Itziar Okarizi, Leire Vergarari eta Pello Irazuri elkarrizketa (Eremuak-eko batzordekideak)


2010etik arte plastikoen sorkuntzan, interpretazioan eta bitartekotzan diharduen Eremuak programaren ardatz nagusietako batzuez hitz egin diote Kulturkliki Itziar Okarizek, Leire Vergarak eta Pello Irazuk.

Zer da Eremuak? Zertarako sortu zen?
Arte-ekoizpenera bideratutako laguntza-politikari buruzko hausnarketa baten emaitza da Eremuak. Euskadiko arte garaikidearen testuingurua garatzen laguntzera bideratutako programa izanik, ezagutza sortzen eta ezagutza gizartean zabaltzeko moduak sortzen laguntzen du. Horretarako, arte-sormenaren arloaren barruan dauden azpiegiturak zein pertsonen gaitasuna optimizatzen ahalegintzen da programa hori, dagoeneko ezarrita dauden alderdiak babestuz eta ahulagoak diren alderdiak indartuz, azken horiei bulkada handiagoa emateko.

Euskal Herriko arte plastiko eta bisualak bultzatzeko lagun dezake?
Bai, Eremuak programak arte-testuinguruei beren izaera sistemikoa aitortzen die, eta testuinguru horiek halabeharrez sartzen dituzte barnean tokiko testuinguruaren eta nazio eta nazioarte mailako testuinguruen arteko harremanak. Jakinik testuinguruak ez direla sortzen erabaki politikoen edo neurri administratiboen ondorioz bakarrik, baizik eta faktore askok egiten dutela bat sorrera horretan, Euskadin arte garaikidea garatzen den sarea bultzatzen, optimizatzen edota hobetzen lagun dezaketen ekintzak antolatzen ahalegintzen da Eremuak.

Zertan datza egitaraua?
Eremuak programak hainbat jardunbide planteatzen ditu; jardunbide horiek barnean hartzen dituzte honako hauek: arte-sormeneko, bitartekotzako eta interpretazioko berariazko proiektuak babesteko deialdi ireki eta jarraitu bat eta arte garaikiderako garrantzitsuak diren alderdiei buruz hausnartzeko esparru bat sortzera bideratutako zenbait jarduera. Azken horien barruan: jardunaldi publiko batzuk, argitalpen-ildo bat (artisten testuak argitaratzen dira hiru hizkuntzatan koaderno-bilduma batean, eta testuinguruko duela gutxiko gertakariak argitara ematen dituen Eremuak aldizkaria bi hizkuntzatan), eta HARRIAK erakusketa-programa EAEko kultura-aretoetan. Aurten, Euskaditik kanpoko egonaldietarako lehenengo deialdia ere jarri dugu abian.

2010ean abiatu zenetik, zein izan dira bere lorpen nagusiak?
Gure ustez, lorpenik handiena programa taxutzea izan da eta, hain zuzen ere, taxutze hori aldatzeko aukera egongo da beti, arte garaikidearen inguruan sortzen diren beharrei erantzuteko. Eremuak programa profesional askoren lanaren emaitza da; hasieratik egin dute beren ekarpena profesional horiek, beren ikuspegi eta hausnarketekin.

Arte-sorkuntzan, bitartekaritzan eta interpretazioan eragitea dira helburu zehatzak. Zer egoeratan daude arlo hauek Euskadin?
Lehenik eta behin, euskal artearen testuinguruaren aberastasuna eta aniztasuna nabarmendu nahi ditugu, nahiz eta, aldi berean, aitortu behar dugun ahula eta zaurgarria dela bizi izaten ari garen errealitatearen aurrean. Bigarrenik, uste dugu beste gai garrantzitsua lotuta dagoela artearen testuinguru horrek sortzen duena tokian-tokian komunikatzeko zailtasunarekin, bai eta nazio zein nazioarte mailako beste arte-testuinguru batzuekin lotzearekin ere. Arazo bietan eragin nahi du Eremuak programak.

Zenbat proiektu egin dira orain arte? Baten bat azpimarratuko zenuke?
2010. urteaz geroztik, 87 proiektu babestu ditugu deialdi jarraituaren bitartez. Gainera, lau jardunaldi antolatu ditu Eremuak programak, artisten bi koaderno editatu ditu Jon Mikel Eubaren eta Juan Luis Morazaren testuekin, eta eremuak# aldizkariaren hiru ale. First Thought Best erakusketa kolektiboa ere antolatu zuen 2014an Artiumen, eta aurten abiarazi dugun arte garaikidearen HARRIAK programa. Gaur egun, beste ekimen bat martxan jartzen dihardugu, gure inguruko artista eta sortzaileentzako egonaldietarako nazioarteko programa bat. Uste dugu garrantzi bera dutela orain arte Eremuak programak egindako ekintza guztiek, egitura bera osatzen baitute, haien artean harremana eta mendekotasuna dutelarik.

Zer esan zenezake Harriak programari buruz eta, Halfhousekin lankidetzan, artistentzat zabaldutako egonaldi-deialdiaz?
Ekimen biek erantzuten diote aurrez aipatu dugun sistemaren arazoari. Alde batetik, HARRIAK programak arte garaikiderako espazioak berreskuratu nahi ditu, EAEko hiri nagusietatik harago, lan-prozesuen eta arte-bitartekotzaren ikusgaitasuna deszentralizatuz eta, horrela, hasten ari diren artista eta bitartekoentzat espazio berriak eskainiz. Bestalde, egonaldien programa berriak, Bartzelonan hasten denak Halfhouse proiektuarekin, kanpoan harremanak egin nahi ditu, gure testuingurutik harago ikusgaitasuna lortzeko, harremanak ezartzeko eta lankidetzak lortzeko. Harriak programari dagokionez, hiru erakusketa egin dira orain arte (horietako bat ibiltaria), eta beste bi lantzen ari gara, urria eta abendu bitarterako:

- "HALO" erakusketa ARENATZarte museoan (Gueñes, Bizkaia). Maiatzaren 6tik 29ra.
- "Erromantiko" erakusketa Micaela Portilla Kultura-etxean (Dulantzi, Araba). Maiatzaren 7tik 21era.
- "HALO" erakusketa ibiltaria Barandiaran aretoan (Lekeitio, Bizkaia). Ekainaren 4tik 19ra.
- "Cuando el arte es una forma de comportamiento" erakusketa ARENATZarte museoan (Gueñes, Bizkaia). Uztailaren 1etik 31ra

Honako hauek dira HARRIAK programaren hurrengo erakusketak eta jarduerak:

- "Zabor zuria" erakusketa Kulturaten (Arrasate, Gipuzkoa). Urriaren 14tik azaroaren 16ra.
- "Fotografiar vivir: del paso de lo personal a lo común" hitzaldia, Oihana Garro eta Lorea Alfaroren eskutik: urriaren 5ean, asteazkena, 19:00etan.
- Inaugurazioa eta Serpiente taldearen kontzertua: urriaren 14an, ostirala, 19:00etan.
- Artistekin topaketa: urriaren 27an, osteguna, 19:00etan.
- "Esku azpi begi – Ojo para mano" erakusketa Bastero Kulturgunean (Andoain, Gipuzkoa). Azaroaren 11tik abenduaren 30era.