Argitalpen-data: 2014/06/24
Interneten erabilera areagotu da gazteen artean, baina bakarrik % 1,7k dituzte menpekotasun arazoak
Gazteen % 20ren ustez beharko luketena baino denbora gehiago ematen dute Interneten
Gazteen Euskal Behatokiak Interneten erabilerari buruzko datu batzuk aztertu ditu. Datu hauek bi iturritatik hartu ditugu: Behatokiak berak lau urtetan behin kaleratzen duen “Euskadiko gazteak” ikerketatik eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aldiro plazaratzen duen “Euskadi eta drogak” inkestatik.
2000. urtean gazteen erdiak baino gutxixeagok (% 46k) esan zuten Internet erabiltzen zutela edo inoiz erabili izan zutela; 2004. urtean % 82 ziren hori ziotenak, 2008an % 94 eta 2012an % 98 dira.
Internet erabiltzen duten gazteen kopuruak gora egitearekin batera, astean konektatuta ematen dituzten orduak ere gehitu dira. 2000. urtean Internet erabiltzen zuten gazteen ia erdiak (% 46) astean gehienez ordu bat ematen zuen sarean eta % 3k astean hamabost ordu baino gehiago. 2012an, ordea, Interneteko erabiltzaileen % 8 konektatzen dira astean gehienez ordubetez eta % 29ra iristen da astean hamabost ordu baino gehiago konektatuta egoten direnen ehunekoa.
Azken urteotan gizarte-sareak ere asko zabaldu dira eta gazteen artean Facebook, Twitter edota Tuenti oso ezagunak dira. Gazteen % 83k parte hartzen dute sare sozialetan eta gehienek (% 52k) badute profila gizarte-sare batean baino gehiagotan.
Neskek mutilek baino gehiago parte hartzen dute gizarte-sareetan: nesken % 88k badute profila gizarte-sare batean edo batzuetan, eta mutilen artean % 79k.
Dena den, gizarte-sareetan gehien parte hartzen dutenak (% 92) gazteenak dira (15-19 urte bitartekoak); eta ehuneko hori murriztu egiten da adinean gora egin ahala (25-29 urte bitartekoen artean % 77 dira gizarte-sareetan parte hartzen dutenak).

Gizarte-sareak hedatzearen ondorioz nabarmen areagotu da Interneten erabilera: datuen arabera, gazteek zenbat eta gehiago parte hartu gizarte-sareetan orduan eta ordu gehiago ematen dituzte Interneten konektatuta.

Interneten eta gizarte-sareen erabilera gaztetasunarekin lotuta dago jada; eta bizitzaren arlo guztietan (bai prestakuntza-arloan, bai aisialdian edota gizarte-harremanetan) sartu den abiadura handiak kezka batzuk sortarazten dizkigu: Egunerako bizitzan Internetek duen presentzia handiak zein momentutan izan daiteke problematikoa? Eta zenbat gazte egongo ote dira arrisku-erabilera edo erabilera problematikoa egiten?
Gai honi heltzeko, Eusko Jaurlaritzaren Osasun saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzak 2012an eginiko ikerketa baten emaitzak hartuko ditugu oinarri.
Ikerketa horretan, hainbat gaien artean, bederatzi galderatako test bat erabiltzen da Interneten erabilera problematikoa ote den ezartzeko. Interneten erabilera intentsiboa egiteagatik zenbat pertsonak dituzten arazoak kuantifikatzea da test horren helburua. Zenbat eta arazo gehiago orduan eta arrisku-maila handiagoa.

Gazteek barneratu dute Internet beren bizitzaren arlo guztietan; helduek baino modu intentsiboagoan, gainera. Hori dela-eta, gazteek 30 urtetik gorakoek baino baiezko erantzunen ehuneko handiagoak dituzte galdera guztietan.
Hamar gaztetik bik uste dute beharko luketena baino denbora gehiago ematen dutela konektatuta (% 20,5). % 16,5ek adierazi dute beren senideak kexatu direla Interneten emandako orduengatik. Interneten sartu gabe hainbat egun jarraian egotea gogorra egiten zaie % 12,5i; eta % 10ek diote beren ongizatearen zati handi bat sarera konektatuz lortzen dutela bai eta sareko zerbitzu edo eduki batzuei uko egitea zaila gertatzen zaiela ere. Interneten ematen duten denbora murriztuz gero gaizki sentituko liratekeela pentsatzen dute beste % 7,1ek. Bat-bateko mezularitzaren agerpena eta Interneterako sarbidea duten sakelako telefonoak ugaritzeak erraztu egiten dituzte gizarte-harremanak eta kontuan hartu behar da gaztaroan, eta batez ere nerabezaroan, lagunek bizitzaren funtsezko tokia hartzen dutela. Interneten bidez komunikatzeari uko egiteak jarduera atsegin bati ukatzea ez ezik, lagunen taldetik baztertzea ere ekar dezake.
Galdera-sortako azken lau itemek baiezko erantzunen ehuneko txikiak dituzte, % 4tik behera, gazteen artean, eta % 1,5etik behera, 30 urtetik gorakoen artean. Oso gutxik sentitzen dute kontrola galdu dutela, gutxik diote erabilera murrizteko arazoak dituztela, eta gutxi dira Internet erabiltzeagatik harreman arazoak izan dituztela esan dutenak.
“Euskadi eta drogak” ikerketan erabilitako testa (Ormanen testa), nahiz eta adikzioak identifikatzeko froga klinikoa ez izan, Internetekin harreman problematikoa dutenen kopurua kuantifikatzeko lagungarri izan daiteke. Test horrek ezartzen du 7, 8 edo 9 baiezko erantzun eman dutenek arazoak dituztela, eta 4, 5 edo 6 galderatan baietz erantzun dituztenak arazoak izateko arriskuan daudela. 4 galdera baino gutxiagotan baietz diotenek erabilera normala, arazorik gabe, dutela ondorioztatzen da.
Gazteen % 20k Interneten beharko luketena baino denbora gehiago ematen dutela esan arren, bakarrik % 1,7k dute erabilera problematikoa. Portzentaje hori 30 urtetik gorakoen artean jasotakoa (% 1,1) baino handixeagoa da, baina, hala ere, oso txikia.

Hau da, gazte gutxik dute erabilera problematikoa, Interneten ordu asko ematen badituzte ere. Hala ere, gertakari hau ikertzen jarraitu beharko da, ezarri zein erabilera motatatik ondoriozta daitezke arazoak, eta aztertu biztanlerian eta gazterian zein neurritan hedatzen diren arazook.
Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!