Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana.

LPSak EAE osorako antolamendu sektorialeko planak dira. Plan horiek idaztea Eusko Jaurlaritzako edo, hala badagokio, foru-aldundietako sail, zuzendaritza edo erakunde eskudunen mende dago, eta gai jakin baterako antolamendu-tresna zehatzagoak dira, HAPOek ere errespetatu beharrekoak. LPSek honako gai hauek antolatzen dituzte, besteak beste: Nekazaritza eta basogintza, Ibaien eta Erreken Ertzak, Errepideak, Energia Eolikoa, Trenbide Sarea, Jarduera Ekonomikoetarako eta Merkataritza Ekipamenduetarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoa, Hezeguneak, Itsasertza Babestu eta Antolatzea, Hiri Hondakinen Azpiegiturak edo Bizikleta Bideak.

Trenbidea elementu estrategikoa da mugikortasun-eredu jasangarriago, eraginkorrago eta sozialki ekitatiboago baterantz aurrera egiteko. Klima-arloko nazioarteko konpromisoak nagusitzen diren honetan, ezinbestekoa da euskal trenbide-sistemaren lurralde-plangintza eguneratzea, behar bezala integratuko dela bermatzeko, bai eta eskaera berriei erantzuteko gaitasuna izango duela eta gizarte- eta lurralde-kohesioari ekarpena egingo diola bermatzeko ere. Horri guztiari esker, trenbide-sareak mugikortasun kolektiboaren eta garraio publikoaren funtsezko azpiegitura gisa duen eginkizuna indartu ahal izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko, eta harrezkero, trenbide-sarearen jarduketak eta garapena zehazteko, datozen urteetan tren-azpiegiturak eraikitzea bermatuko duten lurzoru-erreserbak ezartzeko eta hirigintza-plangintza baldintzatzeko antolamendu-tresna izan da. Ondoren, otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez, planaren aldaketa bat onartu zen, Bilbao Metropolitarreko eta beste udalerri batzuetako trenbidearen antolamenduari buruzkoa.

Hogei urte baino gehiago igaro direnez plana onartu zenetik, hura berrikusteko unea da, EAEn trenbide-azpiegitura ezartzeko eta garatzeko jarduketak eguneratu eta definitzeko, ukitutako lurzorua behar bezala antolatzeko eta erkidegoko plangintza Europa barneko trenbide-sarean aurreikusitako jarduketekin koordinatzeko.

Berrikuspen horrek bat etorri behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin (LAG) –zeinak 2019an onartu baitziren behin betiko eta klima-erronkez eta jasangarritasun-erronkez kontzienteago den plangintza-belaunaldi berri bat adierazten baitute– eta EAEko mugikortasun-estrategiarekin. Halaber, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuak, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituenak, berariaz ezartzen du plan hori egiteko beharra.

Agindu horiek betez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearekin bat etorriz, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorial berria prestatzeari ekingo dio. Plan hori sarea garatzeko beharrezkoa den sektore- eta hirigintza-arloko esku-hartzea planifikatzeko eta arautzeko tresna izango da. Prozeduraren helburu zehatza indarrean dagoen LPS berrikustea eta egokitzea izango da.

4/1990 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, LPS berria lurralde-plan partzialetarako aurreikusitako prozeduraren arabera izapidetu beharko da. Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak ezartzen du zein diren halako prozedurak eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurarekin integratzeko prozedurek bete behar dituzten izapidetze-printzipio orokorrak, eta, bereziki, herritarren parte-hartzearen eta informazio publikoaren printzipioa ezartzen du.

AGINDUA, 2026ko apirilaren 15ekoa, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarena,Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala berrikusteko eta egokitzeko prozedura hastea erabakitzen duena.(Hasierako agindua (PDF, 152 KB) )

Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren, gizarte zibilaren eta sektore profesionalaren informazio garrantzitsua eta kalitatezkoa jasotzea hasieratik, planaren idazketan haien ikuspegiak txertatzeko.

Lurralde Plan Sektoriala idazteko partaidetza-prozesua Eusko Jaurlaritzak sustatutako hitzarmengune publikoaren mekanismoa da, Euskadiko trenbide-azpiegituraren esparruan eredu berriaren oinarriak gizartearen partaidetzarekin garatzeko.

Herritarren Partaidetza Programa, beraz, Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesuan Eusko Jaurlaritzak parte-hartze publikorako duen estrategia definitzen duen dokumentua da. Programa horrek ezartzen du nola garatuko den parte-hartzea Plana idazteko prozesuaren fase bakoitzean.

Partaidetza-prozesu hori, Planaren zirriborro-fasean zentratua, funtsezko tresna da, plan berria erabilgarria, errealista eta adostua izango dela bermatzeko.

Parte-hartze publikoaren proposamenak oreka bilatu behar du: batetik, irekia eta malgua izan behar du, herritar guztiek eta sektore profesionalak parte har dezaten, eta, bestetik, egituraketa operatibo praktikoa eta zehatza izan behar du, Lurralde Plan Sektoriala idatziko duten taldekideek eta hura egiteko eta onartzeko organo eskudunek parte-hartze hori ezagutu, sintetizatu eta aintzat hartu ahal izan dezaten.

Hauek dira aurkeztu den partaidetza-prozesuaren helburu espezifikoak:

-EAEko Trenbide Sarearen II. Lurralde Plan Sektoriala herritarrei eta sektore profesionalari ezagutaraztea.

-Proiektua hedatzeko beharrezkoak diren komunikazio-espazioak diseinatzea eta erraztea.

-Helarazi beharreko mezuak proposatzea, bai eta partaidetza-prozesuaren komunikazio- eta kaptazio-faserako erabili beharreko komunikazio-euskarriak ere.

-Herritarrentzat eta sektore profesionalarentzat mezu eta informazio egokia sortzea, haien premia eta interes partikularrak kontuan hartuta.

-Egingo den partaidetza-saio bakoitzean garatu beharreko ekintzak eta jarduerak diseinatzea, bai herritarrentzat, bai sektore profesionalarentzat.

-Gizarte zibilaren eta sektore profesionalaren ekarpenak jasotzea, planaren diagnostiko-fasean.

-Euskadiko trenbidearen erabiltzaileen eta horretan interesa duten pertsonen ekarpenak jasotzea.

-Ikuspegi aditua duten eragileen begirada txertatzea, mugikortasunari lotutako erronka demografiko, teknologiko eta ingurumenekoei begira.

-Bildutako informazioa hautatu, antolatu eta egituratzea, plana idazteko prozesuaren egiturara eta terminologiara egokituz.

-Plana idatziko duen taldeari ekarpenak helaraztea, planean sartu ahal izateko.

 

Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren Herritarren Partaidetza Planak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzen duen partaidetza-prozesu bat planteatzen du, eta hiru lurraldeen artean dauden aldeak kontuan hartzen ditu.

Izan ere, lurralde bakoitzak ezaugarri geografiko, sozial eta ekonomiko desberdinak ditu. Desberdintasun hori eskura dauden trenbide-azpiegituren garapenean eta trenarekin duten harreman historikoan ere islatzen da. Horregatik, egingo diren topaketa-saioetan, II. Lurralde Plan Sektorialari buruzko informazio guztia helaraziko da, eta lurralde bakoitzean lantalde espezifikoak sortuko dira.

Herritarrekin ez ezik, sektore profesionalarekin ere lan egingo da, hau da, enpresa- eta industria-sarearekin, logistika-enpresekin eta EAEko kluster eta elkarte profesionalekin.

Partaidetza-prozesua elkarren segidako 5 fasetan egituratzen da. Prozeduraren fase bakoitzean egokiak diren tresnak eta ekintzak ezarriko dira, eta horietako zenbait ekintza aldi berean garatuko dira.

Prozesua fase hauetan egituratuta dago:

0 fasea. Prestaketa.

1. fasea. Komunikazioa eta kaptazioa.

2. fasea. Parte-hartzea.

3. fasea. Dokumentuak lantzea.

4. fasea. Itzultzea.