Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

23/2004 DEKRETUA, otsailaren 3koa, farmazia-bulegoak eskuz aldatzeko prozedura ezartzen duen Dekretua aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 33
  • Hurrenkera-zk.: 943
  • Xedapen-zk.: 23
  • Xedapen-data: 2004/02/03
  • Argitaratze-data: 2004/02/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Farmaziak Antolatzeko ekainaren 17ko 11/1994 Legean ezarri zen farmazia-bulegoak kostu bidez eskuz aldatzeko prozedura, eta transmisio-egileak ezarritako prezioa eta gainerako baldintzak betetzeko prest zeuden farmazialarien artean egindako merezimenduen lehiaketa zen horren oinarri; era horretara, prezioa ordaintzeko gaitasun ekonomikoa ez zen izango farmazia-bulego baten jabetza eta titularitatea hartzeko betekizun bakarra.

Lege-agindu hori betetzearren, lehen aldiz garatu zen urtarrilaren 17ko 29/1995 Dekretuaren bidez, hor arautu baitzen farmazia-bulegoak eskuz aldatzeko prozedura orokorra; ondoren, martxoaren 16ko 166/1999 Dekretuak indarrik gabe utzi zuen aurreko hura.

Azken dekretu horrek erraztu egin zuen neurri handi batean farmazia-bulegoak kostu bidez eskuz aldatzeko prozedura, eta merezimenduen baremoa berraztertu zuen lehen aldiz, horretarako, indarrik gabe utzitako aurreko dekretuaren eranskina berrikusita.

Hala ere, azken urteotako eguneroko jardunak berak eskatzen digu merezimenduen baremo hori berriz aztertzea, batez ere, farmaziako lanak gaur egun eman beharreko zerbitzuari eta hori barematzeko modu berriari egokitzearren; baina, aurrekoaz gain, hutsune batzuk bete nahi ditugu, eta balorazio-parametro bakoitzari ematen zaion pisua ere berraztertu nahi dugu, osotasunari begira.

Horrek guztiak eskatzen du merezimendu-baremoaren atal jakin batzuk aldatzea, bai edukiari dagokionez, bai eduki bakoitzari emandako puntuazioari dagokionez ere; kontuan hartzen badugu baremoaren atal horiek oso ugariak direla, bidezko jotzen dugu, legegintzako teknikak eta segurtasun juridikoa direla-eta, aipatutako eranskin hori oso-osorik ordeztea, alegia, haren ordez, beste bat argitaratzea, berria eta berraztertua, gorago esandako beharrizanei bete-betean erantzungo diona.

Ez da gauza bera gertatzen Dekretuaren artikuluei dagokienez; salbuespen batzuk kenduta (testuan barrena Osasun Sailaren aurreko egitura organikoa aipatzen denean), gainerako guztiak bere horretan jarraitu behar du, ondotxo erakutsi baitu testu horrek, indarrean egon den bitartean egindako tramitazioetan, eskuz aldatzeko prozedurak ebazteko erabat baliagarri dela.

Hori guztia horrela egingo da, martxoaren 16ko 166/1999 Dekretua osatzerakoan farmazia-zerbitzurako ardatz izan zen filosofia berbera izanda, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Farmaziak Antolatzeko ekainaren 17ko 11/1994 Legean ezarritakoa helduleku dela.

Horrenbestez, honen eragina izango duten korporazio-erakundeei entzunda, eta, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin ados, Osasun sailburuak proposatuta, Jaurlaritza Kontseiluak 2004ko otsailaren 3an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau,

Lehen artikulua.– Balorazio-irizpideak eta merezimenduen baremoa eranskin modura argitaratu ziren martxoaren 16ko 166/1999 Dekretuan, horren bidez ezarri baitzen farmazia-bulegoak eskuz aldatzeko prozedura; aurrerantzean, horien ordez, farmazia-bulegoak kostu bidez eskuz aldatzerakoan, dekretu honen eranskinean finkatutako balorazio-irizpideak eta merezimenduen baremoa ezarriko dira.

Honako dekretu hau indarrean sartu aurretik farmazia-bulegoak eskuz aldatzeko egin diren baimen-eskabideak, farmazia-bulegoak eskuz aldatzeko prozedura ezartzen duen martxoaren 16ko 166/1999 Dekretuan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko otsailaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU

Osasun Sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

  1. – Bateragarri diren lanbide-jardunak egiaztatu behar direnean, aldi berean egindakoetarik bat bakarra hartuko da kontuan, hain zuzen ere, puntuaziorik altuena ematen duena; salbuespen izango da lanbide-jardunak lanaldi partzialekoak izan badira.

  2. – Lanaldi partzialeko jarduna portzentajearen arabera baloratuko da, alegia, lanaldi osoko jarduna balitz zenbat, proportzio horretan horrenbeste.

  3. – Botikari bik edo gehiagok elkarrekin batera titularkide edo jabekide modura farmazia-bulegoa erosteko eskabidea egiten dutenean, guztiei eskatuko zaie farmaziako arreta-zerbitzuan hiru urtean lanbidez jardun dutela egiaztatzea, eta aurkeztutako merezimenduak batzerakoan, jabetzarako ezarritako proportzio bera erabiliko da.

  4. – Lanbide-esperientzia egiaztatzeko, lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da; eta, behar izanez gero, dagokion agintaritzaren ziurtagiria ere bai.

  5. – Lan-jardunean izandako esperientzia hilabeteka zenbatuko da.

  6. – Farmazia-bulego baten alde zatitugabea inter vivos kostu bidez eskuz aldatu nahi denean, saltzekoa den zati hori erosi nahi duen jabekideak biderkatu egingo du farmazia-bulego horretan titularkide gisa lanbide-esperientzian lortutako merezimendu-puntuazioa, horretarako, koefiziente bat erabilita; koefizientea proportzionala izango da, farmazia-bulegoan duen jabetza-zatiaren araberakoa.

    (Esaterako, farmazia-bulegoaren %66,66 eskuz aldatu nahi bada, eta, era berean, erosi nahi duena gainerako %33,3ren jabekidea bada, farmazia-bulego horren titularkide gisa lanbide-esperientzian lortutako puntuazioa biderkatu egingo da, kasu honetan, bider 1,33.

    Edo, farmazia-bulegoaren %50 eskuz aldatu nahi bada, eta erosi nahi duena beste %50 horren jabekidea bada, farmazia-bulego horren titularkide gisa lanbide-esperientzian lortutako puntuazioa biderkatuko da, beste kasu honetan, bider 1,5).

  7. – Eskuz aldatu nahi den farmaziakoa ez, beste bateko titular edo titularkide modura lan-jardunean izandako merezimenduak ez dira kontuan hartuko, baldin eta, farmazia eskuz aldatzeko baimen-eskabidea egiten den egun horretarako, eskatzailea farmazia-bulego baten titular edo titularkide bada dagoeneko, edo, aurreko hamabi hilabeteetan titular edo titularkide izanik, tarte horretan doako titulu bidez farmazia eskuz aldatu badu.

    Aurreko idatz-zatian ezarritakoa ez da aplikatuko, baldin eta, farmazia erosteko eskabidearekin batera, une horretan titularitatean duen beste farmazia-bulego hori ixteko konpromisoa hartzen badu idatziz, edo, hala dagokionean, titularkide modura duen farmaziako gainerako titularkideek ere farmazia ixteko konpromisoa aurkezten badute. Esan gabe doa konpromiso hori dagokion kasuan bete behar duela eskatzaileak, alegia, deialdiko farmazia-bulegoa eskatzaile horri esleitzen zaionean, orduan bakarrik.

  8. – Farmazia bateko titular edo titularkide modura lan-jardunean izandako merezimenduak ehuneko 50ean hartuko dira kontuan, baldin eta, erosketa egin nahi duen eskatzailea, farmazia eskuz aldatzeko baimen-eskabidea egin aurreko hamabi hilabeteetan, beste farmazia-bulego baten titular edo titularkide izan bada, eta, horrela izanik, kostu bidezko titulu bidez, aipatutako denbora-tarte horretan farmazia eskuz aldatu badio 1994ko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 17.3 artikuluan zehaztutako pertsonetakoren bati.

  9. – Baremoa aplikatuta emaitzetan berdinketarik gertatzen bada, honako lehentasun-ildo hau erabiliko da:

    • Farmazialaria, lanbide-jardunari dagokion a) idatz-zatian puntuaziorik handiena lortu duena.

    • Farmazialaria, lanbide-jardunari dagokion b) idatz-zatian puntuaziorik handiena lortu duena.

    • Farmazialaria, lanbide-jardunari dagokion c) idatz-zatian puntuaziorik handiena lortu duena.

  10. – Irakaskuntzan izandako esperientzia-jardunak edo graduatuondoko prestakuntza-jardunak atzerrian egindakoak direnean, orduan, Balorazio Batzordeak egingo du merezimendu horien konputua, baremo honek ezarritako irizpideak analogiaz aplikatuta.

  11. – Farmazia-bulegoa eskuz aldatzeko iragarkia EHAAn argitaratzen den eguna baino lehenago lortutako edo alegatutako merezimenduak, eta merezimendu horiek bakarrik, baloratu ahal izango dira.

  1. – Lanbide-jarduna.

    1. Botikari gisa farmazia-bulego batean lan egin izana:

      • azken 15 urteetan, 2 puntu urteko.

    2. Lehen mailako arretako zentroei, ospitaleei edo zentro soziosanitarioei lotutako medikamentu-gordailuetan edo farmazia-zerbitzuetan botikari modura lan egin izana.

      Botikari lan egin izana osasun-administrazioan, farmaziako korporazioan, farmazia-arloko banaketa-lanetan edo industrian, edota laguntza farmazeutikoari lotutako jardunetan.

      • azken 15 urteetan: 1,5 puntu urteko.

    3. Botikari lan egin izana, aurreko idatz-zatietan zehaztu gabeko beste esparru batzuetan.

      • azken 15 urteetan: 0,75 puntu urteko.

  2. – Irakaskuntzan jardun izana.

    1. Azken hamar urteetan, irakasle jardun izana, tutore, Farmaziako Lizentziatura lortu nahi duten ikasleentzako praktikaldi tutelatuetan:

      • ikasle eta ikastaldi oso bakoitzeko 0,1 puntu.

        Kontzeptu horretan, gehienez ere, puntu bat lor daiteke.

    2. Azken hamar urteetan, irakasle jardun izana, BAFE egiten ari diren ikasleen tutore (Ospitaleko Farmazian, Farmazia Industrial eta Galenikoan, edo Botika eta Drogen Azterketa eta Kontrolean):

      • ikasle eta ikastaldi bakoitzeko 0,2 puntu.

        Kontzeptu horretan, gehienez ere, puntu bat lor daiteke.

    3. Azken hamar urteetan, irakasle jardun izana, Unibertsitateko katedradun edo irakasle titular gisa, osasun-zientzietako jakintzetan, farmaziako produktuei lotutako arloetan:

      • Farmaziako fakultatean, 0,3 puntu ikastaldi bakoitzeko.

      • Beste fakultate batzuetan, 0,15 puntu ikastaldi bakoitzeko.

        Kontzeptu horretan, gehienez ere, 3 puntu lor daitezke.

        Idatz-zati honetan aipatutako irakaskuntza-jarduna aintzakotzat hartuko da, nahiz beste lanbide-jardunen batekin batera egin, betiere, jardun hori 1. idatz-zatian zehaztutakoren bat izanik, eta bateragarria; horrelakoetan, nahitaezkoa izango da berariaz egiaztatzea lanbide batean eta bestean zenbat denbora ematen duen. Beraz, kasu horretan, beharrezkoa izango da irakaskuntza-zerbitzuak eman izana jakinarazteko egiaztagiria aurkeztea, dagokion agintaritza akademikoak emanda; horrekin batera, lanaldia laburtzeko baimena ere aurkeztu beharko du, lanbide-jarduna burutzen duen osasun-zentroko arduradunak emandakoa.

        Bi lanbide-jardun horietako merezimenduak kontatuko dira, proportzioan, zenbat ordu jardun bakoitzean, ehuneko horrenbeste.

    4. Etengabeko prestakuntza-ikastaroetan irakasle jardutea, farmaziako zerbitzuei lotutako gaietan, azken hamar urteetan:

      1) Osasun-administrazioak, unibertsitateak edo elkargoko erakundeak antolatutako ikastaroetan jardutea, ikastaroak 2003. urtea baino lehenagokoak direnean.

      2) Osasun-arloko lanbideetako langileak etengabe prestatzeko Euskal Kontseiluak egiaztatutako ikastaroetan jardutea, edo osasun-sistema nazionaleko etengabeko prestakuntzako batzordeak, edo autonomia-erkidegoetako etengabeko prestakuntzako kontseiluek egiaztatutakoetan.

      Ikastaro bakoitzean emandako ikastordu bakoitzeko, 0,05 puntu.

      Kontzeptu horretan, gehienez ere, 2 puntu lor daitezke.

  3. – Atentzio farmazeutikoarekin zerikusia duten argitalpenak, azken 10 urteetakoak:

    1. Argitaratutako liburuaren egile izanda, 0,5 puntu.

    2. ISSN kodeaz identifikatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluen egile izanda, 0,2 puntu.

    3. ISSN kodeaz identifikatu gabeko aldizkarietan argitaratutako artikuluen egile izanda, 0,1 puntu.

    4. Bilera edo kongresu zientifikoetan aurkeztutako ponentzia, poster edo ahozko komunikazio bakoitzeko, 0,1 puntu.

      Kontzeptu horretan, gehienez ere, 3 puntu lor daitezke.

      Egile bat baino gehiago badago, puntuazioa egile guztien artean zatituko da.

  4. – Graduatuondoko prestakuntza.

    1. Unibertsitatekoa.

      1) Farmaziako lizentziatura-gradua: 0,25 puntu.

      2) Ikasketa aurreratuetako diploma: 0,50 puntu.

      3) Farmaziako doktore-gradua: 1 puntu.

      Aurreko hiru merezimenduetatik bat baino gehiago egiaztatzen denean, aurkeztutakoen artean goreneko maila duena, horixe bakarrik kontatuko da.

      4) Berariazko tituluak, farmazia-arloari lotutako gaiei dagozkienak:

      • Masterra: 1 puntu.

      • Espezialista edo antzekoa, ikastaroak 25 kreditutik gorako iraupena duela (250 ordu): 0,75 puntu.

        Goragoko beste maila batera iristeko tartean egin diren merezimenduak ez dira elkarrekin metatuko.

        Kontzeptu honengatik gehienera emango diren puntuak ez dira sekula 3 baino gehiago izango.

    2. Unibertsitatekoak ez direnak.

      1) Farmazialari espezialistaren titulua, Ospitaleko Farmazian, Farmazia Industrial eta Galenikoan, edo Botika eta Drogen Azterketa eta Kontrolean: 4 puntu.

      Titulu horiek ez dira kontuan hartuko, baldin eta tituluak lortzeko beharrezko zen denbora lanbide-jardunari dagokion atalean konputatuta badago aurretiaz.

      2) Farmazialari espezialistaren titulua beste modalitate batzuetan: 1 puntu.

      Titulu horiek ez dira kontuan hartuko, baldin eta tituluak lortzeko beharrezko zen denbora lanbide-jardunari dagokion atalean konputatuta badago aurretiaz.

      Kontzeptu horretan, gehienez ere, puntu bat lor daiteke.

      3) Atentzio farmazeutikoarekin zerikusia duten gaietan, azken 10 urteetan, izandako etengabeko prestakuntza:

      • Osasun-administrazioak, unibertsitateak edo elkargoko erakundeak antolatutako eta egiaztatutako ikastaroak, 2003. urtea baino lehenagokoak.

        Kurtsoaren iraupena:

      • 5 eta 10 ordu bitartekoa: 0,05 puntu.

      • 11 eta 30 ordu bitartekoa: 0,1 puntu.

      • 31 eta 50 ordu bitartekoa: 0,2 puntu.

      • 51 eta 80 ordu bitartekoa: 0,4 puntu.

      • 81 eta 120 ordu bitartekoa: 0,6 puntu.

        120 ordutik gorakoa: 0,75 puntu.

      • Osasun-arloko lanbideetako langileak etengabe prestatzeko Euskal Kontseiluak egiaztatutako ikastaroak, edo osasun-sistema nazionaleko etengabeko prestakuntzako batzordeak, edo autonomia-erkidegoetako etengabeko prestakuntzako kontseiluek egiaztatutakoak.

        Kreditu-kopurua, kurtso bakoitzeko:

        kreditu 1era arte, 0,05 puntu.

      • 1,1 eta 3 kreditu bitartean: 0,1 puntu.

      • 3,1 eta 5 kreditu bitartean: 0,2 puntu.

      • 5,1 eta 8 kreditu bitartean: 0,4 puntu.

      • 8,1 eta 12 kreditu bitartean: 0,6 puntu.

        12 kreditutik gora: 0,75 puntu.

        Kontzeptu horretan, gehienez ere, 5 puntu lor daitezke.

        Kurtsoa bai ikastorduka bai kredituka egiaztatzen denean, orduan, lortutako kreditu-kopuruaren arabera baloratuko da puntuazioa.

  5. – Euskara.

    1. EGA agiria edo baliokideren bat egiaztatuz gero: 5 puntu.

    2. Hizkuntza Eskola Ofizialeko oinarrizko zikloa egiaztatuz gero, 2,5 puntu.

      Kontzeptu horretan, gehienez ere, 5 puntu lor daitezke.

  6. – Europar Batasuneko hizkuntzak.

    1. Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeles-, frantses- edo aleman-titulua edo baliokideren bat egiaztatuz gero, 1 puntu, titulu bakoitzeko.

    2. Ingeleseko, frantseseko edo alemaneko oinarrizko zikloan, Hizkuntza Eskola Ofizialeko titulua edo baliokideren bat egiaztatuz gero, 0,5 puntu.

      Kontzeptu horretan, gehienez ere, 2 puntu lor daitezke.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.