Arautegia

Inprimatu

409/1998 DEKRETUA, abenduaren 22koa, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako Lanpostuen Zerrendetako aldaketek zein maisu eta maistrari eragiten dieten zehazteko irizpideak ezartzen dituena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 230
  • Xedapen-zk.: 409
  • Xedapen-data: 1998/12/22
  • Argitaratze-data: 1999/01/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Azken urteetan, ahalegin handia egin da maisu-maiestren plantillaren egoera erregularizatzeko, Lanpostuen Zerrendetan ezarritakoari egokituz, lanpostuen bereizgarriak (espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta derrigorrezkotasun-data) kontutan hartuta.

Honi dagokionez, komeni da prozesu hauek gogoratzea: 1993an ikastetxe publikoetan burututako atxikipen-prozesua; 1994tik aurrera ikastoletan eta publiko bihurtutako zentroetan burututako lanpostuen atxikipen eta adjudikazioa; eta Lanpostuen Zerrendetako aldaketek zein pertsonari eragiten dioten zehazteko prozesuak.

Horien guztien ondorioz, bi helburu lortu ziren: batetik, behin betiko destinoa zuten maisu-maistrek ezaugarri guztietan erabat identifikatuta zegoen lanpostu bat izan zezaten; bestetik, maisu-maistra horiek beren lanpostuetan gertatutako aldaketen eraginez sortutako eskubideez baliatzea izan zezaten.

Hezkuntzaren erreforma ezartzearekin, Oinarrizko Heziketa Orokorreko irakaskuntzak banatu egin ziren Lehenengo Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren artean. Hori dela eta, apirilaren 23ko 85/1996 Dekretuan argitaratu ziren lanpostuetan langileak birbanatzeko prozesua burutu behar izan zen 1996an; dekretu horren bidez, maisu-maistrei Bigarren Hezkuntzara sartzeko ahalbidea eman zitzaien, indarreko legeriarekin bat etorriz.

Harrezkeroztik, Lanpostuen Zerrenda berriak argitaratu ahala, gerta daitezkeen aldaketek zein pertsonari eragiten dioten zehaztu behar da.

Apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuak (maiatzaren 3ko EHAA) prozesu horretarako irizpideak ezartzen ditu Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Helduen Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziaren mailei dagokienez. Bigarren Hezkuntzaren osotasunari dagokionez, ordea, oraindik ez dago horrelako tresnarik eta, horrenbestez, ez dago zehazterik zein diren eragindako pertsonak Bigarren Hezkuntzako lehen zikloaren eremuan.

Beraz, beharrezkoa da eremu horretan ere hori gauzatzeko bidea emango duen araudia sortzea. Horrela, maisu-maistra guztien egoera administratiboa araututa geratuko da eta, era berean, egoki dakizkiekeen eskubideez baliatzea izango dute.

Dekretu hau apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuan ezarritakoari lotzen zaio. Izan ere, komenigarria dirudi euskal hezkuntzaren sisteman dagoen araudi bakarra aplikatzeak eta, gainera, araudi hori ez da arrotza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan diharduten langileentzat, kidego berekoak baitira.

Dena dela, ñabardura batzuk egin dira. Horietako lehenengoa, ikastetxe barruko beste lanpostu batzuetara berratxikitzeko fasearen txanda guztietarako habilitazioaren beharra ezartzea izan da.

Izan ere, 81/1996 Dekretuaren 8,f) eta 30,f) ataletan, espezialitate batzuetara berratxikitzeko aukera ematen da, horretarako habilitazioarik ez izan arren. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloari dagokionez, aldiz, irakasleak birbanatzeko prozesua arautu zuen otsailaren 13ko 35/1996 Dekretuan bertan kasu guztietan exijitzen zen habilitazioaren aitorpena edozein lanpostutan jarduteko. Beraz, beharrezkoa zen aipaturiko atalak egokitzea.

Bigarrenez, Institutu Publiko Integralak aipatu nahi izan dira, hezkuntza maila ezberdinetako irakaskuntzak ematen baitira horrelakoetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloak beste mailen aldean dituen berezitasunak direla medio, Lanpostuen Zerrendetako aldaketek zein pertsonari eragiten dieten zehazteko prozesuak aparte egin behar dira; horrela, maila batean gertatzen diren aldaketek ezaugarri beretako lanpostuei eragingo die bakarrik, hau da, maila berean konfiguratuta daudenei.

Ikastetxeko beste lanpostu batzuetan berratxikitzeko faseari dagokionez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan zerbitzuak egiten zituzten pertsonei gainerako mailetako lanpostuetan sartzeko aukera ematen zaie. Kasu horietan, kendu egiten da berratxikipenaren derrigorrezkotasuna, apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuko 8,a) eta 30,a) ataletan ezarrita zegoena.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko abenduaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. atala.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari dagokionez, apirilaren 16ko 81/1996 Dekretua (maiatzaren 3ko EHAA) izango da ezarri beharreko araudia ikastetxe publikoetako Lanpostuen Zerrendetako aldaketek zein maisu eta maistrari eragiten dieten zehazteko.

    Eremu honetan, ikastetxe barruko beste lanpostu batzuetara berratxikitzeko, ezinbestekoa izango da espezialitateari dagokion habilitazioa edukitzea.

  2. atala.– Institutu Publiko Integraletan Lanpostuen Zerrendetako aldaketek zein maisu eta maistrari eragiten dieten zehazteko, talde espezifikotzat joko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkutzako lehen zikloko lanpostuak, hots, ez dira elkartuko apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuak aipatzen dituen mailen barruan konfiguratzen diren eta ezaugarri berak dituzten gainerako lanpostuekin.

    Ikastetxeko beste lanpostu batzuetan berratxikitzeko fasearen txandetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari zegozkion lanpostuak zeuzkaten pertsonek beste mailetako lanpostuetan sartzeko aukera izango dute. Kasu honetan, 1. Txandan araututako berratxikipena ez da derrigorrezkoa izango.

Lehena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari baimena ematen zaio, bere eskumenen barruan, dekretu honetan ezarritakoa betetzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (6)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.