Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 18koa, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariarena eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lanpostuak behin betiko eta barne-sustapenaren bidez betetzeko lehiaketarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 104
  • Hurrenkera-zk.: 2343
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/18
  • Argitaratze-data: 2022/05/31

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoko langile lan-kontratudunei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren 10. artikuluak ezartzen duenez, «sarrera eta lanpostuak betetzea lanpostu-zerrendan ezarritakoaren arabera egingo da, deialdi publikoaren bidez eta oposizio, lehiaketa eta oposizio-lehiaketa libreen bidez, edo, hala badagokio, izendapen askearen bidez, indarrean dagoen araudiaren arabera». Bestalde, 12. artikuluak xedatzen duenez, «kanpoko deialdian sartzen diren lanpostu hutsak aldez aurretik eskainiko zaizkie, barne-lehiaketa bidez, hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langile lan-kontratudun finkoei». Testuinguru horretan, hitzarmenak berak honako hau jasotzen du (10.3 artikulua): «sartzeko hautaketa-prozesuen garapenean sindikatuek izango duten parte-hartzea finkatzen duten deialdien oinarriak eta lankidetza-moduak langileen ordezkaritzarekin negoziatuko dira».

Aurrekoaz gain, hitzarmen horren bosgarren xedapen gehigarriak hau ezartzen du: «Lanpostuen balorazioen emaitzak argitaratu eta gero, hiru hilabeteko epean deialdia egingo da barne-sustapeneko prozeduraren bidez lanpostuak behin betiko betetzeko».

Xedapen horretan aipatzen den lanpostuak baloratzeko prozesua 2017. urtean amaitu zen. Hala ere, lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez behin betiko betetzeko azken prozedura orokorrerako deialdia 1998an egin zen (Ertzaintzaren Laguntzarako Atal Teknikoko zuzendariaren 1998ko uztailaren 8ko Ebazpena).

Era berean, hamaikagarren xedapen gehigarriak honela dio: «Herrizaingo Sailak konpromisoa hartzen du gutxienez 4 urtean behin barne-sustapen bidez lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura baten deialdia egiteko».

Araudi konbentzionala aipatzea nahikoa zatekeen lehiaketa honen deialdia oinarritzeko. Hala ere, gure ustez, berariaz aipatu behar ditugu deialdi honen aurretiko eta oinarri izan diren azken aurrekari juridikoak. Izan ere, beharrezkoak dira gauzatu nahi den prozesua ulertzeko, bai eta hitzarmenaren jatorrizko testuan ezarritakoetatik aldatu direnak argitzeko ere.

Auzitegi Gorenaren uztailaren 4ko 536/2019 Epaiak eta ondorengo beste hainbat epaik ezarritako doktrina ondoren Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak IMIDRAri buruz 2021eko ekainaren 3an emandako Epaiak eta Auzitegi Gorenaren ekainaren 28ko 649/2021 Epaiak osatua inflexio-puntua izan da administrazio publikoek bitartekoen lanpostuak betetzeko azken hamarkadan erabili dituzten politiketan. Doktrina horren arabera, hornidura-prozesuen iraupena ez zehazteak ez du ekarri behar 3 urtetik gora premiarik gabe atzeratzerik, eta, hala gertatuko balitz, ez legoke justifikatuta hain luze irautea. Doktrinaren arabera, epe hori da egokiena Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren, UNICEren eta CEEPen Esparru Hitzarmenak iraupen mugatuko lanari buruz ezarritako helburuak betetzeko (Kontseiluaren 1999/70/EE Zuzentaraua, 1999ko ekainaren 28koa). Jurisprudentzia hori aplikatuz, 2021eko uztailaren 8tik aurrera, EPOEren 10. artikuluak oso arau zehatzak jaso zituen bitarteko izatearen iraupenari dagokionez, eta funtzionarioentzat gehienez ere 3 urteko iraupena ezarri zuen. Horregatik, Sail honek, ordutik aurrera, hutsik zeuden lanpostuetarako kontratuak epe horretara egokitu ditu.

Azkenik, abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, zeina abenduaren 29an sartu baitzen indarrean, EPOE aldatu zuen, eta Autonomia Erkidegoetako Administrazioaren zerbitzuko langile lan-kontratudunei aplikatu zitzaien «dagozkion alderdi guztietan». Lege horretako zioen azalpenak berresten du Espainiako zuzenbidean ezin dela aldi baterako zerbitzu-harreman bat automatikoki behin betiko bihurtu, eta lan-kontratu finkoko langile izatera iristeko bide bakarra dela lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduen, gaitasunaren eta publizitatearen printzipio konstituzionalak bermatzen dituen hautaketa-prozesu bat gainditzea (2.4. artikulua). Testuinguru horretan eta horrekin batera, Legeak aldi baterako enplegua egonkortzeko gauzatu behar diren prozesuak zehaztu eta finkatzen ditu (2. artikulua eta seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriak), eta nahitaez bete beharreko epeak ezartzen ditu horretarako: 2022ko ekainaren 1a baino lehen eskaini behar dira plazak, deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar dira, eta prozesua 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu.

Horrez gain, 20/2021 Legearen 2.4 atalak hau jasotzen du berariaz: «Sektoreko edo administrazio bakoitzeko araudi espezifikoan hala aurreikusita balego, plazak betetzeko aldez aurreko mugikortasuneko edo barne-sustapeneko mekanismoak bateragarriak izango dira egonkortze-prozesuekin».

Aipatutako araudiaren artikuluetan, beraz, honako hau xedatzen da: abenduaren 28ko 20/2021 Legean aurreikusitako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak gauzatu behar direla, eta lege horretako baldintzak eta betekizunak bete behar direla, sektore horretako langile finkoentzat aurreikusitako barne-sustapeneko prozesuak aintzat hartuz, eta betiere prozesu horiek haiekin bateragarriak badira.

Gauzak horrela, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako negoziazio kolektiboko funtsezko prozesua amaitu ondoren, Administrazioaren eta langileen ordezkariek aho batez onetsi zuten Segurtasun Saileko eta PLEAko langileen barne-lehiaketarako oinarrien akordioa, 2022ko martxoaren 10ean. Erabakiak zorrotz betetzen ditu hitzarmen kolektiboaren jatorrizko testuan ezarritako baldintzak (13. artikulua eta harekin bat datozenak), nahiz eta haietako batzuetan azaleko aldaketa gutxi batzuk egiten dituen, 20/2021 Legeak ezartzen dituen baldintza berezi eta ezinbesteko epeetara egokitzeko. Horren guztiaren helburua da aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesu saihestezinekin bateragarritasuna lortzea, aipaturiko epeak amaitu eta berehala ekin behar baitzaie prozesu horiei.

Oinarriei buruzko Akordioak, jakina, xehetasunez arautzen ditu deialdiaren xede diren lanpostu eta plazak, zein langileri zuzentzen zaizkion, lanpostuak eskuratzeko sistema eta baloratzeko prozesua, baloratu beharreko lanpostuen arabera.

Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile lan-kontratudunen lanpostuak biltzen dituen 2022ko ekitaldirako lan-eskaintza publikoa argitaratu ondoren, dagozkion deialdiak argitaratu aurretik, hasiera emango zaio lanpostuak behin betiko betetzeko prozesuari, eta deialdia egingo da Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoko langile lan-kontratudun finkoentzako barne-lehiaketarako, langileen ordezkariekin negoziatu eta adostutako xedapen hauen arabera.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Lehenengoa. Lehiaketaren helburua.

Deialdi honen xedea da arauak ezartzea Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile lan-kontratudun finkoentzat gordetako lanpostuak behin betiko betetzeko. Lanpostu horiek deialdi honen eranskinean daude jasota.

Bigarrena. Lehiaketan parte har dezaketen langileak.

Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoko langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuan sartzen diren eta zerbitzu aktiboan, nahitaezko eszedentzian edo haurrak edo/eta senideak zaintzeko eszedentzian dauden langile lan-kontratudun finkoek har dezakete parte deialdi honetan. Halaber, betekizun hauek bete beharko dituzte:

  1. Lanpostuen zerrendan zehaztutako titulazioa edukitzea eta gainerako eskakizunak betetzea. Eskainitako lanpostu jakin batzuetarako antzeko funtzioetan esperientzia izatea eskatzen denez, betekizun hori honela egiaztatu ahal izango da: deialdiko lanpostutik 4 maila baino gehiago aldentzen ez diren eta lanpostuaren eduki funtzionalarekin zerikusia duten lanpostuak bete izatea, edo zuzenean eta hierarkiaz deialdiko lanpostuaren mendekoak diren lanpostuak bete izatea.

  2. Lortu nahi duten lanpostuak eskatzen duen gutxieneko titulazio-mailak eta langile finko gisa esleitu zitzaion lanpostuari edo behin betiko lanpostuak betetzeko barne-lehiaketa batean esleitu zaion lanpostuari dagokion titulazio-mailak baliokideak izan behar dute.

    Behin betiko izaera eskuratu ondoren edo barne-lehiaketa bidez behin betiko lanpostu bat eskuratu ondoren, lanpostu hori behin betiko atxikipenez betetzeko eskatzen den titulazioaren betekizuna aldatzen bada, lanpostu horrek izan duen titulazio-mailarik altuena hartuko da betekizun hori betetzeko erreferentziatzat.

    Betekizun hori betetzen ez duen izangairen bat aurkezten bada deialdian, betekizun gisa finkatuko den nahitaezko hautaproba gainditu beharko du deialdian onartua izateko.

    Izangaiak, deialdian onartua izateko, hautaproba gainditu beharko du, eta, horretarako, proba horren gehieneko puntuazioaren erdia lortu beharko du gutxienez.

    Hautaproba horretan ariketa teoriko bat sartuko da, kasuan kasuko titulazio-taldearen berezko ezagutzei buruzkoa, bai eta ariketa teoriko praktiko bat ere, lanpostuaren monografian jasotzen diren lanpostuaren berariazko gaitasunei buruzkoa. Proba prestatzeko, gai zerrenda espezifikoa argitaratuko da «Gurenet-Langileen Ataria»n, gutxienez hilabete lehenago.

    Gutxienez 15 egun natural lehenago argitaratuko da hautaprobetako bakoitza egin behar duten pertsonen zerrenda, eta probaren ezaugarriak zehaztuko dira: proba-mota, baloratzeko irizpideak, proba egiteko kontsulta-materiala eskuragarri egongo den ala ez, probak zenbat iraungo duen eta proba egiteko tokia, eguna eta ordua. Halaber, proba baterako baino gehiagotarako deialdia egiten zaien izangaiek probak ordu berean ez izatea bermatuko da.

    Hautaproba hori egitetik salbuetsiak izango dira izangaiak, baldin eta eskuratu nahi duten lanpostu berean (lanpostu-kode bera eta arlo bera) eginkizunen behin-behineko esleipenarekin bi urte baino gehiago daramatzatela jasota baldin badago.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzaren menpeko lanpostuak betetzeko, indarrean den Hitzarmen Kolektiboaren Bosgarren Xedapen Gehigarria aplikatuko da. Beraz, PLEAko lanpostu baterako prozesua gainditu duten zenbait izangai badaude, lehenik eta behin PLEAko langile atxikiei esleituko zaie (behin betiko edo behin-behinean), puntuazio-ordenaren arabera.

    Ebazpen hau argitaratzen den egunean errelebo-kontratu bati lotutako erretiro partzialeko egoeran dauden langileek ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek betekizun guzti-guztiak bete behar dituzte. Betekizun horiek esleitutako lanpostuaren jabe egin arte bete behar dira. Parte hartzeko betekizunak azken egunera arte betetzen ez dituzten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostuaz jabetu.

    Hirugarrena. Eskabideak.

    Prozesuan parte hartu nahi dutenek telematikoki egin behar dute eskabidea, berariaz garatutako aplikazioaren bidez; aplikazio hori «Gurenet-Langilearen Ataria» webgunean dago, eta izangaiek indarrean den erabiltzaile-izena eta pasahitza erabili behar dituzte.

    C5 Barne Lehiaketen Eskabideak aplikazioaren erabiltzaile-eskuliburua bi lekutan eskuratu daiteke: langilearen atarian eta Giza Baliabideen Zuzendaritzako eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren langileen arloko bulegoetan.

    Halaber, Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile lan-kontratudunen lanpostuen zerrenda jasotzen duen Eranskina ere langileen eskura jarriko da; Eranskin horretan, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta dagozkion organigramak jasotzen dira.

    Ohiz kanpoko arrazoiak direla-eta langileren batek ezin badu bere kabuz eskabidea telematikoki egin, dagokion langileen arlora joan ahal izango du, eta han lagunduko diote.

    Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2022ko ekainaren 21ean amaituko da, egun hori barne.

    Izangaiak eskabide bakarra aurkeztu behar du. Lanpostu batera baino gehiagotara aurkeztuz gero, adierazi behar du eskuratu nahi dituen lanpostuak zein diren, lehentasun-hurrenkeraren arabera. Bai eskatutako plazak bai haien lehentasun-hurrenkera lotesleak izango dira esleipen-prozesuan.

    Eskabideek eskainitako lanpostuei buruzkoak (Eranskina) izan behar dute, hau da, bai lanpostu hutsak bai adjudikazio-prozesuaren ondorioz hutsik gera litezkeenak (Eranskinean, izartxo batez markatuta daude).

    Eskabideak aurkezteko epean, aurretik aurkeztutako eskabideak ezeztatu edo aldatu ahal izango dira; horretarako, dagokion langileen arlora jo behar da. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Giza Baliabideen zuzendariaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiaren Ebazpena argitaratuko da Gurenet Intranet Korporatiboan, zeinaren bidez deialdirako onartu eta baztertutako eskatzaileen zerrenda zehaztuko baita; baztertuen kasuan, arrazoiak adieraziko dira, eta Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bost egun balioduneko epea izango dute dagozkion alegazioetarako edo eskabide-akatsak konpontzeko (interesdunak edo deialdia egin duten organoek eskatuta).

    Ezarritako epean inork erreklamaziorik egiten ez badu, zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Erreklamaziorik bada, baietsi edo ezetsi egingo dira, onartutako izangaien behin betiko zerrenda jasoko duen beste Ebazpen batean, zeina Gurenet Intranet Korporatiboan argitaratuko baita. Deialdia egin duten organoek adierazitako akatsak aldez aurretik ezarritako epean zuzendu ezean, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da.

    Laugarrena. Merezimenduak eta betekizunak egiaztatzea.

    Aurkezten diren datu, betekizun eta merezimendu guztiek eskabideak aurkezteko epearen amaierari egin behar diote erreferentzia.

    Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-dataren indarraldia eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren eta behin-behineko esleipen-proposamena baino lehen iraungitzen bada, izangaiek betekizun hori bete behar dute, eta Kalifikazio Batzordearen esleipen-proposamenaren data baino lehen egiaztatu. Horretarako, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira langileen arloan.

    Eskabideak aurkezteko epearen azken egunera arte eskuratutako merezimenduak baino ezin izango dira baloratu.

    Parte-hartzaileek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baino ezin izango dira baloratu, eta Administrazio honek aitortutakoak eta Langileen Erregistroan jasota daudenak ere baloratuko dira.

    Ez dira merezimendu gisa baloratuko betekizunak betetzeko eman diren edo beharrezkoak diren datuak.

    Ez dira inolaz ere kontuan hartuko alegatu diren zerbitzuekin batera egindako zerbitzuak.

    Eskatzailearen lanbide-kategoriari dagokion lanpostuaren ordainsari-maila ofizioz hartuko da kontuan; beraz, ez da beharrezkoa egiaztatzea.

    Prozesuko edozein parte-hartzailek aurkeztu ahal izango ditu (eskabideak aurkezteko epearen barruan) dagokion Pertsonalaren Alorrean bai betekizunak bai lortu nahi duten lanpostuari lotutako merezimenduak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.

    Merezimenduak eta betekizunak ondoren adierazten den moduan alegatu eta egiaztatu behar dira:

    Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako antzinatasuna ofizioz hartuko da kontuan, beraz, ez da beharrezkoa horiek egiaztatzea. Beste Administrazio Publiko batzuetako antzinatasuna agiri bidez egiaztatuko da (orain arte egiaztatu ez bada), berariaz emandako jatorrizko ziurtagirien bidez; agiri horiek dagokion Pertsonalaren Alorrean (Segurtasun Saila edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia) aurkeztu behar dira.

    Titulu akademiko eta unibertsitate-titulu ofizialak jatorrizko agirien bidez alegatu eta egiaztatu behar dira, bai eta zazpigarren oinarrian aipatzen diren eta Langileen Erregistroan jasota ez dauden hobekuntza-ikastaroak ere; agiri horiek dagokion Pertsonalaren Alorrean (Segurtasun Saila edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia) aurkeztu behar dira. Horretarako, langileek dagokien lanbide-espedientea eskatu ahal izango dute Pertsonalaren Alorrean.

    Hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko (betiere Langileen Erregistroan jasota ez badago), egiaztatutako mailari dagokion titulua edo horren baliokidea den ziurtagiria aurkeztu behar da dagokion Pertsonalaren Alorrean (Segurtasun Saila edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia).

    Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako hizkuntza-eskakizunak ofizioz sartuko dira; beraz, ez da beharrezkoa horiek aurkeztea. Gainerako kasuetan, euskararen ezagutza bai betekizunari bai merezimenduari dagokionez Erakunde ofizial batek emandako ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar da, eta dagokion Pertsonalaren Alorrean (Segurtasun Saila edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia) aurkeztu behar da.

    Antzeko eginkizunetan izandako esperientzia, betekizunari dagokionez, ofizioz baloratuko da, baldin eta lanpostu horien ordainsari-mailaren eta eskainitako lanpostuaren soldata-mailaren artean ez badago 4 maila baino gehiagoko desberdintasunik eta haren eduki funtzionalarekin zerikusia badute edo zuzenean eta hierarkikoki eskainitako lanpostuaren menpe badaude.

    Egindako lana baloratzeko bai betekizunari bai merezimenduen balorazioari dagokionez, zerbitzu aktiboko egoerak hartuko dira kontuan, eta horien artean daude seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentziak, genero-indarkeriagatiko eszedentziak eta amatasun edo aitatasun-lizentziak.

    Deialdia egin duten organoek eta Kalifikazio Batzordeak interesdunek alegatutako betekizun edo merezimenduak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten azalpenak edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte prozesuaren edozein unetan.

    Behar bezala egiaztatutako desgaitasunen bat duten langileek eskatutako lanpostua egokitzeko eskatu ahal izango dute eskabidean; horretarako, alor horretan eskumena duen erakundeak emandako txostena aurkeztu beharko dute, egiaztatzeko egokitzapena bidezkoa dela eta eskatutako lanpostuaren funtzioak betetzearekin bateragarria dela. Eskatutako egokitzapenaren arabera beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatu ahal izango dio Administrazioak interesdunari, eta Lan edo Osasun Administrazioko organo teknikoen irizpena ere eskatu ahal izango du, egokitzapenaren bidezkotasunari eta eskatutako lanpostuaren funtzioak betetzeko bateragarritasunari buruzkoa.

    Bosgarrena. Kalifikazio Batzordea.

    Giza Baliabideen zuzendariak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez, Kalifikazio Batzorde bakarra izendatuko da prozesu osorako, irizpide hauei jarraituz:

    Osaera:

    Batzordeburu batek, hiru kidek eta idazkari batek osatuko dute; idazkariak hitza izango du, baina botorik ez. Kalifikazio Batzordea osatzen duten guztiek (bai titularrek bai ordezkoek) indarrean dagoen Lanpostuen Zerrendan eskainitako lanpostuek eskatzen duten maila akademiko bereko edo handiagoko titulazioa izan beharko dute. Batzordea osatzen duten guztiek, idazkariak izan ezik, sektore publikoko karrerako funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak izan beharko dute. Batzordeak inpartzialtasun- eta objektibotasun-arauen arabera jardungo du.

    Kalifikazio Batzordea osatzen dutenen izenen zerrenda Gurenet Intranet Korporatiboan argitaratuko da, prozesurako onartu eta baztertutako pertsonen behin-behineko Ebazpenarekin batera.

    Abstentzioa eta errekusazioa:

    Kalifikazio Batzordea osatzen dutenek eta aholkulariek ezingo dute jardun, eta deialdia egin duten agintariei jakinarazi beharko diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako inguruabarren bat betetzen badute.

    Era berean, aurreko arrazoietako bat gertatzen denean, interesdunek edozein unetan errekusatu ahal izango dituzte Kalifikazio Batzordea osatzen dutenak eta aholkulariak, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Aholkularitza:

    Kalifikazio Batzordeak aholkulariak izendatu ahal izango ditu bigarren b) oinarrian aipatzen diren proba baztertzaileak egiteko eta zortzigarren oinarrian aipatzen diren 16. eta 17. mailetako lanpostuetarako eskatzen diren probak egiteko. Sektore publikoko langileak badira, karrerako funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak izan beharko dute.

    Probak egin eta erreklamazioak aztertu ondoren, aholkulari horien eginkizuna iraungi egingo da.

    Nolanahi ere, Kalifikazio Batzordeak egokitzat jotzen dituen aholkularitza eta materiala izan ahal izango ditu hautaketa-prozesuko edozein etapatan.

    Batzordeak eratzea:

    Kalifikazio Batzordea ezin izango da eratu, eta ezin izango du jardun, batzordeburua, idazkaria eta gutxienez bi kide ez badaude.

    Erabakien araubidea:

    Batzordeak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, berdinketa gertatuz gero, unean uneko batzordeburuak erabakiko du.

    Kalifikazio Batzordeari dagozkion funtzioak:

    Oinarri hauetan ezarritako probak eta merezimenduak zehaztu eta baloratu behar ditu.

    Prozedura objektiboa dela ziurtatzeko ardura duenez gero, bermatu behar du deialdiaren oinarriak betetzen direla, eta, gainera, beharrezko erabakiak hartu behar ditu, dagokionean arauetan dauden hutsuneei aurre egiteko eta haiek aplikatzean nabarmen azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.

    Ezarritako funtzioak bete behar ditu, baita sortzen diren zalantzak argitzeko beharrezkoak direnak ere, eta oinarri hauetan zehaztu ez diren kontuetan lehiaketa bide onetik joateko beharrezkoak diren erabakiak hartu behar ditu.

    Beharrezkotzat jotzen dituen erabakiak Gurenet Intranet Korporatiboan argitaratu behar ditu.

    Aurrekoaren aurka, interesdunek batzordeburuari zuzendutako inpugnazioak egin ahal izango dituzte, 5 egun balioduneko epean, eta batzordeak berak ebatziko ditu, erabaki bidez.

    Egindako guztia Giza Baliabideen zuzendariari eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari jakinarazi behar dio, eta, horrekin batera, helarazi behar dizkio behin betiko sailkapen-ordenaren arabera puntuaziorik altuena lortu duenari lanpostua esleitzeko behin-behineko eta/edo behin betiko proposamenak.

    Jakinarazpen eta erreklamazioetarako, Kalifikazio Batzordearen egoitza Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan kokatuko da.

    Kalifikazio Batzordean parte hartzeak legez ezarritako kalte-ordainak jasotzea ekarriko du berekin.

    Seigarrena. Esleipen-prozeduraren faseak.

    Esleipen-prozedurak etapa hauek izango ditu:

    Prozesurako hautatu eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda argitaratzea, bigarren b) oinarrian zehaztutako proba egin beharko duten langileak adierazita.

    Bigarren b) oinarrian zehaztutako proba egin beharko dutenen behin betiko zerrenda argitaratzea.

    Bigarren b) oinarrian zehaztutako proba egitea. Behin-behineko emaitzak Gurenet Intranet Korporatiboan argitaratuko dira, eta horien aurkako erreklamazioak jarri ahal izango dira Kalifikazio Batzordearen aurrean, bost egun balioduneko epean.

    Prozesurako onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratzea.

    1. edo 17. ordainsari-maila duten lanpostuetarako zortzigarren oinarrian aurreikusitako proba egitea. Behin-behineko emaitzak Gurenet Intranet Korporatiboan argitaratuko dira, eta horien aurkako erreklamazioak jarri ahal izango dira Kalifikazio Batzordearen aurrean, bost egun balioduneko epean.

      Eskainitako lanpostuetarako onartu diren eskatzaile guztien merezimendu orokorrak baloratzea. Behin-behineko emaitzak Gurenet Intranet Korporatiboan argitaratuko dira, eta horien aurkako erreklamazioak jarri ahal izango dira Kalifikazio Batzordearen aurrean, bost egun balioduneko epean.

      Kalifikazio Batzordeak merezimenduen balorazioan euskara barne eta, hala badagokio, zortzigarren oinarrian zehaztutako proban lortutako puntuen guztizkoak kalkulatuko ditu, eta, horren arabera, lanpostuak esleitzeko proposamena helaraziko die deialdia egiten duten organoei.

      Gurenet intranet korporatiboan argitaratzea Giza Baliabideen zuzendariaren eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez eskainitako lanpostuak esleitzen baitira eta barne-lehiaketa ebazten baita.

      Zazpigarrena. Lehiaketarako baremoa.

      Zazpigarrena.1. 15. mailako eta beheragoko lanpostuak:

      Lanpostu horiek merezimendu-lehiaketa bidez ebatziko dira. Lehiaketa-prozesuan lor daitekeen gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da euskara jakitea eskakizuna denean haren balorazioa kontuan hartu gabe (20 punturainokoa izan daiteke), hori gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortu beharrik gabe.

      Baloratu beharreko merezimenduak eta haien puntuazioak hauek izango dira:

      Antzinatasuna: gehienez ere 20 puntu, puntuazio honen arabera:

      Administrazio publikoetan lan egindako hilabete oso bakoitzeko 0,042 puntu zenbatuko dira hileko, eta gehienez ere 20 puntu. Ondorio horietarako, langile lan-kontratudun finko bihurtu aurretik beste administrazio publiko batzuetan egindako eta haiek aitortutako zerbitzuak ere baloratuko dira. Ez dira zenbatuko alegatutako beste batzuekin batera emandako zerbitzuak.

      Kategoria profesionala: eskatzailea titularra den lanpostuaren ordainsari-mailaren balorazioari gehienez ere 15 puntu emango zaizkio, puntuazio honen arabera:

      Eskatutako lanpostuaren maila bereko edo goragoko mailako lanpostu baten titulartasuna: 15 puntu.

      Eskatutako lanpostua baino maila bat beheragoko lanpostu baten titulartasuna: 11,25 puntu.

      Eskatutako lanpostua baino bi maila beheragoko lanpostu baten titulartasuna: 7,5 puntu

      Eskatutako lanpostua baino hiru maila beheragoko edo hortik beherako lanpostu baten titulartasuna: 3,75 puntu.

      Egindako lana: gehienez ere 50 puntu emango zaizkio Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile lan-kontratudunentzat erreserbatutako lanpostuetan azken 24 urteetan egindako lanari, baldin eta eskatutako lanpostuaren eduki funtzionalarekin zerikusia badu, ondoko puntuazioaren arabera:

      Eskatutako lanpostu berean egindako lana: 0,174 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 50 puntu.

      Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila bereko edo handiagoko lanpostu batean egindako lana: 0,157 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 45 puntu.

      Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino beheragoko lanpostu batean egindako lana: 0,139 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 40 puntu.

      Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino bi maila beheragoko lanpostu batean egindako lana: 0.122 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 35 puntu.

      Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino hiru maila beheragoko lanpostu batean egindako lana: 0,105 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 30 puntu.

      Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino lau maila beheragoko (edo hortik beherako) lanpostu batean egindako lana: 0,087 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 25 puntu.

      Prestakuntza: gehienez ere 10 puntu emango dira, honen arabera:

      Bestelako titulu akademiko eta/edo unibertsitario ofizialak, deialdiko lanpostua lortzeko enborrekoak edo beharrezkoak ez direnak, gehienez ere 6 puntu, honen arabera:

      Doktoretza: 2 puntu tituluko.

      Masterra: 1 puntu tituluko.

      Graduondokoak (300 ordutik gorakoak): 0,5 puntu tituluko.

      Lizentzia / Arkitektura / Goi-mailako ingeniaritza: 2,5 puntu tituluko.

      Gradua / Diploma / Arkitektura teknikoa / Ingeniaritza teknikoa edo baliokidea: 1,5 puntu tituluko.

      Goi-mailako batxilergoa / Bigarren mailako lanbide-heziketa edo baliokidea: 1 puntu tituluko.

      Eskola-graduatua / Oinarrizko batxilergoa / Lehen mailako Lanbide Heziketa: 0,5 puntu tituluko.

      Azken 10 urteetan egindako hobekuntza-ikastaroak. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, administrazio publikoko beste eskola batzuek edo unibertsitateek egin edo homologatutakoak izan behar dute ikastaro horiek. Gehienez ere 4 puntu baloratuko da, baremo honen arabera:

      200 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,4 puntu ikastaro bakoitzeko.

      80 ordu edo gehiagoko eta 200 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,3 puntu ikastaro bakoitzeko.

      40 ordu edo gehiagoko eta 80 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaro bakoitzeko.

      20 ordu edo gehiagoko eta 40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaro bakoitzeko.

      Hizkuntzak: hizkuntzak jakitea gehienez ere 5 puntu baloratuko da, baremo honen arabera:

      1. Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak, baldin eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko titulua edo baliokidea badute eta homologatuta badaude, baremo honen arabera:

        C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 2,5 puntu.

        C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 2 puntu.

        B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 1,5 puntu.

        B1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 1 puntu.

        3572 eta 3287 kodeak dituzten LZko lanpostuei dagokienez, ingelesaren ezagutza lanposturako eskatzen dena baino handiagoa izatea baloratuko da, baremo honen arabera:

        (Ikus .PDF)

      2. Euskara (lanposturako betekizun gisa eskatutakoa baino goragoko hizkuntza-eskakizuna) lanpostu-zerrendan iraungitako derrigortasun-data duten lanpostuetarako, baremo honen arabera:

        (Ikus .PDF)

        Euskara: eskatzen den lanpostuak lanpostu-zerrendan iraungitako derrigortasun-datarik ez badu, euskara prozesuko gainerako puntuazioaren % 20 baloratuko da gehienez, ondoko puntuazioaren arabera:

        1. eta 4. hizkuntza-eskakizunak dituzten lanpostuak:

        1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 5.

        2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 10.

        3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

        4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 20.

        1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak dituzten lanpostuak:

        1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 5.

        2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 10.

        3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

        4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

          Zazpigarrena.2. 16. eta 17. mailetako lanpostuak:

          Oposizio-lehiaketa bidez ebatziko dira. Oposizio-fasean proba teoriko eta/edo praktiko bat egingo da, baztertzailea, eta lanpostuaren monografian jasotako gaitasunei buruzkoa izango da.

          Oposizio-lehiaketako prozesuan lor daitekeen gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da (55 puntu oposizio-faserako eta 45 puntu lehiaketa-faserako), euskara jakitea betekizuna denean haren balorazioa kontuan hartu gabe (20 puntura artekoa izan daiteke).

          Baloratu beharreko merezimenduak eta haien puntuazioak hauek izango dira:

          Antzinatasuna: gehienez 9 puntu.

          Administrazio publikoetan lan egindako hilabete oso bakoitzeko 0,019 puntu zenbatuko dira hileko, eta gehienez ere 9 puntu. Ondorio horietarako, langile lan-kontratudun finko bihurtu aurretik beste administrazio publiko batzuetan egindako eta haiek aitortutako zerbitzuak ere baloratuko dira. Ez dira zenbatuko alegatutako beste batzuekin batera emandako zerbitzuak.

          Kategoria profesionala: eskatzailea titularra den lanpostuaren ordainsari-mailaren balorazioari gehienez ere 7 puntu emango zaizkio, honela banatuta:

          Eskatutako lanpostuaren maila bereko edo goragoko mailako lanpostu baten titulartasuna: 7 puntu.

          Eskatutako lanpostua baino maila bat beheragoko lanpostu baten titulartasuna: 5,25 puntu.

          Eskatutako lanpostua baino bi maila beheragoko lanpostu baten titulartasuna: 3,5 puntu.

          Eskatutako lanpostua baino hiru maila beheragoko edo hortik beherako lanpostu baten titulartasuna: 1,75 puntu.

          Egindako lana: gehienez ere 22,5 puntu emango zaizkio Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langile lan-kontratudunentzat erreserbatutako lanpostuetan azken 24 urteetan egindako lanari, baldin eta eskatutako lanpostuaren eduki funtzionalarekin zerikusia badu, ondoko puntuazioaren arabera:

          Eskatutako lanpostu berean egindako lana: 0,079 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 22,5 puntu.

          Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila bereko edo handiagoko lanpostu batean egindako lana: 0,066 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 19 puntu.

          Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino beheragoko lanpostu batean egindako lana: 0,056 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 16 puntu.

          Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino bi maila beheragoko lanpostu batean egindako lana: 0,035 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

          Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino hiru maila beheragoko lanpostu batean egindako lana: 0,021 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu.

          Eskatutako lanpostuaren balorazio-maila baino lau maila beheragoko (edo hortik beherako) lanpostu batean egindako lana: 0,011 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu.

          Prestakuntza: gehienez ere 4,5 puntu emango dira, honen arabera:

          Bestelako titulu akademiko eta/edo unibertsitario ofizialak, deialdiko lanpostua lortzeko enborrekoak edo beharrezkoak ez direnak, gehienez ere 2,7 puntu, honen arabera:

          Doktoretza: 0,899 puntu tituluko.

          Masterra: 0,449 puntu tituluko.

          Graduondokoak (300 ordutik gorakoak): 0,225 puntu tituluko.

          Lizentzia / Arkitektura / Goi-mailako ingeniaritza: 1,124 puntu tituluko.

          Gradua / Diploma / Arkitektura teknikoa / Ingeniaritza teknikoa edo baliokidea: 0,675 puntu tituluko.

          Azken 10 urteetan egindako hobekuntza-ikastaroak. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, administrazio publikoko beste eskola batzuek edo unibertsitateek egin edo homologatutakoak izan behar dute ikastaro horiek. Gehienez ere 1,8 puntu baloratuko da, baremo honen arabera:

          200 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 0,18 puntu gehienez ikastaro bakoitzeko.

          80 ordu edo gehiagoko eta 200 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,135 puntu gehienez ikastaro bakoitzeko.

          40 ordu edo gehiagoko eta 80 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,09 puntu gehienez ikastaro bakoitzeko.

          20 ordu edo gehiagoko eta 40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,045 puntu gehienez ikastaro bakoitzeko.

          Hizkuntzak: hizkuntzak jakitea gehienez ere 2 puntu baloratuko da, baremo honen arabera:

          1. Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak, baldin eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko titulua edo baliokidea badute eta homologatuta badaude, baremo honen arabera:

            C2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 1 puntu.

            C1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 0,8 puntu.

            B2 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 0,6 puntu.

            B1 maila edo baliokidea egiaztatzeagatik: 0,4 puntu.

          2. Euskara (lanposturako betekizun gisa eskatutakoa baino goragoko hizkuntza-eskakizuna) lanpostu-zerrendan iraungitako derrigortasun-data duten lanpostuetarako, baremo honen arabera:

            (Ikus .PDF)

            Euskara: eskatzen den lanpostuak lanpostu-zerrendan iraungitako derrigortasun-datarik ez badu, euskara prozesuko gainerako puntuazioaren % 20 baloratuko da gehienez, ondoko puntuazioaren arabera:

            1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 5.

            2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 10.

            3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 15.

            4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: puntuen % 20.

              Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 43.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Horren arabera, nahitaezko 4. hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean izangaietako batek ere hizkuntza-eskakizun hori egiaztatu ezin badu, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten lehiatzaileek bete ahal izango dute.

              Zortzigarrena. Proba.

              16 lansari-maila edo handiagoa duten lanpostu guztietarako, proba teoriko eta/edo praktiko baztertzaile bat egin beharko da (proba gainditzeko gutxienez 27,5 puntu lortu beharko dira), monografian jasotako lanpostuaren gaitasunei buruzkoa.

              Proba prestatzeko, gai zerrenda espezifikoa argitaratuko da «Gurenet-Langileen Ataria»n, gutxienez hilabete lehenago.

              Eskainitako plaza bakoitzerako proba egiteko eguna, ordua eta tokia plaza bakoitzerako onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera argitaratuko dira, eta gutxienez hamabost egun natural lehenago. Betiere, bermatuko da proba baterako baino gehiagotarako deialdia egiten zaien izangaiek probak ordu berean ez izatea.

              Era berean, hauei buruzko informazioa emango da: proba-mota, balorazio-irizpideak, proba egiten den bitartean materialik eskuragarri egongo den ala ez, eta proba egiteko tokia, ordua eta aurreikusitako denbora.

              Bederatzigarrena. Barne-lehiaketako puntuazioa.

              Bigarren oinarriko 1.c) atalean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lanpostu bati behin betiko edo behin-behinekoz atxikitako langileentzat ezarritakoa ezertan ukatu gabe, deialdiko lanpostua esleitzeko hurrenkera merezimendu-baremoaren arabera (euskara barne dela) eta, hala badagokio, zortzigarren oinarrian jasotako proban lortutako guztizko puntuazioaren araberakoa izango da.

              Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, emakumeak lehentasuna izango du, baldin eta emakumeen ordezkaritza kasuan kasuko lanpostuaren ordainsari-mailaren % 40 baino txikiagoa bada deialdiaren iragarkia argitaratzen den egunean, salbu eta, sexua dela-eta bereizkeriarik egin gabe, neurria ez aplikatzea justifikatzen duten egoerak gertatzen badira, hala nola lana eskuratzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

              Berdinketak badirau, lehentasuna izango du honako kontzeptu hauengatik puntuaziorik handiena duen izangaiak, hurrenkera honi jarraituz: antzinatasuna, egindako lana, euskara eta, azkenik, adinez nagusiena den langileak izango du lehentasuna.

              Hamargarrena. Lanpostuaren esleipena eta ondorioak.

              Deialdia egin duten organoek esleipenaren behin betiko ebazpenaren bidez esleituko dituzte lanpostuak. Ebazpen horretan, adieraziko da zer egunetan jarriko diren indarrean prozesuaren ondorioz harreman juridiko-laboraletan egin beharreko aldaketak.

              Deialdi honen ondoriozko lekualdaketa borondatezkoa izango da, ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko, eta ezin izango zaio uko egin lanpostua esleitu ondoren, salbu eta lanean hasteko epea bukatu baino lehen deialdi publiko bidez beste destino bat lortu bada.

              Lanpostua esleitzeak berarekin ekarriko du lan-kontratua berritzea.

              Lanpostua esleitzen zaion langileak hitzarmeneko 11. artikuluan ezarritako probaldia egin beharko du, baldin eta ez baditu funtzio berak bete Segurtasun Saileko edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lanposturen batean, eskatutako aldian.

              Plaza esleitzeko behin betiko ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie. Ebazpen horretan adieraziko da esleipenek zer data zehatzetan izango dituzten ondorioak.

              Hautatuak lanpostuak esleitzeko behin betiko ebazpenean adierazitako egunean hasiko dira lanean esleitutako lanpostuan, edo interesdunei emandako baimenak edo lizentziak amaitu eta hurrengo egunean, edo, langilea aldi baterako ezintasunagatik bajan badago, alta medikoa eman eta hurrengo egunean.

              AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

              Ebazpen honen aurka demanda jarri ahal izango da lan-arloko jurisdikzio eskudunean, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

              AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

              Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

              Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 18a.

              Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendaria,

              IZASKUN URIEN AZPITARTE.

              Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

              ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

              (Ikus .PDF)