Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi.eus
Hasiera
eu | es

Hauteskunde mahaikideen argibideak

I. MAHAIAK ERATZEKO ARGIBIDEAK

Sarrera

Mahaiburutzako titularraren, mahaikideen eta ordezkarien bilera mahaia eratzeko

Izendapen-agiriak jasotzea eta kontu-hartzaileek kargua hartzea

Hauek egiaztatuko dira: hautestontzia, kabina, boto-tzartelak, gutun-azalak, hauteskunde-aretoa eta, behar denean, braille sisteman botoa emateko bereziki gordetako lekua

Hauteskunde-mahaia eratzeko akta idaztea

SARRERA

Hauteskunde sail bakoitzean mahai bat egongo da, mahaia zuzendu eta bozketa arautzeaz gain, botoak zenbatzeko eta Hauteskunde Legea betetzea ziurtatzeko.

Hauteskunde-mahaia hauek osatuko dute :

  • Mahaiburua.
  • Bi mahaikide

Mahaiburutzako titularraren, mahaikideen eta horien ordezkarien karguak derrigorrezkoak dira, eta, hauteskunde egunean agertzen ez badira, hauteskunde delitupean eroriko dira, eta zigor eta isun zehapena eragin dezake horrek.

Mahaiburutzak eta mahaikidetzek Euskadiko Administrazioko ordezkaria egongo dela jakin behar dute; hau da, hauteslekuan hauteskundeetarako materiala izateaz, dietak ordaintzeaz eta Hauteskunde-mahaian falta diren hauteskundeetarako dokumentuak jartzeaz arduratzen da.

Hauteskundeetarako dokumenturen bat falta izanez gero, Mahaiburutzak eta mahaikidetzek horren berri eman behar diote Eskualdeko Hauteskunde-Batzordeari, agiriak ekar ditzaten ( Ikusi udal eta Eskualdeko Hauteskunde-Batzordeetako telefono zerrenda ezker aldeko menuko "Jakin beharreko Hauteskundeetarako telefonoak" izeneko estekan ).

MAHAIBURUTZAKO TITULARRAREN, MAHAIKIDEEN ETA ORDEZKARIEN BILERA MAHAIA ERATZEKO

Goizeko 8:00etan , Mahaiburutzaren titularra eta haren bi ordezkari eta bi mahaikidetza eta haien bi ordezkari izendatutako tokira joango dira Hauteskunde-mahaia eratzeko eta zuzentzeko.

  •   Mahaiburua agertzen ez bada, pertsona hauek ordezkatuko dute:

    1. Mahaiburuaren lehen ordezkaria.
    2. Hori ere ez badago, Mahaiburuaren bigarren ordezkaria.
    3. Bi ordezkari horiek egon ezean, Mahaiburu kargua hauek hartuko dute, ordena honetan: :
      • Lehenengo mahaikide titularra.
      • Bigarren mahaikide titularra .
  • Mahaikidetzak agertzen ez badira edo Mahaiburu kargua hartu behar badute, bakoitzaren ordezkariek ordezkatuko dituzte.

Gutxienez izendatutako hiru hautesle ez badaude, kontu-hartzaileek eta bertan dauden pertsonek, goizeko 8:30ak baino lehen , dagokion Eskualdeko Hauteskunde-Batzordera deitu beharko dute Hauteskunde Sailera joan beharko duen ordezkaria izenda dezan, bertaratutakoen artean Mahai berria hautatzeko (Ikusi Eskualdeko Hauteskunde-Batzordeen telefono zerrenda ezker aldeko menuko "Jakin beharreko Hauteskundeetarako telefonoak" estekan).

Hala eta guztiz ere, goizeko 10:00ak baino lehen ezin bada Mahaia eratu, Eskualdeko Hauteskunde-Batzordeek izendatutako ordezkariak horren berri emango dio aipatu Hauteskunde-Batzordeari, eta horrek bozketa berria egiteko deialdia egingo du Hauteskunde-Mahaian hurrengo bi egunen barruan.

IZENDAPEN-AGIRIAK JASOTZEA ETA KONTU-HARTZAILEEK KARGUA HARTZEA

Goizeko 8:00etatik 8:30etara , Hautagai-zerrendetako kontu-hartzaileek aurkeztutako izendapen-agiriak jaso behar ditu Mahaiak (aldarrikatutako hautagai-zerrenda bakoitzeko soilik bi kontu-hartzaile egongo dira).

Izendapen-agiriak dira hautagai-zerrendetako ordezkariek hautagai zerrenda horren kontu-hartzaile izendatzeko erabilitako dokumentuak.

Baliozkoak izango dira kopia paperean egindako izendapen-agirien liburuxkak nahiz banako agiri berdinetan egindakoak, sistema informatikoen bidez eginak eta Eskualdeko Hauteskunde-Batzordeek zigilatuta.

Mahaiburutzak ordena kronologikoaren arabera jarriko ditu aurkeztutako izendapen-agiriak; ondoren, mahaiburuak eta mahaikideek izendapen-agiriak taloi-orriarekin edo izendapenaren kopiarekin bat datozela egiaztatuko du.

Ezberdinak badira edo izendapen-agiriak ez badatoz bat taloi-orriarekin edo izendapenaren kopiarekin, Mahaiak kontu-hartzaileari eman ahal izango dio kargua (gertaera horren berri jasoko da Mahaiaren Bilkura Aktan ).

Taloi-orririk edo izendapenaren kopiarik ez balego, Mahaiak kontu-hartzaileari eman ahal izango dio kargua (hori Mahaiaren Bilkura Aktan jasoko da), baina kontu-hartzaileak ezingo du botoa eman egiaztatuta dagoen Mahaian, nahiz eta kontu-hartzaile hori hauteslea izan eginkizunak beteko dituen hauteskunde-barrutian.

Kontu-hartzaileak izendapen-agiririk aurkezten ez badu, taloi-orria edo izendapenaren kopia jasota duela, haren nortasuna egiaztatu ondoren, Mahaiburuak Mahaian sartzen utziko du eta, kasu horretan, mahai horretan botoa emateko eskubidea izango du, betiere kontu-hartzailea hauteslea bada eginkizun horiek betetzen dituen barrutian.

Kontu-hartzailea goizeko 8:30ak pasa ondoren bertaratzen bada Hauteskunde-mahaian, behin Mahaia Eratzeko Akt a eginda, mahaiburuak ez dio kargurik emango, baina Mahai horretan botoa eman ahal izango du kontu-hartzailea hauteslea bada eginkizun horiek betetzen dituen barrutian.

Izendapen-agiriak zein taloi-orria edo izendapenaren kopia Mahaiaren Bilkura Aktarekin batera gordeko dira.

HAUEK EGIAZTATUKO DIRA: HAUTESTONTZIA, KABINA, BOTO-TXARTELAK, GUTUN-AZALAK, HAUTESKUNDE-ARETOA ETA, BEHAR DENEAN, BRAILLE SISTEMAN BOTOA EMATEKO BEREZIKI GORDETAKO LEKUA

Goizeko 8:30etatik 9:00etara hauek egiaztatu beharko dira:

Hautestontzia : zigilatuta egongo da inork ireki ez dezan Mahaiko kideak ohartu gabe. Zigilua hondatzen edo hausten bada, mahaiburuak hautestontzia itxiko du eskura duen edozein elementurekin.

Kabina : Hauteskunde-mahai bakoitzeko bat egongo da, eta eredu ofizialeko nahikoa boto-txartel eta gutun-azal egongo dira beti.

Boto-txartelak eta gutun-azalak : kabinaz gain, beste mahai laguntzaile batean egongo dira, inoiz ez Hauteskunde-mahaian. Mahaiburuaren ardura izango da hautagai-zerrenda guztien boto-txartelak egotea.

Hauteskunde-aretoa : mahaiak, aulkiak, argia, bulegoko materiala eta seinaleztatzeko kartelak egongo dira. Gainera, ikusmen urritasuna duten pertsonak badaude, Braille sistema ezagutzen dutenak, eta botoa emango dutela adierazi dutenak, hauteslekuan behar bezala egokitutako lekua egongo da, botoa pribatutasun osoarekin hautatzeko. Leku hori Hauteskunde-mahaitik ahalik eta gertuen kokatuko da.

Aipatutako elementuren bat ez balego, mahaiburuak Euskadiko Administrazioko ordezkariari jakinaraziko dio, dagokion hauteslekuetan edo Eskualdeko Hauteskunde-Batzordean hauteskundeetarako materiala izateaz arduratzen baita ( Ikusi Eskualdeko Udaletako eta Hauteskunde-Batzordeetako telefono zerrenda ezker aldeko menuko "Jakin beharreko Hauteskundeetarako telefonoak" estekan ).

HAUTESKUNDE-MAHAIA ERATZEKO AKTA IDAZTEA

Goizeko 8:30etatik 9:00etara , Mahaiburutzak Mahaia Eratzeko Akta bete behar du; bertan adieraziko du nortzuk osatuko duten Mahaia behin betiko. Eta mahaiburuak, mahaikideek eta izendapen-agiria aurkeztu duten hautagai-zerrendetako kontu-hartzaileek sinatuko dute.

Mahaiburuak Mahaia Eratzeko Aktaren kopia emango die eskatu duten kontu-hartzaileei eta ahaldunei.

Mahaiburutzak kopia ematea ukatzen edo atzeratzen badu, kaltetuak protesta egin dezake idazki bikoiztuaren bidez.

  • Mahaiburuak eta mahaikideek bozketa egiten den lekuan egon behar dute etenik gabe, goizeko 8:00etatik boto-zenbaketa eta ondorengo lanak amaitu arte.
  • Dena den, mahaiburutzak eta mahaikidetzek aldi baterako alde egin dezakete, Hauteskunde-mahaiaren kausa justifikatuagatik, baina beti ere gutxienez bi mahaikide bertan daudela.
  • Mahaia eratu eta gero, mahaian egon behar ez duten ordezkariek alde egin dezakete.
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza
Azken aldaketa 2012/11/07
© 2011 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Cookie-ak

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu bertan bisitarien jarraipena egiteko, erabiltzaileen esperientzia eta errendimendua hobetzeko. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu. 

Cookie-ak