Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko uztailaren 27koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez hirugarrenez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen agindua, eta epea irekitzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3512
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/27
  • Argitaratze-data: 2022/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuak (2019ko apirilaren 13ko BOE, 89. zk.) industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketetarako laguntzen programa arautzen du. Dekretu horretan, laguntzak emateko arau berezi erregulatzaileak ezarri ziren, industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa hobetuz karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak sustatzeko eta bultzatzeko.

Errege Dekretu horren helburua honako hau da: industria-sektoreko ETEetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoaren hobekuntzaren bitartez karbono dioxidoaren emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduketak bultzatu eta sustatzeko laguntzak ematea erregulatzeko arau bereziak ezartzea; horien bitartez, Efizientzia energetikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauak 2009/125/EE eta 2010/30/EB zuzentarauak aldatu eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE zuzentarauak indargabetzen dituenak finkatutako azken energia-kontsumoa murrizteko helburuak lortzen lagunduko litzateke, oinarri hauetan ezarritako baldintzen arabera eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) Espainiako Eskualde Anitzetarako 2014-2020 Programa Operatiboa eraentzeko arauei jarraikiz.

Ondorio horietarako, industriari hornitutako azken energia guztia hartzen da «azken energia-kontsumotzat». Ez ditu barnean hartzen energiaren transformazioaren sektoreko hornidurak, ezta energiaren beraren industriak ere.

Hala, laguntzen izaera pizgarria dela eta, laguntzen xede diren jarduketak ezin izango dira hasi laguntza-eskaera erregistratzen den eguna baino lehen.

Aipatutako arauaren bidez, autonomia-erkidegoei laguntzak zuzenean esleitzea erabaki zen, haien lurralde-eremuan programa hori abiaraz zezaten, eta Euskal Autonomia Erkidegoari 15.321.804,01 euroko zuzkidura eman zitzaion (22.321.804,01 euroraino handitu zen 2021eko martxoaren 29ko Ebazpenaren bidez, 2020ko apirilaren 20ko BOE, 94. zk.); Espainiako estatuak zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori.

263/2019 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko uztailaren 30eko Aginduak onartu egin zituen, 2019. eta 2020. urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainetan eta enpresa handietan efizientzia energetikoa lortzeko jarduketetarako laguntzen deialdiaren oinarriak (2019ko abuztuaren 13ko EHAA, 152. zk.).

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko uztailaren 23ko Aginduaren bidez, 2019ko uztailaren 30eko Agindu hori aldatu zen (2020ko ekainaren 29ko EHAA, 126. zk.).

Abenduaren 29ko 1186/2020 Errege Dekretuak (2020ko abenduaren 30eko BOE, 340. zk.) apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua aldatu zuen, programaren indarraldia 2021eko ekainaren 30era arte luzatzeko.

Berriz ere, 2021eko ekainaren 22ko 440/2021 Errege Dekretuaren bidez (2021eko ekainaren 23ko BOE, 149. zk.), apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua aldatu zen, programaren indarraldia 2023ko ekainaren 30era arte luzatzeko, bai eta 263/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen diren laguntzen gehieneko zenbatekoa handitzeko ere.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak 2021eko ekainaren 22ko Agindua eman zuen, 2019ko uztailaren 30eko Agindua bigarrenez aldatzekoa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen deialdiaren oinarriak (2021eko ekainaren 25eko EHAA, 125. zk.).

Gainera, 2021eko azaroaren 11ko Ebazpenaren bidez Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua EEP BParena, Administrazio Kontseiluaren 2021eko azaroaren 3ko Ebazpena argitaratzen duena, handitu egin zen industria-sektoreko ETE-etan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programaren aurrekontua. Hain zuzen ere, 40.000.000 euro handitu zen, eta, ondorioz, gaur egungo aurrekontua 22.321.804,01 eurokoa izatetik 62.321.804,01 eurokoa izatera igaro da. Laguntza-programa hori apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren bidez arautu zen.

Apirilaren 5eko 43/2022 Dekretuaren bidez (2022ko apirilaren 21eko EHAA, 77. zk.), 40.000.000,00 euroko kredituak gaitu ziren Espainiako sektore publikoarekiko finantza-harremanen programan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2022ko ekitaldirako aurrekontuan.

Agindu honen xedea da autonomia-erkidego honek egindako deialdiaren oinarri arautzaileen azken aldaketak jasotzea. Hori dela eta, beharrezkoa da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko uztailaren 30eko Agindua aldatzea, zeinaren bidez ezartzen baitziren EAEko industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainetan eta enpresa handietan efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen deialdiaren oinarriak. Hala, egokitu egingo da programaren indarraldia luzatzea eta aipatutako apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuan jasotako hasierako aurrekontua handitzea.

Era berean, erakunde onuradun bakoitzeko gehienez eman daitekeen laguntzaren zenbatekoa aldatu nahi da. Aldaketa bikoitz hori lagungarria izango da lortu nahi diren helburu energetikoak hobeto betetzeko; izan ere, jaso beharreko zenbatekoak handituz, parte-hartzea sustatuko da, eta, era berean, laguntza horien aurrekontuaren betearazpen-maila handiagoa ahalbidetuko da.

Horregatik, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariaren proposamenez, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, honako hau

1. 6. oinarria: 1., 2. eta 3. apartatuak:

  1. Laguntza-programa honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak, eta indarrean egongo da 2023ko ekainaren 30era arte, edo, bestela, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

    Deialdi honen indarraldia amaitzen denean, ez da eskabide gehiago onartuko.

  2. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 62.321.804,01 euroko zenbatekoa bideratzen da; Espainiako estatuak zehazki, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari atxikitako Energia Efizientziaren Funts Nazionalak eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) 2014-2020 aldian batera finantzatutako Espainiako Eskualde Anitzetarako Programa Operatibotik dator arestian aipaturiko zenbateko hori.

  3. Dagozkion zeharkako kostuak kendu ostean, apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretuaren II. eranskinaren B apartatuan ezarrita dagoen bezala, laguntzen onuradunentzat bideratutako gehieneko zenbatekoa 61.000.000 eurokoa izango da.

    2022ko eta 2023ko ekitaldietan laguntzarik emango bada, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da 2022rako eta 2023rako aurrekontuetan, eta, horretarako, aurrekontuetan beharrezko aldaketak egitea proposatuko da.

2. 8. oinarria: 2. apartatua:

  1. Epe hori agindu honen 6. oinarrian bildutako funtsak erabat agortzen direnean amaituko da; bestela, 2023ko ekainaren 30era heldu baina eskuragarri den aurrekontua agortzeko behar adina eskabide bideratu ez badira ere amaituko da epe hori (...).

3. 9. oinarria: lehenengo paragrafoa:

Onuradun bakoitzak jasoko duen laguntzak ezingo du gainditu, aurkeztutako eskabideen multzoarengatik, 6.000.000 euroko guztizko zenbatekoa.

4. 13. oinarria: 4. apartatua:

  1. Eskabidea aurkeztu eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, erakunde interesdunak eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

2020ko abenduaren 31ren ondoren baina agindu hau indarrean jarri aurretik aurkeztutako laguntza-eskaerak 2021eko ekainaren 22ko 440/2021 Errege Dekretuak (2021eko ekainaren 23ko BOE, 149. zk.) ezarritako programaren indarraldi berriaren babesean izapidetuko dira. Errege Dekretu horrek apirilaren 12ko 263/2019 Errege Dekretua aldatzen du, programaren indarraldia 2023ko ekainaren 30era arte luzatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.