Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko apirilaren 20koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidego hizkuntza-eskola ofizialetan araubide ofizial eta presentzialean ikasleak onartu eta matrikulatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 97
  • Hurrenkera-zk.: 2197
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/04/20
  • Argitaratze-data: 2012/05/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuak araubide bereziko hizkuntza-ikasketen mailetako oinarrizkoa, tartekoa, aurreratua eta gaitasun maila curriculuma ezartzen du eta ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen ditu.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariaz ezarritako araudiek ezarriko dute zein den ikasleak onartzeko prozedura maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hezkuntzari buruzkoak araututako arte-ikasketak, hizkuntza-ikasketak eta kirol-ikasketak irakasten dituzten ikastetxeetan.

Horren ondorioz, honako hau

Agindu honek arautzen du nola onartu eta matrikulatu ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan araubide ofizial eta presentzialean irakasten diren hizkuntzatan.

  1. Ikastetxeen zuzendariak ebazpen bidez zehaztuko du urtero zein den Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial bakoitzaren hezkuntza-eskaintza.

  2. Behin hezkuntza-eskaintza ezagututa, hizkuntza-eskola bakoitzak urtero zehaztuko du zenbat ikasle izango diren, gehienez, taldeko, eskolan eskaintzen diren hizkuntza eta maila guztietarako, beti ere Ikastetxeen Zuzendaritzak ezartzen dituen mugen barruan eta kontuan izanik erabil daitezkeen gelek duten edukiera.

  1. Hizkuntza-eskola ofizialetan ikasteko, ezinbestekoa izango da gutxienez hamasei urte beteta izatea ikasketak hasten diren urtean. Ikasten hasitako urtean gutxienez hamalau urte dituztenek ere ikas dezakete, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lehen hizkuntza gisa ikasitakoa ez den beste hizkuntza bat ikasi nahi badute.

  2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua daukaten ikasleek matrikula egin ahalko dute atzerriko lehenengo hizkuntza gisa ikasten duten hizkuntzaren oinarrizko mailako bigarren ikasturtean (A2).

  3. Batxilergo-titulua duten ikasleak zuzenean pasa daitezke Batxilergoan ikasi duten atzerriko lehen hizkuntzaren tarteko mailako lehenengo mailara. Tarteko Mailaren lehen ikasturtera modu horretan sartzeak ez du esan nahi, inola ere, aurreko ikasturteak gainditu direnik, eta, beraz, ez du eskubiderik ematen Oinarrizko Mailaren Ziurtagiria eskuratzeko.

  4. Sailkapen-proba eginda hizkuntza jakin batean gaitasun nahikoa dutela egiaztatzen dutenek egin ahal izango dute proba horretan egiaztatutako jakintza-maila horretako maila.

  5. Espainiera hizkuntza ofizial izandako estatuetako pertsonek ezingo dute espainiera ikasi. Beste nazionalitateetako pertsonek ikastetxeko edozein hizkuntza ikas dezakete, beren ama-hizkuntza izan ezik.

  6. Ikasturte berean, ikasleek ezin izango dute, aldi berean, hizkuntza bererako matrikula egin araubide ofizialean eta librean.

Hurrengo egoeretan dauden ikasleek hurrengo ikasturtean matrikulatzeko eskatu beharko dute, barematuak izango dira eta, onartuak izatekotan, prezio publikoa ordaindu beharko dute arauz ezarritako epe eta baldintzetan:

  1. Eskolara lehen aldiz datozen ikasleak.

  2. Araubide libretik hizkuntza-eskolan matrikulatutako ikasleak.

  3. Eskolan, lehendik ere ikasi nahi den hizkuntza ez, beste hizkuntza batean araubide ofizialean matrikulatutako ikasleak.

  4. Lehenago, hizkuntza-eskolan araubide ofizialean matrikulatuta egon arren, ikasketak eten, eta aurreko ikasturtean matrikularik egin ez duten ikasleak.

  5. Aurreko ikasturtean araubide ofizialean matrikulatuta egonik, hurrengo ikasturtean matrikulatzeko lehentasuna galdu duten ikasleak, dela klaseetara joan ez direlako, dela arrazoi justifikaturik gabe matrikulari uko egin diotelako.

  6. Hizkuntza-eskolan, nahi duten ikasketa ofizialean matrikulatuta egonik, ohiko prestakuntza ibilbidean dagokien maila barik beste maila batean matrikulatu nahi duten ikasleak, beti ere salbuespen modura eta dagokion departamentuko oniritziaz.

  7. Hizkuntza-eskolan araubide ofizialeko talde batean goizetan klaseak hartzeko matrikulatuta egonik, hurrengo ikasturtean arratsaldeko talde batean matrikulatu nahi duten ikasleak, salbu eskola horretan goizeko ordutegian eskaintzarik ez dagoenean hizkuntza eta maila horretarako.

  1. Hurrengo egoeretan dauden ikasleek hurrengo ikasturtean matrikulatzeko eskatu beharko dute, eta prezio publikoa ordaindu beharko dute arauz ezarritako epe eta baldintzetan (ez dago zertan barematu behar ikasle horiek):

    1. Aurreko ikasturtean, eskolan, araubide ofizialean eta hizkuntza berean matrikulatutako ikasleak. Horretarako, ezin dute: agortuta izan behar gehienez ere matrikulatuta egin ditzaketen kurtsoak, galduta izan hurrengo ikasturtean matrikulatzeko lehentasuna (hutsegiteak pilatzearren edo behar bezala justifikatu barik matrikulari uko egitearren), matrikulatu ohiko prestakuntza-ibilbidearen arabera ez dagokien maila batean, eta ezin dute eskatu goizeko ordutegitik arratsaldekora pasatzea, baldin eta goizean dagokion hizkuntzan eta mailan eskaintzarik baldin badago.

    2. Espedientea matrikulatuta dauden eskolatik beste eskola batera aldatzen duten ikasleak; espedientea etxebizitza, ikastetxea edo lantokia aldatzearren aldatu ahal da, eta egoera hori dokumentu bidez justifikatu behar da. Bestalde, eskola berrian tokia izan behar da hizkuntza bererako.

  2. Arestian adierazitako egoeraren batean dauden ikasleek lehentasuna izango dute tokia lortzeko eta ordutegiak aukeratzeko, agindu honetako 4. artikuluak aipatzen dituen ikasleen aurretik; dena den, eskaera atzera bota ahal izango zaie, baldin eta eskatzaileak eskatutako hizkuntzan, mailan eta kurtsoan toki nahikoa ez badago edo, egonda ere, tokirik ez badago eurek adierazitako ordutegian.

  3. Inoiz, urte berean bi deialdi egiten badira maila jakin bat gainditzeko, honela jokatuko da baldin eta ofizialki matrikulatutako ikasleek hurrengo ikasturtean matrikulatzeko eskatu behar badute bigarren deialdiko emaitzak jakin aurretik:

    1. Ikaslea maila jakin baterako matrikulatuta badago eta lehenengo deialdian gainditzen badu maila hori, hurrengo ikasturtean hurrengo mailako matrikula egiteko eskatu beharko du.

    2. Ikaslea maila jakin baterako matrikulatuta badago eta lehenengo deialdian ez badu gainditzen, baina maila hori egiteko arauz ezarritako urteak agortu barik baditu, hurrengo urtean maila bereko matrikula egiteko eskatu beharko du.

      Ebaluazioko bigarren deialdian maila hori gainditzen badu, hizkuntza-eskolara joan beharko du, hurrengo mailan matrikulatzeko eskatzeko (agindu honetako 8. artikuluan aipatzen den ebazpenean azalduko da zein epetan eskatu beharko duen).

    3. Ikasleak ez badu lehenengo deialdian gainditzen matrikulatuko maila eta maila hori ikasteko arauz ezarritako urteak agortuta baditu, eta ezin badu berriro matrikulatu maila bera egiteko, orduan ezin izango du matrikularik egin hurrengo kurtsorako.

      Ebaluazioko bigarren deialdian maila gaindituz gero, hizkuntza-eskolara joan beharko du agindu honetako 8. artikuluan aipatzen den ebazpenean ezartzen den epean, toki bat eman diezaioten hurrengo maila egiteko.

      Ebaluazioko bigarren deialdian maila gainditzen ez badu baina maila hori errepikatzeko matrikulatu nahi badu, matrikula berezia egiteko eskatu beharko dio hizkuntza-eskolako zuzendaritza-taldeari; nolanahi ere, eskaera hori aurkezteko, arauz ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Zuzendaritza-taldeak matrikula berezia egiteko aukera ematen badio, plaza bat esleituko dio, baldin eta toki hutsik badago, eta beti ere agindu honetako 16. artikuluan aipatzen den itxarote-zerrendako ikasleei tokiak eman eta gero.

  1. Hizkuntza-eskola ofizialek urtero zehaztu beharko dute, bere ustez, zenbat plaza eskaini beharko litzaiekeen ikasle hauei hurrengo ikasturterako, bai hizkuntzako, bai mailako, bai kurtsoko:

    1. Ikasleak onartzeko prozesua amaitutakoan, hasiera batean eskatutakoa baino goragoko mailan matrikulatzeko eskatzen duten ikasleei, beti ere aurreko artikuluko 3.b) idatzi-zatiko bosgarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

    2. Ikasleak onartzeko prozesua amaitutakoan, aurreko artikuluko 3..c) idatzi-zatiko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera matrikulatzeko eskatzen duten ikasleei.

    3. Beste hizkuntza-eskola batzuetatik datozen ikasleei, baldin eta espedientea aldatzeko eskatzen badute, horretarako onartzen den arrazoiren bat dela eta.

  2. Ikasleak onartzeko prozesuan parte hartzen duten lagunentzat hizkuntzako, mailako eta kurtsoko zenbat plaza egongo diren zehazteko, eskolan guztira dauden postu guztiei kendu egin beharko zaizkie aurreko atalean aipatutako ikasleentzat gordetako plazak.

Ikasleak onartzeko prozesua hasi aurretik, hizkuntza-eskola ofizialek iragarki-tauletan eta web orrietan jarriko dute honako informazio hau, eta hala eskatzen duten ikasleei ere emango diete:

  1. Eskolan ematen diren hizkuntzak eta mailak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ikasleak onartzeko araudia.

  3. Eskabideak egiteko epeak.

  4. Egutegia: noiz argitaratuko diren onartutako ikasleen zerrendak eta erreklamazioak aurkezteko epeak.

  5. Sailkapen-probak egiteko eta proba horiek ebaluatzeko irizpideak.

Urtero-urtero, deialdi bat egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetan ematen diren hizkuntzak araubide ofizial presentzialean ikasteko ikasleak onartu eta matrikulatzeko prozesua aurrera eramateko. Horretarako, Ikastetxeen zuzendariak ebazpena eman, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko web orrian argitaratuko da. Ebazpen horretan arautuko dira eskaerak aurkezteko era eta lekua, eskaerekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eta prozeduraren fase bakoitzeko epeak.

  1. Agindu honetako aurreko artikuluan aipatutako ebazpenean zehaztuko da zer epe dagoen hurrengo ikasturterako matrikulatzeko edo ikasle berriak onartzeko eskabideak egiteko. Epe hori gutxienez bost egunekoa izango da.

  2. Ikasle batek bi hizkuntzatan edo gehiagotan matrikulatu nahi badu, eskabide bat aurkeztu beharko du hizkuntzako.

  3. Eskatzaileek eskabide bakarra egin beharko dute hizkuntzako eta egin ere eskola bakar batean. Ez da onartuko hizkuntza bererako hainbat eskolatan aurkeztutako eskabiderik. Inork hizkuntza bererako hainbat eskabide aurkezten baditu eskola batean baino gehiagotan, den-denak baztertuko dira.

  4. Eskabidea egitean, eskatzaileek adierazi egin beharko dute ea eskubidea duten ala ez ezarritako prezio publikoa osorik edo horren zati bat salbuesteko.

    Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira, ofizioz egiaztatuko da adierazpen horiek egia diren ala ez; horretarako, Administrazioak dituen datuekin erkatuko dira, interesdunek horretarako beren beregi emandako baimenaz baliatuz. Alegatutako datuak benetakoak ez badira, eskatzailea prozesutik kanpo geratuko da.

    Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren lagunek egiaztatu egin beharko dute prezio publikoa osorik edo partzialki salbuesteko eskubidea ematen duten egoera batean daudela. Horretarako, dokumentazioa aurkeztu beharko dute hizkuntza-eskolan, aurreko artikuluan adierazitako ebazpenean ezartzen den epean.

  5. Datorren ikasturtean matrikulatzeko eta ikasle berriak onartzeko eskaerak on line egingo dira, Interneten bidez. Horretarako, prozesu bakoitzerako habilitatzen den web orrira sartu, eta eskabide egiteko inprimakia bete beharko da.

    Zein hizkuntza-eskola ofizialean matrikulatu nahi, eskola horretara jo ahal izango da. Atentzio-zerbitzua izango hizkuntza-eskola ofizial guztiek, behar dutenei eskabidea Interneten bidez egiten laguntzeko.

    Eskatzaileek eskabide-ordezkagiria lortu ahal izango dute eskabidea egiteko erabili duten aplikazio informatikotik, eta sartutako datuak azalduko dira bertan.

  6. Eskabidea egin nahi duenak nazionalitate espainola badu, Nortasun Agiri Nazionala erabili beharko du, nahitaez, bere burua identifikatzeko. Atzerriko nazionalitatea dutenak, berriz, AIZ-Atzerritarren Identifikazio Zenbakiaren bidez identifikatu beharko dira. Kasu bietan, ofizioz ziurtatuko da nor identifikatzen den; horretarako, datuak Administrazioak dituen datuekin erkatuko dira, interesdunek beren beregi emandako baimenaz. Norbere burua identifikatzeko datuak benetakoak ez badira, eskatzailea prozesutik kanpo geratuko da.

    Espainiakoak ez, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako herritarrek ez badute Atzerritarren Identifikazio Zenbakirik, norbere herrialdeak emandako beste nortasun-agiri ofizial baten bidez identifikatu ahal izango dira. Horrelakoetan, datuak benetakoak direla egiaztatzeko, dokumentua aurkeztu beharko da hizkuntza-eskolan, aurreko artikuluan aipatutako ebazpenean ezartzen den epean.

  7. Eskabidearekin batera erantzukizunezko adierazpena aurkeztuko da, eta, bertan, eskatzaileak adieraziko du aurkeztutako datu guztiak benetakoak direla eta bere gain hartzen dituela horien zehaztasun ezak eragin ditzakeen erantzukizunak; horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena emango dio dagozkien erakundeen erregistroetan egiaztatzeko. Era berean, Administrazioari baimena emango zaio kontsultatu behar dituen kontsultatzeko, matrikula betetzearekin edo ikasleak onartzeko prozesuarekin lotutako edozer egiaztatzeko.

  8. Eskabideko datuak bete eta gero, dagokion hizkuntza-eskola ofizialera bidali beharko dute bidali beharreko dokumentazioa. Aurreko artikuluan aipatutako ebazpenean zehaztuko da zein dokumentazio behar den kasu bakoitzean eta zein epe dagoen dokumentazio hori entregatzeko. Ezarritako epea itxi eta gero, ez da onartuko beste dokumenturik aurkeztea. Eskolako administrazio-langileek dokumentazio hori berrikusi beharko dute.

  9. Eskatzaileak datu faltsurik emanez gero edo informazioa ezkutatuz gero, eskubideak galduko ditu.

    Eskatzaileak barematu behar direnean, puntuak ematen dituen agiriren bat ez aurkezteak dagokion ataleko edo azpiataleko baremoan zero puntu lortzea dakar; dena den, horrek ez du eskabidea ezeztatzen, ezta baremoko gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.

    Dokumentuen kopiarik aurkeztuz gero eskabideak barematzeko edo prezio publikoa osorik edo horren zati bat salbuesteko, dokumentuok jatorrizko agiriekin egiaztatu behar dira.

  10. Hezkuntza-premia berezirik duten lagunek horren berri eman beharko diote ikastetxeari hurrengo urterako matrikulatzeko edo onarpen berria egiteko eskatzen diotenean. Horrelakorik adierazi ezean, ez zaie curriculumean sartzeko behar duten laguntza emango.

  11. Eskabidean, denek zehaztu beharko dute zein ordutegi edo ordutegi-taldetan nahi duten plaza ematea, eta adierazi ere lehentasun-ordenaren arabera. Adierazitako ordutegietan plaza hutsik geratu ezean, eskabidea baztertu egingo da beti: hala ikasle berriak onartzeko eskabideak nola aurreko ikasturtean matrikulatutako ikaslea matrikulatzeko eskabideak direnean.

  12. Eskabideak egiten direnean, aplikazio informatikoak ordena-zenbakia jarriko die, ausaz.

  13. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua izango da onarpen eta matrikulazio-deialdi hau eta deialdi honekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara, zehazki: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

  1. Eman daitezken plazak nori eman zehazteko, antolatu egin beharko dira eskabide guztiak, kontuan izanik zein lehentasun-ordenatan eta zein ordutegi aukeratu diren.

    5. artikuluan azaltzen diren egoeraren batean dauden lagunek lehentasuna izango dute plaza lortzeko eta ordutegiak aukeratzeko; horretan, ikasle berriak onartzeko eskaeren aurretik egongo dira. Eskabide horiek ez dira barematuko. Aurreko artikuluko 12. puntuan adierazitako ausazko zenbakiaren arabera ordenatuko dira.

  1. Ikasle berriak onartzeko eskabideak ordenatzeko, kontuan izango dira agindu honetako I. eranskinean ezarritako baremoa eta baremo hori aplikatzeko arauak; arau horiek hurrengo artikuluetan azaltzen dira.

  2. Berdinketarik egonez gero, banan-banan konparatuko dira baremo-irizpideetan lortutako puntu-kopuruen arabera, jarraian agertzen den ordenari jarraituz:

    1. Puntuaziorik altuena eskatzailearen adinaren atalean.

    1. Puntuaziorik altuena desgaitasun-egoeraren atalean.

    1. Puntuaziorik altuena familia ugariaren atalean.

    2. Puntuaziorik altuena lanbide-egoeraren atalean.

  3. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ere baldin bada berdindurik dirauen eskatzailerik, ordenan jarriko dira, txikienetik handienera, eskabideari ausaz esleitutako ordena-zenbakiaren arabera.

Jaiotza-data ofizioz egiaztatuko da, Administrazioan dauden datuekin erkatuta.

Eskatzaileak nortasun-datuak egiaztatzeko baimena eman beharko du eskaeran bertan.

  1. Atal honetako puntuazioa, eskatzaileak desgaitasunen bat duenean baino ez da emango, edo, bestela, adingabea izanik, horren aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek desgaitasunen bat duenean.

  2. Lurralde historikoko foru-aldundiko gizartekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan legez onartuko da eragindako lagunak % 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa duela.

  3. Senideren baten minusbaliotasuna alegatzen denean, eskatzailea adingabea dela ziurtatzeko, NANa (AIZ edo pasaportea, atzerritarren kasuan) edo familia-liburua aurkeztu beharko da.

  4. Anaia-arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

  5. Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak.

  6. Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar batek badu, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

  7. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

  8. Eskatzailearen beraren edo haren senideren baten desgaitasuna egiaztatzeko, zein hizkuntza-eskola aukeratu, eskola horretara joan beharko du eskatzaileak agindu honetako 8. artikuluan aipatutako ebazpenean ezartzen den epean.

Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko bizilaguna bada, ofizioz egiaztatuko da egoera hori; horretarako, eskatzaileak beren beregi emango du baimena datuak erkatzeko, eta datuok Administrazioak dituen datuekin erkatuko dira.

Eskatzailea ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko bizilaguna baina nahi badu kontuan har dakion familia ugariko kidea dela, dagokion titulu ofiziala aurkeztuta egiaztatu beharko du hori. Titulu ofizial hori Estatuko autonomia-erkidego guztiek eman ahal izango dute. Agiri hori, berriz, eskatu den hizkuntza-eskolan aurkeztu beharko da agindu honetako 8. artikuluan aipatutako ebazpenean azaltzen den epean.

Ofizioz egiaztatuko da irakasleen egoera, baldin eta matrikulatu nahi duen ikasturtearen aurrekoan lanean ibili badira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntza, Derrigorrez Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa edo Lanbide Heziketako heziketa-zikoak ematen dituen ikastetxe publiko edo pribatu batean, hizkuntza-eskola ofizialen batean edo Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateren batean; horretarako, Administrazioan dauden datuak interesdunak hala direla adierazteko aurkeztutako baimenarekin alderatuko dira.

  1. Agindu honetako 8. artikuluan aipatutako ebazpenak ezartzen duen epean, hizkuntza-eskola ofizialek argitara emango dituzte onartu eta kanpoan utzitako lagunen behin-behineko zerrendak. Emango diren hizkuntza eta mailen arabera antolatuko dira zerrendak, eta ikasleak barematu badira, baremazioko datuak adieraziko dira. Eskatzaileek orri horretan kontsultatu ahal izango dute behin-behinean onartu ala baztertu dizkieten eskabide guztiak, eta baztertuta badaude, zergatik.

  2. Kanpoan geratu direnek baztertzearen kontrako erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute hizkuntza-eskola ofizialean bertan; erreklamazioari egokiak iruditzen zaizkien agiriak erantsi beharko dizkiete. Erreklamazioa egiteko, matrikula egiteko erabili duten webgunean dagoen inprimakia erabili beharko dute; bestela, Hizkuntza Eskola Ofizialak emango die. Bi eskabidetan edo gehiagotan baztertu badituzte, eskabideko erreklamazio bat aurkeztu beharko dute, eta horietako bakoitza dagokion Hizkuntza Eskola Ofizialera bidali beharko da. Agindu honetako 8. artikuluan aipatzen den ebazpenean ezarriko da zein epe dagoen erreklamazioa jartzeko.

  3. Eskola Bakoitzeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo organo horren barruan berariaz eratutako batzordeak erreklamazioak aztertuko, eta horiei buruzko erabakiak emango ditu; hala dagokienean, gainera, puntuazioa aldatuko dute, eta, horren ondorioz, onartuen eta ez-onartuen zerrenda berriak egin beharko dituzte.

  4. Agindu honetako 8. artikuluan aipatzen den ebazpenean zer epe ezarri onartu eta kanpoan utzitako lagunen behin betiko zerrendak argitaratzeko, epe horretan argitaratuko dira, beti ere emango diren hizkuntzen eta mailen arabera antolatuta.

  5. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak ordenatzeko, agindu honetako 10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira, eta barematu egin behar izan bada, zehaztu egingo da eskatzaileek zenbat puntu lortu dituzten baremoko atal eta azpiatal guzti-guztietan. Eskola bakoitzeko iragarki-taulan eta web orrian argitaratuko da informazio hori.

  6. Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza-Ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.

Kanpoan geratzen diren lagunekin itxarote-zerrenda osatuko da, eta osatu ere onartu eta kanpoan utzitako lagunen behin betiko zerrendako ordena berean.

  1. Artikulu honen 2. puntuan zehaztutako moduan ordaindu beharko dute matrikula onartutako pertsona guztiek. Hala egin ezean, eskubide guztiak galduko dituzte. Ikasleak onartuak izan diren ikastaroan soilik matrikula daitezke, baina eskolak ikasturte horretan bi maila elkarren segidan egiteko ordutegi trinkoa eskaintzen badu, elkarren segidako bi ikasturteetan matrikulatzeko aukera egongo da, dagokion ordutegi trinkoan. Hala eginez gero, bi ikasturteen matrikula ordaindu beharko da.

  2. Arauz ezarritako epean ordaindu beharko da prezio publikoa. Epe hori amaitu eta gero ez da egongo matrikularik ordaintzerik. Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bidez ordainduko da. Hori egiteko, horretarako prestatzen den web orrian sartu, eta ondoren zehazten diren prozeduretako baten bidez ordaindu beharko da:

    1. On line ordaintzea (Interneten bidez). Matrikula ordenagailu batetik ordainduko da banketxe batetara joan beharrik gabe, kreditu-txartelaren edo banku elektronikoaren sistemaren bidez.

    2. Off line ordaintzea. Ordaintzeko errekerimendu-agiria lortu, eta agiri horrekin banketxe edo kutxazain automatiko batera joan beharko da ordaintzera.

  3. Hizkuntza Eskola Ofizialek argitaratuko dute ezarritako epean ezer ordaindu ez dutelako kanpoan geratu diren lagunen behin-behineko zerrenda. Horiek, ostera, zerrenda horien kontrako erreklamazioa jarri ahal izango dute, eta hizkuntza-eskolako zuzendaritzak ebatziko ditu erreklamaziook. Gero, matrikula ez ordaintzearren baztertu diren pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Pertsona horiek berehala hutsik utziko dute onarpen-prozesuan zegokien plaza.

  4. Ordaintzen ez direlako hutsik geratzen diren plazak bigarren fase batean eskainiko dira: lehenengo eta behin, itxarote-zerrendako lagunei, eta esleitu ere zerrenda horretan azaltzen diren ordena berean; gero, plaza hutsik geratzen bada, dagokien mailan matrikulatuta egoteko arauz ezarritako urteak igarota izan eta matrikula berezia eman zaien ikasleei esleituko zaizkie. Azkenik, eskabidea epez kanpo egin dituzten lagunei esleituko zaizkie hutsik geratzen diren plazak, beti ere eskabideari ausaz jarritako zenbakiaren arabera eta zenbakirik txikienetik handienera.

  5. Matrikulazio-fase horretan plaza eskuratzen duten lagunek prezio publikoa ordaindu beharko dute, artikulu honetako 2. atalean adierazten den moduan eta horretarako ezarritako epean.

  6. Ondoren, matrikulazio-fase berri honetarako ezarritako epean matrikula ez ordaintzearren kanpoan geratzen diren lagunen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute hizkuntza-eskola ofizialek. Zerrenden kontrako erreklamazioa jarri ahal izango dute pertsona horiek, eta erreklamazioa eskolako zuzendaritzak ebatziko du. Gero, matrikula ez ordaintzearren kanpoan geratzen diren lagunen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Pertsona horiek fase berri horretan zegokien plaza galduko dute. Plaza horiek hutsik geratuko dira behin betiko.

  7. Matrikulazio-prozesuaren ondoren plazak hutsik geratuko balitz, jarritako ordutegia aldatzeko aukera emango zaie hizkuntza-eskola ofizialek matrikulatutako ikasleei.

  8. Agindu honetako 8. artikuluan aipatzen den ebazpenean ezarriko da zein epe dagoen arestian adierazitako jarduerak egiteko.

  9. Behin betiko zerrenderen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza-Ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. Aurretik izan beharreko ezagupenak egiaztatzeko, agindu honetako 3. artikuluko 4. atalak aipatzen duen sailkapen-proba egin, eta kurtso jakin batean matrikulatu diren ikasleei goragoko edo beheragoko mailara pasatu ahal izango die hizkuntza-eskola ofizialeko departamentuak, beti ere kontuan hartuta, batetik, irakasleak zuzenean ikusitakoa eta, bestetik, ikasleak berak gelan erakutsitako maila.

  2. Era berean, inork hasiera batean matrikulatutako kurtso barik beste kurtso bat ikasi nahi badu, ikasleak kurtsoz aldatzeko eskatu ahal izango du, matrikulatutakoa baino kurtso bat gorago edo beherago. Matrikula egin duen ikasturteko abenduaren 31 baino lehenago eskatu beharko du hori. Eskolak eskabide hori aztertuko du eta, onartuz gero, matrikula aldatuko da, eskatutako kurtsoan plaza hutsik geratzen bada soilik. Inoiz ez da onartuko kurtsoz aldatzeko eskabiderik, baldin eta matrikulatutako kurtsoaren aurre-aurreko kurtsora edo justu hurrengo kurtsora pasatzeko eskatzen ez bada.

  3. Ikasleak inoiz ez du prezio publikorik ordaindu beharko artikulu honetan azaltzen diren kasuetan.

  1. Edozein ikaslek egin diezaioke uko matrikulari. Horretarako, matrikula egin duen urteko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du eskabidea ikasleak. Bidezko arrazoirik izan gabe matrikulari uko egin eta hurrengo ikasturtean berriro matrikulatu nahi badu, ikaslean onartze prozesuan parte hartu beharko du berriz ere.

  2. Abenduaren 31tik hurrengo urteko apirilaren 30 bitarte deialdiari uko egin diezaioke ikasleak baldin eta gaixotasun larriren bat, garrantzi handiko istripuren bat, edota beste jazoera larri eta bat-batekoren bat izan badu. Kasu horretan, ikasleak emandako arrazoiak onartu beharko ditu Zuzendaritza Taldeak, eta Ordezkaritza Organo Gorenak oniritzia eman. Ikasleak matrikulari uko egin diezaioke, adibidez, etxez aldatu delako, lantokiz aldatu delako, beste leku batera joan delako ikasketa ofizialak egitera, eta abar.

  3. Batera ala bestera izan, matrikula-deialdiari uko egiteko eman den arrazoia egiazkoa dela frogatu beharko du ikasleak. Horretarako, egoki diren eta zalantza guztiak uxatuko dituzten egiaztagiriak aurkeztuko ditu ikasleak matrikulari uko egiteko eskaerarekin batera. Egoki diren ondorioak izan ditzaten, ikastetxeak gordeko ditu eskaera-orriak nahiz aurkeztutako agiri guztiak.

  4. Maiatzaren 1etik aurrera, ordea, istripu edo gaixotasun larriren bat izan eta gertakizun hori egoki justifikatu duten ikasleen uko egitea baino ez da onartuko. Eskaera onartzeko ezinbestekoa da, batetik, ikaslearentzat guztiz ezinezkoa izatea azken ebaluazioko probak egiten joatea eta, bestetik, ikasleak dagoeneko proba horietakoren bat egin ez izana.

  5. Artikulu honetan jasotako arrazoiengatik matrikulari uko egiten badio ikasleak, azken horrek ez du eskubiderik izango ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan jasotzeko.

  1. Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatutako pertsonek eskubidea izango dute haien espedientea beste Hizkuntza Eskola batera eramatea eskatzeko, dela etxez aldatu direlako, lantokiz aldatu direlako, ikasketak beste leku batean egingo dituztelako, edota beste arrazoi batzuk tarteko. Espedientea jasoko duen Hizkuntza Eskolako Zuzendaritza Taldeak, bere aldetik, onartu beharko du espedientea lekuz aldatzeko ikasleak eman dituen arrazoiak. Horrela, matrikularen lekualdatzea eskatuz gero, Hizkuntza Eskola Ofizial berrian ikasle ofizial izaten jarraitzeko eskubidea izango dute ikasle ofizialek.

  2. Aurreko ikasturtean beste Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulaturiko ikasle ofizialek ikasturte jakin baterako espedientea lekuz aldatzea eska dezakete. Hori egiteko eskaera, oro har, matrikulazio-epea hasi aurretik egin beharko da.

  3. Behin ikasleak onartu eta matrikulak egiteko prozesua amaitu ondoren, eskolak hasten diren lehenengo egunetik aurrera eska dezakete ikasleek espedientearen lekualdaketa, betiere, artikulu honetako 1. atalean zehaztutako arrazoiei helduz. Kasu horretan, Hizkuntza Eskola berriko eskoletara joan daiteke eskatzailea, baldin eta Hizkuntza Eskola berrian plaza hutsik baldin badago dagokion hizkuntza, maila eta ikasturtean. Plaza hutsik ez badago, ordea, matrikulari uko egin diezaioke espedientea lekuz aldatzea eskatu duen ikasleak edo, bestela ere, bere kasa ikas dezake eta ikasle ofizialentzako azterketa egin.

  4. Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuko 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, ekintza terroristen ondorioz kalte fisiko edo psikofisiko larriak jasan dituzten pertsonek, haien ezkontideek edo horren antzeko afektibitate-harremana izan eta bizimodua elkarrekin egin ohi duten pertsonek, haien seme-alabek edo legez familian hartutakoek, kalte pertsonal larriak jasan dituztenen gurasoek, eta terrorismoaren mehatxupean egotearen ondorioz egoitzaz aldatu behar izan duten pertsonen seme eta alabek eskubidea izango dute, ekintza hori jazo zen ikasturtean barrena, euren espediente akademikoa EAEko hezkuntza-sareko beste ikastetxe publiko edo hitzartutako batera aldatzeko.

  5. Aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan izan ezik, ez da baimenik emango ikasturteko hirugarren hiruhilekoan matrikula lekuz aldatzeko.

  6. Matrikula lekuz aldatuz gero, eta xede eskolak hala eskatuta, ikaslearen espediente akademikoa bidaliko dio jatorrizko eskolak xede eskolari. Gainera, ikasturtea amaitu aurretik espedientea lekuz aldatu nahi bada, jatorrizko ikastetxeak emandako egiaztagiri akademikoa aurkeztu beharko du ikasleak ikastetxe berrian. Egiaztagiria, bidenabar, Agindu honetako II. eranskineko ereduari jarraituz egingo da. Xede Eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen jakinarazpena jasotzen dituenean, matrikula behin betikoa dela joko da. Prozedura hori guztia egin beharrean, telematikoki izapide daiteke espedientea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak adierazi bezala.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizial batetik bestera matrikula aldatu nahi dutenek ez dute ezer ordaindu behar. Gerta daiteke, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatzeko prezio publikoa ordaindu duen pertsona batek beste autonomia erkidego bateko Hizkuntza Eskola Ofizial batera aldatu nahi izatea haren matrikula. Kasu horretan, ikasleak ez du eskubiderik izango ordaindutako prezio publiko osoa edo haren zati bat bueltan eskatzeko. Gerta daiteke, aitzitik, beste autonomia erkidego bateko Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatzeko prezio publikoa ordaindu duen ikasleak haren matrikula Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizial batera ekartzea eskatzea. Kasu horretan, ikasleak ez du ezer ordaindu beharrik.

Eskoletan irakasten diren Oinarrizko Mailako, Tarteko Mailako, Goi Mailako eta Gaitasun Mailako (C1) espezializazio-ikastaroetarako ikasleak onartzeko, eskola bakoitzak erabakitako deialdi eta oinarri zehatzak jarraituko dira, betiere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Ikastetxeetako zuzendariak aurrez baimena emanda.

Hezkuntzako sailburuordeari eskumena ematen zaio agindu honetan ezarritakoa bete eta aplika dadin beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 20a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

  1. Eskatzailearen adina:

    Onartzeko eskatzen den urtean, 18tik 40 urte arte beteta izatearren: 10 puntu.

    Onartzeko eskatzen den urtean, 16 edo 17 urte beteta izatearren: 5 puntu.

  2. Desgaitasun-egoera (kontzeptuak ezin dira metatu):

    Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

    Eskatzailearen beraren desgaitasunagatik: 5 puntu.

    Eskatzailea adingabea bada, horren aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek desgaitasunen bat izateagatik: 3 puntu.

  3. Familia ugariko kide izatea:

    Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 4 puntu.

    Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: 2 puntu.

  4. Lanbide-egoera:

    Zein ikasturtetan matrikulatu nahi den, aurreko urtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan eskolak ematen dituzten Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako eta hizkuntza-eskola ofizialeko irakasleak edo unibertsitateetako irakasleak izateagatik: 15 puntu.

    (Ikus .PDF)