Argitalpen-data: 2016/01/27

MUGIMENT, gizarte aktiboagoa sortzeko ekimena

Gizarte aktiboagoa sortzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen arlo arteko ekimena da Mugiment. Elkarrekin lanean dihardute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, Enplegu eta Gizarte Politiketako eta Osasun Sailak, herritarren jarduera fisikoa areagotu eta sedentarismoa murrizteko ahaleginean. Jon Redondo, Gazteria eta Kirol zuzendariak eta Miren Dorronsoro, Osasun Publikoaren zuzendariak aurkeztu dute ekimena gaur goizez Donostian.

Mugiment ekimenak bere barnean, mugibili webgune berria ere hartzen du: jarduera fisikoen eta kirol ekitaldien bilatzailea. Dagoeneko 10.000 pertsonak eman dute izena bertan.

Europako Batzordeko Kontseiluak dio onura nabarmenak dakartzala bizitza osoan jarduera fisikoa egiteak, eta ezinbestekoa dela bizimodu osasungarria eramateko eta biztanleria aktibo osasuntsua izateko. Horrez gain, Europa 2020 Estrategiaren helburuak lortzen laguntzen du, batez ere hazkundeari, produktibitateari eta osasunari dagokienez. Horregatik, Osasunarentzat Onuragarria den Jarduera Fisikoaren alorrean politika eraginkorrak sustatzea gomendatzen du, eta arlo arteko planteamendu bati ekitea, kirola, osasuna, hezkuntza, ingurumena eta garraioa barne hartuz, jarduera fisikoari buruzko EBren irizpideei jarraikiz.

Eusko Jaurlaritzak garatutako 2013-2020 Osasun Planean,2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia eta Jarduera Fisikorako Euskal Planen harira garatzen da Mugiment egitasmoa.

www.mugiment.eus  

Proiektuaren grapenerako www.mugiment.eus  web orria garatu dugu, eta bertan ekimenaren ezaugarri garrantzitsuenak azaltzen dira, hala nola; jarduera fisikoa eta sedentarismoaren inguruko gomendioak, egitasmoak dituen zortzi estrategien azalpena eta hauen garapenerako aukerak, atxikitutako udalerriak eta sortutako berriak, besteak beste. Proiektuko koordinatzaileekin harremanetan jartzeko mugiment@mugiment.eus  helbide elektronikoa izango da.

Aipatu bezala, Mugiment zortzi estrategiatan oinarritzen da:

MUGISARE

Helburua: Tokian tokiko sareak sortzea, jarduera fisikoaren sustapenerako ekintzak eta estrategiak koordinatzeko.

Nortzuk osatzen dute: Herrietako kirol eta gizarte zerbitzuetako teknikariek , osasun teknikariek eta erreferentziazko osasun zentroetako osasun-pertsonalak osatuko dute. Era berean, interesa duen herritar, erakunde edota elkarteei irekiak egongo da.

Esperientziak:

2015 urtean zehar EAE ko 10 herri eta hiru hiriburuetan garatu ditugu aipatutako sareak.

MUGIEGUN

Herritarrek kirol-jardueretan parte har dezaten bultzatzea da helburua, kirol-ekitaldien garapenean herritar ororen partaidetza lortzeko.

MUGIKASI

Eskola orduetan jarduera fisikoari emandako denbora handitu eta sedentarismoa saihestea. Garraio aktiboa sustatzeko asmotan eskola ibilbideak sortzen ari dira.

MUGIERAGIN

Helburua: Osasun eta kirol alorretako profesionalak jarduera fisikoaren sustatzaile bihurtzea.

Garapena: Kirol Eskolaren bitartez teknikariei zuzendutako formakuntza ikastaroa antolatu da, 2016ko otsailean hasiera izango duena. Herritarrek beraien nahiei eta beharrei egokitutako jarduera fisiko osasungarrian orientazioa emateko edukietan sakonduko du.

MUGIBETI

Helduen artean jarduera fisikoa sustatzea du helburu, betiere haien premiak aintzat harturik betiere. Ingurune fisikoan eta sozialean hobekuntzak eta egokitzapenak bideratu nahi dira, jarduera fisikoa errazte aldera.

MUGILAN

Helburua: Lan-munduan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea.

Garapena: Eusko Jaurlaritzako egoitza nagusian (Lakuan, Gasteizen) jarduera eza eta sedentarismoaren arriskuen inguruan sentsibilizazioan sakontzeko kanpaina bat jarri da martxan, jarduera fisikoaren praktika areagotzeko eta sedentarismoarekin zer ikusia duten jarrerak ekiditzeko.

Behin ekimena baloratuta, Jaurlaritzak dituen gainontzeko egoitzetara hedatuko da, eta baita interesa izango luketen enpresei ere.

MUGITOKI

Osasunerako onuragarria den jarduera fisikoari buruzko erreferentzia-zentro bat sortzea lortu nahi da, alor horretako ezagutza sortu, bildu eta eguneratzeko, profesionalei, tokiko eragileei eta adituei zuzenduta egongo dena.

MUGIBILI

Helburua: Herritarrei jarduera fisikoaren praktika erraztea. Mugitzeko aukerak eskaintzea.

Nola: Jarduera fiskoa eta kiroletako bilatzaile bat da: eskaintza guztia leku bakarrean. Erabiltzaileak herri bateko, edo inguruko, eskaintza topatzeko aukera, era azkar eta errazean.

 

Jarduera fisiko eta kiroleko ezaugarrien arabera emaitzak bereizteko aukera ematen du bilatzaileak (pilates, igeriketa, yoga, dantzak, ibilaldiak, ….), kokapena (aukeratutako herriaren erditik 25kmko eremuan), instalakuntza mota, nori zuzenduta dagoen eta erabilitako hizkuntza.

Horrez gain, behin bilaketa egin ondoren, zehaztutako ezaugarriekin eskaintza berriak sortuko balira, oharrak bidaliko liguke, horrela nahi izan ezkero.

Mugibilin eskaintzak argitaratzea oso erraza da eta kirol ekintzak antolatzen dituen pertsona orori dago zabalik (udaletxe, gimnasio, elkarte, federazio, erakunde, ikastetxe, …).

2016an jarduera fisikoa egiteko asmorik baduzu? Mugibilin mugitzeko aukerak topatuko dituzu. 10.000 pertsonak eman dute izena jada, aprobetxa ezazu zuk ere.

 www.mugibili.euskadi.eus