Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko martxoaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako deialdia egiten baita, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2022-2023 Planaren barruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 72
  • Hurrenkera-zk.: 1607
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/28
  • Argitaratze-data: 2022/04/11

Testu legala

Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, eta hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna. Halaber, irakasleen prestakuntza eredu pedagogikoen etengabeko hobekuntzaren oinarri izan behar duen printzipioetako bat da, euskal hezkuntza-sistema osoaren ekitatean eta kalitatean aurrera eginez bikaintasuna lortzeko.

Irakasleentzako prestakuntza-programak erronka bikoitza du. Alde batetik, irakasleek beren funtzioei dagozkien erantzukizunak baldintza onenetan hartu ahal izateko gaitasun-profila eskura dezaten laguntzea. Eta, bestetik, irakasle bakoitzaren gaitasun profesionalaren hobekuntza ikastetxearen eguneroko bizitzako esparru guztietan islatzea, eta, bereziki, eragina izatea ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, hezkuntza-etapa bakoitzerako irteera-profilean definitutako gaitasunak lortu ahal izateko.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak unibertsitatez kanpoko irakasleen urteko prestakuntza-plana egin du. Planaren helburua da irakasleei beren gaitasun profesionala garatzera bideratutako prestakuntza-proposamenak eskaintzea, arreta berezia jarriz prestakuntza horrek ikastetxean egiten den eguneroko lanean izan behar duen irismenean, hezkuntza-komunitate osoaren onerako izan dadin, oro har, eta ikasleen garapen integrala bultza dezan, zehazkiago. Era berean, planaren diseinuan, jakina, irakasleen iradokizunak eta balorazioak ere kontuan hartu dira.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailak konpromisoa eta erantzukizuna eskatzen die prestakuntza egitea erabakitzen duten irakasleei, eskuratutako ezagutza horiek isla izan dezaten ikasgelan garatzen den jardueran eta inpaktua sor dezaten ikastetxean, hezkuntza-sistemaren kalitate handiagoa sustatzeko.

Prestakuntza-jarduerak egiteko, Hezkuntza Sailak, bere baliabideez gainera, honako entitate hauen laguntza izango du: 2022-2023 ikasturtean, Prest_Gara planean, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako banakako ikastaroen kontratazio-prozeduran esleipendun izan diren kanpoko entitateak.

Hori dela eta, honako hau

Hauxe da deialdi honen xedea: ezartzea prestakuntza-jarduerak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleek zer prozedura jarraitu behar duten eskaera egiteko, zer baldintza bete behar dituzten parte hartzeko eta zer prozedura erabiliko den parte-hartzaileak aukeratzeko, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2022-2023 Planaren barruan.

2022-2023 ikasturterako prestakuntza-jardueren zerrenda Hezkuntza Sailaren webgunean kontsulta dezakete irakasleek, 2022ko maiatzaren 20tik aurrera. Prestakuntza-jarduera bakoitzak deskribapen-fitxa bat du, Hezigunean kontsulta daitekeena, eta fitxa bakoitzak informazio hau jasotzen du:

Ikastaroaren izena, kodea eta entitate arduraduna; zeinek emango duen; ordu kopurua; plaza kopurua; ikastaroaren hasiera- eta amaiera-datak; non emango den, eta ordutegia.

Irakasleen eta ikasleen gaitasunak.

Hartzaileak eta prestakuntza-jarduera bakoitzaren berariazko betekizunak, onartzeko nahitaez bete behar direnak.

Programa xehatua: helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa.

Emateko modalitatea eta jardueraren zereginak edo faseak, jarraian zehazten denaren arabera:

D: jarduera aurrez aurre eta eskola-orduetatik kanpo ematea.

H: jarduera online ematea.

G: txosten edo memoria bat egitea.

F: ikasgelan praktika bat egitea.

Ikastaro guztietan dago aurreikusita ikasgelako praktika bat egitea edo txosten edo memoria bat idaztea jarduerari buruz.

  1. Honako hauek parte har dezakete prestakuntza-jardueretan:

    1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, publikoetan edo itunpekoetan, lan egiten duten eta jardunean dauden irakasleak. Lehenengo postuan egongo dira lehentasun-ordenan.

    2. Hezkuntzan laguntzeko zentroetako langileak (berritzeguneetakoak, ingurugeletakoak, Irale ikastegietakoak eta Itsuen Baliabidetegietako langileak), Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko langileak, hizkuntza-eskola ofizialetakoak eta Hezkuntza Ikuskaritzakoak. Bigarren postuan egongo dira lehentasun-ordenan, salbu eta jarduera berariaz zerbitzu horietako langileentzat bada, edo jardueran plazak gordeta badaude zerbitzu horietako langileentzat.

    3. Lanbide Heziketako langileek prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute. Hirugarren postuan egongo dira lehentasun-ordenan.

  2. Hezkuntza Bereziko langile lan-kontratudunek hezkuntza-premia bereziei buruzko jardueretan parte har dezakete, jarduera horietarako jartzen diren baldintzetan.

  3. Ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan Haur Hezkuntzan (0-3 urteko zikloa) lan egiten duten irakasleek ziklo horretarako jardueretan parte hartuko dute, prestakuntza-jarduera horietan parte hartzeko zehazten diren baldintzen arabera.

  1. Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza Saileko aplikazioan, Hezigunea atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.

  2. Prestakuntza-jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa baldin bada titulu jakin bat atzerriko hizkuntzaren batean edo ziurtagiri jakin bat zeinu hizkuntzan lortu izana, ofizioz egiaztatuko da titulazio edo ziurtagiri hori egon badagoela eskatzailearen espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

  3. «Bideetako arriskuen prebentzioa ikasgelan. II.maila» prestakuntza-jardueran eskaera egiten denean, ofizioz egiaztatuko da eskatzaileak «Bideetako arriskuen prebentzioa ikasgelan. I. maila» prestakuntza-jardueraren ziurtagiria lortu duela, eta egon badagoela bere espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

  4. Eskatzen den titulazioa edo ziurtagiria, 2. eta 3. apartatuetan aipatzen dena, Hezkuntza Saileko langileen erregistroan ez badago jasota, eskatzaileek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera horretarako gaitutako erregistroetan aurkeztu ahal izango dute eskaera aurkezteko epean.

  5. Nahi adina prestakuntza-jarduera eska daiteke, eta eskabidean horien arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da, eskolak emateko aldi bakoitzerako. Dena den, emate-garaiaren arabera multzo bat osatzen duten jardueren artetik bakar batean onartuko da eskatzailea; artikulu honen 6. eta 7. apartatuetan ezarritakoa izango da salbuespen bakarra.

  6. Prestakuntza-jarduera bat eskatu dutenen artean, bateraezintasun-arrazoiengatik kanpoan geratzen direnek (talde bereko beste jarduera batean onartuta egoteagatik), ikastaroan sartzea eskatu ahalko dute, baldin eta plaza hutsak geratzen badira deialdiaren behin betiko ebazpena argitaratu ondoren. Eskabidea onartzeko, justifikatu egin beharko da talde bereko jarduerak bateragarriak direla; hau da, jardueren egunak eta ordutegiak ez datozela bat.

  7. Eskatu ez dituzten ikastaroetan hutsik geratu diren plazak bete nahi dituztenek aurkeztu ahal izango dute eskabidea deialdia behin betiko ebatzi ondoren.

  8. Artikulu honetako 6. eta 7. apartatuetan aipatutako eskabideak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera onartuko dira, hutsik dauden plazak agortu arte. Bi eskaerak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira Hezigunea atariaren bidez.

Eskaerak egiteko bi epe irekiko dira. Epe bakoitzean, epe horri dagozkion prestakuntza-jardueretarako soilik aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

  1. Lehen eskaera-epea:

    2022ko uztailean, abuztuan, irailean eta urrian hasten diren jarduerak.

    Eskaera egiteko epea: 2022ko maiatzaren 20tik ekainaren 3ra bitarte, biak barne.

  2. Bigarren eskaera-epea:

    2022ko azarotik 2023ko ekainera bitartean egiten diren jarduerak.

    Eskaera egiteko epea: 2022ko irailaren 16tik 30era bitarte, biak barne.

  1. Ikastaroan sartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak eta artikulu honen 4. apartatuko kanporatze-arrazoi batean ere ez daudenak eranskinean ezarritako baremoen arabera baloratuko dira. Atzerriko hizkuntzen jakintza-mailaren egiaztagiria eskatzen duten hizkuntzen prestakuntza-jarduerei dagokienez, titulazio hori kontuan hartzeko eta eskatzaileak jardueran parte hartu ahal izateko, egiaztagiri hori interesdunaren espedientean egon beharko da, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

  2. Puntuazio-berdinketa badago, 3. artikuluko lehentasun-ordena aplikatu ondoren, eskatzaileak zerbitzuan eman duen denborari erreparatuko zaio.

  3. Prestakuntza-jardueraren batean onartuak izan eta gero arrazoirik gabe huts egiteagatik Prest_Gara 2020-2021eko eta 2021-2022ko deialdietan zigortuak izan diren eskatzaileek Hezkuntzako sailburuaren (2020ko uztailaren 20ko Aginduaren 8.4 artikuluaren arabera, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako deialdia egiten baita, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2020-2021 Planaren barruan eta Hezkuntzako sailburuaren 2021eko apirilaren 29ko Aginduaren 8.4 artikuluaren arabera, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako deialdia egiten baita, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2021-2022 Planaren barruan) deialdi honetako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaera egin dezakete, baina 0 punturekin sartuko dira aukeraketa-prozeduran.

  4. Prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaerak aukeraketa-prozeduratik baztertuta geratuko dira honako kasu hauetan:

    Eskaerak ez baditu betetzen jardueran parte hartzeko beharrezko den baldintzaren bat edo batzuk, barnean hartuta prestakuntza-jarduera batzuetan eskatzen diren ziurtagiriak edo hizkuntza-tituluak izatea, dagokion prestakuntza-jardueraren deskribapen-fitxan parte hartzeko adierazten diren baldintzei jarraituz.

    Eskatzaileak eskatu duen ikastaroan adierazitakoa baino handiagoa den ziurtagiri bat edo maila handiagoa badu atzerriko hizkuntzan, baldin eta ikastaroaren fitxan adierazten bada hori baztertua izateko arrazoi bat dela.

    Eskatzaileak galdu egin badu dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera, zigor penal edo administratibo baten ondorioz, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren batean sartuta badago, barnean hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik gertatutakoak.

  5. Eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo dagokion ikastaroko baldintza betetzen dela egiaztatzen duen ziurtagiria edo hizkuntza-titulazioa aurkezteko, baztertuak ez izateko artikulu honetako 4. apartatuan zehaztutako arrazoiengatik. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

  1. Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak behin-behineko ebazpena egingo du, eta Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeraren egoera ikusi ahal izango du Hezigunea atarian. Ebazpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, eta honako hauek jasoko ditu:

    Egingo den prestakuntza-jarduera bakoitzaren behin-behineko zerrenda, eskaera bakoitzaren egoera adieraziko duena (onartua, erreserban eta baztertua, baztertzeko arrazoia emanda).

    Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin-behineko zerrenda.

    Ikastaroetara onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak 2022ko ekainaren 8an argitaratuko dira, lehen eskaera-eperako, eta, 2022ko urriaren 5ean, berriz, bigarren eskaera-eperako.

  2. Interesdunek, alegazioak egin edo parte hartzeari uko egin nahi izanez gero, 2022ko ekainaren 22ra arte izango dute, lehen eskaera-eperako, eta 2022ko urriaren 19ra arte, bigarren eskaera-eperako.

  3. Behin alegazioak egiteko epea amaituta, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak prozeduraren behin betiko ebazpena egingo du. Ebazpen hori Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeraren egoera ikusi ahal izango du Hezigunea atarian. Behin betiko ebazpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, eta honako zerrenda hauek jasoko ditu:

    Jardueraren araberako zerrenda eta eskatzailearen araberakoa, non adieraziko baita eskatzaileak zein egoeratan dauden eskatutako jarduera bakoitzean:

    1. Onartua: ikastaroan plaza duten eskatzaileak.

    2. Erreserban: ikastaroan parte hartzeko baldintzak bete arren, lehentasun-maila berarekin, esleitutako azken plazak baino puntuazio txikiagoa izateagatik plaza lortu ez duten eskatzaileak.

    3. Baztertua: deialdiko edo ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileak, edo aldi horretan bertan beste ikastaro baterako onartuak izateagatik bateraezintasun-egoeran daudenak. Honako hauek dira baztertzeko arrazoien kodeak:

      C: langilea ez dago jardunean.

      I: bateraezina beste ikastaro batekin (garai berean emango den beste jarduera baterako onartua izateagatik).

      K: ez da betetzen prestakuntza-jardueran parte hartzeko baldintza espezifikoren bat.

      L: ikastaroa bertan behera geratu da.

      H: eskatzaileak uko egin dio.

      T: ez da betetzen atzerriko hizkuntzarako eskatzen den maila egiaztatzeari buruzko betekizun espezifikoa.

      Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda.

      Bertan behera geratu diren prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda, onartutako eskaeren gutxieneko ratioa ez betetzeagatik (gutxienez 6 plaza, hizkuntza-ikastaroetan, eta gutxienez 8 plaza, gainerako ikastaroetan).

  4. Behin betiko ebazpenaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpena Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratu eta hilabeteko epean, Egoitza Elektronikoan eskuragarri dagoen Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan bertan.

  5. Deialdi honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko, hiru hilabeteko epea dago, gehienez ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dio betebeharra.

  1. Eskatzaileek, prestakuntza-jardueran parte hartzean, konpromisoa eta ardura hartzen dute eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko eta ikastetxean eta ikasgelan egiten duten eguneroko lanean aplikatzeko. Alde horretatik, atzerriko hizkuntzetan espezialistak ez diren irakasleek atzerriko hizkuntzetako prestakuntza jasotzeari dagokionez, parte hartzen duten irakasleen asmoa izan beharko da arloko edukiak hirugarren hizkuntza batean emateko behar den gaitasuna lortzea.

  2. Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, arrazoi justifikatuak badaude soilik onartuko da prestakuntza-jardueran parte hartzeari uko egitea; adibidez, aldi baterako ezintasun-egoeran egotea edo ustekabeko lan-egoeraren baten kasuan. Uko egiteko jakinarazpena Hezigunea atariaren bidez bidali beharko da, prestakuntza-jarduera hasi aurretik, uko egitea justifikatzen duen gertaera jazo ondoren, ahal bezain laster, eta, hala badagokio, dagokion dokumentu-euskarria erantsi beharko zaio.

  3. Onartutako pertsonen artetik justifikaziorik gabe uko egiten dutenak edo prestakuntza-jardueraren saioetara agertzen ez direnak (8.8 artikuluan adierazten den bezala) zigortu egingo dira, eta 0 punturekin hartuko dute parte Prest_Gara planaren babesean hurrengo bi edizioetan (2023-2024 eta 2024-2025) egingo diren prestakuntza-jardueretan. Justifikatu gabeko uko-egitetzat hartuko da aurrez jakinarazi gabe eta inolako arrazoirik frogatu gabe saioetara ez agertzea.

  4. Eskatzaileek uko egin dutelako edo saioetara agertu ez direlako hutsik geratzen diren plazak betetzeko, erreserba-zerrendako pertsonei deituko zaie, zerrendan duten postuaren ordenari jarraituz. Oro har, ez dira hutsik dauden plazak beteko, behin prestakuntza-jardueraren bigarren saioa eman ondoren. Nolanahi ere, salbuespenak egin daitezke, baldin eta jarduerak iraupen luzea badu, ez bada aurrez aurreko prestakuntza edo salbuespena egiteko beste baldintza batzuk betetzen badira.

  5. Atzerriko hizkuntzen prestakuntza-jardueretan, hasi aurretik, erakunde arduradunak hasierako ebaluazio-proba bat egin ahal izango die onartutako pertsonei. Eskatzailearen maila ez badator bat ikastaroaren hasierako diseinuarekin, erakundeak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Eskatzaileari entzunaldi-izapidea egin ondoren, plaza hori erreserban dagoen beste eskatzaile batek betetzea erabaki ahal izango da.

  6. Parte-hartzaileei ez zaie inolako diru-zenbatekorik ordainduko lekualdatze-gastuengatik edo Prest_Gara planeko prestakuntza-jardueretan parte hartzearekin lotutako inolako kontzepturengatik.

  7. Eskatzaileak behartuta daude onartuak izan diren prestakuntza-jardueran programatutako fase eta zeregin guztiak gauzatzera, bai eta 2. artikuluan aipatutako ikasgelako praktika edo txostena edo memoria egitera ere. Era berean, ikastaroa amaitu ondoren eta 2023ko uztailaren 31 baino lehen, Hezigunea atarian horretarako ezarriko den prestakuntza-jardueraren inkesta bete beharko dute. Bestela, parte-hartzailea ez da gai izango, eta prestakuntza-jarduera ez zaio ziurtatuko.

  8. Gai izateko, prestakuntza-jardueretan parte hartzen duten pertsonek, jarduera-orduen % 80ra joan behar dute (modalitate presentziala edo mistoa dutenean), gutxienez, zeregin guztiak egin beharko dituzte, eta proiektu, txosten edo memoria bat entregatu beharko dute, eta balorazio-fitxa bete beharko dute, hala ezarrita baldin badago. Prestakuntza-jardueretan parte hartu duenak hura gaindituz gero, hala jasoko da Hezkuntza Saileko irakasleak berritzeko eta prestatzeko jardueren datu-basean. Gai gisa ebaluatzen diren irakasleek ziurtagiria ikusi eta inprimatu ahal izango dute, Hezigunea atariaren prestakuntza-atalean sartuta; gai gisa ebaluatzen ez diren parte-hartzaileek, berriz, ez dute inolako ziurtagiririk lortuko, onartuak izan diren prestakuntza-jarduerarekin lotuta.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio prestakuntza-jardueren jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, behar diren jarraibideak eman ditzake, eta Berritzegune edo Hezkuntzarako Laguntzeko Zentroen laguntza eska dezake.

Datu pertsonalak «Irakasleen Prestakuntza» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: irakasleak prestatzeko jarduerak. Irakasleen hizkuntza-gaikuntza, IRALE programa. EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen prestakuntza hobetzeko jardueretan parte hartzea (Prest_Gara Plana). Jardueren jarraipena.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari interes publikoaren izenean edo botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk. Euskaltegiak, buletina, HABE.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik