2. Eskabidea egitean kontuan izan behar diren alderdiak
IZOk gaur egun Administraziorako egiten du lan eta, batez ere, Eusko Jaurlaritza eta bere erakundeak dira gure bezero. Jaurlaritzari lotutako Sail, erakunde autonomiadun edo entitate bakoitzak erabakiko du nori emango dion baimena aplikazio hori erabiltzeko eta, ondorioz, IZOri itzulpenak, berrikusketak eta interpretazio-saioak eskatzeko. Baldintza hauek betetzen dituen solaskidea IZOren aplikazioan altan egon behar da. Horretarako, posta elektronikoz jarri behar da harremanetan IZOrekin, izo@ivap.eus helbide elektronikoa erabilita. IZOk eskatzaileari bidaliko dion inprimakia behar bezala beteta bueltatzen denean, alta izapidetuko da eta berrespena jasoko du solaskideak erantzunean.
Itzultzeko edo berrikusteko dokumentuak eta interpretazio-saioak ITZULNET aplikazioaren bitartez eskatuko zaizkio IZOri bai XLNetS bidez (aplikazioen gunetik), bai ziurtagiri digitala erabiliz (txartela) edo bai helbide honetatik:
- ITZULNET
- www.ivap.euskadi.eus > IZO > Itzulpen, berridazketa edo interpretazioen eskaerak
Aplikazioa ez badago erabilgarri, CAUra deitu behar da (440) egoera konpon dezan, eta, aplikazioa erabilgarri dagoenean, bertatik egin beharko da eskabidea.
ITZULNET aplikazioaren bitartez, solaskideak, momentu oro bere eskaeraren egoera ikus dezake. Aurrekontua eskatzen denean, onartu egin beharko da IZO espedientea tramitatzen has dadin, bestela, itxi egingo da espedientea. Itzulpen eta berrikusketen kasuan, lana amaitutakoan, aplikaziotik jaitsi ahal izango da testu itzuli edo berrikusia.
Itzulpen edo berrikusketa lana edo interpretazio-saioa fakturagarria denean, eskatzailearen izenean fakturatuko da.
IZOren prezio publikoak Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko ekainaren 20ko AGINDUAn daude finkatuta, (AGINDUA, 2022ko ekainaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen diru-zenbatekoa ezartzen duena) , eta IZOren helburuak eta lehentasunak islatzen dira bertan. Ez dute dirua biltzea helburu, Jaurlaritzaren Administrazioko sail eta erakunde autonomiadunen itzulpen-politikan eragitea baizik.
IZOren prezioak garrantziaren alderantzizkoak dira: garrantzizkoak merkeenak dira eta errazak garestienak, bai itzultzeko, bai berrikusteko.
Bestalde, testuak gaztelaniara itzultzea euskaratzea baino askoz merkeagoa da, euskarazko sorkuntza bultzatze aldera.
Noren izenean joango da faktura?
Arau orokorra: faktura lana eskatzen duen pertsona eta entitatearen izenean joango da.
Salbuespen gisa, faktura, espedientearen eskatzailea ez den beste pertsona baten izenean bidal daiteke, baina ADI! Hasiera-hasieratik jakinarazi behar zaio IZOri horren berri, honako hau adieraziz:
- Zer erakunde arduratuko den faktura ordaintzeaz, eta haren Kudeaketa Organoa (DIR3).
- Faktura noren izenean bidali behar den.
- Gainera, beste erakunde horren ONIRITZIA behar da.
Testuak idazten dituztenek tarte luzea hartu ohi dute haiek idatzi eta moldatzeko, baina oso epe laburrak aurreikusten dituzte itzultzeko, aurreikustekotan. Maizegi eskatzen da testu mardulak egun batetik bestera itzultzeko, edo hilabeteetako eta urteetako lanak astebetean itzultzeko. Kalitatezko itzulpena lortzeko, nahitaezkoa da testuaren luzeraren eta zailtasunaren araberako epea hartzea. Lanegun bakoitzean 4/5 orrialde (1.000 hitz, gutxi gorabehera) itzultzea izan daiteke arrazoizko epea, itzulpen-atazari heltzen zaionetik. Kontuan hartu, gainera, hainbat izapide bete behar direla itzulpen- edo berrikusketa-lana hasi baino lehen (espedientea sortu, kalifikatu, aztertu eta banatu; terminologia kontsultatu, erreferentziak bilatu, idazleari zalantzak galdetu…).
Epea proposatzen denean, hauek hartu behar dira kontuan (Prentsako zuzeneko kudeaketan eta EHAArako eskaeretan izan ezik):
- Lanegunak bakarrik zenbatuko dira eta kontuan hartuko da eskabidea zein ordutan egin den.
- Itzulpena egiteko, 1.000 hitzeko lanegun bat zenbatuko da, eta, berrikusketa egiteko, 2.500 hitzeko lanegun bat.
- Itzulpena/berrikusketa kudeatzeko, beste lanegun bat ere zenbatu behar da.
Itzulpena edo berrikusketa noizko nahi den adieraztean, kontuan izan behar da gutxieneko epearen kalkulu hori. Nolanahi ere, eskaera egitean ipinitako data gutxi gorabeherakoa izango da, eta IZOren adostasuna beharko da. Aplikazioan eskaera egiteak ez du esan nahi IZOk lan hori onartu duenik. IZOk beste data bat proposa dezake, eta proposatutako data berria onartzeko IZOk ematen duen denbora-tartean erantzun beharko da; denbora-tarte horretan erantzun ezean, itxi egingo da espedientea.
Dokumentu-formatu jakin batzuk behar ditu IZOk, testuak behar bezala itzuli eta berrikusi ahal izateko. IZOk itzulpen-lanean testua editatu, manipulatu eta moldatu behar du, eta, beraz, formatuak bat etorri behar du ezinbestean gure aplikazioekin eta prozedurekin.
-
PDF formatua
Itzuli edo berrikusi beharreko testua PDF formatuko fitxategi batean dagoenean, testu editagarri bat eskuratu edo landu behar da itzulpena edo berrikusketa egin ahal izateko.
Aukerarik onena da PDF formatuko fitxategia sortzeko erabilitako jatorrizko dokumentua lortu eta hura bidaltzea. Izan ere, PDF fitxategiak testu-prozesadoreren batean eginiko fitxategietatik sortu ohi dira.
Fitxategia PDF formatura bihurtu aurreko fitxategi editagarria lortu ezin denean, solaskideak PDF fitxategia bidaliko du bere horretan. IZOk docx formatura bihurtuko du fitxategia itzulpena edo berrikusketa egiteko, Word aplikazioarekin irekiz, eta docx formatuan entregatuko du itzulpena.
Itzuli edo berrikusteko PDF fitxategia docx formatura bihurtzean testua aldatzen bada edo akatsak sortzen badira, solaskideak zuzendu edo kopiatu behar du itzulgaiaren testua fitxategi editagarri batean, eta hura bidali IZOra.
-
Argazkiak eta irudiak
Dokumentuetako irudiak ezin izaten dira editatu. Irudietako testua itzultzea nahi izanez gero, formatu editagarrira atera behar da, eta horrela bidali IZOra. Itzuli beharreko dokumentuan editagarri ez den irudia aurkituz gero (grafikoren bat, adibidez), bere horretan utziko da, itzuli gabe.
Aplikazioetako literaletan eta lokalizazioetan lagungarri agertzen diren irudiak BAT ETORRI behar dira itzulpenerako bertsioarekin. Alegia, gidaliburua euskarara itzultzeko, euskarazko irudiak beharko dira. Oro har, itzuli beharreko dokumentu-mota guztietarako balio du ohar honek.
-
Excel-liburuetatik datozen diagramak
Word eta PowerPointeko fitxategietan diagramak badaude eta excel-liburuetatik badatoz, IZOk ez ditu diagramok itzuliko. Diagrametako edukia itzuli nahi bada, bi aukera dauzka solaskideak:
- Diagramak Wordeko dokumentu batean kopiatu, dokumentu hori PDF formatuan gorde, eta PDF fitxategi hori ere IZOra bidali.
- Aparteko dokumentu batean eskuz idatzi diagramako edukia, eta dokumentu hori ere IZOra bidali.
EHAAn argitaratzeko diren espedienteak trataera berezia dute, bai formatu aldetik, bai bestelako prozeduretan ere, eta oso kontuan izan behar dira jarraibide guztiak:
-
EHAA formatua (argitaratzeko)
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko bada, espedienteari lotutako dokumentu guztiak EHAA formatuan bidali behar dira. EHAAko formatuari buruzko xehetasunak esteka hauetan aurkituko duzue, “Menu Nagusiaren” “Idazketa Arauak” atalean .
-
EHAA formatua (tramitatzeko)
Testua momentuz ez bada argitaratu behar, baina etorkizunean argitaratuko dela aurreikusten bada, kasu honetan ere, EHAA formatuan bidali behar dira dokumentuak. Horrek asko laguntzen du itzulpen-memorietan testua berreskuratzerakoan.
-
Beti BINAKA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko dokumentu guztiak (itzulpenak nahiz berrikusketak) bikoiztuta bidali behar dira ITZULNETetik; hau da, gaztelaniazko bertsioari C jarrita, eta euskarazkoari E (nahiz eta oraindik itzuli gabe egon). Arau hau dokumentu guztiekin bete behar da, bai nagusiekin bai eranskinekin, tramitatzerakoan aplikazioek beti eskatzen dituztelako bi bertsioak (C eta E).
-
Beti ZIP batean
Goian esan bezala, beti binaka joan behar dira dokumentuak, eta, gainera, beti joan behar dira ZIP baten barnean sartuta. Ez sartu, beraz, espedientean dokumentuak solte (docx), dokumentuak banaka sartuz gero, arazoak sortzen baitira sinaduraren kudeaketan.
-
Estekak EU
Berrikusketa-espedienteetan URL edo estekak aipatzen badira, euskarazko bertsioan euskarazko eredura doazenak jarri behar dira. Itzulpen-espedienteetan ere, euskarari dagokion dokumentuan, berdin jokatu behar da: euskarazko eredura doazen URL edo estekak jarri behar dira euskarazko bertsiorako.
-
EHAA-EPEA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian testua argitaratzeko data hitzartu aurretik, nahitaezkoa da Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekin harremanetan jarri eta itzulpena edo berrikusketa egiteko epea finkatzea (eta ez, alderantziz). Argitalpena prestatzeko, denbora behar da; baina testuak itzultzeko edo berrikusteko ere bai.
Berrikustera bidaltzen diren testu elebidunek landuta eta bukatuta egon behar dute, eta ez dute izan behar zirriborro hutsak. Dokumentu-eredu batean oinarrituta osatutako testuei zein hutsetik sortutakoei dagokie baldintza hori. Bukatu gabeko testuak edo zirriborroak bidaliz gero, nahasgarri gertatzen da, eta oztopatu egiten da lana. Horrelakoetan, posible da espedientea bertan behera uztea testu elebidun egokiak jaso arte.
-
EHAAn argitaratzeko testu elebidunak
EHAAn argitaratzekoak diren testu elebidunak arreta handiz egin behar dira, eta egileak hartu behar du bere gain bi bertsioen erantzukizuna (euskarazkoarena ere bai). Beraz, euskarazko testuaren hizkuntza-egokitasunari dagokionez, begiratu behar da ondo ea data eta datu guztiak egokiak diren eta errespetatu egin behar dira IZOk proposatutako ereduak, ezarritako arauak eta emandako jarraibideak. Arau hau bete ezean, atzera bota daiteke espedientea.
-
Bestelako testu elebidunak
Berrikusketa bat eskatzen denean, dokumentuaren itzulpena non eta nola egin den adierazi beharko da, ITZULNET bidez egindako eskaeraren 3. URRATSEAN: Eskaera-datuetan adierazita. Kontuan izan behar da beti, euskarazko bertsioan agertzen diren irudiak, oharrak, URLak eta abarrak ere euskaraz egon behar direla.
-
Itzultzaile automatiko neuronalaz egindako testuak
Itzultzaile automatiko neuronalak asko lagun dezake bi hizkuntzetan lan egiteko orduan, bigarren hizkuntzako bertsiorako oinarria eskaintzen digulako oso denbora laburrean. Baina IAN erabilita sortutako testuak ez dira bere horretan erabilgarriak. Hizkuntza-maila egokia duen pertsona batek zuzendu behar du zorrotz eta testua egokitu. 62/2023 Ebazpena (‘2.2.5. Sortze-hizkuntza’ puntuko ‘Itzulpen-irizpideak’ atala).
Hori dena kontuan izanda, eta ez dugunez inoiz jakingo IANez itzulitako testua zuzendu den, edo, zuzendu bada ere, testua nork zuzendu duen, nola zuzendu duen edo osorik zuzendu duen… IZOk ez du printzipioz IANez itzulitako testuak zuzentzeko ardurarik hartuko. IZOrentzat errazagoa eta seguruagoa da bere prozedura errespetatzea eta, automatikoki itzulitakoa berrikustea baino, testua hasieratik itzultzea.
Zergatik? Administrazioko testu gehienek historia bat daukate aurretik, eta IZOk dokumentatuta dauzka milioika esaldi. IZOren prozeduran, lehenik eta behin, itzulpen-memorietan gordeta daukagun dokumentazioa erabiltzen dugu, gaiari lotutako glosarioak erabiltzen ditugu, eta testu barnean agertzen diren erreferentziak eta lege-aipuak errespetatzen ditugu… eta, gainera, guk ere erabil dezakegu IAN guri interesatzen zaizkigun segmentuetan.
Testu-mota batzuk oso bereziak dira euren eragina eta zabalkundea kontuan hartuta. Bi hizkuntza ofizialetan baliokideak izan behar dute, eta eragin zuzena dute gizartean, luzaroan. Horrelakoak dira lege-aurreproiektuak, esaterako, irakaskuntzako moduluak eta aplikazio informatikoak. Bi hizkuntzetan emaitza ona lortzeko, idazketa elebiduna edo korredakzioa da biderik egokiena, zalantzarik gabe. Idazketa-mota honetan testu-sortzailea (arloko aditua) eta itzultzailea (hizkuntza-aditua) aldi berean edo elkarrekiko harreman estuan sortzen dute testu elebiduna. Baliokidetasuna bermatuta dago era horretara.
Tramitagunen agertzen da testu elebiduna korredakzioan sortzeko aukera, lege-aurreproiektua tramitatzerakoan. IZOk automatikoki jasotzen du orduan mezua, horren berri emanez. Gainerako kasu guztietarako, IZOrekin zuzenean harremanetan jartzea da onena, helbide hau erabilita: izo@ivap.eus
Lege-aurreproiektuak eta, oro har, lege-xedapenak IZOk berak itzuli behar ditu, eta IZOren jarraibideak errespetatu behar dira BETI. Esan bezala, lege-aurreproiektuak eta xedapenak dira idazkidetzan edo korredakzioan sortzeko testurik aproposenak. Bide horretatik, legelariak eta itzultzaileak batera sortuko dute testu elebiduna, baliokidetasun juridikoa bermatzeko.
Dena den, 6/2022 legearen indarrez, EAEko lege-aurreproiektuen prozedura guztia egokitu da 2025. urtean. Lege horren arabera, lege-aurreproiektuak idazterakoan, ibilbide osoan joan behar dira euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak elkarrekin, IZOk gainbegiratuta. Horretarako, Tramitagune eta Itzulnet aplikazioek bat egingo dute zenbait puntutan, eta aurreproiektuaren bertsio elebiduna lau aldiz igaroko da IZOtik. Prozesuaren bukaeran, lege-aurreproiektua Gobernu Kontseilura joan aurretik eta, are gehiago, Legebiltzarrera joan aurretik, IZOk azken egokitzapena eta irakurraldia egin behar du eta sinatuta bidali behar du. Horrekin batera, itzulpenean eta berrikusketan erabiliotako materiala ere (memoriak eta glosarioak) txertatuko ditu, lege-proiektuaren ibilbidean lagungarri izan daitezkeelakoan.
Dekretuen prozedurak baliteke antzekoa izatea, baina hori aurrerago zehaztu beharko da.

Webguneak edo aplikazio informatikoak sortzeko biderik egokiena eta gomendagarriena idazkidetza da. Ezinbestean itzulpena egin behar bada, baldintza hauek bete beharko dira, gutxienez:
-
Koherentzia
Ezin dira itzuli literal testuingururik gabeak, ulertezinak edo inkoherenteak. Beraz, saiatu ahalik eta azalpen gehien ematen (zein aplikazio/webgune den, zeri buruzkoa…).
-
Harremanetako pertsona
Espedientearen eskatzaileak zalantzak argitzeko harremanetarako pertsonaren datuak emango ditu eskabidearen 3.urratsean.
-
Sarbidea
Aplikazioa edo webgunea osorik ikusi eta erabiltzeko baimena izan behar du itzultzaileak; beraz, sarbide hori gaituta egongo da, eta solaskideak erabiltzailea eta pasahitza erregistratuko ditu, edo, web-orria bada, estekaren erregistroa egingo du, IZOri egindako eskaeraren 3.urratsean.
-
Itzulgaia
Literal asko badira, webgunean edo aplikazioan dagokien atalaren arabera multzokatuta bidaliko dira, eta ez alfabetikoki ordenatuta; hau da, webguneko edo aplikazioko erlaitz jakin batean dauden literal guztiak batera jarriko dira, menuko azpiatal baten barruan daudenak ere batera… Excelen, adibidez, erlaitzetan sailka daitezke literalak, dagokien atalaren arabera multzokatuta:
Itzultzera bidali nahi dena webgune edo aplikazio baten inguruko argibideak badira, ezinbestekoa da webgunea edo aplikazioa bi hizkuntzetan egotea, ez baitauka zentzurik webgunea edo aplikazioa hizkuntza jakin batean egotea eta eskuliburua edo argibideak beste hizkuntza batean.
-
Pantaila-argazkiak
Pantaila-argazkiak ere bidaliko dira, ahal bada markatuta, zeren eta baliteke pantaila-irudia testuz beterik egotea eta itzultzaileak denbora asko galtzea literalaren bila. Honela bidal daitezke pantaila-irudiak, adibidez:
Kontuan izan aplikazioaren zati batzuk lehendik itzulita badaude, pantaila-argazkiak gaztelaniaz eta euskaraz bidali behar dira. Helburua da lehendik dagoen itzulpena eta orain sortuko dena koherenteak izatea.
- Pantaila-irudiez gain, literalak webgune edo aplikazioan aurkitzeko helbidea bidal daiteke, itzultzaileak webguneko tripetatik eta atal batetik bestera bila denbora alferrik galdu ez dezan. Adibidez, lan-poltsen aplikazioko pantaila-irudi honetan,

- helbidea hau izango litzateke:
- Lan-poltsak > Nire karpeta > Nire profila > Gehitu harremanetarako datuak
- Pantaila-irudiez gain, literalak webgune edo aplikazioan aurkitzeko helbidea bidal daiteke, itzultzaileak webguneko tripetatik eta atal batetik bestera bila denbora alferrik galdu ez dezan. Adibidez, lan-poltsen aplikazioko pantaila-irudi honetan,
-
Oharra
Horrelako informaziorik ez badago, idazkidetza edo korredakziora jo beharko da: alegia, hasieratik bertatik batera aztertu behar dira hizkuntza batean eta bestean hobekien egokitzen diren antolaerak eta adierazmoldeak, bai grafikoak bai linguistikoak.
Izan ere, webguneak edo aplikazio informatikoak eta haien eskuliburuak sortzeko kontratuetan, kontratatutako enpresak bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu behar du lana. Xedapen hauetan dago ezarrita:
- 2016-04-26ko Erabakia (PDF, 252 KB) (eranskineko seigarren jarraibideko 4. eta 5. puntuak).
- 62/2023 Ebazpena (‘1.0.6. Hizkuntza-klausulak’ puntuko ‘Kontratu publikoak’ atala eta ‘2.2.4. Baliabide informatikoak’ puntua).
-
AZKEN BERRIKUSKETA: itzultzailea eta informatikaria linean konektatzea
- Itzuli ondoren, informatikariak aplikazioan sartuko ditu euskarazko ordainak
- Gero, itzultzailea eta informatikaria Teams bidez konektatuko dira (edo bulegoan bildu). Informatikariak azalduko dio itzultzaileari non txertatzen diren euskarazko literalak, eta itzultzaileak konfirmatu edo moldatuko du testua.
-
Azterketak
Azterketak ere aditu berak bi hizkuntzetan sortzea lortu behar genuke. Idazketa elebiduna ere izan liteke aurrerapauso handia arlo honetan. Itzulpengintza ohikora jo behar bada, ezinbestekoa da itzultzaileak egilearengana jotzeko aukera izatea (telefonoa edo helbide elektronikoa) eta azterketa prestatzeko erabilitako erreferentzien berri izatea (erantzun zuzenen iturburuak, esaterako).
-
Isilpeko testuak
Azterketak isilpeko testuak izanik, ITZULNETen berariaz horretarako prestatuta dagoen eremua (“Isilpekoa da?”) markatu behar da, eta dokumentuak enkriptatuta bidali behar dira, ITZULNETek fitxategiak enkriptatzeko ematen duen tresna erabilita. Berdin jokatu behar da IZOra itzultzera edo berrikustera bidaltzen diren gainerako dokumentu konfidentzialetan ere, hala nola kontratu, hitzarmen, arau-proiektu berezi eta abarretan.
Oso-oso garrantzi handikoa da testua ondo editatuta egotea, etenik gabe eta esaldiak osorik, bestela, ordenagailuz lagundutako itzulpengintzarako programetan ezin dira testuak egoki prozesatu eta zaildu egiten da itzulpen-prozesua.
-
Aurkibideak ondo eratuta:
Dokumentu luze bat AURKIBIDEAri lotuta antolatuz gero, modu egokian editatuta egon behar dute hiperestekek eta loturek. Jatorrizkoan ondo ez badago, ezinezkoa izango da euskarazko bertsioan ondo egotea. Gogoratu behar dugu oso zaila eta lan nekeza dela gerora aurkibidea berrantolatzea, eta zeregin hori eskatzailearen esku geratuko dela.
-
Esaldiak egoki eta osorik:
- Ez eten esaldi eta sintagmak paragrafo-markekin (¶).
- Ez eten esaldi eta sintagmak tabulazioekin.
- Ez eten esaldi eta sintagmak sekzio-jauziekin.
- Ez eten esaldi eta sintagmak testu-koadro bereizietan.
- Itzulgaia ez bidali letra gorriz, ahal dela.
- Ez jarri izen luzeegiak fitxategiei. Izenean erabilitako karaktereak sinpleak izango dira, ezin dira erabili honako hauek: tildedun bokalak (á, é, í, ó, ú), dieresiak (ä, ë, ï, ö, ü), letra batzuk (“ñ”, “ç”…) , galdera edo harridura-sinboloak, eta, oro har, era guztietako sinboloak.
Testu baten zati bat bakarrik itzuli behar denean:
- Dokumentu batean, itzuli nahi den testu-zatia bakarrik bidaliko da, baina itzuli ahal izateko unitate minimoa BETI izango da paragrafo osoa (ez zati edo hitz solteak). Itzultzeko bidaltzen den jatorrizko testuan EZIN dira BI hizkuntzak (ES+EU) batera agertu, dokumentu berean nahastuta daudela (ez bi zutabetan, ez modu integratuan...). Beraz, nola bidali behar da?
- ITZULI BEHARREKOA aparteko dokumentu batean aurkeztu beharko da, garbi, paragrafo osoak dituela (sekula ere ez bi hizkuntzak nahasian direla).
- ERREFERENTZIA modura, beste dokumentu batean, testu osoa bidaliko da, testuingurua zein den jakiteko lagungarri.
EHAAn argitaratzeko diren eskaeretan dokumentu bereizietan etorriko dira, batetik, gaztelaniazko eta, bestetik, euskarazko bertsioak. Berrikusketa denean, erabat euskaratuta egon behar da euskarazko bertsioa, gaztelaniazko inolako zatirik gabe.
Oso garrantzitsua da itzulpena zertarako den jakitea. Esate baterako, ez da berdin hauetako edozein itzultzea: makina bat erabiltzeko argibideak, testuliburu bat, lege-testu bat, hitzaldi bat, webgune bat edota entziklopedia bat.
Testu batzuk ulertzeko, bestalde, beharrezkoa izaten da haien aurrekari eta erreferentziak ezagutzea: adibidez, Legebiltzarrerako erantzunen kasuan. Erabat beharrezkoa da aurrekari eta erreferentzia horiek helaraztea. Beraz, kontuan izan beti BI puntu hauek:
-
Datu osagarriak
ITZULNET bitartez espedientea sortzen denean, ondo zehaztu lagungarri diren datuak:
- Oharrak:
- Aurrekariak
- Aplikazioak ezartzen duena baino lehenago behar baduzu itzulpena
- Isilpekoa bada nori eskatu behar zaion pasahitza…
- Aurrekariak
- Dokumentu horrekin zerikusia duten IZOko espedienteak…
- Oharrak:
-
Erreferentziako fitxategiak
Horrez gain, egotekotan, lagungarri izan daitezkeen erreferentziako fitxategiak ere dokumentuarekin batera bidali behar dira:
- Testuaren aurreko bertsioak
- Lotura duten testuak...
-
Hitz-kopuru minimoa
IZOk ez ditu onartuko hitz solteak edo testu txikiak itzultzeko espedienterik. Itzulgaia onartzeko, testuak 50 hitz izan behar ditu gutxienez. Hortik beherako kopurua izanez gero, bertan behera geratuko da espedientea. Testu labur horiek osatu ahal izateko, lagungarri izan daitezke lankideak, Idazlagun zerbitzua, euskara-teknikaria, IDABA eta hizkuntza-baliabideak. Salbuespen izan daitezke, IZOk hala erabakiz gero, beste itzulpen handiago baten osagai diren testu-zatiak.
-
Espediente bakarra
Testu laburren multzo bat itzultzera edo berrikustera bidali behar denean, eta ezaugarriak berdin antzekoak direnean (epea, tarifa…), hobe da espediente bakar bat erabiltzea horretarako, edo dokumentuak banan-banan igota edo ZIP batean bilduta; bi aukerak ematen ditu ITZULNETek. Dokumentu bakoitzeko espediente bana sortzen bada, kudeaketa-lana ere asko luzatzen da guztion kalterako.
Prezioari dagokionez, garrantzitsua da jakitea, batetik, espediente laburrei gutxieneko prezioa aplikatzen zaiela (20,66 €, BEZik gabe) eta, bestetik, 1.000 hitzera arteko espedienteetan ez direla aplikatzen itzulpen-memorietako kointzidentzien prezio-murrizketak.
Itzultzeko edo berrikusteko dokumentuak babestu beharreko datu pertsonalik badu, datuok ezabatu egin behar dira IZOra bidali baino lehen. Datu pertsonalak ezin badira ezabatu (EHAAn argitaratu beharreko zenbait testutan bezala), IZOk ez ditu datu horiek bere datu-baseetan sartuko.
-
Aktak
Bilera edo saioa egindako hizkuntz(et)an idatzi ohi dira aktak. Oso gutxitan gertatzen da beharrezko aktak itzultzea, saioaren testigantza jasotzeko dokumentuak baitira. Oro har, ez dago zertan aktarik itzuli, arrazoi sendoren bat egon ezean.
-
Dagoeneko itzulita dauden testuak
Batzuetan, dagoeneko itzulita eta argitaratuta dauden testuen itzulpenak eskatzen dira. Dagoeneko itzulita dauden eta Interneten aurki daitezkeen testuak ez dira onartuko itzultzeko, eta, beraz, bertan behera utziko da espedientea.
-
Kontratatutako enpresek entregatu beharreko testuak
Jaurlaritzaren Administrazioak egindako zenbait kontratutan, enpresa kontratistak produktu edo zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharra ezartzen da. Kontratazioa egin duen saileko edo erakunde autonomiaduneko Euskara Atalaren ardura da hizkuntza-betebeharrok betetzen direla egiaztatzeko jarraipena egitea, eta, beraz, kontratu-agiriak prestatzen hasten direnetik kontratu-amaierako adostasun-agiria sinatu arte gogoan izan behar dute euskal bertsioaren hizkuntza-kalitatea baloratzeko irizpideak zehaztu behar dituztela. IZOk, horrenbestez, EZ DU BERRIKUSIKO, ARE GUTXIAGO, ZUZENDUKO Administrazioak enpresa bati kontratu bidez esleitu eta ordaindu dion lan elebidunik. Xedapen hauetan dago ezarrita:
- 2016-04-26ko Erabakia (PDF, 252 KB)
- 62/2023 Ebazpena (‘1.0.6. Hizkuntza-klausulak’ puntuko ‘Kontratu publikoak’ atala, ‘2.1.1. Irudia’ puntuko ‘Iragarkiak eta publizitatea’ atala eta ‘2.2.4. Baliabide informatikoak’ puntua).
-
Liburuak
ISBNa edo lege-gordailua duten argitalpenak –liburuak, alegia–, administrazioko itzulpengintzaren esparrutik kanpo geratzen dira: aztertzen den gaiaren espezialitateari lotuta egon ohi dira, eta burutzeko epe luzea eskatzen dute. Ez dira, beraz, IZOn itzuliko.
-
Esloganak
Bereziki zaila gertatzen da esloganak itzultzea: hizkuntza jakin batean asmatutako hitz-jokoek ez dute gehienetan itzulpen errazik, eta oso litekeena da itzulpenak ez funtzionatzea. Esloganak bi hizkuntzetan batera asmatzea da bide bakarra. 62/2023 Ebazpena (‘2.1.1. Irudia’ puntuko ‘Iragarkiak eta publizitatea’ atala).
Euskarazko testuak idazteko orduan, baliabide asko daude eskuragarri, horietako batzuk Elkarlaneko erabiltzaileentzat bakarrik. ELET, euskaraz lan egiteko tresnen webgunea da. Bertan da, esaterako, DUDANET, euskarazko zalantzak argitzeko gunea. Hiztegietan ere aukera handia dago, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak babestutako Euskalterm, Terminologia banku publikoa. IDABA datu-basean IZOn egindako itzulpenak daude oinarri modura erabiltzeko. Tresna indartsua sartu da euskararen esparruan: itzultzaile automatiko neuronala. Aukera bat baino gehiago dago: IZOk dauka itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa; Eusko Jaurlaritzak du bat orokorragoa (Itzuli) eta ETBk beste bat hedabideetako euskaran oinarritua (batua). Euskaraz sortu eta landutako testuak berrikusteko Idazlagun zerbitzua sortu zen. Hona hemen, aipatutako baliabide horien esteka-multzoa:
-
IDAZLAGUN zerbitzua
-
ELET, IVAPek eskainitako “Euskaraz lan egiteko tresnak”
XLNET bidez, ziurtagiri digitalarekin edo XLNETeko erabiltzaile eta pasahitzarekin
-
IDABA, IZOko itzulpenen datu-basea
XLNET bidez, ziurtagiri digitalarekin edo XLNETeko erabiltzaile eta pasahitzarekin
-
DUDANET
-
Euskalterm hiztegia
-
IZOren itzultzaile juridiko-administratiboa
OHAR GARRANTZITSUA: Tresna hau lanean laguntzeko besterik ez da, eta bere emaitzak beti berrikusi eta zuzendu behar ditu euskaraz hizkuntza-gaitasun nahikoa duen pertsona batek. IVAPek ez du erantzukizunik izango tresna hau erabilita sortutako testu akastunek ekar litzaketen ondorio juridikoetan.
-
Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatiko neuronal orokorra
-
ETBren itzultzaile automatiko neuronala
-
Jakinarazpenak eta mezu orokorrak
IZOk Outlookeko mezuak bidaltzen ditu jakinarazpenak egiteko. Mezuak era askotakoak dira, eta beti arretaz irakurri behar dira. Jakingo duzuenez, honelako itxura izaten dute:

-
Zuzenketa egiteko errekerimendua
Zuzenketa-errekerimendua egiteko mezua jasotzen denean, solaskideak lehenbailehen erantzun behar dio eskatutakoari, tramitazioak aurrera egin dezan.


-
Espedientea ezeztatzeko mezua
Baliteke espedientea ezeztatzea, bezeroak berak hala eskatuta edo prozedurazko akatsak egon direlako.


Hauek dira arrazoi nagusiak:
- Zuzenketa-epea amaitu da
- IZOk atzera bota du zuzenketa
- Aurrekontua ez da onartu epe barruan
- IZOk proposatutako data ez da onartu epe barruan
- IZOk proposatutako data atzera bota da
- Aurrekontua atzera bota da
-
Espedientea bertan behera uzteko mezua
Azkenik, IZOk zuzenean utzi dezake espediente bat bertan behera, baldin eta jarraibide hauetan ezarritako jarraibideak errespetatzen ez badira.


Hauek izaten dira arrazoi nagusiak:
- DOC luzapenak ez du balio. DOCX izan behar da.
- Ez ditu EHAAko baldintzak betetzen
- PDF dokumentua ez da editagarria
- Itzulgaia 25 hitzetik beherakoa ezin da izan
- Dokumentua aurreko espediente batean dago itzulita
- 1000 hitzetik beherakoa. Presazkoetatik bideratu
- Literalak + kontesturik gabeak. Ezin dira itzuli
- Hizkuntzak ezin dira testu berean nahastu
- URLa edo irudiak (pantallazoak) gaztelaniaz daude
- Test-zati txikiak, solte, loturarik gabeak
- Kalitate gabeko testua (ortografia, akatsak...)
- Testua itzultzaile automatiko neuronalaz egin da
- Ediktua testu-mota ez da itzuliko (berrikusketa)
- Ez da eskatutako errekerimendua gauzatu
- Eskatzaileak espedientea baztertu nahi du
- Espediente mota ez da egokia
- Erlazionatutako dokumentuak esp. bakarrean bildu
Azken aldaketako data:
