Kulturarteko Galerna Bilbon
Ekitaldiaren deskribapena
Zapatu honetan, maiatzak 18, 10:00etatik 22:00etara, Emakumeen Plazan "Kulturarteko Galerna" izeneko jai-eguna egingo da, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako "Zubirik 2025 Plana" plan bereziaren barruan.
Bilboko Udalak, KOOP SF 34 gizarte-erakundearekin elkarlanean, jai-ekitaldi hau antolatu du, Bilboko auzo horietan elkarrekin bizi diren kulturen aberastasuna erakusteko. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Bilboko txoko kosmopolita eta modernoenetakoak dira, eta bertan bizilagunen aniztasuna nabarmentzen da, ijito-herriaren eta bost kontinenteetatik etorritako pertsonen presentziarekin.
Jardunaldi honekin, zonalde hau Bilboko beste auzo batzuetan bizi diren pertsona eta turistentzat zabalik egongo da, kultura-, sormen- eta arte-eskaintza berezi eta askotarikoari buruzko ezagutza handitzeko.
"Kulturarteko Galerna" programak hogei jarduera baino gehiago ditu familia osoarentzat: kultura, musika, kirola, gastronomia, moda... 12:00etan irekiko da ofizialki eguna, Lamine Thior, Africa Bibang eta Betto Snayrekin.
10:00etatik aurrera, kirol-tailerrak antolatu dira txikienentzat Athletic Clubarekin, Bilbao Basketekin, baita taichi, capoeira eta taekwondoa ere. Arratsaldean, ordea, Kick boxing, boxeo, Afrofit boxing, Calistenia, CrossCyrille... helduentzat.
Halaber, egunean zehar agertokira igoko dira, besteak beste, Etorkizuna Musikatan-eko musikariak, Betto Snay abeslaria eta Salah bakarrizketa-egilea. Euskal dantzen, perutarren eta boliviarren erakustaldiak ere egongo dira, baita flamenkoko eta cumbiako emanaldiak ere; hennako tatuajeen, txirikorden, dantzen, zeramikaren eta aurpegia margotzeko tailerrak eta auzokoen gastronomia-dastaketak ere bai.
Plazako espazioetako batean elkarrizketak egingo zaizkie – "Kulturarteko elkarrizketak" – hiru auzo horietako erreferenteak diren eta kulturarteko aniztasunarekin inplikatuta dauden pertsonei. Esther Saugga, King Nelson, Malick Fall eta Riddick influencer-ak arituko dira horretan.
Ekitaldi osoko material bisuala biltzeko, talde profesional bat arduratuko da irudiak eta bideoak hartzeaz, eta, gainera, lan horri parte-hartzaileen eta bisitarien ekarpen grafikoak gehituko zaizkio. Argazki eta ikus-entzunezko material guztia ExpoDistrito udal-programaren erakusketa ibiltari batean erakutsiko da. Erakusketa hori barrutiko udaltegietan egingo da, txandaka, datorren urtean.
Informazio zehatza
- Ekitaldi-mota:
- Jaiak eta ohiturak
- Hasiera data - Amaiera data:
- -