Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko otsailaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 59
  • Hurrenkera-zk.: 1355
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/02/25
  • Argitaratze-data: 2025/03/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko irailaren 30eko Ebazpenaren bidez, orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren Berrikuspenaren irismen-dokumentua formulatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2023ko irailaren 22ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak ohartarazi zuenez, jendaurreko informazioaldian zazpi alegazio eta eragindako administrazio publikoek eginiko zenbait txosten jaso dituzte, eta azken horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin-behinean onartzeko bertsioa idazteko orduan.

2024ko urriaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak eskaera osatu zuen, orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren Berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko.

Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: batetik, Plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa biak 2024ko uztailekoak behin-behinean onartzeko proposamena, eta, bestetik, zenbait dokumentu, haien bidez jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen inguruko azalpenak emateko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuko 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoa, bai Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (gaur egungo Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza) beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura gauzatzeko. Horretarako, ingurumen-azterketa estrategiko bat egin dute haren irismena aldez aurretik zehaztuta, kontsulta publikoak eginda eta eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartuta.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu adierazgarrien aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren Berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Araba Erdialdeko eremu funtzionalak osatzen du Planaren eremu geografiko edo lurralde-eremua, eta ondoko udalerriak hartzen ditu: Agurain, Alegría-Dulantzi, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arrazua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Kanpezu, Kuartango, Burgelu, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Lagrán, Lantarón, Legutio, Otxandio, Peñacerrada-Urizaharra, Erriberagoitia, Erribera Beitia, Añana, Donemiliaga, Ubide, Urkabustaiz, Gaubea, Harana, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zambrana, Zigoitia eta Zuia. Gainera, Badaiako Sierra Bravako eta Entziako Partzuergoko eremuak hartzen ditu.

    330,23 km2-ko azalera hartzen du; EAEko antolamendu-unitaterik handiena da, eta Arabako Lurralde Historikoaren azaleraren % 77. 282.000 biztanle baino gehixeago ditu eta makrozefalia handiko lurraldea da; izan ere, Vitoria-Gasteiz hiriburuan biztanleen % 80 baino gehiago bizi dira. Aldi berean, lurralde osoan sakabanatutako 326 biztanlegunek osatzen dute eremua, eta gehienak 100 biztanletik beherakoak dira.

    Indarrean dagoen Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partziala behin betiko onartu zen Eusko Jaurlaritzako Kontseiluaren abenduaren 28ko 277/2004 Dekretuaren bidez. 2018an, urriaren 9ko 145/2018 Dekretuaren bidez aldatu zen, Jundiz-Billodako Terminal Intermodal Logistikoa eraiki ahal izateko.

    Araba Erdialdeko LPParen berrikuspenak LAGen printzipio gidariak hartzen ditu helburutzat:

    Ingurune fisikoaren antolamenduan sartzea azpiegitura berdea eta ekosistema-zerbitzuen balioespena.

    Landa-habitata espezifikoki ikusgarri egitea lurralde-antolamenduan.

    Hiri-sisteman eraldaketa-ardatzen kontzeptua sartzea.

    Dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzoruaren erabilera optimizatzea, hiri-berroneratzea eta erabilera mistoak sustatuta; eta mugarik gabeko hazkundea saihestea, hiri-hazkundearen perimetroa ezarrita.

    Erantzun arina eta efikaza sustatzea lurzoru-premietarako jarduera ekonomikoei begira, batez ere egungo lurzoruaren berroneratzea, berritzea eta birdentsifikazioa proposatuta.

    Paisaiaren kudeaketa lantzea lurralde-antolamendurako tresnen bidez.

    Baliabideen kudeaketa jasangarriaren kontzeptua txertatzea: ura, energia-burujabetza, ekonomia zirkularra eta autosufizientzia konektatua (lehengaien baliabideak).

    Mugikortasun eta logistika jasangarria sustatzea, bereziki zainduta oinez eta bizikletaz mugitu ahal izatea, garraio publiko multimodala eta garraiobideen konbinazioa optimizatzea, eta abiadura handiko trena martxan izango dela kontuan hartuta.

    Zeharkakotzat jotzen diren gai berriak sartzea lurraldearen antolamenduan, hala nola irisgarritasun unibertsala, genero-ikuspegia, euskara, klima-aldaketa, osasuna eta lurralde-harremana.

    Lurralde-antolamenduaren politika publikoaren kudeaketan gobernantza ona sustatzea, batik bat planen jarraipenaren eta ebaluazioaren, parte-hartzearen eta administrazioaren integrazioaren bitartez.

    Halaber, LAGek eremu funtzional bakoitzerako gidalerro espezifikoak ezartzen dituzte. Kasu honetan, Arabako Lautadaren eraldaketa-ardatzari dagozkion gidalerro hauek ezartzen dituzte:

    Lautada inguratzen duten naturagune baliotsuen arteko konektagarritasun ekologikoa bermatzea, baita barrualdeko naturagune garrantzitsuen artekoa ere (Salburua, irla-hariztiak, ibai-ibilguak eta abar), kontuan izanda testuinguru horretan garrantzi berezia hartzen dutela Vitoria-Gasteizen Eraztun Berdeak (hiriko azpiegitura berdearen zati da) eta haren luzapenek, jarraitutasun ekologikoa bermatzeko «errotula» diren aldetik.

    Vitoria-Gasteizen ekialdean eta mendebaldean ardatz lineal bat garatzea Langraiz Okaraino mendebaldetik eta Aguraineraino ekialdetik, ADIFen trenbidearen ardatzari jarraikiz, zenbait hirigune bilduta, hala nola Burgelu eta Dulantzi. Ardatz horren eragin-eremua Armiñondik Araiaraino zabaltzeko aukera aztertuko da, bereziki mugikortasunari eta ibilbide bigunei dagokienez.

    Eraldaketa-ardatz horren barruan hartzea Vitoria-Gasteiz barruko ardatza osagai hauek ditu: aireportua, autobus-geltokia, hiriaren erdialdeak biltzen duen berrikuntza-nodoa eta unibertsitatea, baita hiriaren beraren azpiegitura berdea eta hiriak inguruneko natura-ondarearekin duen erlazioa ere.

    Eraikuntza-jarduketak egungo kokaguneetan kontzentratzea, biztanle-dentsitatea handitzeko jarduketen eta lurzoru-okupazio gutxiren bidez, lurzoru gehiago kalifikatzea saihesteko, eta Arabako Lautadaren erabilera industrial eta logistikoetarako hazkunde posiblea betiere paisaiaren ezaugarriekiko eta lurralde horretako kokaguneen sistema tradizionalarekiko modu koherentean egitea.

    Garraio publikoaren bitartez hainbat ibilbide konektatzea, Arabako Mendien eta Haranen eta Lautadaren eta hiriaren arteko lotura indartzeko.

    LPParen berrikuspenak, beraz, honako erronka hauei helduko die:

    Oinarri ekonomikoa modernizatzea eta dibertsifikatzea, kalitatezko enplegua sortzeko.

    Despopulatze-prozesua iraultzea.

    Bizi-kalitatearen dimentsio berriak: biztanleriaren zahartzeari aurre egitea.

    Baliabide biofisikoen erabilera murriztea.

    Biodibertsitatea, eta, oro har, ekosistemetako zerbitzu guztiak kontserbatzea eta areagotzea.

    Inguruko lurraldeekiko lurralde-egituraketa hobetzea.

    Honako ekintza-ardatz hauetan sailka daitezke LPParen berrikuspenean garatutako proposamenak:

    1. Lurzoru urbanizaezinaren antolamendua birformulatzea.

    2. Landa-habitata eta nekazaritzako elikagaien sistemak indartzea.

    3. Eremu funtzionala osatzen duten hiri-habitatak.

    4. Paisaia eta kultur ondarea: balioak, paisaia-ekintzarako aukerak eta irizpideak.

    5. Baliabideen kudeaketa jasangarria: 3E2030.

    6. Mugikortasun jasangarriaren sustapena eta garapena: LAGen proposamenak integratzea.

    7. Klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea.

    8. Lurraldearen gobernantza integratzaileagoa egitea: zabalkundea eta parte-hartzea.

    1. Lurzoru urbanizaezinaren antolamendua birformulatzea.

      Ingurune fisikoaren antolamenduari dagokionez, LPParen berrikuspenaren helburua da lurzoru urbanizaezina berrantolatzea, LAGen jarraibide berrien arabera eta haietan definitutako sei kategoriei jarraituz:

      1. Babes berezia: 100.340,87 ha.

      2. Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa. Balio estrategiko handikoa: 17.498,60 ha.

      3. Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa. Trantsizioko landa-paisaia: 52.525,98 ha.

      4. Basoak: 29.526,05 ha.

      5. Ingurumen-hobekuntza: 2.279,72 ha.

      6. Mendi-larreak: 1.341,52 ha.

      7. Gainazaleko uren babesa: 14.663,24 ha.

        Era berean, LPPa berrikustearen funtsa izango da azpiegitura berdearen sare interkonektatu bat sortzea, paisaia-unitateen egungo segmentazioa eta segregazioa konpontzeko, bertan dauden ekosistemak lehengoratzeko eta kontserbatzeko, eta azpiegitura grisarekiko elkarguneak aztertzeko, bai eta etorkizuneko soluzio posibleak ere. Hauek izango dira Araba Erdialdeko azpiegitura berdea osatuko duten elementuak: ingurumen-balioengatik babestutako eremuak (parke naturalak, Natura 2000 Sareko eremuak); ekologia- eta ingurumen-balio handiko natura-intereseko beste eremu batzuk, zerbitzu ekosistemikoez hornituak (Gasteizko Mendien mendebaldea, Badaia eta Arrato mendilerroak, Tuyo mendilerroa, Sobrón ingurua eta Angostoko haitzartea, eta Aizkorri-Aratz eta Entziako mendilerroetako mendi-oineko eremuak); korridore ekologikoen sarea; eta sare hidrografikoa.

    2. Landa-habitata eta nekazaritzako elikagaien sistemak indartzea.

      Arabako eremu funtzionalak arazo berezia du; izan ere, landa-izaera handiko eremua da eta kokaleku gehienek 200 biztanle baino gutxiago dituzte. Hori, gainera, larriagotu egiten da landa-eremu horiek irisgarritasun eskaseko eremuak direlako zerbitzuentzat. Horregatik, berrikuspen horrek honako helburu hauek izango ditu:

      Nekazaritza ekologikoarekin ekoitzitako hurbileko elikagaietan ahalik eta autosufizientziarik handiena lortzea.

      Lurzoruaren karbono organikoa gehiagotzea, eta, ondorioz, lurzoruaren emankortasuna handitzea.

      Karbono-atzipena urtean 180.000 tonatan handitzea, nekazaritza konbentzionaletik nekazaritza ekologikora aldatzearen ondorioz.

      Akuiferoak deskontaminatzea eta berroneratzea.

      Euri-uraren iragazketa areagotzea, nekazaritza ekologikoari lotutako lurzoruetan ura gehiago perkolatzearen ondorioz. Infiltrazioa areagotzeak, gainera, uholdeen inpaktua murriztea dakar uholde-arriskua duten hiri-eremuetan.

      Nekazaritza ekologikoko lurzoruen higadura murriztea.

      Nekazaritza ekologikora bideratutako eremuko biodibertsitatea handitzea, eta biztanleguneetakoa ere, azpiegitura berdea areago sar dadin hiriguneetan eta landaguneetan.

      Enplegua areagotzea, bereziki gazteen enplegua.

    3. Eremu funtzionala osatzen duten hiri-habitatak.

      Honela planteatzen da Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren kokaguneen sistemaren hierarkia:

      Burua: Vitoria-Gasteiz, eremu funtzionalaren eta bere kuadrillaren burua.

      Azpiburuak:

      1. Kanpezuko-Arabako Mendialdeko kuadrilla: Santikurutze Kanpezu, Kanpezun.

      2. Añanako kuadrilla / Arabako Haranak: Ribabellosa.

      3. Gorbeialdeko kuadrilla: Murgia (Zuia).

      4. Arabako Lautadako kuadrilla. Agurain.

      5. Otxandio eta Ubide: Otxandio.

        Gune eratzaileak:

      1. Arabako Mendialdeko kuadrilla: Maeztu.

      2. Añanako kuadrilla / Arabako Haranak: Espejo (Gaubea), Langraiz Oka.

      3. Gorbeialdeko kuadrilla: Legutio, Gopegi (Zigoitia), Izarra (Urkabustaiz).

      4. Arabako Lautadako kuadrilla. Dulantzi, Araia (Asparrena).

        LPParen berrikuspenean, hiri-hazkundeko zortzi perimetro (HHP) zehazten dira. HHPak tresna bat dira hiri-sakabanatzea saihesteko eta behatutako eskarietan oinarrituta lurzoruaren kontsumoa kontrolatzeko; azken batean, zigilatutako lurzorua murrizten laguntzen dute. Haien bidez ez dira lurzoruak sailkatzen; aitzitik, orientazio grafiko bat ematen dute hazkunde-ahalmenen kuantifikazioa aplikatzeko, bai eta lehentasunezko hazkunde-dinamiken orientazioa ere eremu funtzionalean egiten diren lurralde-jarduketetarako, LAGen 11. artikuluak ezartzen duen bezala.

        HHP hauek bereizten dira:

        Arasur inguruko HHPa: denera 410,87 hektarea ditu. Iparraldean, hiri-lurzoru gisa eta jarduera ekonomikoetarako urbanizagarri gisa sailkatuta daude; hegoaldean, berriz, urbanizaezin gisa sailkatuta daude. Ia erabatekoa da mendebalderen dauden hiri-lurzoru finkatuen okupazioa. Aldiz, Baia ibaiaren ertzean badaude orain arte garatu gabeko bi eremu: I-06 PERI El Vado eta I-08 sektorea Vadotik iparraldera. Arasurren 1. fasearen garapena azaleraren % 100era iristen ari da. Arasurren 2. fasean Ekian proiektua garatzen ari da; hain zuzen, tamaina handiko instalazio fotovoltaikoa. Hegoalderago, Lacorzanako (Armiñon) Ekienea Parke Fotovoltaikoaren Plan Berezian azaroaren 3ko 148/2023 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsia, Ekienea proiektua garatuko da; hain zuzen, beste instalazio fotovoltaiko handi bat.

        Perimetrotik kanpo geratzen dira ibilgu nagusiak, Lacorzanako urmaeleko naturagunea eta ingurua, eta Baia ibaiaren KBEaren eta haren babes-eremu periferikoaren barruko eremuak. Perimetro horretan, Arasur 1. fasea industria-eremu gisa finkatzea planteatzen da, baina honako hauek baldintzatzen dute hori: eremu horren eskaintzaren tamainak eta Miranda de Ebroko udalerriko (Burgos) lurzoru sailkatuen eskaintzaren tamainak.

        Langraiz Oka Gasteizko HHPa: perimetro horrek 3.955,30 hektarea betetzen ditu, eta 16 km inguruko geometria osatzen du muturreko puntuen artean. Ekialdean da Vitoria-Gasteiz hiria, hasi Alde Zaharreko muinoan sortu zen bizigunetik eta gaurdaino egindako ondoz ondoko hazkundeetara arte. Era berean, proposatutako perimetroaren erdigunean Jundiz eta Ali Gobeo industrialdeak sartuta daude, eta, mendebaldeko muturrean, Zadorratik hegoaldera dauden ekoizpen-guneak. Hala ere, bi puntu horien artean hiri-jarraitutasunik gabeko eremu bat dago gaur egun, Vitoria-Gasteizko plataforma logistiko intermodala, Jundizen. Nahikoa arrazoi da hori industria-eremuen jarraitutasuna planteatzeko, izen bereko mendiari eragin gabe, lurralde-hutsuneak babestuta eta sinergiak bultzatuta.

        HHPak kanpo uzten ditu Zadorra ibaiko KBEko eta haren babes-eremu periferikoko eremuak. Mercedes Benzi lotutako instalazioak handitzeko xedez hiri-hazkundearen perimetroa handitzeari dagokionez, gauzatu egiten da, hargatik baztertu gabe egon litekeela ukitutako balio estrategiko handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-lurzoruen azalerak konpentsatzeko beharra. Irla-hariztiaren babesa araudian jasotzen da hitzez hitz.

        Iruña Okako Maxameko eremua handitzeari dagokionez, zehazteko, kontuan hartu da BilboMiranda de Ebro trenbide-trazadurara konektatu nahi den trenbide-korridore berri baten proposamena.

        Adierazi behar da Planak Berrikuntza Arkuaren aldeko apustua egiten duela, baina lehentasuna ematen dio finkatutako eremuak berroneratzeari eta hiri-hazkundearen perimetroen barruan estrategikoagoak diren beste eremu batzuk handitzeari. Horregatik, kontuan hartuta Langraiz Oka Gasteiz eremurako proposatutako perimetroa hurbil dagoela eta zenbait lurzoru urbanizagarri huts daudela Los Llanos sektorearen ekialdean, lurzoru horiek aukeratu beharko liratekeela uste da.

        Horrez gain, Maxam handitzeko proposamenak balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintzako lurzoruak hartuko lituzke, batez ere ADIFen trenbidetik gertu dagoen ekialdeko sektorean; beraz, lurzoru horiek okupatuko balira konpentsatu egin beharko lirateke, aireportuaren hegoaldean.

        Forondako aireportua HHPa: 675,96 hektareako azalera du. Egungo aireportuak eta inguratzen duten lurzoru urbanizagarriek jarduera ekonomikoetarako dira osatzen dute. Sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarri horien (Aireportuaren ingurua eta Aireportua SO) garapenak ahalbidetuko du garraio-azpiegitura horrek EAEko aireportu-sistemaren barruan duen ahalmen logistikoari laguntzea. Gainera, baliteke sistema hori sendotzea etorkizunean, Jundizko Vitoria-Gasteizko plataforma logistiko intermodalerako konexio baten bidez. Definitutako perimetroak lehendik kalifikatuta zegoen lurzoru urbanizagarriari eusten dio pistaren mendebaldean eta ekialdean, honako hauek izan ezik:

        1. Uholde-arriskua duten lurzoruak.

        2. Trazadura geometriko erregular baten uholde-arriskuko ertzaren irregulartasunagatik baztertutako lurzoruak. Lurzoru horiek 56 hektarea baino gehiago betetzen dituzte, eta eman dezakete aukera hiri-hazkundeko beste perimetro batzuetan gertatutako balio estrategiko handiko lurzoru-okupazioak konpentsatzeko.

        3. Ipar-ekialdean, noranzko horretarantz hedatuko da perimetroa, Iturzabaleta errekaren ertzetaraino. EAEko Ibaien eta Erreken LPSak landa-eremurako aurreikusi du erreka hori.

        4. Zalla ibaiaren babesa eraikitzeko proiektuan eskatutakora egokituko da hiri-hazkunde-perimetroa, eta, beraz, plangintzan aurreikusitakotik 85 metro atzera egingo du muga horrek, batez beste, ibaiaren ardatzari egokituta.

          Miñaoko Parke Teknologiko eta industrialdeko HHPa: perimetro horretarako proposatutako azken bertsioak 389,06 hektarea hartzen ditu jarduera ekonomikoetarako; haietatik, 120 ha parke teknologikoaren hiri-lurzoruari dagozkio. Gaitasun handiko bi bidetatik (AP-1 eta N-240) sarbidea izatearen abantaila du eremu horrek, bai eta bi bideen aurreko aldea izatea ere. Goiain-Lladie perimetroarekin batera industria-lurzorua sustatzeko ekimen publikoa dago bertan, eremu funtzionalaren iparraldean jarduera ekonomikoak sustatzen laguntzen du.

          Teknologia-parkearen hurbileko ingurunean sailkatutako lurzoru urbanizagarriak sartzen dira hiri-hazkundearen perimetroaren azken bertsio horretan, salbuespen batekin: Mendigurengo Administrazio Batzarrak aurkeztutako idazkiaren arabera, haren jabetzakoak diren lursailak. Adierazi duenez, haren iritziz hiri-hazkundeko prozesuetatik kanpo utzi behar dira lursail horiek. Halaber, baztertu egin dira 284/2018 Errege Dekretuaren arabera Defentsa Nazionalerako Intereseko Eremuaren barruan dauden eta Arakako Base Militarrekoak diren lurzoruak. Nolanahi ere, LPPan zehaztapen bat sartuko da, parke teknologikoko lurzoruaren aprobetxamendu handiagoa sustatzeko, dentsifikatzearen bidez, bai eta balio handieneko elementu naturalen kontserbazioa sustatzeko ere.

          Goiain-Lladie HHPa: perimetro horrek, behin betiko bertsioan, 311,11 hektarea hartzen ditu. Hegoaldean, Goiain industrialdea du; N-240 errepidearen ekialdean, dagoeneko urbanizatutako eremuak; horrez gain, beste zenbait lursail, zeinetan SPRILURek lurzoru urbanizagarria gehiagotzea proposatzen baitu, ekoizpen-jardueretarako. Jarduketa horrek ahalbidetuko du koherentzia ematea, iparraldeko triangeluan, orain arte multzo-antolamendurik gabeko ezarpen isolatuak izan direnei oso handiak izan arren. Hala, lurzoru urbanizaezinen gainean jarduteko logika batetik hiri-bilbe produktiboa sortzeko logika batera pasatuko da, zeinak Goiaingo kasuaren aldean plangintza eguneratuak izango baititu.

          Perimetrotik kanpo geratzen dira Zadorra KBEan eta haren babes-eremu periferikoan sartutako eremuak, bai eta Zadorrako Sistemako Urtegiak KBEan eta haren babes-eremu periferikoan sartutakoak ere.

          Perimetro horretan garrantzitsua da egoki konfiguratzea Urrunagako urtegira eta N-240 errepidera ematen duten eraikinen aurrealdea, baita AP-1era ematen duena eta abiadura handiko trena ere zati horretan jada eraikia; izan ere, hori da Gipuzkoatik joanda tuneletik irtetean ikusiko den Arabaren lehenengo irudia. Era berean, garrantzitsua da proposamenean Santa Engrazia ibaiaren azpiegitura berdea sartzea. Ibilgu hori uholde-arriskukoa da tarte horretan, eta, era horretan, bi baldintzak hartzen dira kontuan.

          Aguraingo HHPa: 367,86 hektareako eremua hartzen du, gehienak jarduera ekonomikoetarako kalifikatuak. Horrez gain, iparraldean, gaur egun urbanizaezinak diren lurzoruak daude, basogintzako, nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko kategorietan sartuta daudenak. Araba Erdialdeko paisaiaren katalogoko «N1 Korridorea (Agurain)» paisaia-interes bereziko eremuaren mugaketari ekiten zaio berriro, baina, oraingoan, bizitegitarako egungo hiri-ehunaren zati bat sartzen da, bai eta lurzoru urbanizaezineko aipatutako eremuak ere. Paisaia-kalitateko helburua espazioa berrantolatzea da, lurzoru industriala paisaiaren aldetik integratzeko, eta, ondorioz, A-1 errepidetik haren itxura eta pertzepzioa hobetzeko. Industria nagusi den lehen aipatutako beste gune batzuetan planteatutakoen antzeko neurriak proposatzen dira, eta Donejakue Bidea integratzearen baldintzatzailea gehitzen da. Trenbide konbentzionalaren presentziak baldintzatzen du oraindik garatu gabeko lurzoru industrialaren zati handi bat, eta horrek, Iruñerako autobiarekin batera, eremuaren hegoaldeko irisgarritasuna baldintzatzen du, zeinak Sallurtegi eta Langarika kaleetan oinarritu beharko baitu. Eremuaren ekialdeak bizitegi-erabilera handia du eta tren-geltokia dago bertan. Han, kontuan hartu behar da, halaber, badaudela uholde-arriskuko ibilguak eta Langarika plazaren ingurua eremu kalteberatzat hartzen dela.

          Asparrena-Donemiliagako HHPa: 256,85 hektareako eremua hartzen du, gehienak jarduera ekonomikoetarako kalifikatuak. Perimetroaren azken aldaketan sartutako mendebaldeko lurzoru urbanizaezinak izan ezik, oro har hiri-lurzoru finkatua da, lurzoru urbanizaezinean dagoen hedadura txikiko eremu bat salbu (Salsamendi).

          Araba Erdialdeko paisaiaren katalogoko «N1 korridorea (Donemiliaga)» paisaia-interes bereziko eremuan sartuta dago. Industrian nagusi diren beste eremu batzuetarako adierazitakoen antzeko helburuak eta neurriak planteatzen ditu katalogoak. Aguraingo perimetroan gertatzen zen bezala, trenbide konbentzionalaren eta Iruñerako autobiaren presentziak lurzoru horietako batzuen garapen-ahalmena baldintzatzen du. Trenbidearen eta autobiaren arteko zerrenda lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua dago gaur egun. Autobiatik eta trenbide-hesitik sartzeko mugatuta dagoenez, Egilazetik bakarrik sar daiteke, mendebaldetik, edo Araiako geltokiaren hegoaldean dagoen bidetik, ekialdetik, eta horrek zaildu egiten du iparraldeko industrialdeekin planteatzen den lotura oro.

          Lantaróngo HHPa: Lantaróngo udal-mugartean definitutako perimetroak, Comunióneko kokagunearen mendebaldean, bi industrialde hartzen ditu 140,21 hektareatan: Zubillaga industria kimikora bideratua eta Lantarón SUI-2 askotarikoagoa. Halaber, lurzoru urbanizagarriko S-2 sektorea hartzen du, bai eta bi industrialdeen arteko eremua ere, A-2122 errepidearen eta Ebro ibaiaren artean. Ez dira sartzen Ebro KBEan eta haren babes-eremu periferikoan dauden eremuak, gaur egun urbanizatuta daudenak izan ezik.

          Bizitegi-kuantifikazioari dagokionez, LAGen IV. eranskinean zehaztutako bizitegi-kuantifikazioaren formula aplikatuz, ikusten da 35.276 etxebizitzakoa dela eremu funtzionalerako bizitegi-ahalmen maximoa.

    4. Paisaia eta kultur ondarea: balioak, paisaia-ekintzarako aukerak eta irizpideak.

      Berrikuspen horren helburu nagusia da paisaia eta haren eragin-ingurunea sartzea, paisaiaren kalitate-helburuak lortzeko eta 2020ko uztailean argitaratutako Araba Erdialdeko Paisaiaren Katalogoan garatutako paisaiaren bilakaeraren ekintzak eta adierazleak ezartzeko.

      Katalogoak paisaia-unitateak identifikatzen ditu, paisaia-interes bereziko eremuak bereizten, eta kartografikoki mugatzen ditu zehaztutako paisaiaren kalitate-helburuak aplikatu behar zaizkien eremuak.

      Ildo horretan, planeko «Memoriaren eranskina. Paisaiaren arloko orientabideak lurralde- eta hirigintza-plangintzarako» atalean, Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko Paisaiaren Katalogoko oharrak jasotzen dira. Gomendio gisa egiten dira, eta lagungarriak dira Araba Erdialdeko eremu funtzionalean eragina duen hirigintza- eta lurralde-plangintzarako.

    5. Baliabideen kudeaketa jasangarria: 3E2030.

      LPPak jorratzen dituen baliabideen kudeaketa jasangarriaren abiapuntua Energiaren Euskal Estrategia da (3E2030). Hain zuzen, proposamenak zenbatesten du zenbateko azalera beharko den estrategia horrek ezarritako helburuei dagokion energia berriztagarria ekoizteko. Hala, 3E2030ak murrizketa dakar energia kontsumoan, honako ehuneko hauetan:

      Globala: -% 16

      Etxeetan: -% 13

      Zerbitzuetan: -% 22

      Garraioetan: -% 18

      Industrian: -% 13

      Gaur egun, Araba Erdialdeko eremu funtzionalean, energia guztiaren 100,5 ktpb berriztagarria da. Dena den, 3E2030ren helburua da energia berriztagarrien ehunekoa % 126 haztea 2030erako; horretarako, energia berriztagarriaren kuota 126,6 ktpb-ra handitu beharko litzateke.

      Horrela, azaleraren m2 gordin bakoitzeko urtean 112 kWh energia ekoizteko faktorea kontuan hartuta, azken proposamenak, guztira, energia fotovoltaikora bideratutako 1.317 hektarea eskatzen ditu, energia berriztagarriaren bidez estaltzeko Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren energia-eskari osoa.

      Energiari dagokionez, adierazten da Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak zeregin erabakigarria izango duela sorkuntza berriztagarriko azpiegiturak dimentsionatzean. Hala ere, dokumentu hori oraindik administratiboki izapidetzen ari da, eta, beraz, LPPak bere lan-hipotesiak planteatzen ditu, ezertan eragotzi gabe LPSa indarrean jartzen denean hark betearazlea izateari uztea. Nolanahi ere, LPSak barne hartuko duen EAE osoko gogoeta-eskalari gehitu behar zaio komenigarria dela autokontsumoa bultzatzea, bai eta energia-efizientzia eta -neurritasuna hobetzea ere.

      Ildo horretan, energia fotovoltaikorako eta eolikorako hautatutako kokaguneez (HK) gain, LPPak energia fotovoltaikorako lehentasunezko bost kokagune (LK) identifikatzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» dokumentuaren arabera, LPPak energia fotovoltaikorako zehaztutako LKek, batez ere, sentikortasun baxu eta ertaineko eremuak barne hartzen dituzte, baina baita sentikortasun handiko eta goreneko eremuak ere; azken horietarako, adierazten du behin betiko kokapena Energia Berriztagarrien LPSak zehaztutakoa izango dela.

      Atal horretan, ur-hornidurari eta saneamenduari buruzko beste alderdi batzuk ere lantzen dira (Arabako Lurralde Historikoko Hornidura eta Saneamenduko 2016-2026 Plan Zuzentzailearen jarduketei jarraituz), bai eta ekonomia zirkularrari buruzkoak ere (Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2017-2030 Planaren irizpideei jarraituz).

    6. Mugikortasun jasangarriaren sustapena eta garapena: LAGen proposamenak integratzea.

      Araba Erdialdeko LPPak sustatuko duen lurralde-eredu berria bat etorriko da motorrik gabeko garraiobideak eta garraio publikoa gaur egungo mugikortasun-sistema eraldatzen lagunduko dutenak sustatzeko gainerako plangintza sektorialekin. Araba Erdialdeko LPParen eremu funtzionalean aldaketa hori gauzatzeko, beharrezkoa izango da garraio jasangarriko moduak sustatzearekin zuzeneko lotura duten jarduketak lehenestea, hala nola:

      Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideak garatzea eta txertatzea.

      Garraio publikoa sustatzea.

      Ibilgailu pribatuari lotutako mugikortasuna murriztea.

      Garraio publikoko sistemetara zuzendutako plataformak garatzea.

      Gaur egun dauden garraio publikoko geraleku eta geltokietan nodo intermodalak garatzea, garraiobide jasangarri edo motor gabekoetarako aldaketan laguntzeko.

      Besteak beste, honako proposamen hauek planteatzen ditu berrikuspen horrek:

      Errepideak:

    1. AP-1 autobidearen handitzea (2004ko LPPan proposatua) baztertzea.

      A-126 errepidean egokitzapenak planteatzea, Bernedo (Angostinan, Nafarroako mugan) eta Santikurutze Kanpezu artean.

    1. Vitoria-Gasteizko ingurabidea hegoaldetik ixtea baztertzea, eragingo lukeen ingurumen-inpaktua kontuan hartuta eta hiriaren hiri-hazkundearen perimetrorako proposatu den konfigurazioa kontuan hartuta.

      Trenbideak:

      Planak egungo trenbide-sareen konexioa indartzea proposatzen du, mugikortasunaren eta logistikaren arloko irizpide orokorretan laguntzeko.

    1. Abiadura handia:

      1. EAEko Y-aren eraikuntza-lanak amaitzea (EAEko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala, 2001). Egindako trazaduraren eta trenbidearen Vitoria-Gasteizko hiri-integrazioaren arteko lotura amaitzea.

      2. Intermodalitatea indartzea Vitoria-Gasteizen egingo den geltokian; Madril-Paris ardatzeko paseko geltoki gisa pentsatu beharko da.

    2. Vitoria-Gasteiz eta Iruñearen eta Logroñoren arteko distantzia ertaineko trenbide-lotura indartzea.

    3. Trenbide-pasaguneak kentzeko obrak bultzatzea.

    1. Klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea.

      LPParen proposamenean honako neurri hauek daude sartuta:

    1. Klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen eraginik handiena duten eremuak identifikatzea.

      1. Ibaiek gainezka egitearen eta euriteen ondoriozko uholde-arriskuaren bilakaera, klima-aldaketaren testuinguruan.

      2. Urrakortasun hidrikoa, lehorteen maiztasuna handitzearen ondorioz.

      3. Bero-boladen ondoriozko arrisku-maila gizakion osasunean.

    2. Orientabideak txertatzea klima-aldaketaren ondorioen analisia sakontzeari buruz eta klima-aldaketa apaltzeko eta hartara egokitzea sustatzeko hartu beharreko neurriei buruz.

    3. Proposamenek karbono-balantzean duten eragina kalkulatzea, oinarri-kontsumoa ezartzen bada.

    4. Azpiegitura berdea eta naturan oinarritutako irtenbideak sustatzea, bai eta ekosistemak berroneratzea eta naturalizatzea ere, lurraldearen erresilientziari eusteko.

    5. Hiriko eta hiri inguruko berdeguneen eta ibai-ekosistemen arteko lotura erraztea, hiri-eremuetan bero-uharteen ondorioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean erresilientzia izan dezaten laguntzeko.

    6. Nekazaritza-sektorea egokitzen laguntzea.

    7. Lurraldearen gobernantza integratzaileagoa egitea: zabalkundea eta parte-hartzea.

      LPParen berrikuspenak neurri hauek ezarri behar ditu:

    1. Fluxu metabolikoen kudeaketa jasangarrirako gobernantza-estrategiak sustatzea.

    2. Baliabide Metabolikoen Zentro bat sortzea, Arabako Foru Aldundiaren mendekoa, konektatutako autosufizientzia kudeatzeaz arduratuko dena.

    3. Administrazio publikoen arteko koordinazioa ahalbidetzea.

      Planaren lurralde-eremuan bereziki garrantzitsuak diren esparruak daude, haien natura-balio bikainak, kultura-balioak, edo gizakien osasunerako eta ingurumenerako gaur egungo zein etorkizuneko arriskuak direla eta.

      Aipatutako lehenengo guneen artean daude Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legea (42/2007, abenduaren 13koa) aplikatzetik eratorritako ingurumena babesteko araubideren bat dutenak. Lege hori natura kontserbatzeko eta natura-ondarea eta biodibertsitatea babesteko alorrean oinarrizko legeria da. EAEko natura-ondarea kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak, bestalde, naturagune babestuen EAEko katalogoa garatzen du IV. tituluko II. kapituluan. Orobat, ingurumenaren aldetik garrantzitsuak diren eremutzat hartu behar dira Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko uztailaren 5eko 10/2001 Legean babestutako ibai-espazioak.

      Hala, babes-kategoria horren barruan honako eremu eta elementuak daude:

      Parke naturalak, bai gaur egun deklaratuta daudenak (Gorbeia, Izki), bai Natura Baliabideak Antolatzeko Plana hasteko agindua dutenak (Gasteizko mendiak).

      Natura-erreserbak.

      Biotopo babestuak (Añanako diapiroa).

      Monumentu naturalak: zuhaitz eta baso bereziak, habitaten, faunaren edo floraren mikroerreserbak eta interes geologikoko zenbait leku, haien ezaugarriek hala gomendatzen dutenak.

      Paisaia natural babestuak, hau da, balio natural, estetiko eta kulturalengatik babes berezia merezi duten lurralde zatiak.

      Natura 2000 Sarea (Batasunaren Intereseko Lekuak, Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak).

      Nazioarteko hitzarmen eta akordioetan xedatutakoarekin bat etorriz formalki izendatutako naturaguneak, bereziki Ramsar hezeguneak (Salburua eta Uribarriko urtegiaren adarrak) eta erreserba hidrologikoak.

      EAEko azpiegitura berdea osatzen duten funtzio anitzeko eta natura-intereseko beste leku batzuk, LAGetan identifikatuak; Natura 2000 Sarearen koherentzia ekologikoa eta konektibitatea hobetzeko plangintzak definitutako korridore ekologikoen sarea; eta basoko fauna- eta flora-espezieen populazioen migraziorako, banaketa geografikorako eta truke genetikorako oinarrizkoak diren edo funtsezko garrantzia duten paisaia-elementuak eta lehorreko guneak. Honako hauek hartuko dira kontuan, gutxienez: LAGetan eskualde mailan identifikatu direnak eta lurralde historikoan identifikatu direnak (Arabako Lurralde Historikoko Ekologia eta Paisaia Konektatzeko Estrategia).

      Gainera, kontuan hartzen dira ingurumen-balio nabarmenak dituzten beste eremu batzuk, katalogo eta inbentario hauetan jasota daudenak edo etorkizunean jasoko direnak:

      Arriskuan dauden flora- edo fauna-espezieak hedatzeko interes bereziko eremuak, Espezie mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta daudenak (kasuan kasuko kudeaketa-planetan definitutako interes bereziko eremu guztiak barne hartuta), bai eta EAEko landaredia baskularraren zerrenda gorrian «galzorian» kalifikatuta dagoen flora berreskuratzeko planetan identifikatutako babes-eremuak ere; halaber, kontuan hartuko dira arriskuan dauden flora-espezie kartografiatuen kokapen ezagun guztiak (geoEuskadiren bidez eskuragarri). EAEko Kiropteroak Kudeatzeko Planak kiropteroentzako proposatutako babeslekuak eta lehentasunezko eremuak, bai eta estepako hegazti kalteberentzako garrantzi bereziko eremuak ere.

      Hegazti-espezie mehatxatuen interesguneak, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakoak. Agindu horren bidez, hegazti-espezie mehatxatuen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatu, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira; eremu horietan goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira.

      EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean jasotako beste Interes Bereziko Eremu batzuk.

      Hegaztiak eta Biodibertsitatea Kontserbatzeko Eremu Garrantzitsuak (IBAk).

      Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuak (92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskina), bereziki lehentasunezko habitatak, Natura 2000 Sarearen barrukoak edo kanpokoak, eta Eskualde Intereseko Habitatak (eskuragarri daude EUNIS habitat-kartografian, 2019. urtea, geoEuskadi).

      EAEko Basoen Inbentarioan jasotako baso naturalak eta erdinaturalak.

      EAEko lurralde historikoetako foru-arauen babesean aitortutako onura publikoko mendiak.

      Beren paisaia-balioagatik katalogatutako eremuak, honako hauen arabera: EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen katalogoa, Paisaiaren Katalogo eta Gidalerroak, eta Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoa.

      EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasota dauden guneak.

      EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialeko beste hezegune batzuk, babes bereziko eremuetatik kanpo.

      Ingurumenaren aldetik garrantzizkoak dira, halaber, balio agrologiko handiko lurzoruak eta Ebroko Plan Hidrologikoan finkatutako eremu babestuen erregistroetako beste zona batzuk, goian zerrendatutako eremuetan ez daudenak.

      Kultura-balio handia dutenen artean kultura-ondarearen zati direlako kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak daude, bai eta ustezko arkeologia-eremuak ere.

      Ingurumen-arrisku garrantzitsuak dituzten eremuen artean, urak hartzeko 10 eta 100 urteko errepikatze-denbora duten eremuak daude, baita 500 urteko errepikatze-denbora dutenak eta lehentasunezko fluxuko eremuak, higadura-eremuak edo higatzeko arriskua dutenak, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruak eta akuiferoak kutsa ditzaketen eremuak ere. Horiei gehitzen zaizkie baso-suteak izateko arrisku handia duten eremuak, arrisku sismikoa dutenak eta arrisku teknologikoak dituztenak (salgai arriskutsuen garraioa, SEVESO III arriskua).

  2. Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko irailaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideak barnean hartzea.

    Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako erreferentzia-dokumentuan eskatutako hedadura, xehetasun-maila eta zehaztapen-maila bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Ondorioztatzen denez, ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak zorrotz jorratu dira; plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen zirela ziurtatzeko bezainbeste.

  3. Plana izapidetzeko prozesuan, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da hauteman Planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik dagoenik.

  4. Indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraikiz hartuko dira babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta jarraipen-neurriak, ondorengo apartatuetan, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion orotan, LPPa aplikatzeko arauetan ezarritakoari jarraikiz. Honako prozedura honetan aurrera eramandako ingurumen-ebaluazio estrategikoaren ondorioz, LPParen araudia eta gainerako dokumentazio idatzia eta kartografikoa aldatu egin beharko dira, jarraian zehazten den moduan:

    1. LPParen araudiaren aldaketa.

    b) artikulua. Langraiz Oka Vitoria-Gasteiz: Salburua KBE/HBBEko Babes Eremu Periferikoan (BEP), zeina Vitoria-Gasteizko Langraiz HHPan sartuta baitago, LPPa garatzeko plangintzak bermatu beharko du Errekaleor eta San Tomas ibai-ibilguetako ardatzaren inguruan gutxienez 50 metroko zerrenda bat egoera naturalean mantentzen dela, eta, ahal dela, berdegune izatera bideratu beharko da.

    g) artikulua. Asparrena-Donemiliaga: Kontuan hartuta «Arabako Lautadako Irla-hariztiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen dekretuan (ES2110013) eta Arabako Lurralde Historikoko Mendiei buruzko 11/2007 Foru Arauan ezarritako helburuak eta erregulazioak, aldatu egingo da Asparrena-San Millan HHParen mugaketa, eta baztertu egingo dira Arabako Lautadako Hariztiak KBEko Babes Eremu Periferikoa eta Mezkiako luberria hartzen dituen eremua azken hori Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak 2023ko azaroaren 2an emandako erantzunaren 5. planoan identifikatu zen, eta, era berean, aipatutako izendapenaren Dekretuan definitutako Esku Hartzeko Nekazaritza Eremuan sartuta dago.

    Gune babestuen antolamenduari dagokionez, LPParen araudiak honako zehaztapen hauek jaso beharko ditu berariaz:

    Natura Baliabideak Antolatzeko Planetatik datorren zonakatze bidezko gune babestuen antolamendua, plangintza eta kudeaketa egiteko, haiei dagozkien tresna espezifikoei jarraituko zaie.

    Natura 2000 Sareko guneen erregulazioa eta kudeaketa egiteko, gune bakoitzaren antolamendu- eta kudeaketa-planei jarraituko zaie.

    Añanako diapiroko paisaia natural babestuaren erregulazioa eta kudeaketa egiteko, dagozkion tresna espezifikoei jarraituko zaie.

    LAGen 3.4 artikuluaren arabera, lurralde-plan partzialak LAGek ezarritako erabilera-erregulazioa egokituko du bere eremu funtzionalera. Horregatik, LPParen araudiak araudi horren 11.3 artikuluan aipatzen den erabilera-erregulazioaren matrizea jaso beharko du.

    2. LPParen gainerako dokumentazio idatzia eta kartografikoa aldatzea.

    LPParen araudian proposatutako aldaketen arabera, aldatu egin beharko dira Asparrena-Donemiliagako HHPari buruzko memoria eta informazio kartografikoa.

    Osatu egin beharko da Baia ibaiaren uholde-arriskuko eremuei buruzko informazio grafikoa, Kuartango eta Mimbredo artean.

    LKetatik kanpo geratuko dira, haien perimetroaren barruan egon arren, baso naturalei, BIHei eta ibaiei dagozkien sentikortasun maximoko eremuak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» dokumentuan egindako zonakatzearen arabera.

    Babes bereziko kategorian sartutako laboreak atera egingo dira kategoria horretatik, eta, hala badagokio, Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa eta landazabalekoa kategoriako balio estrategiko handiko azpikategorian sartuko dira. Aldaketa hori dela eta, aldatu egin beharko dira memoria eta informazio kartografikoa.

    Inbentariatutako eta EAEko hezeguneen LPSak zehatz-mehatz antolatu gabeko hezeguneen hau da, III. taldekoak kontserbazioa bermatzeko, gomendatzen da ez sartzea horiek guztiak babes bereziko kategorian, baizik eta aipatutako LPSaren bigarren xedapen gehigarrian proposatutako kategorizazioari erreparatzea. Kategorizazio hori hezegune tipologia bakoitzaren ezaugarrien arabera egiten da (egungo egoera eta inpaktu posibleak). Aldaketa hori dela eta, aldatu egin beharko dira memoria eta informazio kartografikoa.

  5. LPParen esparruan garatuko diren planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

    LPParen esparruan garatuko diren planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioak justifikatu beharko du planok, programok eta proiektuok nola ezartzen dituzten arau, estrategia eta programa hauetatik oro har onarpena dutenak eratorritako ingurumen-helburuak:

    Europar Batasunaren Ingurumen arloko VII. Ekintza Programa.

    10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.

    9/2021 Legea, azaroaren 25ekoa, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzkoa.

    7/2021 Legea, maiatzaren 20koa, Klima Aldaketarena eta Trantsizio Energetikoarena.

    2021-2030 aldirako Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua.

    EAEko 2030eko Ingurumen Esparru Programa.

    EAEko Biodibertsitate Estrategia 2030.

    EAEko 2050erako Klima-Aldaketaren Euskadiko Estrategia.

    Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Plana.

    Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako garapen jasangarriko printzipioak (planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du Dekretuak).

    Paisaiaren arloaren gaineko jarduketa-helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 2. artikuluan jasota daudenak.

    Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera ezarritako kalitate akustikoko helburuak (EAEko hots-kutsadurari buruzkoa da Dekretua).

    Honako helburu, printzipio eta irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki:

    1. Egungo belaunaldien beharrak ziurtatzen dituen garapena bermatzea, etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena arriskuan jarri gabe.

    1. Lurzoruaren okupazioa geldiaraztea, erabilerak nahastea eta gune degradatuak leheneratzea eta berrerabiltzea sustatuz eta gaitasun agrologiko handikotzat hartzen direnen eta horregatik babestuta daudenen okupazioa geldotuz joatea. Lurzoru naturala artifizializatzea eskatzen duen edozein proposamen oinarritzeko, justifikatu beharko da esku hartutako lurzoruan ezinezkoa dela jarduera garatzea. Zehazki, jarduera berritzaile eta jakintza-maila intentsibokoen ikerketari eta garapenari loturiko jarduketa ekonomikoak eremu jada eraikietan kokatzeko aukera balioetsiko da.

    2. Pertsonen eta salgaien mugikortasun jasangarriko hiri-ereduak bultzatzea.

    3. Hiri-segregazioa, hiri-barreiadura eta mugikortasun behartua saihestea, eta, horretarako, irisgarritasuna bultzatzea, lurzoruaren erabileren eta mugikortasunaren plangintza integratuaren bidez eta hiri-egitura dentso, trinko eta konplexuak sustatzearen bidez.

    4. Ingurumen-inpaktuak minimizatzea, eta, horretarako, jardueren ondorioak aurrez ebaluatzea.

    5. Landa-ingurunearen jasangarritasuna bermatzea nekazaritzaren eta ingurumenaren arteko oreka zainduz eta bultzatuz.

    6. Lurraldeko energiaren, uraren, hondakinen eta lurzoruen erabilera arduratsua sustatzea.

    1. Kapital naturala babestea, zaintzea eta leheneratzea eta ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak zaintzea. Biodibertsitatearen galera geldiaraztea.

    1. Biodibertsitatea babestea, horretarako biodibertsitatearen osagaiak modu jasangarrian erabiltzen direla zainduz, ingurumenaren baliabideak erabiltzean ateratako etekinetan parte-hartze justua eta bidezkoa lortzeko.

    2. Natura-ondarea eta biodibertsitatea zaintzeko, modu jasangarrian erabiltzeko, hobetzeko eta lehengoratzeko betekizunak politika sektorialetan integratzea, legezko printzipio hau kontuan hartuta: ingurumena babesteak lehentasuna duela lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren aurrean.

    3. Habitaten eta populazio biologikoen galera eta degradazioa gelditzea eta haien kontserbazio-egoera hobetzea, lurralde erresiliente eta multifuntzional baterantz aurrera egiteko. Basaflora eta basafaunaren populazioen aldakortasun genetikoari eusteko, zaindu eta sustatu egingo dira landaretza autoktonoko unadak eta ibilguetako ibaiertzak, habitaten arteko loturako korridore ekologiko funtzioa egiten dute dute eta.

    4. Ondare geologikoaren kontserbazioa indartzea, eta, horretarako, ondare hori lurralde- eta sektore-plangintzaren tresnetan eta ingurumena prebenitzeko prozeduretan txertatzea.

    1. Klima-aldaketaren eragina mugatzea.

    1. Energia berriztagarriak biodibertsitatearen kontserbazioarekin eta ur eta lurzoruen babesarekin bateragarri izateko moduan ezartzea sustatzea.

    2. Hauek bultzatzea: intermodalitatea eta berotegi-efektuko gas-emisio gutxien egiten dituzten garraiobideak.

    3. Klima-aldaketaren aurrean erresilientzia duen hiri-azpiegitura konpaktua eta erabilera mistokoa bultzatzea.

    4. Aire, ur eta lurzoru garbiak eta osasungarriak bermatzea.

    1. Arrisku naturalak (uholdeak, akuiferoen urrakortasuna, higadura) dituzten lurzoruen urbanizazioa geldiaraztea.

    2. Lurgaineko ur-masen (ibaiak, estuarioak, kostaldeko urak, aintzirak eta hezeguneak), lurpeko ur-masen eta uraren izaera dela-eta babestuta dauden eremuetako ur-masen (bainatzeko tokiak, nitrato-harguneak eta nitratoekiko eremu urrakorrak) egoera ona lortzea.

    3. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat etorriz, airearen kalitatea ziurtatzea (bai kanpoaldean, bai barnealdean, zarata barne hartuta), eta bermatzea murriztu egiten dela zarata handiekiko esposizioa duen biztanleria.

    4. Lurzoru kutsatuaren kudeaketa hobetzea, eragileen eta lurzoruaren erabiltzaile potentzialen berme juridikoa eta jarduketa indartuz.

      Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Araba Erdialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriz hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 27. artikuluarekin bat etorriz.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 25a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik