, Guardia Jaén kontsulari egingo zaion omenaldia antolatu da. Panaman bizi diren euskaldunek sortutako Casa Urrutia jatetxean izango da, eta han izango da Guardia Jaénen semea, Laurencio Guardia, bere emaztea eta alabarekin batera. “Bidaia honen helburuetako bat da Eusko Jaurlaritzak Guardia familiarekin duen zorra kitatzea. Euren eskuzabaltasuna gogoratu eta omendu nahi dugu. Eskertu egin nahi dugu Guardia jaunak erakutsi zuen konpromisoa Agirre Lehendakariak zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzarekin”, azaldu du Zupiria sailburuak.

Gogoratu behar da Guardia Jaénen konpromisoa funtsezkoa izan zela Agirre Lehendakariari laguntzeko Amerikara erbesteratzen. ‘Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz’ liburuan eta beste zenbait dokumentutan gogoratu zuenez, era guztietako laguntza emateaz gain, Panamako nazionalitatea eskaini zion. Horri esker, Juan Andrés Álvarez Lastra izena hartuta, Amerikara ailegatu ahal izan zen Agirre Lehendakaria, Europa eta hasita zegoen II Mundu Gerra atzean utziz.         

Arratsaldeko 20.00etan (goizaldeko 3.00ak Euskadin) Panama eta Euskal Selekzioaren arteko partida izango da, Rommel Fernández estadioan. Laurencio Guardiak egingo du ohorezko sakea partida honetan.

Azkenik, Euskadira itzuli baino lehenago, Bingen Zupiria sailburua eta Jon Redondo zuzendaria aurki Panamako presidente izendatuko duten Laurentino ‘Nito’ Cortizorekin bilduko dira. Maiatzaren 5ean hautatu zuten Nito Cortizo presidente berria eta uztailaren 1ean hartuko du kargua.