Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, 2011ko maiatzaren 9koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aldi baterako kontratazio zerrendak egin eta kudeatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 106
  • Hurrenkera-zk.: 2977
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/05/09
  • Argitaratze-data: 2011/06/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

2007-08-09 urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioak ezarri zuen aldi baterako kontrataziorako Erabaki berri bat negoziatuko zela orain indarrean dagoen 2004ko urtarrilaren 26koa ordezkatzeko. Lehen fase batean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 29ko Erabakiaren bitartez, 2004ko urtarrilaren 26ko Erabakia egokitu zen, Entearen Zerbitzu Sanitarioetako erakundeetan aldi baterako pertsonala kontratatzeko zerrenden sistema arautzen duena, 2006ko Enplegu Publikoaren Eskaintzatik eratorritako aldi baterako kontratazio-zerrendak egiteko.

Hor zeuden, alde batetik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2004ko urtarrilaren 26ko Erabakia, Entearen Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan pertsonal ez-finkoa kontratatzeko zerrenden sistema arautzen zuena, eta bestetik, Administrazio Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 29ko Erabakia, 2004ko urtarrilaren 26ko Erabakia 2006ko Enplegu Publikoaren Eskaintzara egokitzen zuena. Biak ala biak izateak zaildu egiten zuten praktikan bi testuak erabiltzea. Horregatik, testu bakarra eta bateratua argitaratu beharra zegoen, eta gainera aldi baterako kontratazio-zerrendetan zenbait alderdi egokitu beharra.

Horregatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aldi baterako kontratazio-zerrendak egin eta kudeatzeko irizpideak aztertu behar zirenez, sanitateko mahai sektorialean negoziatu ziren hainbat bileretan. Azkenean ez da inolako akordiorik lortu Administrazioaren eta ordezkari sindikalen artean.

Araudi honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan pertsonal ez-finkoa kontratatzeko zerrenden sistema aplikatzeko irizpideak zehazten dira. Horrela, etengabeko sistema bat ezarri nahi da, Enplegu Publikoaren Eskaintzako hautaketa-prozesu bakoitzaren amaierei lotuta.

Erabaki honetan jasota dagoen testuarekin egonkortasuna sustatu nahi da aldi baterako zerbitzuak egiterakoan, betiere zerrendaren behin-behinekotasun horren baitan, kontratazio telematikoak aurreikusi, kontratuei uko egitearen justifikazioak eta bazterketen justifikazioa zehaztu justifikatu gabeko ukoen kasuetan, eta baita diziplina-araubidearen helburu izango diren kasuak aurreikusi ere. Kasu guztietan, pertsona interesdunak beti berraktibatu behar dira nahitaez aldi baterako kontratazio-zerrendetan, sistema informatikoak etorkizunean egokitu daitezkeela ahaztu gabe automatikoki berriro aktibatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan izendapenak amaitzean.

Aurrekoaz aparte, aukera egongo da zenbait zerbitzu-erakundetan bakanteak edo interinitateak ordezkoen zerrendetatik eskaintzeko, Aldaketa txiki batzuk egingo dira egoera espezifiko batzuetan lanpostu bakanteak eta erreserbakoak betetzeko, eta ordezkapenak eta behin-behinekoak betetzeko. Basurtuko Ospitaleko zerrenda propioekin ere gauza bera egingo da. Izan ere, Santiago Ospitaleko zerrenda propioek ez dute jada baliorik, eta kontrataziorako kendu egiten da EPEko (azkenaurreko EPE) aurreko hautaketa-prozesuko azterketan lortutako nota. Hala ere, azkenaurreko EPEko nota hori mantendu egingo da nota horretaz baliatu ahal diren aurreko zerrendak indarrean dauden kasuetan, eta baita 2008ko EPEtik eratorritako kontratazio-zerrendetan, Xedapen Iragankorrean aurreikusten den kasu berezian, bertan aurreikusten baita nortzuk izango duten lehentasuna zerrenda horietan.

Horrenbestez, dagozkion deliberamenduen ostean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hurrengo Erabakia hartu du

ERABAKIA

LEHENENGO ATALA

APLIKAZIO-EREMUA

  1. Erabaki honen bidez, Osakidetzaren menpeko zerbitzu-erakundeetan langile hauen kontratazioa arautuko da: aldi baterako pertsonal estatutarioa, pertsonal sanitarioa nahiz kudeaketa eta zerbitzuetako pertsonala, hala nola, lan-legepeko enplegu-harremana duen pertsonalaren kontratazioa, erretiro partzialari helduta dauden langileak ordezkatzeko errelebo-kontratu bidez.

  2. Erabaki honen ondorioetarako, pertsonal estatutario finkoaren baitan pertsonal funtzionarioa eta pertsonal laboral finkoa, Osakidetzari atxikia sartzen da.

    BIGARREN ATALA

    IZENDAPEN-MOTAK

  1. Aldi baterako pertsonal estatutarioaren izendapenak interinitate-izendapenak, behin-behinekoak edo ordezkapenekoak izan daitezke. Pertsonal-mota horretako izendapenak osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioa arautzen duen araudiaren arabera egingo dira.

  2. Aldi baterako zerbitzuak egitean egonkortasuna sustatuko da, horrela pertsona batek jarraipenik gabeko interinitate-izendapen bat daukanean beste interinitate-izendapen bat eskatzen duen beste kausa ezberdin bat izatera pasa dadin. Azken hori hasieran aldi baterako kontratazioa duen pertsonari emango zaio. Gauza bera egingo da ordezkapeneko izendapen bat izanik pertsona beraren jarraipenik gabeko ordezko izendapen-kausa desberdina izatera pasatzen den pertsonaren kasuan. Horrelakoetan, hasieran lanpostua aldi baterako betetzen ari zen pertsonak segituko du zerbitzuan.

    Pertsona berari aldi baterako izendapen batzuk -edo izendapena, eta dagozkion luzapenak- egiten bazaizkio zerbitzu berak egiteko gutxienez bi urteko epean jarraian, kasu horretan aztertuko da zentroko aldi baterako lanpostuak betetzeko plaza estrukturala sortu beharko litzatekeen. Plaza hori, azkenean, sortzen bada hasieran lanpostuan aldi baterako zegoenari emango zaio, eta deituko den lehen horniketa-prozesuan aterako da, lekualdatze-lehiaketan, barne-mugikortasunean edota enplegu publikoaren eskaintzan.

    HIRUGARREN ATALA

    ZERRENDA-MOTAK

    Bi zerrenda-mota egongo dira pertsona interesdunak bertan izena emateko:

  1. Batetik, lanpostu bakanteak eta erreserbakoak betetzeko zerrenda (aurrerantzean, bakanteen zerrenda). Hor osasun-barruti bat edo batzuk aukeratzen dira, atal honetako azken paragrafoan ezartzen dena ahaztu gabe. Zerrenda hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak kudeatuko du eta zerrenda horren bidez lanpostu hauek beteko dira:

    1. Bakanteak

    2. Lanpostu erreserbatuak, ordezkapena sei hilabete edo gehiagokorako izango dela aurreikusten denean.

    3. Izendapen ebentualak, hasierako iraupena sei hilabete edo gehiagorako denean.

      Hala ere, Debagoieneko, Mendaroko, Zumarragako eta Lezako ospitaleetan ordezkapenen zerrendetara joko da lanpostu bakanteak, erreserbatuak eta aldi baterako izendapenak betetzeko. Kasu horiek ere Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralak kudeatuko ditu. Zerbitzu-erakunde horietan lehentasuna izango dute bertan sortzen diren bakante eta interinitateak betetzeko erakunde horietako ordezkapenen zerrendetan izena eman dutenek. Erakunde horietako ordezkapenen zerrendetan inor gelditzen ez denean bakarrik eskainiko zaizkie erakunde horietan sortzen diren bakanteak dagokion Lurralde Historiko bakanteen zerrendan izena eman dutenei.

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak gehitu edo kendu ahal ditu aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzu-erakundeak. Horrelakoetan ordezkapenen zerrendara joko da erakunde horietan sortuko diren bakante edo interinitateak hautatzeko.

  2. Bestetik, ordezkapenen eta ebentualtasunen zerrenda (aurrerantzean ordezkapenenen zerrendak). Bertan, zerbitzu-erakunde bat edo bi aukeratzen dira, eta horrela gainerako kasuak beteko dira. Zerrenda hori Zerbitzu-erakunde bakoitzak kudeatuko du.

    LAUGARREN ATALA

    ZERRENDAK EGITEKO IRIZPIDEAK

  1. Aldi baterako kontratazio-zerrenda guztiak egiteko (bakanteetakoak edo ordezkapenekoak), lehentasun-hurrenkera hauxe erabiliko da:

  1. Deitutako azken EPEko oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako baldintzak bete eta azken EPE horretako oposizioaldia gainditu duten pertsonek dute lehentasuna. Pertsona horiek, zeintzuk izena eman beharko baitute aldi baterako kontratazio-zerrendan bertan agertzeko, puntuazio hau izango dute zerrenda horietan: azken EPEko oposizioaldiko lan-esperientziako eta euskarako puntuen batura.

    Euskarako puntuazioari dagokionez, azken EPEa egin ostean lortutako euskera-titulu berria ere kontuan hartuko da, betiere azken EPE horretan egiaztatutako titulua baino altuagoa bada eta aldi baterako kontratazio-zerrendetan izena emateko azken eguna baino lehen lortu eta egiaztatu bada.

    Aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, kontratazio-zerrendak eratzen direnean laneko eta euskarako esperientzia eguneratuko da Erabaki honen 10.4 atalean aurreikusitako moduan.

  2. Aurreko atalean sartzen ez diren pertsonak. Horiek ere izena eman behar dute aldi baterako kontratazio-zerrendetan. Pertsonal hori ordenatzeko ondoko baremo hau erabiliko da:

    1. Azken EPEko oposizioaldia: gehienez 100 puntu.

      Oposizioaldiari dagokion puntuazioa honela lortuko da: gorengo puntuazioa emango zaio kategoria bakoitzean puntuaziorik altuena lortu duenari, eta gainerakoei puntuazio proportzionala aipatutako irizpidearen arabera.

      Oposizioaldiak bi proba baztertzaile izan zituen deialdietan, proba bakoitzean lortutako puntuak batu eta bien batez bestekoa eginda emango da puntuazioa.

      Izangaiak lehenengo ariketa baino egin ez duen kasuetan, puntuazioa ariketa horretan lortutako puntuazioaren erdia izango da.

    2. Lan-esperientzia: gehienez, 60 puntu.

      Azken EPEko eskabideak aurkezteko azken egunera arte egindako zerbitzuak, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ezarritako irizpideen arabera. Azken EPEko deialdiko kategorietan lan-esperientziari zegokion gehieneko puntuazioa 60 puntu baino gutxiago edo gehiago izan zutenean, puntuazio hori proportzionalki egokituko da 60 puntuko gehieneko puntuaziora.

      Kontratazio-zerrendak egin ostean, eta Erabaki honen 10.4 atalaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan urtero eguneratuko da ofizioz dagokion kategorian egindako lan-esperientziako puntuazioa, eguneratu aurreko urteko abenduaren 31ra bitartekoa.

      Dena dela, Familiako Medikuen kategorian, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Espezialitateko prestakuntza-aldia lanbide-esperientzia moduan zenbatuko da, 6 urteko zerbitzuen baliokidea izango delarik.

    3. Euskera: euskararen erabilera normalizatzekoa den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan araututakoa aplikatuz, eta aldez aurretik dagokion dokumentazioa aurkeztuta, kategoria bakoitzari azken EPEn aurreikusitako puntuazioa esleituko zaio euskararen atalean. Puntuazio hori kontratazio-zerrendetan izena emateko azken egunera arte lortu eta egiaztatutako euskara tituluari emango zaio.

      Kontratazio-zerrendetan izena eman duten pertsonek eguneratu ahalko dute kontratazio-zerrendetan jasotzen den hizkuntza-eskakizuna, Erabaki honen 10.4 atalean aurreikusten den moduan. Eta horri esker bere puntuazioa aldatu egingo da.

      1. Puntuetan berdinketa: puntuetan berdinketa gertatuz gero, azken EPEko deialdietan kasu hauetarako ezarri diren irizpideen arabera erabakiko da. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazio-zerrendako lanpostu funtzionalean lan egindako egun-kopuru gehien dituenaren alde erabakiko da. Irizpide horiek aplikatuta, oraindik berdinketak jarraitzen badu, lehenago jaiotakoari emango zaio lehentasuna.

      2. Egindako azken EPE orokorrean dagokion kategoria/lanpostu funtzionala deitu ez bazen, zerrendak Erabaki honen 18.2 atalean ezarritakoaren arabera egingo dira.

        BOSGARREN ATALA

        ZERRENDETAN IZENA EMATEA ETA ZERRENDAK ARGITARATU ETA INDARREAN SARTZEA.

      1. Eskabidea aurkeztea eta geroko jakinarazpenak.

        Internet bidez bakarrik egingo da, http://www.osakidetza.euskadi.net web orrian edo Osakidetzako Intraneten eskura dagoen eskabidea beteaz. Web orri hori erabiliko da aldi baterako kontratazio-zerrendekin zerikusia duten jende askorentzako ekintzak argitaratu edo jakinarazteko, eta baita telematika bidezko kontratazio-eskaintzak eta dagozkien kontratazioak iragartzeko ere, kontuan izanda eskaintza horietan parte hartu ahal izateko web orri horretan agindutako jarraibideak bete behar direla.

        Eskabidean adierazten diren helbidea, telefonoak eta posta elektronikoa izango dira baliozkoak jakinerazpenetarako, eta pertsona eskatzailearen ardura izango da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea horietakoren bat aldatzen badu eta bera izango da eskabidean idatzitako datuak oker eman izanaren erantzule.

        Eskabidea betetzean berariazko baimena ematen da bertako datuak «Lanpostuak hautatu eta hornitu» izeneko fitxategian sartzeko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua honako lege hauen arabera egingo da: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 14/1999 Lege Organikoan eta Titularitate Publikoko datu pertsonalak babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko den otsailaren 25eko 2/2004 Legean araututakoaren arabera. Fitxategi honen arduraduna Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Dibisioa da (Araba kalea, 45, 01006 Vitoria-Gasteiz). Eta bere aurrean gauzatu ahalko dira atzitzeko, zuzentzeko, aurkatzeko eta ezerezteko eskubideak. Baimen horri esker datuak hautaketa-prozesurako erabiltzeko aukera dago, eta dagozkien erregistroetan egiaztatzeko, eskabideko eta aurkeztutako dokumentazioko datuen doitasuna egiaztatu ahal izateko, eta baita ere datuak beste Administrazio Publiko batzuei laga ahal izateko euren langileen hautaketa-prozesuetarako eskatzen dituztenean.

      2. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

        Hemen arautzen diren zerrendetan parte hartzeko, izangaiek zenbait baldintza bete behar dituzte, esaterako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutario finkoa izateko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorretan eta kategoria/lanpostu funtzional bakoitzaren deialdiko oinarri espezifikoetan aurreikusitako baldintzak eta uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituena) jasotzen diren titulazio-baldintzak. Izangaiek baldintza horiek eskura izan behar dituzte kontratazio-zerrendetan onartua izateko eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako, eta bere horretan mantendu zerrendetan dagoen bitartean.

        Aldi baterako kontratazio-zerrendetan dauden pertsonek, bai kontratatzeko unean, bai kontratatuta daudenean bai kontratazio-zerrendak indarrean dauden bitartean, behar den gaitasuna izan behar dute izena eman duten kategoria/lanpostu funtzionalak betetzeko. Edonola ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emandako ziurtagirietan jaso daiteke pertsonak zenbat denboran, kategoriatan eta egoeretan ez daukan behar den gaitasun hori.

        Horretarako propio eratutako Prebentzio Zerbitzu Korporatiboak, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak aurretik jakinarazita, uste badu zerrendetako pertsona batek gaitasunik ez duela aldi baterako edo betiko, pertsona horri batzorde horren ondorioen berri emango dio, eta aldi baterako kontratazio-zerrendetatik kanpo geldituko da aldi baterako edo betiko. Lanpostuan aritzeko gaitasuna baloratzeari uko egiten dion zerrendetako pertsona zerrendetatik kanpo geldituko da behin betiko, eta baita bere gaitasunari buruzko gezurrezko informazioa ematen duena ere, betiere informazio hori erabakigarria bada bere gaitasuna baloratzeko.

      3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

        Dagokion deialdian agindutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, aldi baterako kontratazio-zerrendak zabaltzen dituen eta bertan izena emateko epea ezartzen duen deialdian adierazten den dokumentazioa, hain zuzen.

      4. Zerrenda-motak eta destino-aukeraketa.

        1. Bakanteen zerrenda. Kategoria bakoitzeko bakanteen zerrendan sartzeko, eskatzaileek izena eman ahalko dute osasun-barruti batean, bitan edo hiruretan. Osasun-barruti horiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoekin bat datoz.

          Halaber, erabaki honetako 3.1 atalaren arabera, Debagoieneko, Mendaroko, Zumarragako eta Lezako ospitaleetan ordezkoen zerrendara joko dute aurrena, 3.1 atalean aipatzen diren lanpostu bakanteak, erreserbakoak edo izendapen ebentualak hautatzeko. Horrela, pertsona horiek lehentasuna izango dute erakunde horietan sortuko diren bakante edo interinitateetarako. Erakunde horietako ordezkapen-zerrendetan inor gelditzen ez denean, Lurralde Historikoko zerbitzu-erakundeko bakanteen zerrendara joko da erakunde horietan sortuko diren bakanteak eskaintzeko. Halaber, 3.1 atalean adierazten den moduan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak beste erakunde batzuetara zabaldu dezake hautaketa-sistema hori.

        2. Ordezkapenen zerrendak. Pertsona bakoitzak bi zerbitzu-erakunde aukera ditzake ordezkapenen zerrendetan sartzeko.

          Lantoki asko dituen Zerbitzu-erakunde bat aukeratuz gero, bere baitan gehienez bost zentro hartuko dituen azpi-zatiketa bat egin daiteke. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erabakiko du zein zerbitzu-erakundetan egingo den azpi-zatiketa hori.

          Zerbitzu-erakundea aldatzen bada, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak ezarriko du zerrendak egokitzeko prozedura.

        3. Barrutiko zerrenda. Lurralde Historiko bakoitzean barrutiko zerrenda bat egongo da. Zerrenda horretan ordezkapenen zerrendetan gutxienez Lurralde Historiko horretako zerbitzu-erakunde bat aukeratu duten pertsonak egongo dira.

          Zerbitzu-erakunde bateko ordezkapenen zerrenda agortuta dagoenean dagokion barrutiko zerrendara joko da erakunde horren izendapenak eskaintzeko. Horrelakoetan, berehala erantzun behar zaio egindako eskaintzari, baina barrutiko zerrendetako eskaintzei uko eginez gero ez da ordezkapenen zerrendetatik baztertua geldituko, eta gainera ez da justifikatu beharko. Halaber, barrutiko zerrendatik datozen izendapenei uko egiten dietenak ez dira justifikatuko ordezkapenen zerrendetan.

      5. Izendapenak egiteko baliagarritasun-modalitatea.

        Kategoria bakoitzean eskabidea aurkeztean, izangaiak honako txandak aukeratu behar ditu izendapenen artean:

        1. Lanaldi osoa bakarrik.

        2. Edozein lanaldi-mota.

        3. Lanaldi-murrizketak bakarrik.

          Lanaldi-mota aldatzeko nahikoa da idatzi bat bidaltzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralera. Lanaldi-aldaketa eskatzen dueneko idatzia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralean sartu eta handik hiru hilabetera bakarrik egin daiteke lanaldi-aldaketa hori. Indarrean dagoen lanaldi-murrizketaren izendapenari ere uko egin ahal zaio, Erabaki honetako 6.5 atalean aurreikusitakoaren arabera.

      6. Ofizioz baztertzea.

        Ondorengo kasu hauetako batean daudenek ezin izango dute zerrendetan izena eman eta ofizioz baztertuak izango dira:

        1. Osakidetzari atxikita egotea, bai izendapena jabetzan izanik pertsonal estatutario gisa, bai karrerako funtzionario gisa, edo lortu nahi den kategoria/lanpostu funtzionalean lan-legepeko kontratu mugagabe bati lotuta.

        2. Lortu nahi den kategoria/lanpostu funtzionaleko pertsonal estatutario finkoa izatea, Gizarte Segurantzako erakunde sanitarioetan edo autonomietako osasun zerbitzuetan destinoa betetzen ari dena edo destinoa gordeta duena, baita erakunde edo zerbitzu horietatik datorren pertsonala ere aktiboaz bestelako egoeran egonez gero.

      7. Zerrendak argitaratu eta indarrean sartzea.

        Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Bestalde, zerrenda ordenatuak eta bertan dauden pertsonak http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian argitaratuko dira, eta baita eguneratze guztiak ere. Kontratazioari dagokionez, behin-behineko zerrendak web orri horretan argitaratzen direnean sartuko dira indarrean kontratazio-zerrendak. Zerrendak aurkaratzeko araubidea indarrean dagoen legedian araututako araubidea izango da, eta zerrendak argitaratzeko onartzen den ebazpenetan jasotako araubidea.

        SEIGARREN ATALA

        UKO EGITEA

      1. Deitu aurretik borondatezko uko egitea onartzea.

        Izendapen-eskaintza egin aurretik, bakanteen zerrendan osasun-barruti bati edo batzuei uko egitea eska daiteke. Ordezkapenenen zerrendan ere aldez aurretik uko egin dakioke edozein izendapen-eskaintzari, aukeratutako zerbitzu-erakunde bati eta, zerbitzu-erakunde bereko lantoki ezberdinak aukeratuz gero, zentro horietako bati edo batzuei.

      2. Izendapen-eskaintzei uko egitea.

        Orokorrean, izendapen-eskaintzak ukaezinak dira. Hala ere, zenbait kasutan ukoa onar daiteke, esaterako: izendapen-eskaintza egiterakoan ondorengo justifikazio-arrazoietakoren bat alegatzen denean, arrazoi hori egiaztatzeko behar den dokumentazio aurkeztuta, 6.10 atalean ezarritako epean:

        1. Izangaia zerbitzu berezietako egoeran jartzeko kasuren batean dagoenean. Izan ere, kasu horiek jasota daude Funtzio Publikoaren legedi orokorrean, hala nola, eskaintzaren unean indarrean dagoen Osakidetzako pertsonalaren lan-baldintzen Akordioan.

        2. Bakanteen zerrendan bestelako kategoria/lanpostu funtzionaleko izendapena indarrean edukitzeagatik.

        3. Izangaia beste administrazio publiko batean aldi baterako lanean aritzeagatik.

        4. Langilea Osakidetzan lanean aritzeagatik aurreko zerrendetako interinitate-izendapen batekin, edo aurreko zerrendetako 6 hilabeteko edo gehiagoko izendapen ebentual edo ordezko batekin. Horrelakoetan, indarrean dagoen zerrenda horretatik eskainitako izendapenari uko egiten dion izangaia justifikatu egingo da indarrean dagoen zerrendan. Justifikazioa indarrean dagoen ordezkapenen zerrenda berrian egingo zaio Osakidetzan lanean ari denari, orain indarrean dagoenaren aurreko ordezkapen-zerrendetatik eskainitako izendapen ebentualarekin edo ordezkoarekin. Edonola ere, eskaintza horiek behin baino ez dira eskainiko zerrenda berrietatik, behin indarrean daudenean, bakanteen zerrendan nahiz ordezkapenen zerrendan.

        5. Izangaia Osakidetzan lanean egoteagatik, ordezkatzeko izendapen edo izendapen ebentualaz 3.2 atalean ezarritako kasuetan eta moduan, betiere, izendapen horren iraupena 6 hilekoa edo luzeagoa bada.

        6. Kontratazio-eskaintza egitean, indarrean dagoen legedian aurreikusitakoari jarraituz izangaia ezkondu osteko egun naturaletan dagoenean, edo kontratazioa epealdi horretan hasten denean. Tratamendu bera aplikatuko zaie ezkondu gabe biltzen direnei, baldin eta bizikidetasun-ziurtagiriarekin egiaztatzen bada epe berean, ziurtagiriaren egunetik aurrera.

        7. Izangaia aldi baterako ezintasuneko egoeran dagoenean, horrelakoetan ez baitzaio izendapen berririk eskainiko alta agiriaren berri eman arte, agiri hori dagokion zerbitzu-erakundean aurkeztuta.

        8. Pertsona izangaia erditu aurreko edo ondorengo asteetan dagoenean (indarrean dagoen legedian jasotzen den erditzeagatiko baimenena daukanean). Adopzio-kasuetan ere tratamendu bera aplikatuko da, eta uko egiteko arrazoi justifikatutzat hartuko da.

        9. Izangaiak erakunde ofizial batek emandako beka bat izatea edo ikasketa ofizialak egiten egotea edo HABEK homologatutako zentroetan alfabetatze ikastaro trinkoak edo barnetegiak egiten egotea, eta ez zaio beste izendapen bat eskainiko harik eta beka, ikasketa ofizialak edo ikastaroa bukatu direla fede emanez jakinarazi arte.

        10. Izangaia hauetako prestakuntzaren bat egiten egotea: osasun-zientzietako prestakuntza espezializatuko aldiak, lanbide hobekuntzarako ikastaroak edo Osakidetzako zerrenda espezifikoetarako prestakuntza, graduondokoak eta/edo masterrak, zentro ofizialetan emanak, eta 25 kreditu edo gehiagoko baliokideak direnak. Ez zaio beste izendapen bat eskainiko harik eta prestakuntzako aldia, ikastaroa, graduondokoa edo masterra bukatu dela testigantza egiatiaz jakinarazi arte.

        11. Askatasun-gabetze kasuetan, harik eta zigortzeko epai irmoa izan arte. Askatasuna berreskuratzean berriro zerrendetan egongo da, baldin eta aipatutako askatasuna berreskuratu eta hamar egun balioduneko epean jakinarazten badu.

        12. Izangaiak, legezko zaintza dela-eta, jarduera ordaindurik ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialaren bat bere ardurapean daukanean. Hori egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar da. Justifikazio horrek gutxienez hilabeteko iraupena izan behar du eta ezingo da alegatu hiru alditan baino gehiagotan urte naturalean. Hilabete hori igarotakoan, pertsona interesdunak berraktibatzea eska dezake.

        1. Izangaia senide bat zaintzeaz zuzenean arduratu behar denean. Senide hori odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa izan daiteke, adin-arrazoiak tarteko (65 urtetik gorakoa izatea), istripu edo gaixotasun arrazoiengatik ezin denean bera bakarrik baliatu eta ez badu jarduera ordaindurik. Hori egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar da. Justifikazio horrek gutxienez hilabeteko iraupena izan behar du eta ezingo da alegatu hiru alditan baino gehiagotan urte naturalean. Hilabete hori igarotakoan, pertsona interesdunak berraktibatzea eska dezake.

        2. Legezko zaintza dela eta izangaia 12 urtetik beherako haurra zaintzeaz zuzenean arduratu behar denean, eta izangaia bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeko eskubide hauetaz baliatzeko egoeran dagoenean, indarrean dagoen legedian ezarritako kasuetan eta epean: haurra etxean hartzeko lizentzia eta aitatasun-lizentzia, esaterako. 12 urtetik beherako haurra zaintzeari dagokionez, justifikazio horrek hilabeteko iraupena izan behar du gutxienez eta ezingo da alegatu hiru alditan baino gehiagotan urte naturalean. Hilabete hori igarotakoan, pertsona interesdunak berraktibatzea eska dezake, 12 urtetik beherako haurra zaintzeari dagokionez.

        3. Ordezkapenen zerrendatik izendapen bat eskaintzen denean, goian adierazitako arrazoiez gain, badira beste lau arrazoi hauek ere uko egiteko:

          1. Edozein enpresa pribatutan lanean egotea. Aldez aurretik lan-kontratua aurkeztu behar du.

          2. Lanpostu hutsen zerrendako izendapen bat indarrean edukitzea.

          3. Senideen gaixotasun larri, ospitalizazio edo heriotza, odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arte, indarrean dagoen legedian gaixotasun larri, ospitalizazio edo heriotzagatiko lizentziarako ezarritako denboraldian zehar.

          4. Izendapen bat eskaintzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aurreko izendapena amaitu eta 12 ordu baino gutxiagoko epean hasteko.

      3. Lanpostu hutsen zerrendatik deituta indarrean dauden izendapenei uko egitea.

        Kategoria/lanpostu funtzional jakin batean bakanteen zerrendatik deitutako langileak uko egin diezaioke izendapenari, inolako bazterketarik aplikatu gabe, izena eman duen bestelako kategoria/lanpostu funtzionalen bakanteen zerrendatik eskainitako izendapena onartzen duenean.

      4. Ordezkapenen zerrendatik deituta indarrean dauden izendapenei uko egitea.

        Kategoria/lanpostu funtzional jakin batean ordezkapenen zerrendatik deitutako pertsonalak uko egin diezaioke izendapenari, inolako bazterketarik aplikatu gabe, lanpostu bakanteak eta erreserbakoak betetzeko zerrendatik emandako izendapena eskaintzen zaionean eta onartzen duenean.

      5. Indarrean dagoen lanaldi-murrizketako izendapenari uko egitea.

        Lanaldi murriztuko izendapena indarrean daukan pertsonalak uko egin diezaioke, inolako bazterketarik aplikatu gabe, izendapen hori egin eta hiru hilabetera. Uko horrek eskatzen du uko egin aurretik, edo aldi berean, erabaki honetako 5.5.a) eta 5.5.b) ataletan aipatzen diren modalitateetako bat aukeratzea, uko egiterakoan bi modalitate horietako bat aukeratu gabe izanez gero. Lanaldi berriaren aukeraketa jasotzen duen idatzia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralera bidali behar da.

      6. Indarrean dauden izendapenei uko egitea, espezialitate bat eskatzen duen beste izendapen bat eskaintzean.

        Dagokion kategoria/lanpostu funtzionalean aritzeko, espezialitate bat eskatzen duen izendapen bat eskaintzen zaion pertsonalak indarrean daukan izendapenari uko egin diezaioke. Era berean, ez dira aldi baterako kontratazio-zerrendetatik kanporatuko, betiere, espezialitateko izendapen berria onartzen badute. Berdin uko egin diezaioke, inolako bazterketarik aplikatu gabe, osasun-zientzietan prestakuntza sanitario espezializatua egin duela egiaztatzen duenak.

      7. Eskaintza orori aldi baterako uko egitea, 12 urtetik beherako seme-alaba zaintzeko, jarduera ordaindurik ez duen minusbaliatu fisikoa, psikikoa edo sentsoriala atenditzeko, edo odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senide bat atenditzeko, adin-arrazoiak tarteko, istripua edo gaixotasuna dela eta bakarrik baliatu ezin diren jarduera ordaindurik ez duen senidea atenditzeko.

        Aldez aurretik uko egin diezaioke eskaintza orori 12 urtetik beherako seme-alaba zaintzeko ardura duen edo bere ardurapean bakarrik baliatu ezin den eta jarduera ordaindurik ez duen odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko minusbaliatua edo familiarraren kargu dagoen zerrendetako pertsonalak, baldin eta uko horretarako epea gutxienez hilabetekoa bada eta hiru alditan baino gehiagotan egiten ez bada urte naturalean. Ukoa idatziz egin beharko da eta ukoarekin batera hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, eta izena eman duen kategoria/lanpostu funtzional guztiei egin beharko die uko. Eta 12 urtetik beherakoen kasuan, ukoa gehienez 12 urte bete arte izan behar du eta nahi adina luza daiteke harik eta seme-alabak 12 urte bete arte.

      8. Izendapen-eskaintza guztiei aldi baterako uko egitea.

        Ordezko zerrendetan dagoen orok uko egin diezaioke eskaintzei hilabete bateko epean urte natural bakoitzean, Osakidetzako izendapen-eskaintza jaso aurretik, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

      1. Ukoa idatziz eskatu beharko da, eta izangaiek izena eman duten kategoria/lanpostu funtzional guztiei aplikatuko zaie.

      2. Izendapen-eskaintza bat egin aurretik aurkeztu beharko da.

      3. Ordezkapenen zerrendan bakarrik izango du eragina.

      4. Hilabete horren epean ezin izango da eskatu ordezkapenen zerrendan berriro aktibatzeko.

      5. Hilabeteko epe hori beteta, automatikoki berraktibatuko da.

      6. Orokorrean, ezin izango da eskatu Aste Santuan, Gabonetan eta oporraldian (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila).

      1. Aldi baterako eskaintza guztiei edo indarrean dauden izendapenei uko egitea nazioarteko erakundeetan, destinoa atzerrian duten GKE sanitarioetan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzeko.

        Nazioarteko erakundeen lanetan, destinoa atzerrian duten GKE sanitarioetan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzen dutenek uko egin diezaiokete indarrean duten kontratazio-eskaintzei eta izendapenei, aldi baterako kontratazio-zerrendetatik baztertuak izan gabe, betiere parte hartze hori fede emanez egiaztatuz gero.

      2. Izendapen-eskaintzei uko egitea nola justifikatu

        Izendapen bat eskaini zaion langileak eskaini zaiona onartu nahi ez badu dagokion Kontratazio Zerbitzuari egiaztatu behar dio egin zaion eskaintzari uko egiten diola 10 egun balioduneko epean eskaintzaren berri jakin eta hurrengo egunetik aurrera, dokumentuekin alegatuz 6. atalean aipatzen diren justifikazio-arrazoietakoren bat duela esanez. Aipatutako 10 egun balioduneko epe horri dagokionez, ulertu behar da jakinarazpena egintzat joko dela zerrendak kudeatzeko sistema informatikoan markatzen denean eskaintza telefonoz egiten denean. Eskaintza telematika bidez egiten denean, berriz, justifikatzeko epe hori http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian espresuki adieraziko da.

      3. Ez justifikatzearen ondorioak.

        Telefonoz edo telematika bidez kontratazio bat eskaini eta hurrengo hamar egun baliodunetan eskainitako eskaintzei uko egiten diola dokumentuekin justifikatzen ez duen pertsonalari ez zaio izendapenik eskainiko sei hilabeteko epean. Bigarren ukoa bada epe horretan justifikatu gabe, zerrendetatik baztertuta geldituko da urte batean, eta hirugarrenean, berriz, behin betiko baztertuta geldituko da zerrendetatik.

        Ez justifikatzearen ondorioek eskainitako zerrenda-motari eta bertako kategoriari bakarrik (bakanteenak edo ordezkapenekoak) eragingo diote.

        Debagoieneko, Mendaroko, Zumarragako eta Lezako ospitaleetan ordezkapenen zerrendetan egoteagatik eskainitako bakante edo interinitate bati uko egin baina justifikatzen ez bada, uko egiten dion pertsona inskribatuta dagoen bakante-zerrendetatik bazterturik geldituko da. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erabakiko du zein erakundetako zerrendetatik geldituko den baztertuta, 3.1 atalaren arabera.

      4. Ordezkapenen zerrendak zenbait kategoriatan.

        Kategoria bateko ordezkapenen zerrendako kontratazio-eskaintza berririk ez da egingo harik eta beste kategoria bateko ordezkapenen zerrendatik emandako eta indarrean daukan izendapena amaitu arte, Erabaki honetako 6.6 atalean aurreikusitakoan izan ezik.

        ZAZPIGARREN ATALA

        IZENDAPEN BAT EDO JUSTIFIKAZIO-ARRAZOI BAT BUKATUTAKOAN, LANGILEAK BERRAKTIBATZEA ZERRENDETAN.

      1. Ondoko egoeraren batean dagoen pertsonala berraktibatu egin behar da kontratazio-zerrendetan:

        1. Bakanteen edo ordezkapenen zerrendetatik eskainitako izendapena amaitzen duenak. Izendapena amaitu eta 10 egun balioduneko epean berraktibatu behar da, eta bakanteen zerrendatik eskainitako izendapena bada Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentraleko Kontratazio Zerbitzura bidali behar da, eta ordezkapen-zerrendatik eskainitakoa bada Zerbitzu-erakundeko Kontratazio Zerbitzura. Hala ere, Ordezkapenen zerrendan (eta ez bakanteen zerrendan), zerbitzu-erakundeko Kontratazio Zerbitzuak ofizioz berraktibatuko du baldin eta ordezkapen-zerrendatik eskainitako kontratazioa hasterako izendapen hori noiz amaituko den jakinez gero.

        2. Bakanteen zerrendatik eskainitako kontratazio baten ukoa justifikatu badu edo ordezkapenen zerrendatik eskainitako ukoa justifikatu badu. Justifikazio-arrazoia amaitu eta 10 egun balioduneko epean, berraktibatzea eskatu beharko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentraleko Kontratazio Zerbitzuari, justifikazioa bakanteen zerrendan egin bada, eta dagokion zerbitzu-erakundeko Kontratazio Zerbitzuari justifikazioa ordezkapenen zerrendetan egin bada.

      2. Kontratazio Zerbitzuak 3 egun balioduneko epean berraktibatuko du, pertsona interesdunak jakinarazten dionetik aurrera, ordezkapenen zerrendan izendapenari ekitean izendapen hori noiz bukatuko den jakiten denean izan ezik. Halakoetan, pertsonala «libre» geldituko da izendapena amaitu aurreko 3 egun naturaletan.

      3. Atal honetan aipatzen diren berraktibatzeko epeak igarotzen badira pertsona interesdunak berraktibatzeko eskatu gabe, eskatuko lituzkeen izendapen-eskaintzak galduko lituzke. Berraktibatzeko epea igarotakoan, berraktibatzea eska daiteke oraindik, baina eskabidea dagokion organoan erregistratu eta hilabete batera izango ditu ondorioak (Erakunde Zentralean, bakanteen zerrendetan berraktibatzeko, eta zerbitzu-erakundeetan, ordezkapenen zerrendetan berraktibatzeko).

      4. Edonola ere, nahiz eta pertsona interesdunek beti daukaten berraktibatzeko betebeharra, 7.2 ataleko tartekian aurreikusitako kasuan izan ezik, sistema informatikoak egokitu ahalko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan izendapenak amaitzen dituen pertsonala kontratazio-zerrendetan ofizioz aktibatzeko, izendapen horien arabera kontratazio-zerrendetan justifikaturik edo ez-libre moduan dagoenean. Sistema informatiko horiek egokitu ahal badira eta pertsona interesdunek berraktibatzeko betebeharra bertan behera geldituz gero, egoera horren berri http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian eta Osakidetzako Intraneten emango da.

        ZORTZIGARREN ATALA

        ZERRENDETATIK KANPO GERATZEA

      1. Zerrendetako kontratazio-eskaintza bati uko egiten zaionean dagokion epean dokumentuekin justifikazioa egiaztatu gabe, eta indarrean dagoen izendapen bati uko egiten zaionean, sei hilabetez zerrendetatik kanpo geldituko da dagokion kategorian, betiere dagokion zerrenda-motan (bakanteen zerrenda edo ordezkapenen zerrenda), lehen aldiz egiten den ukoa denean. Indarrean dagoen izendapen bati bigarren aldiz uko egiten zaionean, edota kontratazio-eskaintza bati bigarren aldiz uko egiten zaionean uko hori epe barruan justifikatu gabe, urte batez dagokion kategoriako zerrendatik kanpo geldituko da, betiere dagokion zerrenda-motatik kanpo (bakanteen zerrenda edo ordezkapenen zerrenda). Kontratazio-eskaintza bati hirugarren aldiz uko egiten zaionean epe barruan behar bezala justifikatu gabe, edota indarrean dagoen izendapen bati hirugarren aldiz uko egiten zaionean, behin betiko bazterturik geldituko da dagokion kategoriako bakanteen edo ordezkapenen zerrendetatik.

        Telematika bidez egindako kontratazio-eskaintzetan, destinoen aukeraketa eza justifikatu ahalko da aukeratzeko epean, baldin eta, aipatutako epe horretan, Erabaki honetan jasotako justifikazio-arrazoiren bat egiaztatzen bada. Hala ere, telematika bidez egindako eskaintza horietan, bazterturik geldituko dira bertan esleitu zaien destinoari uko egiten dietenak, eta baita destino guztiak aukeratzera behartuta egon eta denak aukeratzen ez dituztenak ere, betiere -zerrendan duen posizioaren arabera eskainitako izendapenen bat tokatu ahal balitzaio.

        Debagoieneko, Mendaroko, Zumarragako eta Lezako ospitaleetan, erakunde horietako ordezkapenen zerrendetan inskribatuta egoteagatik, eskainitako bakante edo interinitate eskaintza bati uko egiteak, bakanteen zerrendetatik kanpo gelditzea ekarriko dio bakante horri uko egiten dion pertsonari, izena eman duen bakanteen zerrendatik kanpo hain zuzen. Bazterketa hori erabakiko diren erakundeetara mugatu daiteke, edo gehiagotara zabaldu, 3.1 atalaren arabera.

        Indarrean dauden izendapenei uko egiteak aurreko atalean aipatutako bazterketak dakartza berarekin, uko-egite horien arrazoia edozein delarik ere, Erabaki honetako 6.3, 6.4, 6.4, 6.6 eta 6.9 ataletan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

        Halaber, kontratazio-zerrendetatik kanpo geldituko da, lehen aipatutako epeetan, hiru kontratazio-eskaintza ezberdin egiten saiatu ostean azkenean lokalizatu ezin izan den pertsonala. Bazterketa hori aplikatzeko eskaintza horiek denbora-tarte ezberdinetan egin behar dira kategoria beretik eta zerrenda-mota (bakanteak edo ordezkapenak) beretik egin badira.

      2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak berraztertu ahal ditu bazterketak, interesdunek aurkez ditzaketen alegazioak kontuan hartuta.

        Era berean, baztertutako pertsonala berriro sar daiteke zerrendetan. Osakidetzak beretzat gordetzen du baztertutako izangaiei berriro deitzeko eskubidea, kategoria/lanpostu funtzional jakin bateko indarrean dagoen zerrenda amaitzen denean eta behar asistentzial bat atzeratu gabe bete behar denean.

      3. Bazterketa aplikatu egingo da, baina zerrendetan diziplina-araubidea aplikatu daitekeela ahaztu gabe. Eta hori hurrengo atalean arautzen den kasu berezi bat da.

        BEDERATZIGARREN ATALA

        DIZIPLINA-ARAUBIDEA ZERRENDETAN

      1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko kontratazio-zerrenden bidez lanean ari diren bitartean, zerrenda horietan izena eman duten pertsonei diziplina-espedientea ireki ahal zaie. Abenduaren 16ko 55/2003 Legeko (Osasun Zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatu Markoari buruzkoa) XII. kapituluan araututakoari jarraituz tramitatuko litzateke. Prozedura-ebazpena izendapena eman zion zerbitzu-erakundeko zuzendari/gerenteak egingo du, arau-haustea izendapenaren iraunaldian gertatu zelako, nahiz eta ebazpena ematerakoan espedientatutako pertsonak izendapena amaituta izan erakunde horretan.

      2. Aktibo zeudela ezin bazitzaien tramitatu diziplina-espedientea, aldi baterako zerrendetan izena eman zuten pertsonak zigortuak izan litezke abenduaren 16ko 55/2003 Legeko (Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatu Markoari buruzkoa) XII. kapituluan jasotzen diren prozedura eta arau-hausteen arabera. Prozedura hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak hasi eta ebatziko du.

      3. Aurreko atalean aipatutakoaren arabera hasitako prozeduran 55/2003 Legeko 74. artikuluan zehaztutakoa errespetatuko da, diziplina-prozeduren printzipioen arabera.

      4. Aplikatu beharreko zigorrak 55/2003 Legeko XII. kapituluan jasotzen dira, nahiz eta eginkizun-gabetzea ondorengo penalizazioren batekin ordezkatzen den, arau-haustearen larritasunaren arabera:

        1. eskaintzak aldi baterako etetea zerrendetan.

        2. zerrendetatik baztertzea, baina inolaz ere ez sei urte baino gehiago.

          Arau-haustearen larritasunaren eta ezaugarrien arabera, zigorra bi zerrenda-motetan (bakanteak eta ordezkapenak) aplikatu behar den erabakiko da, eta espedientatutako pertsona inskribatuta dagoen kategoria guztietako zerrendetara zabaldu behar den.

          HAMARGARREN ATALA

          ZERRENDAK ALDATZEA

          Legeak ezarritako arrazoiengatik ez ezik, kasu hauetan ere alda daitezke zerrendak:

          1. Osasun-barruti batetik beste batera bizilekua aldatzeagatik, izangaiek eskatu ahal izango dute osasun barruti batean edo batzuetan sartu edo ateratzea, aldez aurretik osasun-barruti batetik beste batera bizilekua aldatu dutela egiaztatuta dagokion errolda-ziurtagiriaren bidez.

            Era berean, izangaiek eskatu ahal izango dute erroldatzen diren barrutiko zerbitzu-erakunde batean edo bitan sartzea, lehenago aukeratuta zeukaten zerbitzu-erakunde batetik edo bitik kanpo geratu ostean.

          2. Kontratazio bat eskaintzeko deitu baino lehenago borondatez uko egiteagatik, erabaki honen 6.1 atalak ezarritako moduan eta kasuetan.

          3. Lanaldia aldatzeagatik, Erabaki honetako 5.5 atalean aurreikusitako baldintzetan.

          4. Urtero, urtarrilean, http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian bereziki adierazten den epean, hizkuntza-eskakizunak lortu direla egiaztatzen dituzten ziurtagiriak edo horien euskarako titulu baliokideak aurkeztu ahalko dira.

            Urtero lehen lauhilekoan eguneratuko dira zerrendak, eta bertan sartuko dira ezarriko den epean aurkeztutako hizkuntza-eskakizunak edo euskara-tituluak, eta baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan dagokion kontratazio-zerrendako kategorian aurreko urteko abenduaren 31raino egindako esperientzia profesionala ere. Erabaki honetako 4. atalean aurreikusitako puntuazioa emango da esperientzia profesionala eta euskara baloratzeko.

            HAMAIKAGARREN ATALA

            EGOERA BEREZIAK LANPOSTU BAKANTE ETA ERRESERBAKO LANPOSTUAK BETETZEKO

          1. Bete behar den lanpostuaren ezaugarriek hala exijitzen dutenean, hautaketa-prozesua egingo da funtzio espezifikoak egiteko beharrezko baldintza teknikoak betetzen dituzten bakanteen zerrendako pertsonen artean. Horretarako, Hautaketa Batzorde bat eratuko da.

            Lanposturako pertsona egokia hautatu ondoren, probaldia gainditu beharko du eskatzen zaizkion baldintzak benetan betetzen dituela egiaztatzeko. Probaldia gainditu ezean, lanpostua utzi beharko du.

          2. Aurreko puntuan aurreikusitako prozesuan parte hartzen duten bakanteen zerrendan inskribatutako inork ez baditu betetzen ezagutza tekniko egokiak, hautaketa-prozesu bat egin daiteke deialdi publiko bat eginez.

            HAMABIGARREN ATALA

            EGOERA BEREZIAK ORDEZKAPENEN ETA EBENTUALTASUNEN ZERRENDETAKO LANPOSTUAK BETETZEKO

          1. Jarduera bereziak egiteko eta 3.2 atalean araututako kontratazio-beharrei aurre egiteko, dagokion zerbitzu-erakundeko Zuzendaritzak zerrenda bereziak sortzea erabaki dezake, betiere zein zerrenda-mota den zehaztuta. Edonola ere, zerrenda horiek puntuazioaren arabera ordenatuta egongo dira.

          2. Zerrenda horietan sartzeko, lehentasuna izango dute espezialistaren titulua dutenek, espezialitate bat dagoenean edo egon denean. Bigarrenik, lehentasuna izango dute gutxienez 250 orduko graduondoko prestakuntza egiaztatzen dutenek edo horien kreditu baliokideak dituztenek. Eta azkenik, eremu horietan azken hiru urteetan gutxienez hiru hilabeteko zerbitzuak dituztenak daude. Hori guztia egiaztatzeko berariazko dokumentuak beharko dira.

          3. Ordezkapenen zerrendetan norbere borondatez inskribatuko ahalko da, eta pertsona bakoitza aldi berean onarturik egon daiteke nahi duen zerrenda espezifiko guztietan.

          4. Zerbitzu-erakunde bakoitzak bere zerrenda espezifikoak sor ditzake asteburuetan ordezkapenak betetzen direla bermatzeko.

            HAMAHIRUGARREN ATALA

            PRESTAKUNTZA

          1. Zerbitzu-erakundeek egokitzat jotzen duten prestakuntza teoriko/praktikoa eskaini ahal izango dute dagozkien zerrenda espezifikoak egiteko, dauden beharrizanen araberakoa eta 11. atalean aipatutakoari jarraituta.

            Prestakuntza espezifikorako eskaintza honek, zerbitzu-erakunde guztien arteko koordinazio-irizpideei lotuta egongo denak, zerrendako hurrenkera errespetatu beharko du, eta horretarako emango den ziurtagiriaren bidez egiaztatuko. Izan ere, ziurtagiri horrek zerbitzu-erakunde guztietan balio izango du.

          2. Zerrendan dagoen baten bati prestakuntzako eskaintza egiten bazaio eta arrazoi justifikatuengatik ezin badu onartu, errespetatu egingo zaio zerrendan duen lekua; eta hurrengo prestakuntza-txandan berriro ere eskainiko zaio.

          3. Prestakuntza Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanean ari diren pertsonei eskaini ahal zaie, baldin eta euren lanaldiarekin bateraezina ez bada.

            HAMALAUGARREN ATALA

            ERRESERBAK

            Aste Santuko, Gabonetako eta udako oporretarako protokolo bat prestatuko da aldi horietarako izendapenak egiteko konpromisoa hartzeko.

            HAMABOSGARREN ATALA

            LANGILEEN ORDEZKARIEI IZENDAPENEN BERRI EMATEA ETA IZENDAPEN HORIEK ARGITARATZEA

          1. Hilean behin zerbitzu-erakundeek egindako izendapenei buruzko informazioa emango diote Pertsonaleko Batzordeari edo honek ordezkaritzan emandako organoari, bai plaza bakanteak eta erreserbakoak betetzeko bai ordezkapenak eta ebentualtasunak betetzeko, pertsonaleko informazio-sisteman horretarako dagoen txosten-ereduan. Halaber, dagokion Pertsonaleko Zuzendaritzako iragarki-taulan ere argitaratuko dira izendapenen publizitatea bermatzeko, bestelako informazio-eremu batzuk ere erabil badaitezke ere.

          2. Informazioa dela-eta, sindikatuek emandako auziren bat izanez gero, idatziz aurkeztu beharko dute izendapenak egin diren zerbitzu-erakundean, zeinak gehienez ere hilabeteko epean erantzungo baitu.

            HAMASEIGARREN ATALA

            BASURTUKO OSPITALEKO ZERRENDA PROPIOAK

          1. Basurtuko Ospitaleak bere Hitzarmen Kolektiboan jasota dauka araudi propioa duela aldi baterako kontratazioan, eta hori indarrean mantenduko du bere esparruan eta baldintza propioetan. Bateraezina izango da kategoria berean ospitale horietako zerrenda propioetan eta Osakidetzako zerrenda orokorretan aldi berean egotea. Nolanahi ere, zerrenda hauek moldatuko dira Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko arloan indarrean dauden arauetara.

          2. Norbait aldi berean Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko aldi baterako kontratazio zerrendetan eta Basurtuko Ospitaleko kontratazio-zerrenda propioetan inskribatzen bada, horrek esan nahiko du Ospitaleko zerrenda propioetan inskribatzeari uko egiten diola, eta baztertuta geldituko da zerrenda horietatik.

            HAMAZAZPIGARREN ATALA

            ZERRENDA BERRIEN PREMIA

          1. Oro har, Erabaki honetako 4. atalean ezarritako irizpideen arabera zerrendak indarrean daudelarik, zerrendak itxita egongo dira.

          2. Hala ere, Fakultatibo Medikoen, Erizaintzako, Osasun Mentaleko Erizaintzako, Lan Osasuneko Erizaintzako eta Emaginen lanbide-taldeko kategoria/lanpostu funtzionaletan, zerrendak zabalik egongo dira etengabe. Horietan, urte batean jasotako eskabideak hurrengo urteko lehen hiruhilekoan barematuko dira, laugarren atalean ezarritako irizpideen arabera; indarrean dauden zerrenden ostean ordenatuko dira, dagozkien lehentasuna aplikatuta, aurkeztutako merituen arabera betiere.

            Barematu arte, eskabideak aurkeztutako dataren arabera ordenatuko dira eta egun berean aurkeztuak badira, adin handiagoaren irizpidea aplikatuko da, premiazko eta luzaezinezko behar bat betetzeko hori erabili beharra balego.

            Gainerako kategorietan ere zabaldu daitezke zerrendak, behin betiko edo epe jakin baterako, antzemandako beharren arabera, lehentasunen arabera ordenatuta.

          3. Orain dauden zerrendetan ageri ez diren kategoria/lanpostu funtzionaletan izendapenak egin beharra izanez gero, deialdi publiko bat eta dagokion hautaketa-prozesu bat egin daiteke izangaien zerrenda egiteko, dagokion hautaketa-prozesu ostean.

            Hautaketa-prozesu horrek balioko du, hala badagokio, Osakidetzako sarearen gainerakoan eman daitezkeen kategoria/lanpostu funtzional bereko behar guztiak betetzeko.

          4. Zerrendaren bat agortzen bada, epe berri bat zabaldu daiteke eskabide berriak inskribatzeko. Erabaki honetako 4. atalean ezarritakoaren arabera barematuko dira.

            HEMEZORTZIGARREN ATALA

            ZERRENDEN INDARRALDIA

          1. Zerrenda bakoitza http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

          2. Azken EPEn deitu ez diren kategoria/lanpostu funtzionaletarako zerrendak eta zabalduko ez direnak lehen zeuden hurrenkera eta puntuazioarekin jarraituko dute, baina bada aldatzeko aukera bat hizkuntza-eskakizunak eguneratzean. Berriz zabaltzen direnean, zerrenda horiek Erabaki honetan jasotako baremo-irizpideen arabera ordenatuko dira.

  1. Erabaki hau indarrean sartzean, zerrendetako lehen lehentasuna zabalduko da 2008ko EPEko deialdietako kategorietan.

    Kontratazio-zerrendak Erabaki honetako 4. atalean jasotako meritu eta puntuazioen arabera ordenatuko dira. Salbuespen bakarra da ofizioz baloratuko dela oposizioaldian (2006ko EPEkoa edo 2008ko EPEkoa) lortutako notarik altuena izena eman zuen kategorian. Pertsona hauek bakarrik eman dezakete izena lehen lehentasuneko zerrenda horietan:

    1. 2008ko EPEko oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako baldintzak bete eta EPE horretako oposizioaldia gainditu dutenek inskribatu diren kategorian.

    2. 2006ko EPEtik datozen eta indarrean dauden kontratazio-zerrendetan onartuta egonik, gutxienez egun bat lan egin dutenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan inskribatu diren kategorian 2009ko urtarrilaren 1etik eta Erabaki hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartzen duen egunera arte.

  2. Halaber, Erabaki hau indarrean sartzean edo geroago lehen lehentasun-lerroak zabaldu daitezke 2008ko EPEn deitu ez diren beste kategoria batzuetan. Zerrenda horiek zabaltzen badira, http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian argitaratuko dira.

Erabaki honek ordezkatu eta indargabetu egiten ditu 2004ko urtarrilaren 26ko eta 2008ko maiatzaren 29ko Erabakiak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Administrazio Kontseiluarenak, zerbitzu sanitarioetako erakundeetan langile ez-finkoak zerrenda-sisteman sartzea arautzeari buruzkoak direnak, eta baita Erabaki honetan xedatutakoaren kontrakoa esaten duen maila bereko edo beheragoko edozein araudi ere.

Lehenengoa. Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu bere ondorioak eta ez da aplikatuko aurreko Erabakien indarraldiak emandako egintzetan.

Bigarrena. Erabaki hau garatzeko, kontratazio-protokoloak egingo dira. Protokolo horiek ezingo dira Erabaki honetan ezarritakoaren kontra joan, eta http://www.osakidetza.euskadi.net/ web orrian argitaratuko dira.

Hirugarrena. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eskubidea ematen zaio Erabaki hau garatzeko behar diren ebazpenak edo jarraibideak emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 9a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.