Eskola Bikaina Denontzat

Eskola Bikaina Denontzat ekitatearen, inklusioaren eta hezkuntzaren kalitatearen aldeko mahaia da. Foro honen helburua euskal hezkuntza-sistema jasaten ari den aldaketa demografiko eta sozial sakoneko agertokiari aurre egitea da.

Asmo horretara batu dira 100 eragile inguru, eta 2025-2026 ikasturtean zehar hainbat bilera egin dituzte helburu argi batekin: neurri jasangarri eta egingarriak adostu, hezkuntza sistema eraldatu eta eskola segregazioa murriztu, emaitzak hobetu eta eskolaren efizientzia indartzeko.

Aldatzen ari den testuingurua

Bi datuk laburtzen dute hezkunza-sistemaren gaur egungo testuingurua: azken bi ikasturteetan, 13.000 matrikula gutxiago erregistratu dira hasierako etapetan, jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz. Bestalde, 2020-2021 ikasturtean 2.500 ikasle matrikulatu ziren ikasturtea hasia zela, eta iaz, aldiz, 8.000 izan ziren. Horietako asko beste herrialde batzuetatik datoz, etenak dituzte hezkuntza-ibilbideak, ez dakite euskaraz eta, kasu batzuetan, ezta gaztelaniaz ere, eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzte.

Egoera horren aurrean, erronkak bideratzeko, zailtasunak aukera bihurtzeko eta ikasleak beti erabakien erdigunean jartzeko gune anitza bezala ardazten da ituna.

"Bereizi beharrean, aniztasunean bat egingo duen eskola bermatu behar dugu, aukera-berdintasuna ez ezik, emaitzarik onenak ere ziurtatuko dituena, ongizate emozionala zainduko duen eskola bat eta euskara kohesio, harrera eta identitate komunitarioko elementu bilakatuko duena. Erronka konplexua bezain ilusionagarria da"

Lehendakariaren hitzak mahaiaren lehen bilkuran.

Itunari hasiera ematen zion lehenengo bileran eskola-segregazioari buruzko hasierako diagnostikoa aurkeztu zitzaien Mahaian parte hartzen duten eragileei, itunaren lan-oinarri gisa. Dokumentu hori eztabaidatu egin da, analisi partekatua izan eta ikasturtean zehar printzipioak eta neurriak zehazten laguntzeko.

Eskola-onarpenari buruzko datuetan eta eskola-segregazioari buruzko ISEI-IVEIren (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) eta EUSTATen estatistiketan oinarritutako hasierako diagnostikoak euskal eskola publikoak datozen urteetarako dituen erronka nagusiak jasotzen ditu. Besteak beste, adierazten du ikasle zaurgarrien kontzentrazio desorekatua dagoela zenbait ikastetxetan, faktore sozioekonomikoek, hizkuntzek, etorkinek eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiek baldintzatuta.

Hori oinarri hartuta, diagnostikoak ondorioztatzen du ezinbestekoa dela ikuspegia aldatzea, eskola-segregazioa murrizteko, kalitatea indartzeko eta ikasle guztiek, batez ere zaurgarrienek, aurrera egiteko aukera berdinak izan ditzaten bermatzeko.

Diagnostiko horretatik abiatuta, itunak helburu hauek ditu: Euskadiko segregazioa ikuspegi global eta partekatutik heltzea; sistema-mailan kalitatezko proiektu inklusiboak eta jasangarriak bermatzea; ikasle guztien aurrerapena bultzatzeko ikastetxe eraginkor batek zer ezaugarri izan behar dituen zehaztea; eta etorkizuneko hezkuntza-programazioaren eta -plangintzaren oinarri izango den araudi nagusia garatzea. 

Abiapuntu hori oinarri hartuta, Mahaia osatzen duten eragileek proposamen zehatzak zehaztu dituzte, lantalde espezializatu eta koordinatuen bidez, mahaiaren bileretan. Azken hilabeteetan, erakunde, ikastetxe, unibertsitate, familia, sindikatu, hezkuntza-sistemako elkarte, gizarte-erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariek egindako lanaren ondoren, Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren esparruan bederatzi proiektuen jarduerak adostu eta zehaztu dituzte.

Eskola Bikaina Denontzat programa 2025-2026 ikasturtean zehar garatuko da eta hiru fasetan egituratuko da:

  • 1. fasea: hasierako diagnostikoa balioztatzea (iraila)

      • 1. bilera: Bilboko Etxebarri Institutuan, 2025ko irailaren 9an.
      • 2. bilera:
  • 2. fasea: Itunaren ikuspegiari, misioari, balioei eta printzipioei buruzko adostasuna (urria-azaroa)

      • 3. bilera: Azpeitiko Izarraizpe Ikastola Publikoa BHI ikastetxean, 2025eko azaroaren 12an.
  • 3. fasea: Lehentasunezko esparruak definitzea eta proposamenak garatzea (abendua-maiatza)

      • 4. bilera: Gasteizko Montehermoso Kulturunean, 2025eko abenduaren 10ean.
      • 5. bilera: Gasteizko IDarte Euskadiko Diseinu Publikoko Eskolaren egoitza, 2026 urtarilaren 28an. 
      • 6. bilera: Bilboko San Inazio HLHIn, 2026ko apirilaren 27an. 

Fase bakoitzean eztabaidarako saioak egin dira, hala prozesu parte-hartzailea bermatzeko, hezkuntza-sistemaren ekitatean eta eraginkortasunean benetako eragina izango duten proposamenak adostea helburu. 

4. fasea: Adostutako 9 proiektu zehatz hezkuntza-sistemaren ekitatea, inklusioa eta kalitatea hobetzeko (2026-2027 ikasturtean zehar)

Hausnarketa prozesua amaituta, Eskola Bikaina Denontzat etapa berri batean sartuko da  eta 2026-2027 ikasturtean zehar mahaian adostutako 9 proiektuak abian jarriko dira. 

Euskadiko administrazio publikoek, hezkuntza sistemako eragileek, sindikatuek, unibertsitateek, itunpeko patronalek, alderdi politikoek eta gizarte-erakundeek osatzen dute mahaia.

Mahaian Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzako ordezkariek parte hartu dute, baita Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailburuordetzakoek ere. EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, Hezkuntza Ikuskaritza, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI) eta HEIZE ere izan dira parte hartzen.

Eta honako hauek ere parte hartu dute: familia-elkarteak, besteak beste, FAPAE-EIGEF; inklusioan, hezkuntza-eskubideetan eta ezagutzan espezializatutako erakundeak, besteak beste FEVAS-Plena Inclusión Euskadi, UNICEF, Save the Children eta Eusko Ikaskuntza; EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta BAM; EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu alderdi politikoak; UGT eta CCOO sindikatuak; eta hezkuntza-patronalak, zehazki, Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE-IZEA, EIB eta EBI-Elizbarrutiko Ikastetxeak

HARRERA-PROGRAMA INTEGRALAK


Erronka

Gaur egun, ikastetxeek gero eta aniztasun kultural, linguistiko eta sozial handiagoko ikasleak hartzen dituzte. Ikasle berrien etorrera —migrazioagatik, ikastetxe-aldaketagatik edo zaurgarritasun egoerengatik— une garrantzitsua da haien ongizaterako, integraziorako eta hezkuntza-ibilbiderako. Testuinguru horrek ikuspegi administratibo hutsetatik harago joatea eskatzen du, eta harrera-prozesu gizatiarragoak, koordinatuagoak eta eraginkorragoak garatzea.

Proposamena

Proiektuak harrera integraleko eredu bat planteatzen du, ikastetxera iristea hezkuntza-prozesu jarraitu gisa ulertzen duena. Prozesu hori ikasleak iritsi aurretik hasten da, eta eskola-komunitatean erabat integratu arte luzatzen da.

Planak ikuspegi inklusibo zabala jasotzen du, jatorri atzerritarreko ikasleei ez ezik, aldaketa- edo zaurgarritasun-egoeran ikastetxera iristen den edozein ikasleri zuzendua. Oinarrian ditu eskubideen ikuspegia, hezkuntza-komunitate osoaren erantzunkidetasuna, ikasleen indarguneen identifikazioa eta trauma zein ongizate emozionalarekiko ikuspegi sentibera.

Horretarako, Harrera Taldea izeneko profesional-talde egonkor bat izendatzea proposatzen da, ongizate-koordinatzaileak gidatuta, ikastetxe guztietan harrera-prozesuak planifikatu, antolatu eta laguntzeko ardura izango duena. Horri esker, irakasleen, orientazioaren, familien eta komunitatearen arteko koordinazioa bermatuko da, harrera ekimen indibidualen mende egon ez dadin.

Ereduak, gainera, dimentsio komunitarioa indartzen du ikasle enbaxadorea, familia laguntzaileak eta komunitateko erreferenteak bezalako figuren bidez, ikasleen eta familien integrazio soziala eta 6 7 kulturala errazteko. Halaber, esku-hartzea hainbat fasetan egituratzen du: aurretiazko prestaketa, hasierako harrera, lehen egunak, jarraipena eta etengabeko ebaluazioa.

Funtsezko elementuetako bat Jarduera Plan Pertsonalizatua (JPP) da, ikasle bakoitzaren behar akademiko, linguistiko, sozial eta emozionaletara egokitutako hezkuntza-erantzuna ematea ahalbidetzen duena. Plana osatzeko, ebaluazio- eta jarraipen-sistema bat aurreikusten da, hizkuntza-gaitasuna, integrazioa, ongizatea, asistentzia edo familien gogobetetasuna bezalako adierazleetan oinarritua.

Zein da ekarpena?

Harrera Plan Integralak paradigma-aldaketa bat dakar, harrera ez baita jada soilik ikasle etorri berriei zuzentzen, baizik eta ikastetxe batera heltzen den ikasle guztiei. Ikuspegi hori gida berri batean jasotzen da; gida hori ikastetxe guztiei aurkeztuko zaie, eta 2026-2027 ikasturtean zehar zenbaitetan pilotatuko da, behar izanez gero eredua egokitu eta guztiz hedatu aurretikHelburua: ikasle hasi berrien inklusioa eta eskola-arrakasta.

IKASTETXEEN AUTONOMIA GARATZEN

Erronka

Ikasleen arrakasta bermatzeko, ikastetxeek gaitasun erreala izan behar dute beren hezkuntza-proiektua garatzeko, ikasleen beharrei erantzuteko eta komunitatearekiko loturak indartzeko. Horretarako, beharrezkoa da autonomia pedagogikoan, antolaketa- eta kudeaketa autonomian aurrera egitea, aldi berean ikastetxe guztientzat baldintza bidezkoak bermatuz.

Proposamena

Proiektu honen helburua da ikastetxeen autonomia garatzera bideratutako balizko araudi baterako oinarri izan daitezkeen proposamenak eskaintzea, hiru esparruotan: autonomia pedagogikoa, kudeaketakoa eta antolakuntzakoa.

Proposamena lehentasunezko hainbat zutarritan ardazten da. Lehenik eta behin, irakasleen egonkortasuna indartzea planteatzen du, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren jarraitutasuna bermatzeko baldintza gisa. Era berean, arrakasta duten proiektu pedagogikoak identifikatzea, aitortzea eta hedatzea proposatzen du, beste ikastetxe batzuek ezagutu eta partekatu ahal izan ditzaten.

Beste zutarri nagusietako bat lidergo pedagogikoa indartzea da, lankidetza-mekanismoen eta ezagutzaren transmisio sistematikoaren bidez. Halaber, proiektuak benetako eta bidezko autonomia ahalbidetzeko oinarrizko azpiegitura-baldintzak bermatzeko beharra jasotzen du.

Proposamenak, gainera, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatzea aurreikusten du, bereziki familien eta ikasleen parte-hartzea, bai eta ikastetxeen, administrazioen eta ingurunearen arteko lankidetza-sareak garatzea ere.

Zein da ekarpena?

Proiektu honek aukera emango du adierazpenezko autonomiatik benetako autonomia operatibora igarotzeko, neurriak, baldintzak eta tresnak zehaztuz. Era berean, autonomia zuzenean ikasleen arrakastarekin lotzen lagunduko du, ikuspegi sistemiko batetik, eta berdintasun-mekanismoak txertatuko ditu, ikastetxeen autonomia oinarrizko baldintza komunekin uztartuz.

Halaber, ikastetxeen autonomia jardunbide egokien transferentzia eta elkarren arteko ikaskuntza sustatzeko esparru gisa baliatuko da, lidergo pedagogiko partekatua sendotzeko eta gobernantza kolaboratiboa bultzatzeko, hezkuntza-komunitatearen eta inguruko eragileen parte-hartze aktiboan oinarrituta.

Oro har, proposamenak autonomia garatzeko eredu praktiko bat egituratzen du, emaitzetara orientatua, ebidentzietan oinarritua eta berdintasun-bermeekin. Hori da, hain zuzen ere, bere balio erantsi nagusia.

IRAKASLEEN HASIERAKO PRESTAKUNTZA


Erronka

Etorkizuneko irakasleek gero eta askotarikoagoak eta konplexuagoak diren hezkuntza-testuinguruei erantzun beharko diete. Horretarako, irakasleen hasierako prestakuntzak inklusioari, ekitateari, bizikidetzari, aniztasunaren arretari eta ongizate sozioemozionalari lotutako gaitasun profesionalak indartu behar ditu, unibertsitate-prestakuntza ikastetxeetako errealitatera hurbilduz.

Proposamena

Proiektuak irakasleen hasierako prestakuntza hobetzeko lehentasunak identifikatu ditu, ikuspegi inklusibo, bidezko eta kalitatezko batetik abiatuta. Egindako lanaren emaitza gisa, EAEko unibertsitateetako ikasketa-planen diagnostiko konparatua, unibertsitateei zuzendutako gomendioen dokumentua eta Practicumari buruzko txosten espezifikoa prestatu dira.

Lan-ildo nagusietako bat Practicuma bera da, etorkizuneko irakasleen garapen profesionalerako eta ikuspegi inklusiboa eraikitzeko funtsezko gune gisa ulertuta. Proposamenek tutoreen prestakuntza indartzea, unibertsitateen eta ikastetxeen arteko koordinazioa hobetzea, helburuak eta prozedurak argitzea eta ebaluazio- eta jarraipen sistemak sendotzea dute xede.

Proiektuak azpimarratzen du, halaber, praktiketan ari den ikasleak ikastetxeen errealitatea modu integralean ezagutzea garrantzitsua dela. Horretarako, unibertsitateen, ikastetxeen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza indartzea planteatzen du; ikastetxeetako esperientziak fakultateetara eramatea erraztea; profesionalek unibertsitate prestakuntzan parte har dezaten sustatzea; eta aniztasunean eta inklusioan espezializatutako erakundeen ekarpenak txertatzea.

Horrez gain, etorkizuneko irakasleentzat profil profesional partekatu bat definitzeko bidean aurrera egitea proposatzen da, Hezkuntza Sailaren ikuspegia unibertsitateetako prestakuntza-programekin lerrokatuz. Profil horrek gaitasun pedagogikoak eta didaktikoak, aniztasunaren arreta, hizkuntza-gaitasuna, kulturarteko ikuspegia eta ongizate sozioemozionala sustatzeko gaitasunak barne hartu beharko ditu.

Zein da ekarpena?

Proiektuak aukera emango du irakasleen hasierako prestakuntza praktikoagoa, koordinatuagoa eta hezkuntza-errealitatearekin lotuagoa garatzeko. Halaber, etorkizuneko irakasleak hobeto prestatzen lagunduko du aniztasunari erantzuteko, inklusioa indartzeko, ekitatea sustatzeko eta ikasleen ongizate sozioemozionala bultzatzeko.

INGURUNE ELEANIZTUNAK, KEINUA ELKARRI


Erronka

Gizartean diskurtso, kezka eta itxaropen desberdinak daude euskararen eta eleaniztasunaren inguruan. Testuinguru horretan, beharrezkoa da familiengan, ikastetxeengan eta irakasleengan konfiantza eta atxikimendua sortzea, euskara erdigunean duen ingurune eleaniztun baten inguruko kontakizun positibo, inklusibo eta partekatua eraikiz.

Proposamena

Proiektuak euskaran oinarritutako ingurune eleaniztun baten aldeko diskurtso baikor eta kohesionatzailea eraikitzea proposatzen du. Mezuak ikasleen, familien eta irakasleen benetako esperientzietatik abiatuta landuko dira, emozioak, aitortza eta etorkizunari begirako ikuspegia oinarri hartuta.

Proposamenak gizartean dauden kezkak, beharrak eta itxaropenak kontuan hartzen ditu, eta ingurune eleaniztunaren eraikuntzan laguntzen duten familiak, ikastetxeak eta irakasleak jartzen ditu erdigunean.

Komunikazio-lanak hainbat eragile aktibatzea aurreikusten du: udalak, tokiko gizarte-eragileak, ikastetxeak, irakasleak, familiak eta arlo honetan laguntzen duten komunikabideak. Helburua da familia guztiengan ingurune eleaniztunarekiko konfiantza eta atxikimendua sustatzea, ikastetxeak eta irakasleak erreferente aktibo bihurtuz.

Horretarako, bost helburu zehatz landuko dira: euskararen balioa argitzea, ziurgabetasunak murriztea, familiak ahalduntzea, hizkuntza-aniztasuna balioestea eta ikastetxeen zein irakasleen erreferentziazko rola indartzea.

Proposamena aniztasuna, euskara eta familien nahiz ikastetxeen ahalduntzea balioan jartzen dituen narratiba komun batean oinarritzen da. Narratiba hori erreferente inspiratzaileen kontakizunen bidez garatuko da —irakasleak, ikasleak, familiak eta kultura-eragileak—, eta arreta berezia jarriko zaie bai iruditeriari bai komunikazioaren tonuari.

Ekimenak, gainera, lurraldea zeharkatuko duen hezkuntza-karabana baten ibilbidea izango du ardatz. Karabana horrek kontakizunak, bizipenak, proposamenak eta emozioak bilduko ditu, eta ikastetxeetan zein herrietan askotariko ekintzak sustatuko ditu. Horretarako, sare sozialak, telebista, irratia, prentsa, plataforma digitalak eta ikastetxeetan bertan egingo diren aurrez aurreko ekintzak erabiliko dira.

Zein da ekarpena?

Keinua Elkarri ekimenak euskararen inguruan eraikitako ingurune eleaniztunarekiko konfiantza eta atxikimendua indartzen lagunduko du. Halaber, diskurtso komun, positibo eta inklusiboa sendotuko du, hizkuntza-aniztasuna balioan jarriko du eta ikastetxeen nahiz irakasleen erreferentziazko eginkizuna indartuko du.

DOAKOTASUNARI BURUZKO DEKRETUA

Erronka

Euskadiko unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistema ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek osatutako zerbitzu publikoa da. Esparru horretan, doakotasunak doakotasuneko baldintzetan eman behar diren hezkuntza-zerbitzuei egin behar die erreferentzia, ikasleen sarbidea ekitate-baldintzetan bermatzeko. Erronka da sarbide hori eragotz dezaketen oztopo ekonomikoak identifikatzea eta hezkuntza zerbitzu horiek ematearen kostuak zehaztea, baita horien finantzaketa ere.

Proposamena

Proiektuak planteatzen du curriculum-gaitasunak eskuratzeko beharrezkoak diren hezkuntza-jardueren benetako doakotasuna arautzea, ekitate-baldintzetan. Horretarako, doakotasuna zer den zehatz eta garden definitzeko beharretik abiatzen da, doakotasuna osatzen duten elementuak eta irismenetik kanpo geratzen direnak mugatuz.

Definizio horri esker, interpretazio anbiguoak saihestuko dira, aplikazio homogeneoa erraztuko da eta segurtasun juridikoa eta gardentasuna indartuko dira. Era berean, arau-garapen oro hezkuntza-sistemaren benetako kostuen ezagutza zorrotz batetik abiatu beharko da, kostu horiek identifikatuz, aztertuz eta ebaluatuz.

Planteamenduak zuzenean lotzen ditu doakotasuna ekitatearekin eta segregazioaren murrizketarekin. Horregatik, antolaketa-, finantzaketa- eta plangintza-neurriak inklusioa sustatzera eta desberdintasunak, segregazio-dinamikak eta ikasleen estigmatizazioa murriztera bideratu beharko dira.

Proposamenak, halaber, gardentasuna jasotzen du finantzaketan eta ekarpen ekonomikoetan, funtsezko elementu gisa. Baliabide publikoen erabilera, finantzaketa-iturriak eta familiei lotutako ekarpenak modu argi eta ulergarrian azaldu beharko dira. zkenik, doakotasuna ikuspegi integral batetik jorratzen da, finantzaketarekin, antolaketarekin, sistemaren iraunkortasunarekin eta ikastetxeen bideragarritasunarekin duen lotura kontuan hartuta.

Zein da ekarpena?

Dekretuak aukera emango du doakotasuna argiago, homogeneoago eta gardenago definitzeko, segurtasun juridikoa eta hezkuntza komunitatearen konfiantza indartuz. Halaber, doakotasun eraginkorra bermatzen lagunduko du, zuzentasun-baldintzetan, segregazioa murrizteko, finantzaketaren gardentasuna hobetzeko eta proposatutako esparruari koherentzia eta sendotasun handiagoa emateko

"ESKOLA-MOTXILA"


Erronka

Eskolatzeari lotutako zenbait elementuren kostua oztopo bihur daiteke zaurgarritasun-egoeran dagoen ikasleentzat, eta segregazio-dinamikak sor ditzake. Benetako ekitatea bermatzeko, beharrezkoa da ikasle horiek Haur Hezkuntzan eta derrigorrezko hezkuntzan sartzeko, bertan jarraitzeko eta parte hartzeko aukera izatea, kostuak haien aukerak mugatu gabe.

Proposamena

Eskola Motxila sistemaren egitura-tresna gisa ulertzen da, benetako ekitatea bermatzeko, eta ez laguntza puntual edo asistentzial gisa. Eskubideen ikuspegitik planteatzen da, egonkortasunerako bokazioarekin eta izapidetze-prozedura arin batekin.

Programak arau-euskarri argia eta egonkorra behar du, eta eskola eremuan segregazioa eragin dezaketen kostuak ezabatzea du helburu. Horretarako, sarbidea matrikulari lotuta egon behar da, bai matrikula arruntari, bai ikasturtean zehar egiten den matrikula biziari, eta administrazio barruko eta administrazio arteko koordinazio- eta lankidetza-prozedurei eman behar zaie lehentasuna, alderdi burokratikoak sinplifikatzearen eta ikasle onuradunen estigmatizazioa saihestearen aldeko diseinua eginez.

Programa zaurgarritasun-egoeran dauden ikasleei zuzentzen zaie, bokazio zabalarekin eta pixkanakako unibertsaltasun-logikari jarraituz. Laguntzaren intentsitatea egoera sozioekonomikoaren araberakoa izango da, eta zerbitzu-zorroa ikasleen profilari egokituko zaio.

Estaldurak derrigorrezko hezkuntzan erabat parte hartzeko beharrezko elementuak hartuko ditu: jantokia, garraioa, materiala, liburuak, baliabide digitalak, jarduera osagarri pedagogikoak eta irteerak, gutxieneko estandarrarekin eta ikastetxeen autonomia errespetatuz.

Laguntza ikastetxeen bidez bideratuko da, eta horrek erabilera kontrolatzea, kudeaketa sinplifikatzea eta banakako ikusgarritasuna murriztea ahalbidetuko du. Finantzazioak publikoa izan beharko du, eta Eusko Jaurlaritza izango da liderra, egitura-funts egonkor gisa. Programa funts publikoekin sostengatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko edozein ikastetxetan eskolatutako ikasleei zuzenduta egongo da, ikastetxearen titulartasuna edozein dela ere. Horregatik, laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak egoera bakoitzari egokituko zaizkio, eta kasu bakoitzean aplikatutako irizpideak gardentasunez zehaztuko dira.

Zein da ekarpena?

Eskola Motxilari esker, benetako ekitaterantz egin ahal izango da, zaurgarritasun-egoeran dauden ikasleentzat oztopo izan daitezkeen kostuak kenduz eta hasierako eta derrigorrezko hezkuntzan erabateko parte-hartzea erraztuz. Horrela, egitura-eredu egonkorragoa eta eskubideetan oinarritutakoa indartuko da.

PLANIFIKAZIO ETA ONARPEN ARAUDIA BERRITZEA


Erronka

Hezkuntza-sistemak bere gaitasuna indartu behar du ikasleen eskolatzea modu orekatuan antolatzeko, segregazio-dinamikak prebenitzeko eta plangintza-erabakiei sendotasun handiagoa emateko. Horretarako, beharrezkoa da onarpenaren eta hezkuntza-plangintzaren arau-esparrua berrikusi eta hobetzea, irizpide objektiboak eta errealitate demografiko, sozial eta hezitzaileari hobeto erantzuteko mekanismoak txertatuz.

Proposamena

Hezkuntza-onarpenaren eta plangintzaren arau-esparrua hobetzeko xedez, analisi-, kontraste- eta proposamenak lantzeko prozesu bat garatu da. Prozesu horretan hainbat gai jorratu dira, besteak beste: zaurgarritasun-indizea, plaza-erreserba, ohiko onarpena, matrikula bizia, eskola-mapa, eragin-eremuak, prospektiba demografikoa, gaineskaintza, ikastetxeen integrazio- edo fusio-prozesuak eta antolakuntza-arloko zenbait berezitasun.

Arau-garapenean txertatzeko moduko proposamenek sistemaren gaitasuna indartzea dute helburu, eskolatzea modu orekatuan antolatzeko. Testuinguru horretan, plaza-erreserbak funtsezko tresna izaten jarraitzen du eremu bereko ikastetxeen artean zaurgarritasunaren banaketa orekatua sustatzeko. Hala ere, beharrezkotzat jotzen da haren aplikazioaren zenbait alderdi berrikustea edo zehaztea ohiko onarpenean.

Matrikula biziari dagokionez, esleipen-irizpideak argitzea eta hierarkizatzea proposatzen da, ikasturtea hasi ondoren sartzen den ikasleriaren eskolatzeak oreka- eta erantzunkidetasun-helburuei hobeto erantzun diezaien.

Proposamen gehien biltzen dituen blokeetako bat plangintzari, eskola mapari eta gaineskaintzaren zuzenketari buruzkoa da. Horretarako, prospekzio demografikoari, matrikularen bilakaerari, matrikula biziari eta hezkuntza-laguntzako premia espezifikoei lotutako irizpide 20 objektiboagoak txertatzea planteatzen da, eskaintzari, jarraitutasunari, itxierari, integrazioari edo ikastetxeen fusioari buruzko erabakiak oinarritzeko.

Era berean, eragin-eremuetan eskaintza publiko nahikoa bermatzea, aniztasunaren banaketa orekatua sustatzea eta erantzunkidetasun printzipioa modu eraginkorrean aplikatzea proposatzen da. Halaber, ikastetxe bereziei, kokapenetik kanpoko ikastetxeei, programa osagarrietako ikasleen zenbaketari eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kontzentrazio-mugei lotutako proposamenak ere identifikatzen dira.

Arau-neurriez gain, garapen osagarrirako hainbat lan-ildo identifikatu dira, hala nola jantokiko eta garraioko beken araudi espezifikoa berrikustea, zuzendaritza-taldeei eta familiei zuzendutako informazio- eta prestakuntza-ekintzak, jarraipen- eta ikuskaritza-mekanismoak indartzea eta ikastetxeen integrazio-, itxiera- edo fusio-prozesuetan komunikazioaren eta parte-hartzearen bidezko laguntza eskaintzea.

Zein da ekarpena?

Oinarri antolatu bat eskaintzen da etorkizuneko arau-garapenetarako eta onarpenaren zein hezkuntza-plangintzaren arloko jarduketa osagarrietarako. Dekretua berritzeak eskolatze orekatuago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko du, ikastetxeen eta sareen arteko erantzunkidetasuna indartuko du, segregazio-dinamikak prebenitzen lagunduko du eta plangintza-erabakiak irizpide objektiboagoetan oinarritzea sustatuko du.

HERRITARRENTZAKO HEZKUNTZARI BURUZKO UDAL INFORMAZIO ZERBITZUA

Erronka

Familiek hezkuntzari buruzko informazio objektiboa, eskuragarria, alderagarria eta eguneratua behar dute eskolatze-prozesuetan erabaki informatuak hartu ahal izateko. Aldi berean, udalerriek zeregin garrantzitsua izan dezakete eskola-segregazioa prebenitzeko eta murrizteko, hezkuntzari buruzko informazio-zerbitzu homogeneoen bidez eta hurbileko, inklusiboa eta ez-segregatzailea den eskolatzea sustatuz.

Proposamena

Proiektuaren helburua da Hezkuntzari buruzko Udal Informazio Zerbitzu bat sustatzea, familiei udalerriko hezkuntza-eskaintzari buruzko informazio objektiboa, eskuragarria, alderagarria eta eguneratua eskaintzeko. Horretarako, udal-hezkuntzari buruzko informazioa bildu eta eguneratzeko prozedura komun bat diseinatuko da, erabaki informatuagoak hartzeko eta hurbileko, inklusiboa eta ez segregatzailea den eskolatzea sustatzeko tresna gisa.

Proiektua garatzeko, hura martxan jartzeko beharrezkoak diren elementu operatiboak zehaztuko dira: ikastetxeek eman beharreko gutxieneko edukiak, informazioa betetzeko eta eguneratzeko modua, informazio hori integratuko duen euskarri komuna eta tipologia desberdinetako udalerrietan pilotaje bat egiteko baldintzak.

Aurreikusitako ekintzen artean daude datu-eremuak definitzea, informazioa biltzeko formulario bat prestatzea, ikastetxeek informazioa bidali eta betetzea, jasotako informazioa egiaztatzea, web edo PDF formatuan argitaratzea eta udal-hezkuntzari buruzko informazio-eredu berria sustatzea.

Proiektuaren jarraipena prozesu- eta emaitza-adierazleen bidez egingo da. Horien artean daude fitxaren definizioan egindako aurrerapen maila, jasotako informazioaren kalitatea, parte hartzen duten udalen eta ikastetxeen kopurua, web-atari baten existentzia, aurrez aurreko edo birtualeko bulegoen kopurua eta familiek zerbitzuaren erabilera.

Zein da ekarpena?

Proiektuak familiei eskolatze-prozesuetan orientazio hobea eskaintzen lagunduko du, udalerrian dagoen hezkuntza-eskaintzari buruzko informazio argia, komuna eta eguneratua eskainiz. Horrela, erabaki informatuagoak eta orekatuagoak hartzea erraztuko du, eta hurbileko, inklusiboa eta ez-segregatzailea den eskolatzea sustatzen lagunduko du

TOKIKO ITUNAK

Erronka

Hezkuntza ez da eskolan bakarrik gertatzen; haurrek eta nerabeek beren eguneroko ingurunean bizi duten guztiaren emaitza ere bada. Ikuspegi horretatik, heztea erantzunkizun partekatua da, eta horrek ikastetxeak, udalak, familiak eta udalerriko gizarte-, kultura- eta komunitate-eragile guztiak inplikatzen ditu.

Proposamena

Tokiko Itunak proiektuak tokiko eremuan hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko lankidetza artikulatzea planteatzen du, haur eta gazteen garapen integrala ardatz hartuta ahaleginak, baliabideak eta jarduerak lerrokatzeko aukera emango duten komunitate-akordioen bidez.

Proiektua prozesu progresibo eta kolaboratibo gisa ulertzen da. Lehen fase batean, aurretiazko esperientzien azterketatik abiatuta, erreferentziazko esparru komun bat prestatu da, lurraldeetako jarduna orientatzeko eta ereduari koherentzia emateko oinarri izango dena.

Ondoren, udalerrien inplikazioa sustatzen da, esperientzia pilotuak martxan jartzea ahalbidetuko duten harremanen eta akordioen bidez. Proiektuaren garapena hiru udalerritan pilotu horiek ezartzean zehazten da. Bertan, tokiko talde eragileak sortzen dira, diagnostiko partekatua egiteko, lehentasunak identifikatzeko eta ingurune bakoitzaren errealitatera egokitutako jarduera-ildoak definitzeko.

Behin martxan jarrita, prozesuak ebaluazio-fase bat jasotzen du, bai garapena bai lortutako emaitzak aztertzeko tresna espezifikoekin. Azkenik, proiektuak transferentzia- eta eskalatze-fase bat aurreikusten du, esperientzia beste udalerri batzuetara zabaltzeko helburuarekin, EUDELen laguntza izanik ereduaren hedapenean eta sendotzean funtsezko eragile gisa.

Zein da ekarpena?

Proiektu honek udalerri bakoitzean dagoen hezkuntza-potentzial guztia aktibatzea ahalbidetuko du, kolektibo zaurgarrienei arreta berezia eskainiz benetako inklusioa bermatzeko eta guztientzako bidezko aukerak sortzeko. Halaber, gizarte-kohesioa indartzen, bizikidetza hobetzen eta kide gazteenen ongizatearekin konprometituago dauden komunitateak eraikitzen lagunduko du.

Eskola Bikaina Denontzat proiektuen fitxak.