2,3 milioi euroko kopuruan kreditu globala gehitzea, Hezkuntza Sailarentzat (Gobernu Bilera 2019-10-29)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 29

Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Ekonomia sailburuaren proposamenez, kreditu globala gehitzea adostu du gaurko bileran, 2019ko ekitaldirako aurreikusitako ekarpenen guztizko zenbatekoaren kargura, Hezkuntza Sailari kreditu-zuzkidura gehigarria egiteko 2019ko Euskadiko Administrazio Orokorraren aurrekontutik. Honen helburua da, ekitaldi honetarako luzatutako aurrekontuan sartu gabeko jarduera batzuk burutu ahal izatea. Handitzearen zenbatekoa 2.379.724 eurokoa da, eta ikerketa zientifikora zuzenduko da gehien bat.

Hezkuntza Sailak zenbateko hori ikerketarekin, garapenarekin eta ikerkuntza zientifikoaren eremuko berrikuntzarekin lotutako hainbat programatara bideratuko du, guztiak RIS 3 Euskadiko espezializazio adimentsuko estrategiari lotuak:

  • Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko jarduerak antolatzea.
  • Teknologia kuantikoen arloko ikerketa-ekimen enblematikoei lotutako ekipamendua eskuratzea, arlo horretako prestakuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko.
  • Bikaintasuneko ikerketari laguntzeko programak bultzatzea, azpiegitura handiak elkarrekin finantzatuz eta ezagutza transferitzeko ekintzak finantzatuz.
  • Bikaintasuna sustatzea Erronka programaren bidez, Euskal Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateekin eta Euskampus Fundazioarekin lankidetzan.
  • Lankidetzan aritzeko azpiegitura berriak sortzea, Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategiaren baitan.

Era berean, diru kopuru-horretatik Lanbide Heziketara ere bideratuko da funtsik, zehazki, Lanbide Heziketako ikastetxeetan berrikuntza aplikatuko proiektuak finantzatzeko.