Euskadi, Irlandarekin eta Erresuma Batuarekin batera, "Babes Komunitarioa"ren ereduaren bidez errefuxiatuen harreran eta integrazioan aintzindariak diren herrialdeen taldean egongo da

2018.eko azaroak 29

  • 2019ko lehen seihilekoan, proiektu pilotua sustatuko da, Espainiako Gobernuarekin, ACNURekin, Euskadiko Cáritasekin eta Euskadiko Jesuiten Plataformarekin sinatutako hitzarmenaren bidez
  • Babes Komunitarioen ereduaren bidez, birkokatzeko estatuko programak osa daitezke eta errefuxiatuen kopurua areagotu, sozietate zibilaren, GGKEen edo bestelako interes-taldeen inplikazioaren bidez
  • Kanadan garatu da lehendabizi munduan errefuxiatuei harrera egiteko eredu hau, eta emaitza bikainak izan ditu

Euskadi “babes komunitarioa”ren ereduaren bidez errefuxiatuen harreran eta integrazioan aitzindariak diren herrialdeen taldean egongo da. Eusko Jaurlaritzak, ACNURrekin, Espainiako Gobernuarekin, Euskadiko Cáritasekin eta Euskadiko Jesuiten Plataformarekin batera, esperientzia pilotua antolatzen jardun du, Euskadin Babes Komunitarioaren eredua martxan jartzeko, Kanadako ereduan oinarrituta.

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Eusko Jaurlaritzak Donostia-San Sebastiánen duen egoitzan.

Zertan datza?

Babes Komunitarioaren bidez, kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetu daitezke errefuxiatuen harrera eta integrazioa; horretarako, herritarren, GKEen eta bestelako talde interesdunen inplikazioa eta autoantolaketa behar da, besteak beste, erlijio-erakundeena edo toki-agintariena. Ekimen horien bitartez, herritarrak taldekatu egiten dira eta konpromisoa hartzen dute laguntza ekonomikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko ezarritako epe batean zehar, normalean, urtebetez.

Aurreikuspena da proiektu pilotua 2019ko lehen seihilekoan abian jarri ahal izatea, behin-behinean Turkian eta Jordanian eginiko misioetan aukeratutako pertsonekin. Euskadin esperientzia pilotu hori, lehen fasean, nazioarteko babesaren onuradun diren 20-30 pertsonarekin egingo da. Kopurua irekia izango da, bost euskal udalerritan banatuko diren lau eta sei kide bitarteko bost familia izatea aurreikusten delako.

Babesle Komunitarioen Tokiko Talde izenekoak arduratuko dira pertsona horien harreraz eta integrazioaz. Boluntarioen taldeak dira eta gizarte-eginkizun hori hartzen dute beren gain; Caritas Euskadiren eta Euskadiko Jesuiten Plataformaren babesa izango dute, udalerrien arabera. Eusko Jaurlaritzak eta aurretik aipatutako erakundeak hitzarmen bat sinatzea prestatzen ari dira; hitzarmen horrek Euskadin ekimen hori lortzeko jarraitu beharreko urratsak zehaztuko ditu. Ekimena 2019ko urtarrilean aurkeztuko da.

Babes Komunitarioak estatuan errefuxiatu-kopurua birkokatzeko eta areagotzeko programak osatzeko aukera ematen du, herritarren, GKEen edo beste talde interesdun batzuen, besteak beste, erlijio-erakunde edo tokiko agintaritzen, inplikazioaren eta autoantolaketaren bidez.

Errefuxiatuak Babesteko Ekimen Globala (GRSI ingelesez) Kanadako Gobernuak Nazio Batuen laguntzarekin babes komunitarioko programen ezarpena eta garapena sustatzen lan egiteko bultzatzen duen ekimena da. Hura abiarazi zenetik, GRSIa zenbait herrialdetan ezarri da, besteak beste, Brasil, Argentina, Irlanda edo Erresuma Batuan.

Helburuak

Babes Komunitarioko Esperientzia Pilotuak bi helburu ditu:

-Errefuxiatuen harrera- eta integrazio-eredua garatzea eta, bertan, elkartzeko, autoantolatzeko eta kolektiboan inplikatzeko formulen bidez, gizarteak erantzukizun zuzena hartzea pertsona horien harrera- eta integrazio-prozesuetan.

-Prozesu horien hobekuntza kualitatiboan eragina duten sinergiak eta balio erantsia sortzea eta, horrela, harrera egin zaien gizarte-testuinguruan beren autonomia eta bizikidetza armonikoa lortzeko inpaktu positiboa izatea.

Jarrera proposatzailea

Mediterranekoa krisi humanitarioa hasi zenetik, Eusko Jaurlaritzak jarrera proposatzailea izan du, harrera-sistemak eraldatu eta hobetzeko, batik bat Espainiako Gobernuari dagokionez. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak hiru proposamen defendatu eta sustatu ditu:

  1. Laguntza Osagarriko Sistemarako proposamena (“Auzolana Proposamena"), babeslekua eskatzen dutenen harrera hobetzeko; 2018. urtean, lankidetza-hitzarmena sinatu da, bi gobernuen artean, Amurrio, Galdakao, Getxo, Laudio, Portugalete, Tolosa eta Zarautz udalerrietan esperientzia pilotua garatzeko, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria eta MPDLrekin koordinazioan.
  2. ACNUR-Espainiaren proposamena, Kanadako Babes Komunitarioen esperientzia sustatzeko; Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta parte-hartzea eskaini zen.
  3. Bisa Humanitarioak sustatzeko proposamena; Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batek 2017an Erromara eginiko bidaiaren ondoren egin zen proposamena. Bidaian Lehendakaria izan zen buru, eta Italiako “Korridore Humanitario”en esperientzia aurrez aurre ezagutzea zuen helburu. Azken horren gaineko erantzunik ez da jaso.

Horrela, “Babes Komunitarioa”ren proiektu pilotua Eusko Jaurlaritzak aurkezten duen bigarrena izango da, “Auzolana”ren ondoren.