Teknologia berriak eta LAP: mehatxuak eta aukerak (I)

Covid-19agatiko konfinamenduak eta pandemiaren osteko ondorioek aurrekaririk gabeko egoeran jarri dituzte gizakiak. Erronkak abiadura eta sakontasuna eman dizkio gaur egungo iraultza teknologikoari. Besteak beste, kontzeptu eta termino hauek prebentzioaren arloko ohiko hiztegiaren parte dira gaur egun: telelana, teleosasuna, simulagailuak, droneak, gamifikazioa, exoeskeletoak, bigdata eta teknoestresa.

 

Telelana


Artikulu honen lehenengo zatian, telelana izango dugu hizpide. Jarduketa hori suspertu egin da pandemiaren ondorioz, eta patronalaren, sindikatuen eta administrazioaren arteko zenbait desadostasun jarri ditu agerian.

Konfinamenduan eta osteko faseetan, telelana funtsezkoa izan da aurrekaririk gabeko egoerari aurre egiteko orduan. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren (Innobasque) 2020ko Prospektiba Txostenaren arabera, “erabateko krisi honek (eskariaren arlokoa, eskaintzaren arlokoa eta finantzarioa) aldaketa teknologikoak eta digitalizazioa azkartu ditu. Era berean, aurrerapausoak ere eman ditu alfabetizazio eta gobernu digitaleranzko bidean, baita on line zerbitzugintza publikoan eta telemedikuntzan ere”.

Gobernua telelanari buruzko lege-proiektua izapidetzen ari da, eta, bertan adierazitakoaren arabera, “langileak aukeratzen duen lekutik egin behar da, borondatezkoa izan behar da eta lan-eskubideak errespetatu behar ditu; deskonektatzekoa, esaterako”, esan du Yolanda Díaz ministroak. Bestetik, “alderraia nahiz desorekatua” dela esan du patronalak, eta “itzulgarria zein borondatezkoa” izan dadila eskatu dute sindikatuek.

 

Telelaneko LAP


Agerikoa denez, Langileen Estatutuan (13.4. artikuluan) eta Telelanari buruzko Esparru Hitzarmen Europarrean LAPen arloan zehaztutako eskubideen babespean daude telelangileak. Nolanahi ere, oso zaila da prebentziorako neurriak behar bezala ezarri eta ikuskatzen direla bermatzea.

Laneko Ikuskaritza ezin da telelangilearen etxebizitza pribatuan sartu, aldez aurretik baimenik eman ez badiote edo epailearen agindurik ez badu. Gainera, lana etxebizitza partikular batean egiten bada, enpresek segurtasuneko zein higieneko neurrien betearazpen-maila ikuskatzeko eta kontrolatzeko dituzten ahalmenak familiaren etxebizitzako intimitateagatik geratzen dira mugatuta.

Bestetik, zaila ere bada istripu bat lanekoa edo arrunta den zehaztea. Alde horretatik, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrera (GSLO) jo besterik ez dago. Izan ere, horren arabera, “aurkako frogarik egon ezean, langileak lanaldian eta lantokian jasaten dituen lesioak hartuko dira lan-istriputzat”.

Patologia ohikoenak pantailen etengabeko erabilerarekin daude lotuta (ikusmen-nekea, gerriko eta lepoko lesioak, tendinitisa, karpoko kanalaren sindromea, buruko minak...). Dena dela, oraindik tipifikatu ez diren nahasmenduak daude, nahiz eta haiei buruz sarritan hitz egiten den. Isolamenduaren eta denbora-mugarik gabeko lanaldietan jasandako zeregin-gainkargaren ondorio psikologikoak dira.