Bergarako Fagor Ederlan plantaren inaugurazio instituzionalean izan da Lehendakaria

2019.eko azaroak 18

  • Eusko Jaurlaritzak eta Fagor Ederlanek elkarlanean eta lankidetzan jarraituko dute euskal ekonomiaren eta industriaren sistema lehiakor eta mundura irekia dagoen bat indartzeko

  • Fagor Ederlan enpresaren eraldaketa positiboan jarri du Lehendakariak adibide gisa

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Bergarako Fagor Ederlan plantaren inaugurazio instituzionalean izan da. Bertan nabarmendu egin ditu enpresak egokitzeko duen gaitasuna eta bere balioak: autoexijentzia, erantzunkidetasuna, lankidetza, solidaritate arduratsua eta eraldaketa soziala. “Partekatzen ditugun balioak dira”, gaineratu du.

Lehendakariak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Fagor Ederlanek elkarrekin lan egiten dutezientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren Planaren esparruan; Zentro teknologikoen Sarean; Lanbide Heziketa Dualean eta “Unibertsitatea + Enpresa programan, besteak beste.” Horrekin lotuta, Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, elkarlanean eta lankidetzan jarraituko dute lehiakorra eta mundura irekia dagoen euskal ekonomiaren eta industriaren sistema bat indartzeko.

“Agenda 2030” eta Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuak, eta bere aurreneko lema “gure mundua eraldatzea” aipatzean, Lehendakariak eraldaketaren adibide gisa jarri du Fagor Ederlan; industriaren eta automozio-sektorearen krisiaren aurrean ondokoekin erantzuten duena: inbertsioa, berrikuntza, internazionalizazioa eta etorkizuneko industria berria. “Adibide bat zarete positiboan eraldatzearena”, adierazi du.

Ekitaldian bisita gisatu bat egin dute instalazioetatik. Bertan, gonbidatuek zuzenean ikusi ahal izan dute segurtasun-osagai horien azken belaunaldiko produkzio-prozesua, baita Fagor Ederlanen produktu-lerro guztien erakusketa bat ere. Hala, produktu-lerro horien artean beste era bateko osagaiak daude, besteren artean: Balazta eta Esekidura osagaiak, errekuntzako Powertrain, Powertrain elektrikoa eta osagai Estrukturalak automobil eta ibilgailu komertzial eta industrialetako aplikaziorako, Fagor Ederlan taldeak munduan dituen produkzio-planta guztietatik hornitzen dituena.

Fagor Ederlan planta berria

Fagor Ederlan Group taldeak behe-presioko aluminio-planta berri bat inauguratu du; 220 enplegatu ditu eta bertan 55 milioi inbertitu ditu kooperatibak bere garapen osorako. Fabrika berria behe-presioko aluminio-esekidurako osagaien fabrikazioan dago espezializatuta eta planta ikonoa da Taldearen behe-presioko aluminioan egindako garapen teknologikoan, jardunean daude bere beste hiru plantekin batera "Mexikon bat, Txinan bat eta Arrasten beste bat".