Akordioaren Oinarriak dokumentuaren aurkezpena. Hezkuntzaren aldeko Akordioa bultzatzeko bilera berria

2018.eko otsailak 05

  • Hogeita hamarren bat hezkuntza eta gizarte eragileren ordezkaritza Hezkuntzaren aldeko Akordioa sustatzeko prozesuaren beste bilera batean elkartu dira.
  • Lehen dokumentua aurkeztu da gaur, Akordioaren Oinarriak. Gure hezkuntza sistemaren funtsezko oinarriak jasotzen dira bertan. Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eremuak ongi ezagutzen dituzten kideen parte hartzearekin prestatu da dokumentu hau.
  • Datozen egunetan, hezkuntza eragile guztiek eta baita herritarrek ere, Irekiaren bidez, beharrezko deritzoten ekarpenak egin ahal izango dizkiote, aurkezturiko dokumentua aberaste aldera.

Hogeita hamar hezkuntza eta gizarte eragiletik gora, guztiak ere irakaskuntza munduarekin lotura estua dutenak, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan elkartu dira gaur goizez. Hezkuntzaren aldeko Akordioa bultzatzeko abian den prozesuaren baitan kokatzen da bilera berri hau.

Familia elkarteen, irakasleen, ikastetxeetako zuzendaritzen, hezkuntza-patronalen eta sindikatuen ordezkariek jarraipena eman diote irailean burutu zen lehen bilerari. Orduko hartan, Cristina Uriartek publiko egin zuen parte-hartze prozesu hau abian jartzeko bere asmoa, Euskadin Hezkuntzaren aldeko Akordioa bultzatzeko helburuz: hezkuntzaren zutabeak definituko dituen zoru komuna, eta hezkuntza komunitate guztiak partekatuko dituenak. Lehen bilera hartan ekimen honen alderdi nagusiak eta kronograma zehaztu zituen.

Akordioaren Oinarriak dokumentua

Ildo horretan, eta aurrez iragarri legez, Uriartek Akordioaren Oinarriak dokumentua helarazi die bertaratuei. Azken hilabeteotan hainbat sentsibilitatetako berrogei lagun inguruk osatu dute lehen dokumentu hau, guztiak ere hezkuntza osatzen duten eremuak ongi ezagutzen dituzten kideak. Dokumentuan, bost lantaldeetan lanean aritu diren kideen artean kontsentsua sortu duten alderdiak jaso dira. Honako lantalde hauetan aritu dira: bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntzaren modernizazioa eta ikastetxeen autonomia.

Aurkezpen honen ondoen, hezkuntza eta gizarte eragile guztiek, eta baita gizarteak berak ere, Irekiaren bidez, egoki deritzoten ekarpenak egiteko aukera izango dute, aipaturiko Akordioaren Oinarriak dokumentua aberasten jarraitu ahal izateko.

Hitza hartzean Uriarte sailburuak azaldu duenez “hezkuntzan zein gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute, euskal hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikuspegi desberdinen aldetik. Helburu komuna aintzat hartuko duen Hezkuntzaren aldeko Akordio berri baten beharra. Elkarrizketa, hausnarketa partekatua, akordioa… oinarri horiexen gainean eraiki dugu gure hezkuntza sistema, eta aldaketa ere horiexen gainean oinarritu behar dugu. Talde-erronka baten aurrean gaude, herri-erronkaren aurrean”.

Hurrengo pausoak

Jasoriko proposamenak aztertu ondoren sortuko den dokumentua Euskadiko Eskola Kontseilura bidaliko da, prozesuan aurrera jarrai dezan. Ondoren, Eskola Kontseiluak dokumentuaren gaineko txostena igorriko dio Hezkuntza Sailari. Amaitzeko, Hezkuntza Sailak Gobernu Kontseilura igorriko du azken testua, hura jakinaren gainean egon dadin. Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko du Hezkuntzaren aldeko Akordioa jasotzen duen dokumentua, legebiltzar-taldeek aztertu eta eztabaidatu dezaten.