ARLOAK / EGINKIZUNAK
- Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzak Ekonomia eta Ogasun Sailari esleitutako eskumenak erabiliko ditu honako gai hauetan, betiere Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren zuzendaritzapean: Jaurlaritzaren politika ekonomikoa eta plangintza estrategikoa; programa eta politika publikoen ebaluazioa eta analisia; ikerketa ekonomikoa; azterlan eta metodo ekonomikoak; ekonomiaren koiuntura eta aurreikuspena; Europako kohesio-politika, Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsen plangintza eta azterketa; eta lehiaren defentsa. Sailburuordetzaren titularrari dagokio, dekretu honen 7. artikuluan adierazitako egitekoez gain, honako hauek betetzea:
- Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoa eta ikerketa ekonomikoaren, ekonomia-azterlanen eta ekonomiaren koiunturaren eta aurreikuspenaren arloak zuzendu eta koordinatzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Europako kohesio-politikaren arloan egiten dituen jarduketak zuzendu eta koordinatzea.
- Europar Batasunak ezarritako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kudeatutako egitura-funtsei, Kohesio Funtsari eta egiturazkoak ez diren beste finantza-tresna batzuei buruzko jardueren eta, bereziki, Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsen sustapen estrategikoa.
- Plangintza estrategikoa hobetzeko eta politika publikoak ebaluatzeko ekimenak bultzatzea.
- Lehiaren defentsaren arloko arau-proposamenak egitea.
- Orokorrean, ekonomiari eta lehiaren defentsari buruzko legeak bete daitezela ziurtatzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz edo, hala badagokio, proposatuz, eta indarrean dagoen araudiak agintzen dizkion bestelako egiteko guztiak betetzea.
- Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza.
7. artikulua.- Ekonomia eta Ogasun Saileko sailburuordetzak.
Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ekonomia eta Ogasun Saileko sailburuordeek:
- Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.
- Sailburuordetzako eta sailburuordetzaren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzu eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.
- Jardun-politikak prestatzea eta sailburuari horiek proposatzea eta laguntza teknikoa ematea, agintzen zaizkion egitekoen alorrean.
- Xedapen-proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikarekin bat.
- Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.
- Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta organismoen funtzionamendua ikuskatzea eta kontrolatzea.
- Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta bere eskumeneko esparruetan euskararen erabilera bultzatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.
- Bere sailean eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.
- Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien eskumen eta egitekoak eta, komunak direlako, sailburuordeei oro har dagozkienak.