Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2002ko abenduaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Idazkari nagusiarena, Unibertsitateko Klaustroak abenduaren 17an hartu zuen Erabakia argitaratzeko Agindua emateko dena. Estatutuak egiteko Prozedura Aldatzea Berretsi zen azken erabaki horren bidez.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 20
- Hurrenkera-zk.: 611
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2002/12/27
- Argitaratze-data: 2003/01/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (aurrerantzean LOU) honela dio bigarren xedapen iragankorrean: unibertsitate bakoitzeko Klaustroak egingo ditu Estatutuak, Klaustroa eratu eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean, organo horrek onartuko duen prozedurari eta gehiengoen erregimenari jarraiki.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroa 2002ko uztailaren 11n eratu zen eta bilera hartan bertan onartu zuen Estatutuak egiteko prozedura eta egutegia arautzeko testua.
Egutegiak bi helburu ditu: batetik, Estatutuak onartzeko unibertsitateek dituzten bederatzi hilabeteetara egokitu nahi da prozedura osoa, horixe baita LOUn zehaztutako epea; eta, bestetik, Estatutuak egiteko prozedurak izango dituen faseen berri eman nahi zaie unibertsitateko kideei, bai eta jakinarazi ere noiz jardungo duten agente desberdinek Estatutuak egiteko prozeduran, unibertsitateko kide guztien parte hartzea bultzatzeko.
Baina unibertsitateko eguneroko bizitzaren eraginez aldatu egin behar izan dira aurretik jarritako epeak. Izan ere, unibertsitateko Klaustroak aukeratu zuen Estatutuen Batzordeak azaroaren 8an jakitera eman zuenez, abenduaren 5ean aurkeztuko zuen Estatutuen aurreproiektua, eta ez egutegian zehaztuta zegoen azaroaren 22an. Eta horren ondorioz egutegia egokitu behar izan da.
Aldaketa hori unibertsitate Klaustroak onartu behar du eta organo hori ez zen bildu abenduaren 17ra arte. Horrexegatik, errektorearen 2002ko azaroaren 22ko erabakiaren bidez jakinarazi zitzaien unibertsitateko kideei beharrezkoa zela aldatzea Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegia, unibertsitateko Klaustroak 2002ko uztailaren 11n onartu zuena. Erabaki hori argitara eman zen, arautegia eman zen moduan, eta bertan adierazten zen unibertsitateko Klaustroak berretsi egin behar zuela hurrengo bileran.
Unibertsitateko Klaustroak berretsi egin zuen proposamena 2002ko abenduaren 17ko bileran, UPV / EHUko errektorearen 2002ko azaroaren 22ko erabakian jasotako moduan (abenduaren 16an argitaratua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian). Baina argitara emandako erabaki horretan akats bati ikusi da, eranskineko egutegian ez delako agertzen hasieran jasotako faseetako bat —aurreproiektua aztertzea—, aldatu ez dena. Eta hori baino lehenagoko zuzenketak aztertzeko faseari esleitutako epea ez da zuzena, kontrajarria baitago arautegiko 5.2. artikuluari.
Estatutuen Batzordea entzun ondoren, ikusi da akatsa zuzentzeko erabakia argitaratu behar dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2003ko urtarrilean. Eta, era berean, fase eta data zuzenak jarri behar direla erabaki honen bitartez Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Klaustroaren erabakian.
Aipaturiko guztia kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legeak dioena ikusita, eta LOUko xedapen indargabetzaile bakarraren arabera indarrean dagoen UPV / EHUko Estatutuetako 80. artikuluari jarraiki, honakoa,
Bakarra.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko unibertsitateko Klaustroaren 2002ko abenduaren 17ko erabakia, Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegia aldatzea berresteko dena. Unibertsitateko Klaustroak 2002ko uztailaren 11ko bileran hartu zuen arautegia aldatzeko erabakia, eta errektorearen 2002ko azaroaren 22ko ebazpenaren bidez eman zitzaien horren berri unibertsitateko kideei, I. eranskinean jasota dagoen moduan.
Leioa, 2002ko abenduaren 27a.
Idazkari nagusia,
ANÍBAL HERNÁNDEZ MARTÍN.
ERABAKIA, UNIBERTSITATEKO KLAUSTROAK 2002ko ABENDUAREN 17ko BILERAN HARTUA, ESTATUTUAK EGITEKO PROZEDURARI BURUZKO ARAUTEGIA ALDATZEA BERRESTEKO DENA. PROZEDURA HORI 2002ko UZTAILAREN 11n ONARTU ZUEN UNIBERTSITATEKO KLAUSTROAK, ETA ERREKTOREAREN 2002ko AZAROAREN 22ko ERABAKIAREN BIDEZ EMAN ZITZAIEN HORREN BERRI UNIBERTSITATEKO KIDEEI
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak, 2002ko uztailaren 11ko bileran, Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegia onartu zuen. Arautegi hori 2002ko urriaren 14an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Arautegiak hainbat epe zehazten ditu, Estatutuak egiten jardungo duten organoek bete behar dituztenak behin betiko testua bederatzi hilabeteko epearen barruan onartu ahal izateko, hau da, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan aipatutako epean. Epe horiek testuko artikuluetan zehazten dira baina, batez ere, arautegiaren Estatutuak egiteko egutegia eranskinean.
Unibertsitateko Klaustroak pentsatu zuen arren Estatutuak egiteko faseak egokitu ahal izango zirela lan-erritmo horretara, ikusi da unibertsitatearen eguneroko zereginek eragina dutela Estatutuak egiteko prozesuan eta, horrexegatik, epeak berriro zehaztu behar dira.
Izan ere, Estatutuen batzordea aukeratzeko Klaustroa, urriaren 22an egitekoa zena, hilaren 24ra atzeratu zen arrazoi hauengatik: batetik, urriaren 22an izan zelako, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren Biofisikako Unitatearen inaugurazioa; eta, bestetik, kultur ekitaldiak izaten direlako Leioako Campuseko Areto Nagusian. Baina atzerapen horrek eragina izan du, baita ere, errektoreak 2002ko urriaren 25eko erabakiaren bidez izendatu zuen Estatutuen batzordean. Batzorde horrek bilera egin zuen 2002ko azaroaren 5ean eta erabaki zuen, aho batez, jakinaraztea unibertsitateko kideei abenduaren 5erako izango duela burututa Estatutuen zirriborroa, Klaustroak onartu zuen egutegian azaroaren 22rako egongo dela agertzen den arren.
Errektorearen 2002ko azaroaren 12ko erabaki-proposamenaren bidez jakinarazi zitzaien unibertsitateko kide guztiei aldatu egin behar zirela Estatutuak egiteko egutegia eta prozedura, Klaustroak 2002ko uztailaren 11n onartu zituenak. Jakinarazi zitzaien, halaber, aldaketa horiek unibertsitateko Klaustroak eman beharko dituela ontzat hurrengo bileran; eta, bestalde, bost eguneko epea eman zitzaien klaustrokide guztiei egokitzat hartzen zituzten alegazioak eta iradokizunak egiteko.
Epea azaroaren 21ean bukatu zen eta lau alegazio aurkeztu dira. Horietako hirutan eskatzen da 2003ko urtarrilaren 20an egitekoa den Klaustroa atzeratzea, egun hori jaieguna delako Donostian. Eta laugarrenean 5.1. artikuluaren aldaketari buruzko azalpena eskatzen da.
Errektorearen 2002ko azaroaren 22ko erabakiaren bidez zehaztu zen nola berretsiko zuen Klaustroak Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegiaren aldaketa. Eta modu horretara aritu zen 2002ko abenduaren 17ko bileran.
Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta ikusita errektorearen proposamena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak honakoa,
Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegiko 2. artikuluko 3. paragrafoak honela esango du:
"Testu hori urriaren 24rako egingo dute eta Estatutuen batzordera bidaliko da, iritzia eman dezan. Estatutuen Batzordeak onartutako testua abenduaren 12a baino lehen bidaliko zaie klaustrokide guztiei"
Zuzenketak aurkeztea 3.1. artikuluko lehen paragrafoa era honetara geratuko da:
"Klaustrokideek 2003ko urtarrilaren 7ra arteko epea izango dute, eguerdiko 12:00ak arte, proposatuko zaien testuari egin nahi dizkioten zuzenketak aurkezteko"
Artikuluei egindako zuzenketak aztertzea 5.1. artikuluak honela esango du:
"Artikuluei egindako zuzenketak Estatutuen batzordeak aztertuko ditu eta testuan sartzea erabaki dezake, edo bertan behera uztea batzordeko kideen bi herenek behintzat horrela erabakitzen badute; testuan sartuko ez diren eta bertan behera utziko ez diren zuzenketak, berriz, Klaustroak eztabaidatuko ditu osoko bilkuran"
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak egiteko prozedurari buruzko arautegiaren eranskina aldatzea. Estatutuak egiteko egutegia eranskina, beraz, honela geratuko da:
Estatutuen batzordea aukeratzeko Klaustroa 2002ko urriaren 24a
Estatutuen zirriborroa bidaltzea 2002ko abenduaren 12a
Osoko zuzenketak aurkeztea 2003ko urtarrilaren 7a, eguerdiko 12:00ak arte
Osoko zuzenketak aurkeztu badira,
osoko zuzenketok bidaltzea: 2003ko urtarrilaren 10a
Osoko zuzenketak eztabaidatzeko Klaustroa 2003ko urtarrilaren 21a
Osoko zuzenketa onartuz gero, testu berriko
artikuluei zuzenketak egiteko epea 2003ko urtarrilaren 31, eguerdiko 12:00ak arte
Osoko zuzenketarik aurkeztu ez bada,
artikuluei zuzenketak egiteko epea 2003ko urtarrilaren 31ra arte
Zuzenketei buruzko txostena 2003ko otsailaren 14ra arte
Zuzenketak aztertzea 2003ko martxoaren 14ra arte
Aurreproiektua aztertzea 2003ko martxoaren 19tik aurrera
Botoa emateko Klaustroa 2003ko apirilaren 8a
Xedapen gehigarri bakarra lehenengo xedapen gehigarria bihurtzea.
Eta bigarren xedapen gehigarri hau sartzea arautegian:
"Errektoreak, ikusita gerta daitezkeen gorabeherak eta kontuan hartuta Estatutuen batzordearen iritzia, ahalmena izango du Estatutuak egiteko egutegian zehaztutako egunak egokitzeko. Dena dela, horretarako beharrezkoak diren tramiteen iraupena ahalik eta gehien errespetatuko da"
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2002ko azaroaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Idazkaritza nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorearen 2002ko azaroaren 22ko Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren
- Ikus: EBAZPENA, 2002ko irailaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko unibertsitateko idazkari nagusiarena, Estatutuak egiteko Prozedurari buruzko Arautegia argitaratzeko Agindua emateko dena.