Lehendakaritza

Euskadi Japan 2023

Euskadi Japonia 2023 sektore anitzeko ekimena da, eta Euskadiren eta Japoniaren artean lehendik dauden harremanak areagotzea eta agerian jartzea du helburu, bai eta Euskadi Basque Country Japonian sustatzea ere. Asmoa da harremanak indartzea eta proiektu eta lankidetza berriak sortzea erakundeen, enpresen, kulturaren, gastronomiaren eta turismoaren esparruan.

Euskadi Japonia 2023 ekimena 2023an zehar, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, garatuko den ekintza-plana da. Programa honek barnean hartzen ditu sailek euren esparruetan (ekonomian, kirolean, kulturan, turismoan, gastronomian…) sustatuta ikuspegi sektorialarekin garatuko diren jarduerak, bai eta sektore anitzeko edukia duen jarduera bat ere, Tokioko metropolian 2023ko urrian antolatuko den “Basque Week”, hain zuzen ere. Programa hau zehazteko eta garatzeko lehentasunezko gure bazkidearen laguntza dugu.

Japonia, lehentasunezko herrialdea

Japonia lehentasunezko herrialdea da Euskadi Basque Country 2025 Estrategian. Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak sendotzen joan dira azken urte hauetan. Merkataritza-fluxuei Euskadiko gastronomiak Japonian duen gero eta posizionamendu handiagoa edo kultura japoniarrak Euskadin eta euskal kulturak Japonian sortzen duten interesa batu behar zaizkie.

Erakundeen mailan, Euskadik Elkar Ulertzeko Memorandumak sinatu ditu Fukushimako eta Mieko prefekturekin.

Japonia munduko hirugarren ekonomia da, eta industriaren eta teknologiaren arloan munduko herrialderik aurreratuenetako bat, eta merkatu oso interesgarria da, beraz, Euskadiko industriarentzat. Horren froga da azkenaldian herrialde horrekin gero eta jarduera gehiago garatzen direla, bai erakundeen mailan bai maila pribatuan, eta, bereziki, sektore estrategikoetan, besteak beste, automozioan edo energia berriztagarrietan.

Gastronomiaren arloan, Euskadik aitorpen nabarmena du Japonian. Horretan laguntzen du, besteak beste, HAZIk zuzentzen duen “Caprice” proiektuak, Euskadiko kalitateko produktuak sustatzeko denak eta Basque Culinary Centeren bidez garatzen denak.

Kulturaren arloan agerikoa da euskal kulturaren eta kultura japoniarraren arteko elkarrekiko interesa. Eta horren adibide argia euskararen eta japonieraren arteko loturari buruz egindako ikerlanak dira.

Sektore Anitzeko Programa

Euskadi Basque Country, kulturarekin eta gastronomiarekin lotutako jardueren bitartez, jendearen artean sustatzeko astea. Aste horretan programa zabala garatuko da, eta kaleko ekintzak leku itxietan egingo diren beste jarduera batzuekin tartekatuko dira.

Eremu irekia, kalean bertan, hiritarrekin elkar eragiteko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko.

Esperientzia kulturalak, herri kiroletakoak eta sukaldaritzakoak eskainiko dira. Asmoa da ikus-entzule japoniarrek aktiboki parte hartzea, eta euskal kulturaren, tradizioen eta gastronomiaren zati bat esperimentatzea.

Jarduerak eremu itxietan egingo dira profesionalei eta/edo erakundeei zuzenduta. Atal honetan barne hartzen dira, besteak beste, inaugurazioko ikuskizuna edo kontzertua edota lantegiak eta hitzaldiak.

Azken aldaketako data: