Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Helmuga turistikoak

Herriak

Ekora

Mahastiz betetako lautada inguruan duela, muino batean dago Ekora, Arabako Errioxan. Araba hegoaldeko landa giroko herrixken egitura bera dauka. Urteen joan-etorrian ia aldaketarik izan ez duten garaiera txikiko eraikin ugariz osatutako herrigunea dauka.

 

Errenazimentu garaiko hainbat eraikin ikus ditzakegu bertan. San Joan Bataiatzailearen eliza nabarmentzen da beste ororen gainetik. XIV. mendeko kanpandorre karratua dauka eta elementu gotikoak eta errenazentistak uztartzen ditu. Herrigunetik kanpo, kilometro batera gutxi gorabehera, Berzijanako Andre Mariaren baseliza (XIII-XIV) azpimarratu behar da. 1984an eraberritu zuten eta zuhaitzez jositako ingurune eder batean dago. Handik gertu, Iturri Zaharra izenez ezagutzen den Erdi Aroko iturri bat dago. Mahastiz betetako eskualdea izaki, ardoaren kultura oso errotuta dago herriaren bazter guztietan. Errioxa jatorri-deiturako ardoak ekoizten dituzten lau upeltegi txiki daude Ekoran.

 

Katearen dantza

Antzinako usadioak eta ohiturak ongi gordetzen jakin du Ekorak. Adibidez, urtero, maiatzeko bigarren asteburuan eta abuztuko hirugarrenean, Katearen dantza egiten dute Berzijanako Andre Mariaren omenez. Ama Birjina ermitatik parrokiara eta parrokiatik ermitara eramateko maiatzen eta abuztuan egiten duten prozesioan zortzi dantzarik eta Katximorro izeneko pertsonaiak parte hartzen dute. Bidean, lau gizonek eta lau emakumek hiru aldiz egiten dute dantzan aurrez aurre jarritako bi ilaratan. Alkandora zuria, prakak edo lasaiera handiko gona, abarketak eta buruko zapia janzten dituzte.

Datu interesgarriak

Hedadura
18.80 Km
Biztanle-kopurua
286

Ekitaldiak